Astekaria

 Ihesi 

Errioxa seinalatzen duen behatza

Irudia

Lierni Arrieta


1975. alea
2005-01-16
alde 0    kontra 0

Errepidez Bernedora iristeko hiru aukera daude eta hirurak ederrak dira. Nekazaritzatik bizi diren hainbat haran zeharkatzen dituzte hiru errepideek. Lehenengoaren bidez, Gasteiztik Mirandara doan N-1 errepidean, Trebiņo guztia zeharkatzen duen A-126 errepidea hartu eta Bernedora iritsiko gara. Bigarrena hartuta, Gasteiztik Lizarrara doan A-132 errepidean, Kanpezu parean, A126a jarraitu eta Bernedora iritsiko gara. Eta hirugarrena, Errioxatik datorrena da: Logroņo ingurutik datozen eta Meanora doazen errepide ugarietako bat hartu eta Meanotik bost kilometro igaro ondoren iritsiko gara Bernedora.

Behin Bernedon gaudela, herria zeharkatu eta Okon ermitara joko dugu. Bertan haurrentzat jolastokia dago; baita mahai, eserleku eta parrillak ere. Antzinako lanabesak erakusgai daude ermita inguruan: karramarroa, goldea, segamakina... Bitxiak eta ikusgarriak dira benetan lanabes hauek.

Ermitatik basorantz lanabesen albotik doan bidean hasiko dugu txangoa. Hainbat sastraka eta zuhaixkek, ipuruak, arrosak eta elorri beltzak, ongi etorria emango digute erkamezti basora. Berehala, marra zuri-gorriekin seinalaturiko bide zidorrarekin topo egingo dugu. Bidea, Villafria herriarekin bat egiten duen GR-1 dugu. Bide hau hartu eta eskuinera jarraituko dugu erkameztiarekin gozatuz.

Maldan gora egin orduko, pagadian murgilduko gara. Bigarren bidegurutzea aurkitu eta gorantz jarraituko dugu, eta ez eskuinera eta maldan behera doan bidea jarraitu, Villafria herrira iritsi nahi ez baduzu, noski. Pagadian gora, baldintza azidotako basoan gaudela esango digute azpi basoko landareek. Azpi basoan ahabia agertzen denez, lur azidoetan gabiltzala dakigu, erratza eta gorostia bezalako landare gehiago egon arren. Pagadiak hamaika modutakoak dira eta Europa heze osoan daude. Oso zuhaitz inposatzailea da bere ingurukoekin. Inguruko baldintzak eraldatu egiten dituela esan ohi da. Udan, zuhaitzak adaburua hostoz estalia duenean, ikaragarrizko argitasuna irensten du. Horregatik, inor gutxik lortzen du bere itzalean irautea. Baina, burua bustia eta hankak lehorrak behar dituela esaten da. Beraz, hezetasuna urri den klima mediterraneoa du muga.

Maldan gora goazen heinean, basoak indarra galtzen du eta txilardi sastrakadiak ugaritzen dira. Bat-batean, San Tirsoko Behatzaren harkaitzarekin topo egingo dugu eta inguratu eta atzean utzi ondoren, San Tirsora iritsiko gara. Gailurraren erraietan, San Tirso omentzeko ermita dago. Bertan, gailurretik igaro ondoren, harkaitz pean edo jainko pean babestu gaitezke.

Etorritako bide beretik itzultzerakoan, gailurraren eta Behatzen arteko lepotik Errioxa ikus dezakegu, baita Kodes mendizerra ere Behatzaren atzealdean. Bideko zuhaitz eta animalietara joan zaizkigu begiak.

Zuhaitz bakoitza mundu bat

Zuhaitz bakoitza unibertso bat da, guk geldirik eta tinko nabari badugu ere, etengabe inguruko bizidunekin elkartrukean edo borrokan ari da. Sustraietan, azaleko zartaduretan, zurtoin zuloetan, adarretan eta hostoetan hainbat eta hainbat bizidun daude. Bizidun horiek bertan izaten dituzte babesa, elikagaiak edo bizimodua.


Adaburua izugarrizko ehiza gunea da. Zuhaitzek, kasu honetan erkametzak edo pagoak, bere hostotzean milioika intsektu izan ditzakete. Beldar, koleoptero eta landare-zorriek hosto berriak jaten dituzte. Zuhaitzak lan ederra izaten du jandako hostoak berritzen. Pinpilinpauxen edo tximeleten hainbat eta hainbat beldar ere hemen elikatzen dira. Pupatu eta metamorfosia jasan ondoren, hegaka dotore ateratzen dira ugaltzeko irrikan. Koleopteroen arrak ere hemen bizi dira: batzuk adaxketan eta besteak zurean edo ezkurretan. Cynips-en arrek hostoari berrehun bat erako zezedio edo kukusagar mota eraginarazten dizkiete. Hauek hostoan grano itxurako egiturak dira eta batzuetan fruitu itxura ere hartzen dute. Beste intsektu asko eroritako zur hiletan bizi dira. Era berean, onddoek eta likenek beraien txoko ekologikoa topatzen dute, sustrai, azal eta adarretan. Honela, zartadura handiak eta azal lodiena duten erkametzetan liken gehiago izaten da pagoaren azal leun eta finetan baino. Onddoak mila modutakoak dira: bizkarroiak ardagaiaren moduan, saprofitoak, zuraren osagai nagusia diren zelulosa edo ligniaz elikatzen direnak. Eta sinbiosian... ai! Sinbiosian bizi diren onddoen gazi-gozoa. Kontuz bildu behar dira, batzuek pozoitsuak eta besteak goxo-goxoak baitira.



Txoriei begira jartzen bagara ere, gauza bera gertatzen zaigu. Tamaina eta bizimoduaren arabera bereizturik hamaika txoritxo bizi da zuhaitz bakoitzean. Katagorriak adarretan, muxarrak enbor zuloetan lo, sagutxoak orbeletan eta satorrak sustraietan, ugaztunik ez zaigu falta. Ezkurrak eta pagotxak preziatzen dituzte katagorri, muxar eta sagutxoek, satorra aldiz intsektu eta zizarez elikatzen da.


Erkametza

Erkametzak (Quercus faginea), haritzaren (Quercus robur) ahaide honek, azken honen izugarrizko antza du. Erkametza Afrikako iparraldean, Aljeriako Tlemcem mendietatik Marokoko Rif mendietara arte hedatzen da. Iberiar penintsulan, aldiz, banaketa zabala du, gune askotan garrantzi txikia eduki arren. Zura, azala eta adarkadura haritzaren itxura berekoak ditu baina, hostoetan eta moldaeretan desberdintzen da. Hostoak ez dira neguan erortzen, baina ez dira iraunkorrak ere, ez baitute neguan fotosintesirik egiten. Marzestenteak dira: udazkenean hostoko elikagaiak berriro zurgatu egiten dituzte eta lurrera erori ordez, zuhaitzean gelditzen dira. Hostoek fotosintesia egiteko gaitasuna galtzen dute eta marroi, arre, gorri kolorekoak bertan gelditzen dira. Udaberrian, adarretan dauden hosto berak berpiztu eta lanean hasten dira, jo eta ke. Hosto hauek baldintza lehorretara egokituak daude, azpialdea iletsua dute. Baldintza lehorretan armiarma itxurako iletxo txiki horiei esker ur gutxiago galtzen dute. Zura gozoa du, pisu ertainekoa, egokia lanerako eta gure arbasoek mila modutara erabili dute. Altzariak, gurdiak eta upelak egiteko, eta nola ez, ikatza egiteko. Landareak ez dira soilik hazitik jaiotzen, batzuk tipulatatik, besteak adar zatitatik eta asko eta asko sustraietatik ernetzen dira. Badirudi baso hauek ere honela ustiatu izan direla. Enborretik bota eta zainetatik berriro ateratako aleak direla dirudi.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1974
 
azala1973

1975 zenbakia.
2005ko urtarrilaren 16a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia