Astekaria

 Bestelakoak 

Hitzak bidea egiten du

Edorta Arana

Edorta Arana


1976. alea
2005-01-23
alde 0    kontra 0

Dagoeneko garai berri batean sartuak garela diote politikoek. 2005a urte erabakigarria izango dela. Euskal Herrian, atzera ezineko bidean gaudela.

Eta, estrainekoz, mamirik gabeko eslogana baino zerbait gehiago dela sinistuta nago. Aspaldi, politikan argi askorik aurkitzen ez duen honek, azken denboraldian, nazioarteko giroa, estatu espainiarreko gobernu-aldaketa, Euskal Herrirako aro politiko baten agorpena eta apustu eta erronka sasoia heldu izana dira entzun dituen pisuzko argudio batzuk.

Momentu historikoa, aprobetxatu beharreko egoera, giro egokia, indar oreka aproposa eta abarrak aipatu izan dira aste hauetan. Eta jatorrian iritziak eta berbak besterik ez zirenak geure kontzientzian eta iritzi-publikoan gauzatuz doazela irudituta nago.

Urte amaierako oporretatik bueltan gauden honetan, Juan ebanjelariak idatzi zuen "hitza haragi bihurtu zen" esaldia kasura datorrela otu zait. Hasieran politikoek eta gero kalean ere entzun eta esandakoak gauzatuz, haragituz, doazela pentsatzen hasia naiz. Eta horretan bai dela garrantzi berezikoa urte hasi berri hau.

Urtarrilaren lehenak besterik ez dira eta esan beharreko gehienak esanak daude. Jaurti dituzten hitzen zordun izan daitezela orain gure politikoak. Eta alde batekoek zein bestekoek adierazitakoetatik, niretzako, bi dira garrantzi berezikoak: politikaren sasoia dela eta erabakitzeko ahalmenaren jabe direla euskal herritarrak.

Bi horiek, batuta, aurrera egiteko nahiko direla iruditzen zait. Hitzetatik jarreretara eta horietatik ekintzetara. Diskurtsoa landu, esangurak geureganatu eta galdetu, erantzun eta eztabaidatu... ez dezatela "existituko ez balira bezala" aritzeko ezta etsaia suntsitzeko politika praktikatzeko aukerarik txikiena ere eduki. Konpromiso sozializatzeko garaia da.

Bide honetan, 18/98 delako sumarioa, inoiz antolatu izan den epaiketarik handiena, zabalena eta sakonena, aukera polita izan daiteke bizi dugun garai berriaren adierazgarri modura. Orain artekoak, eta bereziki "18/98+" delako ekimena iruditzen zait interesgarria eta pedagogikoa. Gauza askogatik, batzuk oso serioak besteak irribarre-keinurako aukera ematen dutenak. Esaterako, zelako abiapuntu zabala eta irekia duen, izan ere, sumarioan, adinari dagokionez, 18 eta 98 tartean ia-ia guztiak sartzen garelako. Garzonek gidaturiko auzipetze pelagiko horretan "euskal" kutsu duen oro pilatu dutelako txikitik handira doazen esparru kontzentrikoetan -politika eta hedabideak eta euskara eta giza mugimenduak eta kultura eta politika eta kirola eta sukaldaritza eta ikastolak eta kooperatibak eta Miren Azkarate eta Euskaltzaindia eta desobedientzia zibila eta eliza katolikoa eta ...-. Gainera, aspaldi entzun dudan politika kanpaina baterako esloganik originalena eta aberatsena iruditzen zaidalako "18/98+" delakoa. Ia-ia denak/denok, hartzen du/gaitu bere baitan eta, aldi berean, ukituak sentitzen ez direnentzako elkartasunaren bidea zabalik uzten duelako. Gehitzeko, batzeko.

Horregatik, eta haragitzen den hitzaren inguruko argudio biblikora itzuliz, benetan interesgarria iruditzen zait epaiketa horren inguruan antolatzen ari den mugimendua. Hemen ere, momentu historikoa, hauteskunde kanpaina bezperetan izatea eta Jaurlaritzaren estatutu berrirako ibilaldiaz batera joatea, xake-taula handiaren politikagintza gogorarazten du. Bertan, fitxa asko eta maila desberdineko elementuak daude, baina, hori bai, denak erlazionatuta. Peoiak direnei, gaiari buruz hitz egitea, antolatzen diren ekitaldietan biltzea, bakoitzak bere mailan geldi ezina bilakatuko den iritzi publikoa sortzen laguntzea, sasoi berrian emaniko lehen pausua izan daitekeenean parte hartzea. Erregeari, damari, alfilei, zaldiei eta gazteluei "hitzemana, zor". Erantzukizunez jokatzea dagokie.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1975
 
azala1974

1976 zenbakia.
2005ko urtarrilaren 23a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia