Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-23 -- 1976.zenb

Ismael Manterola

Ez dut behin ere politikoen diskurtsoetan gehiegi sinetsi, baina azken urtetan politikoki zuzenak diren adierazpenak nagusitu diren heinean, gero eta gehiago haserretzen naiz hainbat kontzeptu orokorraz politikoek egin duten bereganatzearekin.

Garai batean ezkerrekoak ziren aldarrikapenak alderdi guztien mezuetan azaltzen zaizkigu gaur egun, adibidez ekologia, generoen berdintasuna, giza eskubideak edo bakea. Esan behar dut amorru handiz ikusi nuela giza eskubideen egunean (!) mugimendu bakezaleek aspalditik erabiltzen zuten arma puskatzen ari diren bi besoen ikurra propaganda instituzionalean. Ezin dut sinetsi arma fabrikak diruz laguntzen dituen eta armatua den Ertzaintzaren ardura duen erakunde batek ûbiolentzia erabiltzeko arazo handirik ez duenakû horrelako sinbolo bakezalearen jabe egitea. Kode penalak ideia eta ikur lapurreta izeneko lege hausteren bat jaso beharko luke.

Adibidetzat erabili dudana bizitza sozio-politikoan gertatzen den ohiko jarrerak dira. Ikurrak eta diskurtsoak gauza bat esan eta zabaltzen dute, beste zerbait egiten den bitartean. Uste dut askotan salatu izan den euskal eskizofrenia iruditzen zaiguna baino gaixotasun arriskutsuagoa dela.

Ekologiak, sexu berdintasunak eta bakezaletasunak, demokraziaren demagogiari tokia kendu diote kontzeptu aurrerazaleen etengabeko lasterketan. Zein izango dira hurrengoak?

Antzeko zerbait gertatzen da kulturarekin. Guztiok sentsibilizazio handia dugu kulturaren inguruan, gizartean gauza garrantzitsua da baina gero interes horrek ez du islarik aurrekontuetan adibidez edo Unibertsitate publikoari dirua emateko orduan errentagarritasun ekonomikoa eskatzen zaionean.

Gero eta gehiago, baita intelektualen artean ere, onartuta dago kulturak baliabide pribatuak lortu behar dituela guztiontzat izango diren ekimenak ordaintzeko. Artearen munduan adibidez -nik gehien ezagutzen dudan alorra- esponsorizazioa modan dagoen zerbait da. Ez nago horrelako diru sarreren aurka, enpresa pribatuak kulturan zenbat eta diru gehiago gastatu hobeto iruditzen zait, baina ez zait iruditzen ezinbesteko baldintza izan behar duenik kultur ekimenak aurrera eramateko. Azkenean itxura operazio horretan irabazten duena enpresa pribatua da.

Azter dezagun argi indar enpresa handiak museo bati ematen dion diru laguntza. Emandako kopurua, handia gehienetan, enpresak ordaindu behar duen ohiko zergatik ehunekoa kentzeko erabiliko du, erakunde publikoekin egindako itun bati esker. Erakundeak zergetan jaso ez duena, enpresak kultur ekimen batera desbideratu du, baina bitartean debaldeko izugarrizko propaganda lortu du. Beste modura izan balitz, enpresak zergetan dirua ordaindu balu, erakunde publikoak teknikoek erabakitako ekimen kultural batean gastatuko luke, enpresaren propaganda egin gabe. Iragarkiek enpresa pribatuari egindako mesedea erakunde publikoek pribatuen esku laga duten plusbalioaren antzeko zerbait dela iruditzen zait. Horregatik erakunde publikoetatik esponsorizazioaren aldeko aldarriak egiten direnean pribatizazioaren aldeko zerbait dela ematen du eta ez guk uste genuen guztion gastuak arintzera egindako deia.

Legea egiten duenak tranpa egiten ere badakiela dio gaztelaniazko esaerak eta horregatik adi egon behar da politikoen esku dauden erakunde publikoetatik zabaltzen diren mezuen aurrean. Nik nahiago dut egiten dutenari begiratu eta ez esaten dutenari, horregatik hainbeste errepikatzen den kultura planetik eta abarretik gutxi espero dut, orrietan jasotakoa gero ekintzetan ikusi behar dugulako eta esperientziak esan digu idatzita dagoena gutxitan betetzen dela. Adibidez, aspaldi idatzi zen herrialdeen arteko oreka mantendu behar zuen adostasuna Guggenheim museoaren eraikuntzak puskatu zuen eta Bilbok eraman zuen Donostiari zegokion kultur hiriburua izateko aukera.

Aurrekariak ikusita San Tomasena egitea besterik ez daukagu: ikusi ondoren sinetsi.

Jakes Bortairu

Hasten den 2005eko urtea trantsizio eta froga urtea izanen dugu Iparraldean, euskararen aldeko politikari doakionez. Izan ere, joan den abenduan Frantziako Barne ministroaren etortzearekin ofizialki sortu da euskararen aldeko Erakunde publikoa ûIPE edo GIP izenez ezagutuaû. Trantsizio urtea izanen da zeren eta lehen aldia baita hizkuntz politika gogoetatu eta bideratzeko erakunde publikoa ibiliko dela Ipar Euskal Herrian. Eta froga urtea, zeren eta hasi bezain laster korapilo eta erronka handiak topatuko baititu, irakaskuntza alorrean besteak beste.

Baina nondik heldu da delako IPE hori? Parte handi batez, euskalgintzako herri mugimenduen hamar urteko lan, mobilizazio eta presioaren fruitua dela erran daiteke. Hamar urte luze horietan hizkuntza politika baten beharra sozializatu, hautetsi eta agintariak konbentzitu eta indar harremana sortzearen ondorioz iritsi gara puntu honetara. Egia erran hamar urte hauetan Ipar Euskal Herriko jendarteak aldaketa sakonak bizi izan ditu, esperimentu berriak egin eta egitura bereziak sortu. «Euskal Herria 2010» gogoeta amaitu ondoren, ateratako norabideak lantzeko sortu zen Garapen Kontseilua eta handik laster Hautetsien Kontseilua. 96an bi egitura horiek Lurraldea izeneko Antolakuntza eskema landu eta adostu zuten, hizkuntzari buruz kapitula bat barne zuelarik.

Hizkuntza politika baten lehenengoko oinarriak pausatuak ziren. Antolakuntza Eskema lantzerakoan, euskalgintzako mugimenduek egitura berezi baten beharra azpimarratu zuten, hizkuntza politika gune bakar batetik kudeatzeko, frantses antolamendu juridiko-politikoaren zatiketa gainditzeko. Maila batean entzunak izan ziren, Hizkuntza Kontseilua egitura sortzeko deliberoa hartu baitzen orduan.

Lau urtez etengabeko sokatira burutu ondoren, 2001eko uztailean lehen aldikoz, erakunde eta euskalgintzako mugimenduetako ordezkariak biltzen zituen Hizkuntza Kontseiluko biltzar nagusi sortzailea bildu zen. Egiturak gogoetak egiten ahal zituen baina ez zuen erabakitzeko botererik ez eta aurrekonturik ere politika bat martxan emateko. Aparte, Estatu, Erregio, Departamendu eta herrietako ordezkariak informalki biltzen ziren urtean bizpahiru aldiz, oroz gainetik diru laguntzak banatzeko. Sistemak ez zuen etorkizun handirik. Eta orduan, batzuek arrakasta gutirekin eta ulertuak izan gabe, 1994an proposatu zuten hizkuntz politikarako erakunde publiko baten urratsa askorentzat logikoa bilakatu zen.

Erakunde horren sortzea aurrerapauso garrantzitsua bada ere, zalantzak eta arrangurak ez dira falta. Holako egitura baten ibilarazteko beharrezkoa den lehen gauza dirua da baina aipaturiko bi milioi euroko aurrekontua izan ordez, 1,7 milioikoa izanen du IPEk, Estatuak bere ekarpena murriztu ondoren. Bigarren elementua, agintari politiko nahiz administrazioko arduradunen borondatea da, hitzetatik ekintzetara pasatzerakoan soilik neurtzen ahalko dena. Baina dagoeneko frantses Hezkunde Nazionaleko errektoreak han-hemenka errepikatzen du ez duela bertako hautetsiekin eskolen mapa adosteko inongo asmorik. Hizkuntza politika bati begira hain estrategikoa den irakaskuntza alorrean gatazka sortuko balitz, dispositibo osoa hankaz gora geldituko litzateke, beste arloetan ere elkarlanerako giroa ozpinduz.

Bi elementu horiei beste bi mehatxu gaineratzen zaizkie. Lehena, hizkuntzaren lege bermerik eza. Orain arte, koofizialtasuna euskalgintzako mugimenduen aldarrikapena zen baina luze gabe IPEko arduradunen kezka bizia bilakatuko da, oinarri juridiko minimorik gabe ezinezkoa baita edozein politika publikorik eramatea. Bestalde, azken hamar urteetan ederki frogatu bezala, gogoetatu eta adostu ziren Ipar Euskal Herri mailako politikak bideratzerakoan berezko instituzio baten falta agerian gelditu da, hots, erabaki gune eta diru emaileen sakabanaketak inertziak areagotu eta denbora galtze ikaragarriak eragin ditu. IPE, erakunde desberdinetako gune amankomuna izanik ere, haien interes, erritmo eta izaera desberdinak nahi eta nahi ez kontutan hartu beharko ditu. Ipar Euskal Herria kudeatuko lukeen instituzio baten tresna izango balitz askoz ere emankorrago litzatekeela pentsatzea ez da aurreiritzi ideologikoa.

Eraikitzen ari den eszenatoki berri honetan euskalgintzako herri mugimenduek sekulan baino erneago egon eta baturik jokatu beharko dute, Hiru sareta izeneko aliantza estrategikoa osatu duten ikasbideetako guraso elkarteek erakusten duten bezala. IPErentzat aholku lana bete eta horretarako zer nolako hizkuntza politikari buruzko gogoeta sakonak egin beharko dituzte. Halaber zainketa lana burutu beharko dute, IPEk hartuko dituen erabakiei begira. Azkenik berezkoa duten funtzio nagusian jarraitu beharko dute, hots, herri dinamika bi mailatan sustatzea: alde batetik aldarrikapen ildoan, euskarak eta euskal hiztunek behar dituzten neurriak plazaratuz eta bestalde azken urteetan bildutako esperientzien ildotik -Bai Euskarari akordioa eta beste-, hizkuntzaren berreskurapen prozesuan gero eta sektore zabalagoak inplikatuz.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan