Mikel Asurmendi
Arabaren euskaltasuna hizpide abiatu dugu elkarrizketa. Harluxet hiztegiaren arabera UAk Arabaren euskaltasuna ukatzen duela azaldu diogu Enriqueta Benitori: «Ez dut hiztegi hori irakurri, baina UAk ez du Arabaren euskaltasuna ukatzen, arabarrok ere euskaldunak gara. Guk euskaldun desberdinak garela esaten dugu, erkidegoko beste euskaldunak baino gaztelarragoak garela, bizkaitar eta gipuzkoarrengandik diferenteak. Guk euskaldun izateko homogeneotasun nahiari uko egiten diogu».
EAEko 2005eko aurrekontuek UAren aldeko botoa jaso zuten. Azalduko al diguzu UAren aldekotasun hori, arren?
Aurrekontuetan akordioa iristeko politika baikor eta efikaza erabili dugu. Gauza bat da hiruko gobernuarekin desadostasun politikoak izatea eta beste bat kudeatze politikan adostasunera iristea. Aurrekontuak herritarren bizi-kalitatea gestionatzeko egiten dira. EAEk aurrera egin dezala nahi dugu. Hartara, Eusko Jaurlaritzarekin gauzatu genuen negoziazioan zuhur aritu ginen ûez sekretuz baizik diskreziozû, arabar jatorren modura, azeri, eta bereziki arabarrentzako onurak geureganatzeko. Inor ez da harritu behar herritarren mesederako alderdien arteko akordioa lortzen denean. Gure botoa ez zen UAren mesederako, arabar guztion mesederako baizik.
Zer iritzi duzu bozketan izan zen gorabeheraz? Atutxaren jokabidea onesten al duzu?
Ez naiz ganberako lehendakaria eta ez dakit Juan Mari Atutxaren lekuan zer egin izango nukeen. Sinetsi nahi dut ez zela akats teknikorik izan, giza akatsa baizik. Bozketetan giza akatsak izaten dira eskuarki, denoi gertatzen zaizkigu. Jakina, ez da berdin gorabehera edo ezbeharra garrantzia txikiko bozketa batean edo aurrekontuen bozketan gertatzea. Atutxaren erabakia errespetatzen dut, baina Legebiltzarreko mahaiak erabakiko balu bozketa errepikatzea, UAk onartuko luke.
Ibarretxe Planaz mintzatuko gara jarraian. Rodriguez Zapaterok plana Madrilgo Diputatuen Kongresuan eztabaidatu dadila nahi du. Zer iritzi duzu zuk erabaki horretaz?
UAren ustez eztabaidak beharrezkoak eta onuragarriak dira. Politikan elkarrizketa eta akordioa falta dira. Hedabideetan baino parlamentuetan eztabaidatu beharra dago. Guri ez zaigu gaizki iruditzen Madrilgo Kongresuan plana eztabaidatua izatea, alabaina, gu planaren funtsarekin erabateko desadostasunean gaude, eta, nik, bistan da, plana ez onartzea espero dut. Espainiako alderdi nagusiak planari aurre egiteko ados jartzea espero dut, alegia. Azken finean Madrilgo Parlamentuak botoen bidez erabakiko du planak aurrera egingo duen edo ez.
PPk begi onez ikusten du plana Auzitegi Konstituzionalera eramatea? Nola ikusten duzu zuk PPren jarrera?
Ez naiz ados PPrekin. Gaur gaurkoz, Ibarretxe Plana proiektua da, ez legea. Auzitegi Konstituzionalera onetsiak izan diren legeek joan behar dute. Zertarako eraman plana Auzitegi Konstituzionalera? Auzitegiak esan dezan ezin duela ebatzi proposamen horri buruz? Zertarako gure indarrak xahutu? Espainiako Parlamentua da plana atzera bota behar duena.
Plana Eusko Legebiltzarrean onartua izateak harritu al zintuen?
Batere ez. Bozketaren egunean plana Batasunaren botoez onartuko zela aditzera eman nuen prentsan. Funtsean inor ez zuen harritu. Kontua zen Batasunak plana nola sostengatzen zuen eta nola "saltzen" zuen ikustea. Ikuskizun zegoen zein azalpen eta argudio erabiliko zituen bere militantziaren aurrean.
Zer iruditu zitzaizkizun Batasunaren azalpenak?
Batasunakoak puntako antzezleak dira, marketinean bikainak. Planari beren sostengua ondo baino hobeto saldu dute, maisuak dira joko horretan. Estrategikoki jakin izan dute jokatzen, nahiz nik beren jokoa ez dudan onartzen, begi-bistan denez.
Maiatzeko hauteskundeen aurrean nola ikusten dituzu Alderdien Legea eta Batasunaren egoera? Zuk nola nahiko zenuke hauteskundeak burutzea?
Ni pozarren nago Batasunak ezin izango duelako parte hartu hauteskundeetan. UAn zeharo ados gaude Alderdien Legearekin. Lege hori oinarrizkoa da gure demokrazian. ETA eta Batasunaren arteko lotura agerian geratu da berriz ere, Legebiltzarreko azken osoko bilkuran Otegik ûUrrutikoetxearen eskutitza irakurtzeanû hori berretsi zuen. Beraz, espero dut Alderdien Legea ez aldatzea eta Batasunak hauteskundeetan parte ez hartzea.
Maria San Gil da PPren lehendakari hautagaia. Nola ikusten dituzu PP eta bere lehendakarigaia?
PPk bitarteko asko dauka, beraz aukerak ere bai. Nik Maria San Gil Jaime Mayor Orejaren alternatiba izatea espero nuen, baina ez da horrela inola ere. San Gil Mayor Orejaren jarraipena da eta Mayor Oreja ez zen hautagai ona izan, ez PPrentzat ez EAErentzat. Mayor Orejak Madrilera begirako politika inmobilista egin zuen, lurrari atxiki gabeko politika. Baina ulergarria ere bada. PP da ûPSOErekin bateraû terrorismoaren eraso gogorrenak jasan dituen alderdia eta horrek sakon markatzen du. Bizipen horiek biziki eragiten dute politika egiteko orduan.
Patxi Lopez da lehendakaritzarako beste hautagai. PSE-EE oraingo gobernuaren alternatiba ikusten al duzu?
PSOE Espainiako Gobernuan izateak babes handia ematen dio PSEri. Nik alternatibak aurkeztea ondo baino hobeto ikusten dut, baina PSEren estatutu proposamenak alderdi sozialistaren hainbat printzipiori uko egiten die. Sozialistak, berriz ere, errorean erori dira. Euskal sozialistek autonomiaren aldeko zaletasuna aipatzen dutelarik beren konplexu baskista baino ez dute azalarazten. Gauzei bere izenez esateko sindrome pean ari dira politikan, eszenatokian diren bezala azaltzeari beldurra diote. PSEren jarrerak aurrerakoiak, autonomia zaleak eta sozialistak omen dira, baina sarritan bazterrean uzten dituzte eta baskismora lerratzen dira. Finean herritarrak nahasten ditu, herritarrek batzutan ez dakite PSE sozialismoaz edo nazionalismoaz ari den.
Proposamenak proposamen, zer da UAren Arabar Estatutua?
Arabar Estatutua, arabarrei nafarrek duten estatutua emango liekeena da. Bi hitzetan: Arabarrei Erkidego Forala ekarriko liekeen proposamena da. Euskaldunak izaten jarraituko genuke, baina EAEtik kanpo.
«Arabarrok zartagina kirtenetik hartua dugu eta EAEtik aterako ginateke» esan duzu berriki. Argituko al diguzu esana?
Esan nahi baita Ibarretxe Planari aurre egin diezaioketenak ûMadrilgo Parlamentuaz gain, jakinaû arabarrok garela. Ibarretxe Planari buruzko herri kontsulta egingo balitz eta arabarroi ea Euskadiko partaide izaten segitu nahi dugun galdetuko balitzaigu, gehiengoak ezetz esango luke. Halaber, Espainiako %68k Arabari ûNafarroa bezalako erkidegoa osatzeariû baietza emango liokeela esan du inkesta batek. Hori da gure esperantza.
Nola aurrikusten duzu Ibarretxe Planaz herritarrei galdetzeko aukera?
Ez dut aukera legalik aurrikusten. Alegia, euskaldunok Gernikako Estatutua itun bidez lortu genuen, akordioa lurraldeen artekoa izan zen, eta gaur egun Ibarretxe Planak akordio hura apurtu nahi du. 1979an lurralde bereiziak zirenek osatu zuten Euskadi erkidegoa. Egun itundutakoa apurtu nahi denez gero, erkidegoa legez desegin beharko luke.
Normalki plana atzera botako dute Madrilgo Kongresuan, baina Eusko Jaurlaritzak erreferenduma antola lezake.
Baina Madrilek ez badu baimentzen, kontsulta ez da loteslea. Galdera bestelakoa da, ordea.
Zein da galdera?
Ibarretxe jaunak zenbat erreferendum egingo luke: bat, bi, hiru? Lurralde bakoitzak esaten duena loteslea al da? Loteslea al litzateke arabarrek diotena? Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek esaten dutenarekin lotu behar al da? Edo bakoitzak esaten duenak balio al du? Horra milioiko galdera.
Milioiko galdera izan daiteke ere ea zein den erabaki esparrua. Espainiako Euskal Autonomia Erkidegoa kontuan hartzen badugu, euskal herritarrek ezin dute erabaki Espainia esparru erabakigarria delako. Baina, era bertsuan, EAEko esparru erabakitzailea Euskadi bada, arabarrek EAEko euskaldun gehienen erabakiari men egin beharko liokete, edo ez?
Baina boterea ûKonstituzioaren markoanû Madrilgo Kongresuak ematen dizu. Eta markoa puskatzen bada Kongresuak erabaki behar du. Ibarretxek ez du estatutuaren erreformaz hitz egiten. Ibarretxe Planak Gernikako Estatutua eta Ituna puskatzen du. Ibarretxe Planak Espainiarekiko harreman estatusa aldatu nahi du. Beraz, beste zerbaitetaz ari gara. Kasu horretan, Diputatuen Kongresuak arabarrek beren erabakia har dezaten erreferenduma baimendu beharko luke. Gernikako Estatutuaren markoa puskatzen bada, gu arabarrok libreak gara nahi duguna erabakitzeko, gu ez gara gipuzkoar eta bizkaitarren iritziaren menpe zertan izanik.
Nafarroa izan duzu hizpide. Nafarroako Amejoramendu legea ez da erreferendumean bozkatu.
Foru Amejoramendua egin zenean baieztatu zen. Ni Miguel Sanzekin ados nago Xedapen Gehigarria kendu behar dela esaten duenean. Ez du zentzurik Nafarroaren Estatutuan EAEko parte izatearen aukera izatea. Nafarrak oso gustura daude nafarrak izanda.
Badaude euskaldunak sentitzen diren nafarrak. Ezin al dute erkidego batua osatu beste euskaldunekin?
Baina, hori gutxiengoa da.
Egunen batean gehiengoa balitz nolako bitartekoak izango lituzkete beren eskubideak bermatzeko?
Horretarako ez da Konstituzioan Xedapen Gehigarria azaldu beharrik.
Xedapen Gehigarria kenduta ere, nafarrek ûhala nahi izanez geroû eskubidea beharko lukete Aragoirekin batzeko, adibidez.
Bada, gehiengoa direnean, Nafarroako Foru erakundeetan gobernatzen dutenean eta EAErekin bat egin nahi dutenean, estatutuaren erreforma bultza dezatela Nafarroan legeak baimentzen dituen bideetatik. Bien bitartean, Nafarroa ondo dago dagoen bezala.
Araba EAEtik kanpo Nafarroarekin lotu al liteke geroan, zure gusturako?
Nik nahiago dut Araba bakarrik egotea. Baina tira, nafarrak oso lagun onak lirateke.
Unai Brea
Bilboko San inazio auzo erdaldun petoan, euskarak badauka bere gotorlekutxoa: Euskararen Etxea, Bilboko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez atondutako lau solairuko eraikina. Lehenengo solairu bietan Euskararen Interpretazio Zentroa dago, gu hona etortzearen zergatia, alegia; hirugarrenean, Euskal Idazleen Elkarteak, Mendebalde Kultura Alkarteak, Topaguneak eta, berriki, Euskal PEN Klubak daukate egoitza; laugarrenean, azkenik, Bizkaiko Ikastolen Federazioak egin du habia. Euskararen Etxea, zinez. San Inazion euskara inon bizi bada, hemen da.
Euskararen Interpretazio Zentroko beheko solairua tren geltoki baten antzera antolatuta dago. Harrera guneak, izan ere, halaxe dauka izena: Euskararen Geltokia. Bertan hartzen dira bai txartela ûgarai batean trenetan erabiltzen ziren txartel gogor horietakoaû bai bidaia egiteko behar diren oinarrizko argibideak. Behin trenera igota, bagoi bi aurkituko ditugu: Euskara, bat eta asko eta Atzo eta gaur.
Roland Isoird zentroko koordinatzaileak dioskunez, «lehenengo bagoi honetan euskarak, bakarra izanda ere, hainbat euskalki dituela azaltzen da». Alde batetik, Mithridates izeneko joko digitalak euskalkiak entzuteko aukera ematen du; bestetik, horman paratutako mapetan historian zehar egin diren euskalki sailkapen batzuk ikus daitezke, Louis-Lucien Bonapartek 1863an egindako ospetsu hartatik hasi eta orain gutxixeago Koldo Zuazok dezenteko arrakastaz proposatutakoraino. «Azkenik (dio Isoirdek), euskara batuak bai euskararen ofizialtasunean, bai irakaskuntzan eduki duen garrantzia azaltzen da».
Euskara mendez mende
Atzo eta gaur, bigarren bagoia, euskararen historiari buruzkoa da. Hizkuntzaren eremuak mendetan zehar nozitutako atzerakada adierazten duten ohiko mapak ikusi ahal izango ditu bisitariak. Euskararen jatorriaz eta ahaideez dakiguna ûedo ez dakigunaû ere ematen da aditzera, hango eta hemengo hizkuntzekin leuzkakeen harremanei buruzko teoriak azalduz. Bagoiaren amaiera gaur egungo egoerari eskaini zaio. Hala, euskarak lurraldearen arabera dauzkan estatusak esplikatzen dira. Den-dena, panel hutsetan zein euskarri digitalean.
Informazioa, gutxi gorabehera, bere hizkuntzarenganako jakingura pittin bat daukan edozein euskaldunek dagoeneko ezagutzen duena da. Hortaz, Interpretazio Zentroa, batez ere, kanpotarrek ikus dezaten egin dela pentsa liteke. «Ezer ez dakitenentzako moduko azalpenak dira ûuste du Roland Isoirdekû, ulertzeko oso errazak, baina zentroa denei zuzenduta dago, baita bertokoei ere, zertxobait ikasiko dute-eta». Edonola ere, helburu nagusietako bat kanpotarrei euskara ezagutaraztea dela dio, «zelako hizkuntza daukagun, euskara nondik datorrenà jakin dezaten». Hauxe da, Euskal Herri osoan irekitzen den era honetako lehen gunea.
Bigarren bagoia da tren honetako azkena, baina bisitaldia ez da amaitu, inondik inora. Trenetik jaitsita nasan sartuko gara, nola ez. Hantxe dago Plazaola, Interpretazio Zentroaren aldizkari digitala. Euskarak historian zehar emandako berriez hornitzen da Plazaola, eta ez dauka, hortaz, gaurkotasunarekin inongo loturarik. Isoirdek azaldu duenez, «aldizkariak sei hilabetean behin-edo berrituko ditugun zortzi orrialde dauzka; gehienbat kanpotarrentzat dago eginda, jakin dezaten zer diren bertsolariak, zein izan zen euskaraz idatzitako lehenengo liburua...».
Hizkuntza bidaiaria
Lehen solairuari eginiko bisitaldiak bidaiaren itxura hartu du, eta bukaera ere bidaia bati buruzkoa da. Euskarak munduan barrena egindakoa, hain justu. Mapa handi batean, munduko Euskal Etxe guztiak ageri dira, eta baita euskara irakasten duten atzerriko unibertsitateak ere. Gure hizkuntza ohiko mugetatik kanpo ibilitakoaren adierazle, azkenik, antzina Ternuara joaten ziren euskal arrantzaleek bertako toponimian nahiz hizkuntzan utzitako aztarnak erakusten ditu panel batek.
Amaitzeko, euskararen gaineko oinarrizko hamar ideia ematen dituen hamar minutuko bideoa eskaintzen da -bisitaldia hasi aurretik ere ikus daiteke, nahi izanez gero-, eta ondoren, ikasitako guztiari buruzko galderei erantzun dakieke, beste joko digital baten bidez. Bigarren solairura igotzeko tenorea iritsi da; han, bidaia askoz lasaiagoa izango da.
Euskarazko software guztia... edo ia
Bigarren solairuan Mediategia dago. Euskararen Interpetrazio Zentroko arduradunak orain arte euskaraz ekoiztu den software guztia batzen ahalegindu dira, eta lortutakoa bisitarien esku ipini dute. Mediategia, azken batean, mahai luzexka batzutan paratuta bederatzi ordenagailu dauzkan gela da, momentuz (asmoa daukate hemendik laburrera gauza gehiago eskaintzeko). Roland Isoirdek gogorarazi duenez, norberak begira dezake etxetik, www.euskararenetxea.net web gunean, zein programa dauden Mediategian. Gustukoa topatuz gero, hori bai, San Inazioraino txangoa egin behar, han baino ezin dira erabili-eta.