Jakoba Errekondo
Landareetaz pentsatzen minutu erdi bat baino gehiago sekula pasa ez dutenei hauen ezaugarri garrantzitsuena azaltzeko beti galdera bera egin izan ohi dut: zein da animalia bat, zu zeu adibidez, eta landare baten arteko alde nagusia? Bada, higidura edo mugimendua. Animalia batek gosea, egarria, hotza edo dena delakoagatik edozelako premia badu mugitu eta premia hori asetzeko aukera bilatuko du. Landareak aldiz, gertatzen dena gertatzen dela -lehortea, izotza, ekaitza, gose latza...- hantxe, jaio eta hazi zen toki hartantxe egon beharko du, iraun beharko du. Honek landareek edozein arazori aurre egiteko dituzten mekanismo ugarien zio nagusia argitzen du. Sasikoa da esan hau, zeren oinarrizko beharrei erantzuteko landareak ere mugitzen dira, bai horixe!
Bizi baldintzak hobetze aldera landareek burutzen dituzten higitzeei tropismoa deitzen zaie. Hazkundearekin lotutako lerratzeak dira eta atzera egin ezinekoak dira. Fototropismoa da hauetako bat, zurtoina argia dagoen aldera haziko da beti eta sustraia kontrakora; etxe barruko edozein landaretan erraz ikusi daiteke, leihoa edo argia sortzen den aldetik landarea kitzikatzen da eta auxina izeneko hormona pilatzen da, hormona honek zelula gehiago sortzea eta landarea harantz haztea dakar. Geotropismoa edo grabitropismoa beste bat, lurraren grabitateak eragina; sustraia grabitate indarraren alde hazten da eta enborra alderantziz. Hidrotropismoa ere bada; landare urzaleak haren aldera haztera daramatzana. Tigmotropismoa aihenatzen diren landareena da; beste landare bat edo zerbait solidoa ukitzen dutenean haren bueltan edo berari heldu eta itsatsita hazteko joera dute, honetarako sustrai bereziak, aihenak, kiribilak... garatzen dituzte.
Hurrengo alean gai honi kiribilduta jarraituko dugu.
Jabier Agirre
14 urtetik 18ra bitarteko adoleszenteen artean kokaina kontsumoa laukoiztu egin da azken hamar urteotan, eta haxixarena, berriz, bikoiztu. Horrez gain, eskola-umeak 13 urterekin hasten dira alkohola edaten eta erretzen, Bigarren Mailako Irakaskuntzan Drogen Erabilerari buruzko 2004ko Espainiako Inkestak dioenez.
Abenduaren hasieran aurkeztu zituen jendaurrean Elena Salgado Osasun Ministroak inkestaren emaitza nagusiak, eta egoera kezkagarritzat jo zuen. Izan ere, panoramak ez du itxura onik; areago, nahiko datu kezkagarria da gazteen %87k erraz lortzen duela alkohola, %64k haxix edo cannabis-a, eta %53k lasaigarriak, beren eguneroko giroan. Inkesta 2004ko maiatza eta ekainean egin zitzaien 537 ikastetxetako 25.521 ikasleri, eta ikerketak agerian jarri bezala, adoleszenteak droga legalak hasten dira kontsumitzen -tabakoa eta alkohola batez ere-, droga ilegaletara pasatu aurretik. Inkestak gazteen artean anfetamina, estasi, diseinuko droga eta haluzinogenoen kontsumoa mantendu edo gutxitu egin dela erakusten du.
Inkestak dioenez, ikasleak 13 urterekin hasten dira tabakoa eta alkohola kontsumitzen. Alkoholaren inguruan neska-mutikoen zifrak antzekoak diren bitartean -%14aren bueltan-, neskek gehiago erretzen dute mutilek baino -behin edo behin erretzen dutela dioten neskak %36,7 dira, eta mutilak, berriz, %29,6 besterik ez-. Tabako kontsumo zifra horiek "harrigarri eta oso altuak dira, beren adin bereko europarrekin alderatuz gero" azpimarratu zuen Salgadok.
(Jarraituko du)
Joxerra Aizpurua
Lituanian zentral nuklear bat ixten ari dira
Lituaniako Ignalian dagoen zentral nuklearreko erreaktoreetako bat urtezahar egunean geratzen hasi ziren eta laster zentraleko beste erreaktorea ere itzaltzen hasiko dira. Zentraleko zuzendaria den Viktor Shevaldin-ek esan zuenez, "erreaktorea 20:02an erabat gelditu dugu" eta "prozesua aurrez ikusitako planei jarraituz burutu da". Horrela bada, Lituaniak eta Europako Batasunak (EB) sinatutako hitzarmena bete egin zen. Ignalinako zentral nuklearrak Lituaniak egun behar duen energia elektrikoaren %70 produzitzen du -1.330 megawatteko ahalmena du eta lituaniarren beharrak 1.900 wattekoak dira- baina Txernobileko zentral nuklearren mota berekoa denez, aspaldi hasi zen EB zentrala ixteko negoziazioetan.
Joan den urteko maiatzaren lehenean sartu zen Lituania EBn eta aldi berean urte amaierarako zentraleko erreaktoreetako bat ixteko konpromisoa hartu zuen, eta bestea 2009ko amaierarako. Ignalinako lehen erreaktorea 1983ko abenduan abiatu zen eta bigarrena 1987ko abuztuan.
Vilnius, Kaunas eta Elektrenai-ko zentral elektriko klasikoak beteko dute erreaktore nuklearra ixteak sortuko duen hutsunea eta etorkizunean Errusiatik energia inportatzeko asmoa dute. Dena den EBk Ignalina ixteak sortuko dituen kostuak finantzatuko ditu; kostu hauek 30 urtean 2 edo 3 mila milioi eurokoak izango direla kalkulatzen da. Jada 200 milioi euro desblokeatu ditu EBk lehen erreaktorea gelditzeari aurre egiteko. Halaber, lanik gabe geratuko diren langileen birkokapena edo erretiroa ziurtatzeko laguntza finantzario berezia izango da.
Bioaniztasunak atzera egin du 2004an ere
15.589 espezie inskribaturik daude 2005aren hasieran Naturaren Babeserako Munduko Batasunaren (IUCN) zerrenda gorrian, hau da, desagertzeko zorian. Txori, ugaztun, anfibio, eta abarrek osatzen dute zerrenda gorria eta 2004 hasieran baino 3.330 espezie gehiago daude bertan.
Azken hogei urteotan gutxienez 15 espezie desagertu dira eta beste 12 gatibu bizi dira. Halaber dortoken %42, anfibioen %32 eta ugaztunen %23 desagertzeko arriskuan daude.
Txoriak ez daude egoera hobean, izan ere PNAS erakundeak egindako prospekzioen arabera txori-espezieen %14 desagertuko dira 2100. urterako.
Hainbat espezie desagertzeak beste batzuen arrakasta ekar dezake. Eta gizakiarekin zer gertatuko da? Adibidez, Indian saia desagertzeak arratoiak ugaltzea dakar eta hauek, jakina denez, amorrua kutsatu diezaiokete gizakiari. Gainera ez da ahaztu behar berotegi efektuak edo basoak husteak edo poluzioak aldaketak ekarriko dituela gizakiaren historian, nahiz eta oso zaila izan orain aldaketen neurria antzematen.
Amaitzeko IUCNk aipamen positibo bat egiten du. Europan, adibidez, igarabaren egoera dezente hobetu da azken urteotan hartutako neurriei esker eta gauza bera esan daiteke Tunisian orix, basamortuetako ugaztunarekin gertatzen ari denarekin.