Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-11 16:50:33
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2005-01-30 -- 1977.zenb

Pernando Barrena

Abenduaren 30eko bozketaren ondoren, azaroaren 14an Batasunak publiko egin zuen ekarpen politikoaren ondorioak nabarmenago agertu dira, zeresanik ez Rodriguez Zapaterori igorritako eskutitzaren eta honek izandako erantzunaren ondoren eta baita noski, ETAk Belodromoko ekarpenarekiko bere prestutasuna behin azalduta.

Euskal Herria bidegurutzean zegoela genion, eta aipatu bezala, azken hilabete hauetan prozesuaren azkartzea eman dela agerikoa da. Euskal Herria osoan aldaketa politikorako dauden aukerak eta premiak hedatzen doaz. Nafarroan ireki den eztabaida horren lekuko nabarmenena da eta bertako eskuin espainolak arriskuan ikusten du herrialdearen statu quo delakoa, badakielako "herriari hitza ematea" kontzeptua indartzen ari dela Ezker Abertzaleak soluzioak bilatzeko eskemak horren arabera planteatzerakoan.

Testuinguru politiko berrian, PSE estatutu berritua aurkeztera behartuta sentitu da; De Villepin-en bisitak eta Ipar Euskal Herriko herritarrei adierazitako mespretxuak urrats praktikoak ematearen beharra eta zilegitasuna areagotu ditu eta ondorioz, hortxe dugu martxan dagoeneko Laborantza Ganbera.

Oro har, aldaketa politikoaren beharraren inguruko eztabaida nabarmen areagotu da, eta abenduaren 30eko bozketak eztabaida eztandarazi du bere gordintasunean, autonomismo abertzalea eta alderdi espainolistak bere kontraesanetan aurrez aurre jarriaz.

Ezker Abertzaleak eztabaida politikoaren lehentasunak markatu ditu, lehenik Belodromoko Agiriarekin eta ondoren Ibarretxe Planari emandako erantzunarekin: baliatu dezagun aldaketa politikoa gatazkari konponbide demokratikoa emateko.

Abenduaren 30eko Osoko Bileran erakutsi genuen jarreraren bidez, itun neoestatutario bat egiteko abian ziren mugimenduak errotik baldintzatu ditugu nahiz eta hori ezin daitekeen definitibotzat jo. PNVko sektore Imaztarren plana, Plana ez ateratzea zen, autonomikoetara Ibarretxe Planaren banderarekin joan ahal izateko, Ezker Abertzaleak legalki jokatzerik izanen ez duela pentsatuta eta hauteskunde ondoren gatazkaren konponbidea ekarriko ez zuen PSOErekiko itun estatutario huts batera joateko.

Batasunak emandako aldeko hiru bozek hori ezinezko bihurtu dute, epe laburrean behintzat. PNV, gogoko ez duen Madrilekiko konfrontaziora behartuta dago epe labur-ertainean; PSOE aldiz, PNVrekiko trapitxeo estatutarioa ezinezko egitera eraman dugu. Ondorioz, gatazkaren konponbidea oinarri ez duen itun neoestatutarioaren arriskua gutxitu da; aldiz, bake prozesua abian jartzeko aukerak handitu. Trenen arteko talkara doaz abiadura bizian eta hori ekidin daiteke euskal herritar guztion interesekoa den bake prozesu ez-baztertzaile baten aldeko apustu eginez.

Eremu politikoan, triangulazioaren eskema gero eta nabarmenago agertzen ari da, eta Ezker Abertzaleak ordezkatzen duen erpina sendotzen ari da jokaleku horri begira ere; gatazkak behar duen soluziobidea hortik ere etorriko delakoan.

Egoera berri honetan, gatazka era demokratikoan konpontzeko funtsezkoak diren kontzeptu eta klabeak ûbereziki herri kontsultarenaû indartzen ari dira eta pixkanaka bere bidea eta lekua irabazten hasiak dira. Testuinguru horretan, Nazio Eztabaidaguneak orain urte eta erdi abian jarritako prozesuak aurrera jarraitzen du eta mediatikoki lehiatu ezin badu ere, lan serio, txukuna eta zabala burutzen ari da haizeak eramaterik ez duen dinamika emankorra sustatzeko.

Euskal presoen borrokaldiak bere zentzu osoa aurkitzen du Ezker Abertzalearen apustu orokorrean. Preso eta errepresaliatu guztiak etxera ekarriko ez duen bakebiderik ez dago; lehenik eta behin, funtsezkoa da beren estatus politikoa aitortzea prozesu honetan parte hartu dezaten eta herri hau noizbait bakearen arrakastara iritsi dadin.

Ezker Abertzalearen ofentsibak hankaz gora jarri du egoera politikoa, baita Estatuan ere. Ez da marka txarra ilegaltzat jotzen omen duten Batasunarentzako.

Koldo Izagirre


Ez dago arranparik, baina badaukazu kadira elektriko bat. Ez dut martxan ikusi hilabeteon. Alabaina, atso-agure mordoa eskaileretan izuturik, makilak eta makuluak ahal nolaka tinkatuz mailaz maila, jendearen emanak ez ote dituen lur jo araziko. Bisitari asko ibiltzen baita sartu-irten ospitaletan, zer esanik ez probintziako nagusian. Edo kadira elektrikoa edo eskailerak, ez dago besterik. Heldu-lekuren bat balego bederenik. Ez ditugu epelkeriak maite, goi teknologia ala makulua.

- Hik ere hemengo aldi? Nik gaua artekoa zaukaat, aita.

Nire bisitatuaren leihoak bertara ematen duenez, kalkulu arin bat egin dut egunotan: oker handirik gabe esaten ahal dut 3.000 (hiru mila) euro uzten dugula bisitariok egunero bataz beste parkingean. Milioia eta zerbait urtean. Bidezkoagoa litzateke hainbesteko bat kobratzea kontsultako. Hori ere helduko da, baina ez dituzte haatik parkingak dohainik jarriko.

- Bostgarrenera noak, hurrengora arte!

Gutik egin du gamelu baten hankapera bota ez banaute. Lehiaketa, antza denez, solairu desberdinen artean: izarrak, artzainak, paperezko gorosti adarrak, naximentuak... okaztagarrizko Eguberriak hemen ere. Erituak alaitzeko izan behar du. Laugarreneko hauek irabazi dute eskulangintza mailakoa. Menturaz ohekoek berek egin dituzte panpinok, terapia berriren bat. Nahiago dut ez jakin. Nork bultza nauen eta... Baina zer egiten du hemen ohe honekin? Mekanikoak kamainari!

- Bota egin gintiztean fabrikatik, gizona. Ibili nauk batean eta bestean, baina hutsa. Azkenean aldi baterako lan-enpresa horietan eman behar izan nian izena, bestela jai daukak.

- Baina hau erakunde publikoa duk ordea!

- Eta? Ordezkapenak behar dituztenean ez ditek INEMera jotzen, administrazioa bera ere negrero horiengana joaten duk. Dena usteldua zagok.
Mandrinatzailea da, esku oneko ofiziala. Gizon hau bota badute, enpresek ez dute langilerik behar.

- Hemengo lana... Ohe honek ez zaukak deusik, baina erizainek deitu egin ditek, kentzeko hemendik. Gurpiletako bat zoro samar zabilek, koroa estutzea nahikoa zian baina... Berria igo behar izan diagu, eta hau almazenera.

Aulki elektrikoak ala eskailerak, hemen ez dagoela besterik.

- Lehengoan hasi nauk leiho bat konpontzen agindu zidaten lana amaituta... Kargu hartu zidatean lankideek berek, ea zer ari nintzen. Esplotazioaren alde ote nengoen. Hemen mundu guztia duk sindikalista, ikaragarria duk.

Onartuko ahal didate aholkuño bat osasuneko "lanarigoa" kontratatu behar dutenek. Jaitsi daitezela metalgintzara eta eraikuntzara, egin dezatela galde "Tornerorik zehatzena nor da hemen?", eta huraxe jarri kardiologiako buru, "Enkofratzaile azkarrena nor duzue hemen?", eta huraxe traumatologiako arduradun, jar ditzatela iturginak zainketa intentsiboetan, ontzigintzakoak biriketako sendalari eta bideginak neurozirujau.

- Lehendik lana kanpoan egin duenak ezin dik agoantatu, oso gogorra duk hau. Atzo despeditu egin zuan igeltsero bat, hilabete t'erdi zeramaan egunean lau axuleiu paratzen.

Bai, gure osasunaren arduradun teknikook, halako beharginak dauzkagu hemen, kanpoan, industrian: nahiago dute soldatarik gabe, lanik gabe baino.

- Hemen ez diat beste hitzik entzuten...

Produkzio kateara eramango omen lituzke, izerditzea zer den ikastera.

Utziko baliote, zimenduzko arranpa eder gozo bat eginen luke mekaniko honek sarreran, lau ordutan eta giltza ingeles batekin.

- "Estresa" entzuten dudan aldiro barrabilak eten artean egiten diat barre!

Horixe izan da bere agurra.

Debekatu egin diote, lepoa, aulki elektrikoa konpontzea. Parkinga bezala, ustiatzaile pribaturen batena izanen da.

Metalgintzan ohitutako langile honek lau ordutan gaztetuko lituzke sarrerako eskaileran ikara batean ibili behar duten atso-agureen belaunak. Lau ordutan eta giltza ingeles batekin.

Julen Gabiria

Eduardo Txillida hil zenean, arranguraz esan zen haren amets guztiak errealitate bihurtu zirela, bat izan ezik. Eta Tindayako proiektuaren kontra zeudenei egozten zitzaien Txillidak amets hura bete ez izana. Ez da gutxi bizitzako amets guztiak, denak bat salbu, bete ahal izatea. Gutako edozeinek sinatuko luke: gure bizitzako azken ametsa ez betetzea, beste amets guztiak bete ahal izateko. Ez da gutxi pertsona bezala, eta asko da artista bezala.

Izan ere, pertsona baten ametsak amets humanoak dira, nolabait esateko: izan daitezke handiak, txoroak edo beharrezkoak, eta lortu ahal izango dira edo ez, diruz ordainduta beteko dira edo utopia hutsa izango dira, baina amets humanoak dira.

Artistaren ametsak, aldiz, bestelakoak dira. Artistari, esan dezagun pintoreari, akaso bururatuko zaio figura bat perspektiba guztietatik ikusi behar dela, eta halaxe islatu behar duela koadroan: perspektiba guztiak erakutsi behar dizkiola ikusleari. Eta egin egiten du, Picassok egin zuen bezala. Esan dezagun idazleari, esan dezagun zinegileari, esan dezagun musikariari, esan dezagun eskultoreari, bururatzen zaizkien ametsak diruz lor daitekeena baino harago joaten dira: errealitateari buruzko ikuspegi berri bat emateko, estetikaren kontzeptuak iraultzeko, etikaren bosgarren hanka bilatzeko, forma plastiko batekin giza izatearen zimenduak dardarka jartzeko.

Zelako inbidia Txillidak bere bizitzako amets guztiak, bat izan ezik, bete bazituen!

Oraintsu jakin dugu Tindaya mendiko proiektuaren bigarren faseari ekingo zaiola, zundaketen faseari, hain zuzen. Lehenengo fasearen helburua mendiaren azala aztertzea izan zen. Orain, mendia osatzen duen haitzaren ezaugarriak ezagutu nahi dira, eta, horretarako, ehun metroko sakonerako eta hamar zentimetroko diametroko 14 zulaketa egingo dituzte, guztira 1.705 metro haitz ateratzeko.

Txillidaren asmoa tolerantziaren aldeko monumentua egitea zen, mendia barrutik hustu eta gizakiaren txikitasuna sinbolizatuko zuen 50 metroko kuboa sortuz. Bertatik eguzkiaren eta ilargiaren argiak ikusiko lirateke, eta, ondorioz, Txillidaren hitzez esateko, "uste duguna baino txikiago sentituko ginateke bertan, eta uste duguna baino berdinago elkarren artean. Tolerantziarako gune zoragarri bat".

Gero ekologistak proiektu horren aurka agertu ziren, eta apurka-apurka jakin genuen ekologismo hutsa ûekologismoa zerbait hutsa izan badaitekeû baino arrazoi sendoagoak ere bazituztela aurkakotasun hartarako. Geologoek diotenez, Tindaya Kanaria Uharteetako naturaren mirarietako bat da; botanikoek mendi hartako espezie endemikoak aipatzen dituzte, desagertzear daudenak; zoologoek hango arrano, bele eta bestelako txori bitxiak salbatu nahi dituzte; arkeologoek aspaldiko guantxeek harrian grabatutako podomorfoak goraipatzen dituzte, eta etnologoek gogorarazten dute Tindaya mendiaren inguruan sortu direla bertako tradizioak eta, beraz, mendi sakratua dela. Hori guztia gutxi ez, eta proiektua Kanarietako politikarien ustelkeriak estaltzeko amarrua zela ere jakin zen, eta jokaldi inmobiliario ikaragarria.

Ez dakigu hau guztia zelan amaituko den, baina gu ere ez ginateke auzi honetatik aparte egon behar. Indiferentzia ere jarrera politikoa den aldetik ûgaur egungo jarrera politikorik indartsuenaû, ez nuke indiferentziaz ikusi nahi euskal herritar baten azken ametsa herri baten nahiaren gainetik pasatzen dela. Ez artearen izenean, ez ezeren izenean.

Arteak errealitateari buruzko galderak plantearazi behar dizkigu, errealitatea kuestionatzeko leihoak zabaldu behar dizkigu, errealitatearen gainean pauso berriarekin ibiltzeko bideak ireki behar dizkigu, baina arteak ez du errealitatea suntsitu behar. Tolerantziaren aldeko monumentu eder bat izango litzateke Tindaya dagoen-dagoenean uztea. Gizakiaren txikitasuna ulertzeko ez da zertan naturaren handitasuna apurtu.

Ametsak, askotan, politagoak dira ametsetan.

Iñaki Barcena


Trenaren dekadentzia. "Aita, trenez etor zaitez". Hala zioen zuri-beltzeko telebista frankistaren iragarkiak, trenbidearen krisi sakona hasi zen unean, hain zuzen. Gure ume kontakizunetan RENFE (Retrasos Enormes Necesitamos Fuerzas Empujen) ospe txarreko konpainia zen eta TALGOko diseinatzailea faxisten aldera pasa zen traidorea. Talgoa aberatsentzako tren azkarra zen, baina automobila eta autopistak izan ziren trenaren ondorengo distiratsuak, aurrerakundearen sinboloa bilakatu zirenak.
Azken 40 urteetan trenaren historia dekadentziarena izan da gure artean. Gainbeheran joan dira zerbitzuak eta ibilbideak, trenak garraio kolektibo moduan ez baitzuen malgutasunik, antza, pertsonen zein merkantzien garraio eskari hazkorrari erantzuteko. Inor gutxik pentsatzen zuen denboraren poderioz, eta garraioa gizarte eta ingurumen arazo nagusitzat jota, trenbidea garraiobide ekologiko, seguru eta egokitzat berriz errebindikatuko zenik. Euskal Herrian XX. mendearen hasieran trenbide sare zabal bat zegoen, gaur baino askoz kilometro gehiagoz, meategi eta siderurgia negozioen bultzadaz etorria gehienbat, langile eta salgaiak batera mugitzen zituena eta Europa osoan erreferentzia eta ongi ezagutua izan zena.

Trena hegazkinez mozorrotua. Alabaina; ez dut uste gaur egungo garraio alorreko agintari politikoek zein enpresariek atzoko historia eta esperientziatik zer edo zer eredugarri ikasteko dutenik. Etorkizunari begira daudela dioskue eta etorkizuneko trena hegazkin baten mozorroaz jantzirik ekarri digute. Abiadura Handiko Trena gure geroaren funtsa dela diosku Alvaro Amannek, eta hamarkada luze baten atzerapenaz ailegatzen ez diren inbertsio multimilionarioei erreparatzen die, soilik.
Euskal Y-ak, Europarekin lotuko gaituen ikur berriak, hain garrantzitsua denez, ez du uzten beste zirrikitu edo errekurtsorik trenaren aldeko beste inbertsio edo planik egiteko. Erreparatu bestela, aurtengo EAEko aurrekontuetan eta ikusiko duzue trenbidearen partidak ez duela inongo gehitzerik izango. Non gelditzen dira "trenaren aldeko" apustu estrategikoak? Hegazkin baten zarata eta berarekin denboraren konpetentzian dabilen AHT suntsitzailerik ez bada, ez da bestelako tren garapenik izango.

Trenaren etsaiak. Telebistan Amann triste eta haserre ikusi dugu. Legislatura honetan ere ez du lortuko bere proiektu izarra finkatzea. Simulazioak egin ditzake baina ez ditu bere planak aurrera eramateko errekurtso ekonomiko zein politikoak lortu. Etsaiak ditu Bruselan eta Madrilen. Lehen PPkoek AHTrekin jokatu nahi zuten txanpon trukean eta oraingo koiunturan badirudi PSOEk eta Espainiako enpresariek ez dutela dirurik ipini nahi separatzekotan egon daitekeen lurralde batean. Alabaina, etsaiak ditu Euskadin ere. Hasteko bere gobernu kideak. Egia esan, epela izan da Madrazoren oposizioa Euskal Y-aren kontra, eta Intxaurragarena txepelagoa. Argi dago, ez batari, ez besteari AHTren proiektua ez zaiela asko gustatzen baina garraio jasangarriaren aldeko jarrera eta apustu sendoagoa edukiko balute, agian EAJk ordainetan prezio altua ipiniko lieke.
Bada dago egon, gure herrian, pitti-pittika loditzen ari den egitasmo anti-ekologiko horren aurkako oposizio zibila eta trenbide eredu berri baten alde elkarren artean ari direnak. Hemen berriz, euskal sindikalgintzaren aportazioa ezinbestekoa izan dugu, nahiz eta kanpoan gelditu den talde bakarrak, betiko mesfidantzekin begiratu Trenaren aldeko Euskal Sare berriari. Garraio sare oso bat diseinatzeko premian gaude, ez pertsona eta merkantzien mugikortasuna azkartzeko eta handitzeko, noski, abiadura motelduz eta garraioa baretuz, bere eragozpenak eta kalteak gutxitu ahal izateko, baizik. Horixe dugu trenaren aldekoen apustua.
P. D. Urtarrilaren 29an Bilboko kaleetan eredu berri horren aldeko eszenifikazio bat egingo da. Ahal baduzu autorik gabe etor zaitez!

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan