Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-23 -- 1976.zenb

Pello Apezetxea

Gure unibertsoaren ezaugarri nabarmenetako bat, eta gure planetarena, aniztasuna da. Eta planetan, ez bakarrik kontinenteen artekoa, baita kontinenteen barnekoa ere, eta barne horretako hainbat zati eta arloren artekoa. Zati ttiki horietakoa dugu Nafarroa, nabarmenki anitza.

Mendialdea eta zelai-aldea, euritsua eta eguzkitsua, hariztiak eta mahastiak, euskara eta gaztelania. Atsegin dugu batetik bertzera ibiltzea, batekin nahiz bertzearekin begiak eta bihotza asetzea. Eta zer irudituko litzaizuke anitz hori bakar bihurtuko bagenu, edo bakar bihurtu nahi bagenu? Mendi eta zelai ordez dena mendi edo dena zelai egin nahi bagenu, dena mahasti huts edo pinudi huts? Ez ginateke aisa anitza bakartzearen aldekoak izanen, anitzaren ordez bakarra izatearen aldekoak, alegia. Sinestezina iduri du horrela pentsatzen duenik ere izatea. Eta amets gaiztoa izanen litzateke, horrelakorik gertatzea.

Zenbaitetan, ordea, amets gaiztoetan baino gaiztoagoa bilakatzen da eguneroko errealitatea. Euskara eta gaztelania? Zertarako? Gaztelania aski da. Bakarra. Horrela diote PPko agintariek, eta hauen senide diren UPNkoek: hizkuntza ofiziala bakarra. Lurraldeko eremu txiki batean biak baldin badira ere ofizialak gaur egun, hori aldatu nahian dabiltza, horretan ere bat bakarraren ofizialtasunerako bideak ari zaizkigu prestatzen gero eta gogorrago. Azkenetako ekintzak, duela egun gutxi, euskararen zaintzeko dirulaguntzak murriztea edo kentzea. Inoiz baino arlo gehiagotan, inoiz baino maila handiagoan, Herri-telebistarako lizentziak ukatzea... gero eta zailago bihurtzen ari dira euskararen ikastea, gero eta ezinago bilakatzen euskaraz komunikatzea.

Anitza, bakarra egin nahi dute. Hori dugu, behar bada, gaur egun eta zoritxarrez, Nafarroaz aipatu beharreko berezi nabarmenetakoa. Adibide bat: Nafarroa soilik omen da, Europako eremu osoan, bertako hizkuntza zaindu beharrean, baztertzen ari dena. Bertzeak bertze, Europako Hizkuntza Gutxituen Elkarteak salatua da.

Bakarra izatea da Elizako arduradunen egitasmoa ere. Gaztelaniari babes berezia ematea, euskarari eman ordez; agintarien jokaera bakarzaleari geriza eskaintzea. Hizkuntza bakarrarekin ez dela giza-eskubiderik zanpatzen, erranez. Baina bertze gairi buruzko pentsamoldea ere bakarra nahi baitute, ahal bada. Eliza arduradunek, eurek antolatutako gogoetak eta bilerak soilik onartzen dituzte. Egun hauetan entzun dugu Nafarroa bakarra dela Estatu espainoleko autonomia erkidego guztietan, aborturako aukerarik ematen ez duena, nahiz legeak baimendu. Eta, arrazoi etikoren eztabaidan sartu gabe, nahiz eta hemen ere fededun eta fedegabekoak bizi, etika ezberdineko gizon eta emakumeak izan arren, hemen ere.

Nafarroan, gizartean nahiz Elizan, herritarren partehartzea eragozten joan dira eta doaz, hondar urteetan. Zergatik, bertzela, Udalen ahalak gutxitu? Zergatik Elizako laiko nahiz apaiz erakunde nagusiak ia-ia hitzik gabe utzi? Nafarroa orain ere bere izaera galtzen, bere nortasuna ukatzen, izena ere aldatzen. Espainola omen da-eta, Miguel Sanzek berriki errana, guztion hizkuntza ofiziala, Nafarroa espainola omen da egiazko Nafarroa. PP-UPN, Eliza katolikoaren sektore nagusia, Opus Dei eta bere itzalpeko hainbat erakunde eta jende, bakarraren alde ari zaizkigu, izaera bakar, pentsamendu bakar eta legedi espainol bakarraren alde. Xabier Letek bere kantuan agertzen duenarekin bukatuko dut: Nafarroa, kondaira urratu baten oihartzunaà Nahiaren eta ezinaren borrokatokià Hormarik gabe utzitako etxeaà Ezkorra ikuspegia? Bertze hau ere kanta dezakegu: Kondairak bideratzen ahal dira, baita horma eroriak eraiki ere. Urte berri baten hasieran gaude.

Edorta Arana

Dagoeneko garai berri batean sartuak garela diote politikoek. 2005a urte erabakigarria izango dela. Euskal Herrian, atzera ezineko bidean gaudela.

Eta, estrainekoz, mamirik gabeko eslogana baino zerbait gehiago dela sinistuta nago. Aspaldi, politikan argi askorik aurkitzen ez duen honek, azken denboraldian, nazioarteko giroa, estatu espainiarreko gobernu-aldaketa, Euskal Herrirako aro politiko baten agorpena eta apustu eta erronka sasoia heldu izana dira entzun dituen pisuzko argudio batzuk.

Momentu historikoa, aprobetxatu beharreko egoera, giro egokia, indar oreka aproposa eta abarrak aipatu izan dira aste hauetan. Eta jatorrian iritziak eta berbak besterik ez zirenak geure kontzientzian eta iritzi-publikoan gauzatuz doazela irudituta nago.

Urte amaierako oporretatik bueltan gauden honetan, Juan ebanjelariak idatzi zuen "hitza haragi bihurtu zen" esaldia kasura datorrela otu zait. Hasieran politikoek eta gero kalean ere entzun eta esandakoak gauzatuz, haragituz, doazela pentsatzen hasia naiz. Eta horretan bai dela garrantzi berezikoa urte hasi berri hau.

Urtarrilaren lehenak besterik ez dira eta esan beharreko gehienak esanak daude. Jaurti dituzten hitzen zordun izan daitezela orain gure politikoak. Eta alde batekoek zein bestekoek adierazitakoetatik, niretzako, bi dira garrantzi berezikoak: politikaren sasoia dela eta erabakitzeko ahalmenaren jabe direla euskal herritarrak.

Bi horiek, batuta, aurrera egiteko nahiko direla iruditzen zait. Hitzetatik jarreretara eta horietatik ekintzetara. Diskurtsoa landu, esangurak geureganatu eta galdetu, erantzun eta eztabaidatu... ez dezatela "existituko ez balira bezala" aritzeko ezta etsaia suntsitzeko politika praktikatzeko aukerarik txikiena ere eduki. Konpromiso sozializatzeko garaia da.

Bide honetan, 18/98 delako sumarioa, inoiz antolatu izan den epaiketarik handiena, zabalena eta sakonena, aukera polita izan daiteke bizi dugun garai berriaren adierazgarri modura. Orain artekoak, eta bereziki "18/98+" delako ekimena iruditzen zait interesgarria eta pedagogikoa. Gauza askogatik, batzuk oso serioak besteak irribarre-keinurako aukera ematen dutenak. Esaterako, zelako abiapuntu zabala eta irekia duen, izan ere, sumarioan, adinari dagokionez, 18 eta 98 tartean ia-ia guztiak sartzen garelako. Garzonek gidaturiko auzipetze pelagiko horretan "euskal" kutsu duen oro pilatu dutelako txikitik handira doazen esparru kontzentrikoetan -politika eta hedabideak eta euskara eta giza mugimenduak eta kultura eta politika eta kirola eta sukaldaritza eta ikastolak eta kooperatibak eta Miren Azkarate eta Euskaltzaindia eta desobedientzia zibila eta eliza katolikoa eta ...-. Gainera, aspaldi entzun dudan politika kanpaina baterako esloganik originalena eta aberatsena iruditzen zaidalako "18/98+" delakoa. Ia-ia denak/denok, hartzen du/gaitu bere baitan eta, aldi berean, ukituak sentitzen ez direnentzako elkartasunaren bidea zabalik uzten duelako. Gehitzeko, batzeko.

Horregatik, eta haragitzen den hitzaren inguruko argudio biblikora itzuliz, benetan interesgarria iruditzen zait epaiketa horren inguruan antolatzen ari den mugimendua. Hemen ere, momentu historikoa, hauteskunde kanpaina bezperetan izatea eta Jaurlaritzaren estatutu berrirako ibilaldiaz batera joatea, xake-taula handiaren politikagintza gogorarazten du. Bertan, fitxa asko eta maila desberdineko elementuak daude, baina, hori bai, denak erlazionatuta. Peoiak direnei, gaiari buruz hitz egitea, antolatzen diren ekitaldietan biltzea, bakoitzak bere mailan geldi ezina bilakatuko den iritzi publikoa sortzen laguntzea, sasoi berrian emaniko lehen pausua izan daitekeenean parte hartzea. Erregeari, damari, alfilei, zaldiei eta gazteluei "hitzemana, zor". Erantzukizunez jokatzea dagokie.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan