Gure bizimoduari abizena jarri beharko bagenio, ziurrenik "presa" hitza aukeratuko luke askok. Gero eta azkarrago mugitu gaitezke eta elkarren artean komunikatzeko gero eta bitarteko gehiago dugu. Hala ere, sarri menperatzen gaitu desio dugun leku guztietara ezin iristearen sentipenak. Giza harremanak pobretuz omen doaz. Eta erosotasunaren mesedetan, eskura ematen diguten hori onartu ohi dugu sarri, bestelako alternatibarik badagoen arren. Horren adibide gero eta arrakasta handiagoa duen fast food -janari azkarra- delakoa da. Presaka bizitzeak presaka jatea eskatzen baitu. Globalizazioaren ikur handienetakoak diren McDonalds eta gisakoak bazter guztietan ari dira agertzen eta bertan ahoratu ditzakegun hanburgesek-eta osasunari zein mesede kaskarra egiten dioten badakigun arren, sarri erortzen gara euren hatzaparretan. Dena den, honek guztiak kontrako efektua ere sortu du, gero eta herritar gehiago azaltzen baita bizitzeko -eta jateko- eredu honen aurka. Horietako batzuk Slow Food -Janari Geldoa- elkartean bildu dira.
Italian sortutako mugimendua
Slow Food elkartea 1986an jaio zen, Italiako Piamonte eskualdeko Barolo herrian eginiko bilkura batean, Carlo Petrini soziologo eta idazlearen gidaritzapean. Egun bost kontinenteetako 80.000 lagunek osatzen dute elkartea, gehienak italiarrak. Egoitza nagusia ere Italian du, Bra herrian.
Elkartearen web gunean (
www.slowfood.com) irakur daitekeenez, bere helburua "fast foodaren inbasio homogeneizatzaileari erantzutea da". Mugimenduaren jarraitzaileek diotenez, eurek "eko-gastronomia" bultzatzen dute. Etika eta plazerra uztartzen saiatzen omen dira. Zapore aniztasuna defendatzen dute, elikagai ekologikoak, nekazaritza txikia, abeltzaintza eta arrantza eredu jasangarriak, lekuan lekuko produktuak ekoiztea...
Conviviak topaleku
Slow Food elkarteko kideak Convivia izeneko egoitzetan bildu ohi dira. Orotara 750 daude munduan zehar barreiatuta, Euskal Herritik gertuena Bartzelonan. Besteak beste, taldekideek euren esperientziak trukatzen dituzte bertan eta hitzaldi eta mahai-inguruak ere antolatzen dituzte. Sarri, gainera, elkarrekin bazkaltzen dute. Bakoitzak prestaturiko plater desberdinez gozatzeko aukera izateaz gain, lagun giroan bazkaltzeko parada dute horrela. Carlo Petrinik dioen moduan, "zaila da bakarrik jatea baino zerbait tristeagoa imajinatzea".
Bra: aurreneko "hiri geldoa"
Slow Food mugimenduaren sustatzaileek otorduez haratago doazen hainbat ekimen bultzatu dituzte. Horietako bat Slow City edo hiri geldoak delakoa. Slow City izendapena 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten Italiako 35 hirik daukate jada. Udal agintarien ekimenez, hiri horietan presarik gabe bizi ahal izateko baldintza egokiak bilatzea helburu duten hainbat neurri hartu dira. Izendapena lortu zuen aurreneko hiria Bra izan zen eta bertan, besteak beste, dendak ostegun eta igandeetan itxita egoten dira, erdialdean ezin da autorik ibili, etxean egindako bonboi, pastel eta gaztak saltzen dituzten dendei laguntza ematen zaie eta Slow Food mugimenduarekin bat egiten duten jatetxeak bultzatzen dira. Slow City ekimenari buruzko informazio gehiago
www.cittaslow.stratos.it web gunean aurki dezakezue.
Bat nazionala errepideak alderik alde gurutzatzen du Donostiako Aņorga auzoa, aspaldi honetan iskanbila dezente sortu da errepide honekin gainera, auzoa bitan zatitzen baitu. Aņorgara ailegatzen den edonork ikusiko duen lehen gauza errepidearen alde batean dagoen fabrika handia da, Cementos Rezola lantegia, bere produktuaren marketing ezin hobea eginez, fabrika guztia zementuz eraikia baitago. Baina lantegia bakarrik ez, honen ondoan jaso diren beste eraikinak ere zementuzkoak dira: etxeak, eliza, kirol zelaia... Badirudi zementuzko elurra egin duela leku honetan.
Dena den, honek badu bere azalpena, beste leku askotan bezala, enpresari batek lantegi txiki bat eraiki zuen, negozioak gora egin eta lantegi txikia erraldoi bihurtu zen, langileentzako etxeak, eskolak, eliza, kirol elkartea, ile-apaindegia... eraiki ziren orduan eta enpresaria auzoko mezenas bilakatu zen. Hori dugu Aņorga eta hori dugu Rezola. Nolanahi ere, bertako gazte eta bizilagunen aldarrikapenengatik eta sortu ziren ekimen sozialengatik ezaguna da auzoa, dena ez da grisa Aņorgan.
Hormigoizko museoa
Museum Cementos Rezola-ra hurbildu garenean ez gaitu harritu hormigoiz egina dagoela ikusteak. Lehengo eskola zaharrak zeuden eraikina birmoldatu eta abangoardia itxurako museoa sortu zuen Rezola enpresak bertan. Jarduera honekin, bertako industriaren ezagutza handitu eta memoria historikoa berreskuratu nahi izan da, eraikina horretara dago bideraturik eta zementuaren historiak ere leku nagusia izan ohi du bertako erakusketetan.
Museoa ez da handia, baina leku murritza izanik ere, probetxu handia atera diotela dirudi. Albo batera geratzen den gela txikian auditorio txukuna aurki dezakegu, proiekzioak edo hitzaldiak egiteko espresuki egina. Barrurago sartu garenean, areto zabalarekin egin dugu topo, zementuari buruzko behin betiko erakusketa jasotzen da bertan: zementuzko industriaren historia, lantzeko prozesua, ingurumena, arkitektura... Horretaz gain Rezola familiari buruzko atala ere badago, enpresak izan dituen gorabeherak kontatuz. Jose Maria Rezolak 1850ean, Aņorga Txikin zegoen irina egiteko errota harria txikitzeko moldatu zuen, Arteagakobizkarra izeneko harrobian zegoen harriaz baliatu zen horretarako, kalitate handikoa. Enpresaren fundatzailea hil zenean bere semeek hartu zuten honen gidaritza, XX. mendean porlana egiten hasi ziren labe bertikalen bidez eta hortik aurrera estatu mailako "kartel" handi batean parte hartu zuten, sekulako dirutza irabaziz. Fabrikan 600 langiletik gora aritu izan ziren lanean eta datu bitxi bat ere aurkitu dugu: hauetako langile bakoitzak 1919an 6 pezetako jornala irabazten zuen.
Zementua itsasoan zehar
Baina gure arreta, aretoaren erdialdean dagoen biribil formako beste aretoak erakarri du, bertan erakusketa bitxia aurkezten da, Rezola enpresak itsasoarekin izan zituen erlazioak azalduz. Gezurra badirudi ere, zementua oso loturik dago itsasoarekin. Produktu merkea izanik, garraiobideek asko baldintzatzen zuten azken prezioa eta itsaso bidezkoa zen egokiena, zementua merke eta ugari garraiatzeko. Ez da kasualitatea, lantokia itsasotik hain hurbil kokatu izana, Antiguo auzoan ere bazuen eraikin bat eta bertatik trenbidea egin zuten Donostiako porturaino.
Izan ere, 1953ra arte, Donostiako portutik zementua eta ikatza itsasoratu zitezkeen eta Rezolak bertara eramaten zuen bere produktua, idi gurdiz eta lurrun kamioien bidez, 1905ean trenbidea egin zen arte. Zentzu honetan, paneletan aurkitzen ditugun argazkiak ikusgarriak dira, Donostiako portu guztia zementua zeramaten barrilez beteta aurki dezakegu ûbarril hauek berreskuratu egin behar izaten zituzten, garestiegiak baitzirenû. Donostian inoiz itsasoratu den itsasontzi handiena Aņorga izenekoa da, enpresak 1916an erosi zuen eta sekulako ikusmira sortzen zen itsasontzia portura sartzeko garaian, itsasgora aprobetxatuz egin behar izaten zuten maniobra hau. Flota propioa sortzeko bidean, urte batzuk beranduago beste bi itsasontzi erosi zituzten, pakebote bat eta Nuestra Seņora del Carmen izeneko goleta, baina azken hau itsasoak irentsi zuen, Gijon parean hondoratu egin zen bi tripulatzaile berarekin eramanez. Itsasoaren beste aurpegia ikusi ahal izan zen orduan.
Erakusketa pausoz pauso ikusteko antolaturik dagoen arren, begiak beste norabait joan zaizkigu momentu batean, izan ere, ezin izan dugu saihestu itsasontzi handi baten maketari arreta berezia jartzea; Donostiako portuan nola demontre sartuko ote zen galdetzen diogu gure buruari, baina erantzuna laster aurkitu dugu. Itsasontziak Cementos Rezola Galicia izena zuen eta Pasaiako portuan itsasoratzen zen, ez Donostiakoan. Ahizpa bikia ere bazuen Cementos Rezola Tres izenekoa, biak 1960an egin zituzten, estatu mailan solteko gaiak garraiatzeko lehen itsasontziak izan ziren eta Pasaian leku bat erosi behar izan zuten Donostian sartzen ez zirelako.
1970etik aurrera Cementos Rezolak ez zuen itsasontzi gehiago erosiko, zituen ontziak saldu eta zementua ontzi handiagoak pleitatuz esportatzen hasi zen. Garai baten bukaera izan zen, itsasoa bigarren mailako bihurtu zen orduan, baina enpresaren nortasunaren parte izaten jarraitu zuen hala ere, bere anagramak daraman aingura da horren lekuko. Gu museotik irten gara, egun argia da, baina euria ari du eta zementuaren kolore gris artean ilun ikusten dugu zerua. Nork esango luke hormigoizko pareta horien atzean itsaso urdinaren kolorea aurki zitekeenik?