Nere Lujanbio
Gizadiaren historia ahalegin ikaragarri baten historia omen. Berdin artearen historia. Bizitzaren esparru guztietan egindako ahaleginek, pertsonalek, sozialek, kulturalek, ekonomikoek, ideologikoek, erlijiosoek eta baita artistikoek ere, eraldatu dute mundua mendetan zehar. Horixe izan da Juan Antonio Alvarez Reyes Ahalegina izeneko erakusketako komisarioak abiapuntutzat hartu duen ideia Koldo Mitxelenako erakusketa atontzeko orduan. Zertara bideratzen ditu lehian oinarritutako egungo gizarteak ahaleginik gogorrenak edota ahaleginik hutsalenak? Merezi ote du ahaleginari eskainitako bizimoduak? Hamaika dira otsailaren 5a arte honetaz guztiaz pentsatzera eramango gaituen erakusketan parte hartu duten nazioarteko artistak. Eta dirudienez, guztiak bat datoz euskarria aukeratzeko orduan: bideoa eta bideo instalazioak dira jaun eta jabe, antolatzaileen esanetan, narratibitatea ahalbidetzen duen euskarria izanik, publiko orokorrarengana hurbiltzeko modua ematen dutelako.
Ingurura egokitzea
Eguneroko bizitzan egiten ditugun ahaleginak hamaika dira eta mota guztietakoak. Ez da ordea ahalegin horien tamaina edo gogortasuna gerora ekarriko duten emaitza neurtzen duena. Kirolariak dira horren adierazgarri argiena: segundo ehunen batean, luzeago edo laburrago emandako pauso batean, giharren tenkatze batean, egon liteke zerua baina baita beraientzat infernuaren parekoa dena ere: ahanztura. Bi artista dira erakusketan kirolaren mundutik abiatzen direnak ahaleginaz jarduteko. Erakustaretora sartu orduko Joăo Penalva artista portugaldarraren bideoarekin topo egingo du ikusleak. Gimnasta bat eraztunetan ariketa bat egiten ari da, giharrak tentsioan, epaimahaiaren eta ikusleen aurrean. Kirolariak aipatzen dituen beste artista Tracey Moffat australiarra da. 2000. urtean Sidneyko olinpiar jokoetan laugarren geratu zirenei argazkiak atera zizkien; sufrimendua, nekea eta konpentsaziorik eza bistaratzen dute erretratuek.
Bi artista hauen lanek nabarmen erakusten digute ahalegin guztiek ez dutela merezitako ordainik ematen edo ez guk desio izandakorik behintzat. Norbaitek noizbait ezarritako arauek kirolarien bizitza baldintzatuko dute eta era berean, lan hauek erakusten digute gizarte arauak diren sokaren gainean gabiltzala gu geu ere, pausoa non emango beldurrez, eta pausoa apur bat desbideratuz gero, sarritan, gureak egin duela.
Lana da baldintzatzen gaituen gizarte arau horietako bat. Hortaz dihardute Marta de Gonzalo eta Publio Pérez Prieto madrildarrek. Bikote baten eguneroko bizitzako arazoak aurkezten dizkigun bideo baten alboan diapositiba proiekzio bat ezarri dute. Soldata ezberdinekin produktu bera erosteko zenbat lan ordu egin behar ditugun azaltzen zaigu bertan. Ogibide bat edo beste izan, gure ahalegin eta denborak zein balio ezberdina duen, alegia.
Orain arte ikusitakoak argi erakusten digu gizakiaren ahaleginik handienak ingurura egokitzeko egindakoak direla; arauak bete beharra dela, lana dela... Egokitzapen horixe izan da gizakiaren betiko erronka nagusietakoa. Unean uneko ingurura egokitzean hizkuntzak ere badu bere garrantzia. Horixe da Esra Ersen artista turkiarrak If you could speak swedish... (Suedieraz hitz egin ahal izango bazenu...) bideoan landu duena. Artistak Suedian ikasle etorkin batzuei galdetu zien suedieraz jakinez gero zer esango luketen testu batean idazteko. Ondoren testu horiek suedierara itzuli eta etorkinak beraiek irakurri zituzten kamera aurrean, ederki saiatuta, irakasle batek ahoskera zuzentzen zien bitartean.
Alferrikako zenbat ahalegin
Erakusketak biltzen dituen zenbait lanek ahalegin absurdo edo alferrikakoen berri ematen digute. Zenbat indar eta denbora galdu ohi dugun zentzu handirik gabeko asmoak betetzeko esperantzan. Zenbait artistek ikuspegi ezkor eta ironikotik landu dute esfortzuan oinarritutako gizartea, gure ahalegin askoren izaera hutsala kritikatuz. Lars Siltberg suediarraren bideo instalazioa da horren eredu. Hiru pantaila ezarri ditu gela batean, hiruretan gizon bitxi bat da protagonista. Esku zein oinen ordez baloiak ditu eta bere eginbeharra egoera horretan ingurura egokitzea da, lurrean, uretan eta airean. Ekintza absurdua inondik ere. Hasiera batean barregarria izanik ere azkenerako penagarri bihurtzen dena.
Lin Yilin txinatarrak ere ekintza absurduak ditu gustuko. Hori adierazten du behintzat aretoko patioetako batean ezarri duen instalazioak. Telebistako monitoreetan zenbait urtetan zehar egindako performanceak ikus ditzakegu. Adreiluz egindako eraikuntza bitxiak, igeriketa saio bereziak... ingurura egokitzea ardatz duten ekintzak guztiak ere.
Beharbada Artur Zmijewskiren bideoa da ikuslea gehien harritzen dutenetako bat. Lehen begiratuan eliza batean entseatzen ari den abesbatza arrunt bat dirudi baina bideoa aurrera joan ahala, ikuslea ohartzen da ez dela abesbatza arrunt bat, gor-mutuz osatutakoa baizik. Nota bakoitza bere lekuan jartzeko egiten duten saiakera izugarria da, ikuslea hunkitzerainokoa. Eta emaitzak ere, noski, ez dauka inolako zerikusirik ohiko abesbatzekin.
Yaël Davids israeldarrak erakusketako inaugurazioan egindako performancea biltzen duen bideoa, Jaan Toomik estoniarrak gaixotasuna dela-eta geldirik egon ezin duen margolari bati egindako elkarrizketa eta Magnus Wallin suediarrak bideojokoen estetika jarraituz sortutako animazio dramatikoa dira ikusgai dauden gainontzeko artelanak.
Pilar Iparragirre
Zer daukazu esateko 'Itzalak' liburuari buruz?
Printzipioz, liburua bukatu ondoren eta azken zuzenketak eman ondoren, ez dauka jada zentzurik liburuari buruz hitz egiteak, baina, beno, hau da nire laugarren ipuin liburua euskaraz. Ipuin bilduma esan beharko genuke űhori aldarrikatzen dut nikű. Ez dakit zergatik ipuin liburuak izan behar diren beti trinkoak eta erabat lotuta euren artean. Hemen badago hari bat kasu batzuetan, baina jatorri ezberdinetako ipuinak dira, eta nik aldarrikatzen dut ipuinak biltzea besterik gabe, irakurleak berak ematen dioen ordena eta zentzua baita hor inportanteena.
Nolakoak dira ipuin horiek?
Azkeneko hiru urte hauetan idatzitako hogeita hemezortzi ipuin dira. Batzuk han-hemenka argiratatuak izan dira, baina oro har aldatuta daude, eta gero, jakina, ipuin berriak ere badaude.
Liburuaren ezaugarri nagusia?
Agian goibeltasuna. Esan nahi dut ipuin hauetan agertzen dudan umorea goibelagoa dela, agian. Eta seguru asko horrek badauka zerikusirik azkeneko hiru urteetan gertatu zaizkidan gauzekin eta inguruan gertatu direnekin. Alde batetik, aita bihurtu naiz, eta aitatasunarekin beldurra ezagutu dut, lehenengo aldiz benetan. Eta gero, inguratzen gaituen egoera guztia ere badago: bai mundu mailakoa űizan ditugun gerrak eta AEBetako kontuakű eta bai hemengoa, ematen baitu beti ari garela iraganean bizitzen, ez duela hemen ezerk aurrera egiten. Euskaldunon Egunkariaren itxiera bezalako gertakariek asko markatu naute.
Mayi Tolosa
Niko Etxartek gauzak lasai-lasai egiteko fama du. Bere ibilbidea aztertzea nahikoa da horretaz jabetzeko. 30 urte baino gehiago igaro dira Euskal Herrian kantatzen hasi zela, 1972an egin zuen lehen kontzertua. Ordutik, sekula ez du bost urte igaro baino lehen bere izenean diskorik plazaratu. Dioenez ez da jabetu ere egiten denbora pasatzen denik. Beste kantarientzat kolaborazio hainbat eta Altzürüküko pastorala egiten zuen artean prestatu du Eperra, apurka-apurka, aita eta koinatarekin batera. Bere hitzetan, ez dute derrigor argitaratu behar zen diskoa egin, familian naturalki abesten zituzten kantuak, CD batean plazaratzeko gogoa zutelako eta batez ere aitak eskatzen zielako erabaki dute azkenik, argitaratzea. Ez dute horretarako entsegu berezirik egin, nahikoak izan dituzte, familiako biltzeetan egindako bazkari eta afari ondoak. Diskoa bere kasa sortu dela diote, era naturalean.
Disko honen historia duela 12 urte hasi zen, Etxarten aitak, Dominikak, erretiroa hartu zuenean. Prozesua luzea izan bada, nahita izan omen da luzea. "Nik, zortea dut, izan ere, aukera tekniko onak dituen estudioa dut. Kantu hauek guztiak zuzenean balira bezala grabatu ditugu eta mimo handiz gainera. Duela 6 urte sartu ginen estudioan eta behin kantua grabatu eta sei hilabete pasa zitezkeen hurrengoa grabatu arte. Hirurok elkartzeko modu bat izan da batez ere eta abentura zinez ederra izan da, merezi izan du", dio Etxartek.
Modu gordinean eta musikarik gabe, ahots hutsean, kantu laburrak egiten saiatu dira, melodian ongi sar zitezen eta luzeegiak izatea saihestu nahirik. Hala, euskal kantu, kopla, pastoral eta abarrek euren luzeragatik batzuengan sortzen duen asperdura aienatu nahi izan dute.
Zuberotarrentzat altxorra
Diskoa grabatzen hasi aurretik, kantaldiak eskaini ohi zituen hirukote honek, Iparraldean. Emozio handiko kantaldiak izaten ziren, elizak betetzen zituztenak eta adin guztietako jendearentzat gustagarri zirenak. Batzuentzat nostalgiaz beteriko kantuak ziren, baina kantari zuberotarrak dioenez, gazteek ere topatzen omen zuten zer edo zer kantu horien atzean. Zuberotarrak zain ziren disko hau noiz kaleratuko eta kantaldi bakoitzaren ostean, horixe eskatzen zieten.
Jadanik heldu da diskoa eta oso pozik dira emaitzarekin. Hiru motako kantuak biltzen ditu: kantu zahar edo herrikoiak, xiberotar konpositore handiek utzitakoak eta hirukote honek sortutakoak.
Kantu herrikoietariko bat, diskoari izenburua ematen diona da hain zuzen ere, Eperra. Etxartek 1979an grabatu zuen lehenengoz disko hau Madrilen. Gerora, Anje Duhaldek Akelarre taldearekin abestu zuen eta hori da Hegoaldean hain ezagun den bertsioa. Horren ondotik berrogei bertsio inguru izan ditu abestiak, guztiak musikatuak. Disko honetan, lehen aldiz a capella abesten dute, jatorrizko bertsioan. "Nik abesti hori aitaren ezpainetarik ikasi nuen eta beraz oso garrantzitsua zen disko honetan berreskuratzea, 30 urte geroago" dio altzürükütarrak. Beste abesti batzuk xiberotar kantuaren ikono diren konpositoreenak dira. Hor biltzen dira Etxahun, Attuli edo Ligeixenak, besteak beste. Azkenik, diskoaren egileek nostalgiarik gabe sortutako xiberotar kantuak ere badira. Bizirik den zerbait bezala defendatu dute, ez monumentu bezala. Gehienetan hitzak Dominika Etxartek idatziak dira eta musika Niko Etxart berak edo Robert Larrandaburuk sortua.
Bildumak biltzen dituen 17 kantuetarik bada bat berezia: Pum ba Pa izena duena. Istorio polita du abesti honek. Dominikak, 16 edo 17 urterekin, taberna batean belarriz ikasi zuen abestia da, Italiako oihaneko langile batzuek abesten zutena. Ez da egiazko italieraz kantatua, aitak oroitzen duen moduan abestua da. Yoghurt moduan kantatzen dutela diote eta grafia ere hala mantendu dute. Oso laburra eta bizia da eta badirudi kantaldietan arrakasta handia izaten duela. "Xarma handia duen kantua da. Beti esaten da xiberotar kantua oso malenkoniatsua dela eta kantu honekin bestelako kantuak, alaiagoak ere badirela agertu nahi izan dugu", argitu digu.
Zuberoako ondareak leihoa zabalik
Zuberotar kantuak izanagatik baina, ez dira xiberotarrentzat bakarrik pentsatuak. Nahiago dute artzainen kantatzeko era naturalaz edo borthü botzaz hitz egin edota Pirinioetako kantuaz. Kontzeptu horrek zentzu zabalagoa duela argitu digu kantariak eta Zuberoako ondarea Pirinioetan kokatu behar dela uste du: "Pirinio guztian erabiltzen da edo erabili izan da kantatzeko molde hori. Aragoin galdu egin dute, baina Biarnon oraindik ere bizirik da. Guk ez dugu museorako zerbait egin nahi izan, kanpora proiektatu nahi izan dugu. Biarnon eta Aragoin badugu entzulerik eta gure estilo hori maite dute, baita kontsumitu ere. Gure helburua da haiek ere gure bideari heltzea eta, euren modura, gauza bera egin dezatela".
Hego Euskal Herrira ere hedatu nahi dute euren kantatzeko modu berezi hori; izan ere, Hegoaldean ere, xiberotar sustraiak dituen abestia entzuteko publikoa badutelakoan dira eta euren kanta zaharrak mugaren bestaldera eramateko beldurrik ez dutela azpimarratu digu. Hala ere, askok, oraindik ere, museoko pieza gisa hartzen duela iruditzen zaio eta gehiago erabiltzen dutela zerbait egiteko materia bezala, adibidez musikatzeko.
Momentuz, disko hau defendatzeari ekingo diote, baina presiorik gabe. Horretarako, kantaldiak egingo dituzte mugaren bi aldeetan. Urtarrilaren 30ean Ligin izango dira, Zuberoan. Otsailaren 13an, berriz, Getxon egingo dute kantaldia, Imanoli egingo zaion omenaldian.
Etxartek, bestalde, Hapa Hapa taldearekin ere, rockaren eta bluesaren bidetik lanean jarraituko du. Gainera, talde honekin martxoan lan bat ateratzeko asmotan da. Lan hori grabatzeko ere denbora hartu duela aitortu digu eta orain bi lanak defendatzeko animo handiarekin dago.
Pilar Iparragirre
Boga, boga
Batzuen Artean
Elkar
172 orrialde + CD
18,20 euro
Laurogeita hiru herri kantu
Tonuak edonork kantatzeko moduan egokituta dituzten hogeita bi abestiren grabazioa duen CD batez lagundurik plazaratu du Elkar argitaletxeak Boga, boga, guztira laurogeita herri-kantu biltzen dituen liburu txikia. Agur jaunak, Antoni eta Anton, Bautista Bazterretxe, Festa Biaramona, Elurra teilatuan, Gernikako Arbola, Maritxu nora zoaz, Santa Ageda, Boga-Boga, Ikusten duzu goizean, Ixil ixilik dago, Ara non diran edota Aldapeko bezalako herri-kantuak edozein taldek ezagutu eta abesteko oso aproposa den material eder hau 1959. urtean plazaratu zen lehenengo aldiz, Donostiako Apaizgaitegiaren ekimenez, Anton Garro eta Andoni Basterretxea apaiz euskaltzaleek beren gain hartu zuten lanari esker.
Kika Supersorgina eta momia
Knister
Gero
124 orrialde
8 euro
Neskato Supersorgina antzinako Egiptoko piramideetan
Elbirińa sorgin kaskarinari ahaztutako magia liburua neskato honek ohe alboan topatu zuenetik, makina bat abentura bizi ahal izan dituzte Knisterrek sortu eta Ińaki Aristondok euskaratutako Kika Supersorgina bildumaren jarraitzaileek. Kika Supersorgina eta momia zazpigarren alea baita. Kontu handiz tratatu beharreko liburua da Elbirińarena, irakurtzerakoan hitz bat huts eginez gero jaten ari zaren izozkia ozpin bilaka baitaiteke eta, badaezpada, Kikak ez dio eman inori bere aurkikuntzaren berri, ezta hainbeste maite duen bere anaia txikiari ere. Baina hain zuzen Daniri esker hasiko da Kika Egiptoko momiaz interesatzen. Mutikoari besoa bendatu eta igeltsua jarri dion sendagilea egiptoarra izaki!
Albokaren alde batzuk
Manu Gojenola Onaindia
Herri Musikaren Txokoa
359 orrialde
Alboka eta albokariak gurean
Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa lagun kaleratu du Manu Gojenola Onaindiak albokaren gainean egin duen ikerketa sakon hau. Oso atzera egin beharko genuke euskal herri musikan alboka bezalako soinu-tresnak noiz agertu ziren jakiteko. Nolanahi ere, Manu Gojenolari esker XIX. mende bukaeratik egungo egunera bitartean izan diren alboka eta albokarien berri ugari jakin dezakegu: kokagunea eta erabilera soziala, erromeriak eta alboka, musika tresna hau ia isilik gelditu zeneko garaiak eta ondorengo berpizkundea, gerra ondorengo agerpena, izan duen errepertorioa, albokaren esparru geografikoa, zeintzuk eta nolakoak ziren albokari tradizionalak, eta albokari berrientzako eskolak, txapelketa eta sariak sortu arte zubi eusle egin zuten haiek...
Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
120 orrialde
5,15 euro
Ori mendia, Orbaibarra...
Sua Edizioak plazaratzen duen Euskal Herria aldizkariaren 13. zenbakian, Ori mendiaren panoramikoa eskaintzeaz gainera, Urkulu, Okabe, Astobizkar, Azkar, Aitzorrotz, Astxiki, Bizkargi, Kolitza, Altamira eta Lastra mendien historia eta Fitero, Zestoa, Karrantzako El Molinar eta Kanboko bainuetxeak ezagutzeko aukera dugu, beti ere ohizko argazki zoragarrien laguntzaz. Orbaibaibar barrena ibilaldia egiteko modua eskaintzen du, irudimenarekin bada ere bertako erromanikoa űeta trufak!ű dasta ahal ditzagun. Gosez amorratzen jarraitzen dugula? Badute horri konponbidea jartzeko gairik ere: Bilboko jatetxe exotikoetan mokaduren bat hartzeko beta izango baitugu. Eta jandakoa jaisteko, Euskal Herrian zehar dauden hainbat ibaietan barrena abia gintezke.
Untxi Txiki Zuria gaixorik
Marie-France Flory, Fabienne Boisnard
Ibaizabal
20 orrialde
5,60 euro
Untxi Txiki Zuriaren azken abentura
Oraingoan, Untxi Txiki Zuria leher eginda dago. Belarriko mina du eta doministikuka ari da: katarroa harrapatu du. Beraz, medikuari deitzea erabaki dute gurasoek. Untxi Txiki Zuria beldurtu egin da, zer egingo ote dio mediku horrek? Belarriko min maltzur hori ez balu... Baina badu eta aitak ezagutzen duen doktorea hori kentzeko gai omen da. Gauzak horrela, Untxi Txiki Zuria ohean sartu eta doktorearen zain gelditu da. Zintz egiten ez zekien elefantearen ipuina kontatuko dio amatxok. Hura entzuten ari dela, ateko txirrina, medikua iritsi denaren seinale. Auskultatudu, eta dauzkan infekzioak kentzeko sendagai batzuk eman dizkio. Oso jatorra da Basaran doktorea.
Consumación...
Manuel Francisco Reina
Kutxa Fundazioa
69 or./ 3,5 euro
Consumación de Estío, 2003ko Irun Hiria saria
1974an Cadizen sortu zen Manuel Francisco Reinak irabazi zuen 2003an Kutxa Fundazioak urtero antolatu ohi duen Irun Hiria olerki lehiaketa. Aurretik ere, olerki sari andana irabazia da bere poemetan andaluziar kutsua nabarmen agertzen duen Manuel Francisco Reina, Mushim Alramli poeta irakiarrak arabiar kulturako www.nisaba.net orrialderako arabierara itzuli duen olerkaria. Gainera, Los Santos Varones nobelaren egilea da, eta 2003an La Paz y La Palabra (Letras contra la Guerra) apailatu zuen.
Itzalak
Iban Zaldua
Erein
174 orrialde 13 euro
Iban Zalduaren azken ipuin bilduma
Bost ataletan banatu ditu Iban Zalduak Itzalak izeneko liburuan agertzen diren ipuinak, bereizketa egiteko orduan beste hainbeste aurpegi dituen prisma erako istorio bat erabiliz. Bizkartzain baten babespean bizitzera kondenatua dagoen emakume politikoak, harekin topo egiten duen aspaldiko lagunak, azken honekin bizi den ezker abertzaleko militanteak eta garai batean honen adiskide izandako bizkartzainaren ikuspegiak osatzen dituzte, hain zuzen, liburuko itzalak. Idazle on guztien atzean irakurle on bat egon ohi dela, eta Iban Zaldua irakurzaletasunaren gaitzaz jota dagoen pertsona izateak ekarri duela Iban idazlea aldarrikatu zuen Pello Lizarraldek egile donostiarraren lan honen aurkezpenean, ipuin bilduman dauden bi eratako istorioak aipatzerakoan. Bi eratakoak baitira Iban Zalduak oraingoan eskaintzen dizkigun hogeita hemezortzi ipuin hauek: liluratu duten hainbat idazleren lanak eragin dioten zirrara ardatz harturik sortu dituen istorioak, batetik, eta egungo munduan zein geure gizarteko gertakizunen edo portaeren ordainetan idatzi dituen ispilu-erantzun gisakoak, bestetik.