Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-01-16 -- 1975.zenb

Pilar Iparragirre


Euskal superheroiak dauzkan dohainik berezienak adin guztietako poxpoliñak usaintzeko duen aparteko zentzumena, haien plazer iturri izateko mihia eta hankarteko hori beti harrizko arma-tiro-pun edukitzea dira. Usainaren ñabardura hutsarengatik, ziztuan igartzen dio emakumea euskalduna den ala ez ere. Eta haren lurrina usaintzeko, ez du premiazkorik gertu izatea ere, telebistako kableen barna eta irrati uhinetan zehar ere usain baitezake "poxpoliñen zaindariak". Gauzak horrela, hamaika egoera kritikoetatik atera ditu bizirik Xabinaitorrek arriskuan ikusitakoak. Hori bai, emakumeak behar dute izan, bestela jai baitute!

"Esaterako -zehazten du arazoa Patxi Gallegoren komikiko pertsonaietako batek-, kamioi batek A-8 autobidean kasik aurretik eraman zuen Elorrioko neska haren kasua: kamioiak ez zuen, ez, neska aurretik eraman, baina horretarako Xabinaitorrek, bere superbotereak medio, kamioia 'desbideratu' eta beste hiru kotxe eraman zituen aurretik: gidari guztiak gizonezkoak ziren; haietako bik bizia galdu zuten".

Euskal superheroiak ez du, beraz, oso prentsa ona gizonezkoen artean. Eta horregatik-edo, salbatzen dituen emakumezkoei nolabaiteko "tributu sexuala" kobratzen diela eta bortxaketen kontuak zabaltzen ari dira. Baina, zurrumurruak zurrumurru, emakumezkoak Xabinaitorrek salba ditzala eskaka ari omen dira.

Euskal arazoaren itzala

Halako arrakasta lortu aurretik, ordea, bereak eta bost jasana dugu "poxpoliñen zaindaria". Eta dena euskal arazoaren erruagatik! PNVista sutsua izaki aita, Sabino jarri zion izena bere haurrari, euskal nazionalismoaren aintzindariaren omenez. Eta horregatik txikitan entzun behar izan zituen isekak alde batera uzten baditugu ere, institutura iritsi eta bi triburekin egin zuen topo Sabino mutikoak: PNVistak eta HBruak. Berari gatazka politikoa batere axola ez arren, jarraitxuen estetika gustatu zitzaion gehiago ûbatik bat Atsegiñe izena zuen neska borrokalari batenaû. Harengatik haserretuko zitzaion aita, ordea, euskal gatazka etxe barruan bizi behar izana gertatu aurretik ere ûPNVren banaketa, alegia: aita PNVkoa bezain sutsu egin baitzitzaion ama EAzaleû. Eta korapilo horietatik guztietatik askatzeko, agur esan zien ordurako Sabinotik Xabinora eta hortik Xabi soilik izatera iritsia zen gure gazteak, euskal neskei, lehenengo, eta Euskal Herria berari ere, geroxeago.

Agur horrez geroztik, emakume erdaldunekin baino ez zuen egin Xabik, harik eta zakila erabat lo gelditu zitzaion arte. Sei urte luzean ez eiakulaziorik, ez erekziorik ez zuela izan eta, depresioak jota, H homeopataren aurrean laguntza eske bukatu zuen.

Kariñe poxpolina

Patxi Gallegoren komikiak badu Xabinaitorrez bestelako pertsonaia nagusi bat ere: Kariñe, ezkontza batean aurreskua dantzatzen hasteko trantzean superheroiak bahituko duen emakumea. Euskal Filologia ikasi zuen Kariñek, gertaeren momentua iritsi arte, irakasle da Santutxuko ikastetxe batean. Guapotxuren batek klitoria laztandu, miazkatu eta beste egitea gustatuko litzaioke, baina oraindik ez du topatu hori egoki egingo dion inor, eta -egileak deskribatzen duen eran adierazteko- momentuz marruskatzaile trakets eta penetratzaile deportiboakaz konformatu behar izan dau. Aitor bere nobioarekin, alegia.

Bestelakoan ere, Kariñe ez dabil oso pozik. Geroz eta gehiago kostatzen zaio bere koadrilako jendeari entenditzea, garai batean hain iraultzaile agertu eta orain tradizioa jarraituz elizaz ezkontzen zaizkion lagunei, futbola hain gustuko duten gizon eta emakume lelotuei, berak dantza garaikidea nahiago duela orain jakin eta beren ezkontza eta omenaldietan aurreskue dantzatzera behartzen duten berberei. Gogaikarria da Kariñeren bizitzaà Xabinaitor azalduko zaion arte. Nolakoa izango ote da hortik aurrera? Auskalo! Patxi Gallegok Pololoak 2: Poxpoliñaren bahiketa! komikia kaleratu arte zain egon beharko dugu horixe jakiteko.

Mayi Tolosa

Hitzaren balioa munduan zehar defendatzea da nazioartean diren ehun eta berrogeitik gora pen clubek duten helburu lehena. Zentsuraren aurka eta adierazpen askatasunaren alde egiten dute. Hitza lan tresna izan eta hura adierazteko oztopoak eta trabak dituztenen defentsan aritzen dira.

Euskal Pen Kluba hirugarrenez sortu da Euskal Herrian. Aurreko saiakerek bizitza laburra izan zuten. Oraingoan, ordea, erantzun ona izan du eta apiriletik hona penkide kopurua bikoiztu egin dute. Durangoko Azokan, jendaurrean azaltzeko aukera izan zutenean, egile batzuek kidetzeko asmoa azaldu zuten. Hori baino lehen, Euskarazko Kazetaritzaren Kongresuan izan ziren azaroan, Bertsolarien Elkartean lehenago eta orain editore, itzultzaile eta hainbat idazlerekin ere hitz egiten ari dira, guztiak ere penkide bihurtzeko gonbidatu asmoz. Urtebeteren buruan, oraingo zifra berriro bikoiztuko dutelakoan dira.

Laura Mintegi da proiektu honen lehendakari eta bere hitzetan oso harrera ona ari da izaten jendartean: "Inork ez du kolokan jartzen Euskal Pen Kluba bezalako erakunde baten beharrizana munduan zehar euskal literaturaren berri emateko". Erakundeek ere harrera ona egin dietela kontatu digu Mintegik eta uste du Jaurlaritzak egin duen Euskal Kulturaren Planean bete-betean sartzen den ekimena dela. Aurrerago beste administrazioei aurkezteko asmoa ere badute.

Hirugarrenean, bai

Hori baino lehen, taldea sendotu eta jendearen babesa lortu nahi dute. Klubeko lehendakariak ezinbesteko jotzen du hori lortu beharra, kanpora begira lanean hasteko: "Lehendik dudan esperientziagatik, badakit kanpoan lan egiteko aukera handiak direla baina horretarako ezinbestekoa da guk egitura sendoa izatea. Oraingoan, irauteko hasi gara lanean. Kontziente naiz hasieran bakar batzuen artean egin beharko dugula aurrera, baina gero errazagoa izango da guztia". Horretarako, berebiziko garrantzia izango du, lehendakariaren hitzetan, 2005eko lehen hilabeteetan martxan jarriko duten web orrialdeak.

Dena den, garrantzi handia duen deialdi batean hartu dute parte dagoeneko, idazle presoaren egunean, hain zuzen. Mundu osoko 141 taldek ekitaldiak egin zituzten eta Euskal Pen Klubak berea egin zuen Durangoko Kafe Antzokian. Ekitaldi literarioa izan zen, non kartzelan diren hainbat idazleren testuak irakurri zituzten eta euren egoeraren berri eman zuten.

Hurrengo urteko agendan, Venezian egingo den Chairs of Human Rights of the Writers izeneko bilkura, Slovenian egingo den Nazioarteko 71. Kongresua eta On Kixoteren 400. urteurrenaren ospakizunera joateko gonbita dituzte seinalaturik.

Nazioartera tranpolina

Pen clubetako ordezkarien asanblada urtean behin biltzen da, aldian aldian herrialde batean eta gutxienez, zentro bakoitzeko bi ordezkarik parte hartzen dute bertan. Astebeteko kongresua izaten da eta bilerez gain, beti izaten dira ekitaldi osagarriak, kongresua antolatu duen herrialdea eta bertako literatura eta musika ezagutzeko.

Azken kongresua Norvegiako Tromso hirian izan zen, aurreko urteko irailean. Euskaldunek bertan eskuratu zuten taldearen nazioarteko onarpen ofiziala gainera. Katalanek eta ingelesek aurkeztu zuten Euskal Pen Kluba batzar hartan, baina galegoek, espainolek eta Iberoamerikako Federaziokoek ere euren alde hitz egin zuten. Babes horri esker, inongo eragozpenik gabe sartu ahal izan ziren nazioarteko taldean.

Ordezkarien asanblada urtean behingo kongresu horretan biltzen da, baina International Penek bere baitan hartzen dituen batzordeak etengabe aritzen dira lanean. Euskal Pen Klubak horietako hirutan parte hartuko du: Preso dauden idazleen aldeko batzordean, Itzulpen eta hizkuntza eskubideen aldekoan eta Emakume idazleenean. Batzordeok bilkura puntualak egiten dituzte, urtean behin edo bitan. Elkarren ondoan diren herrialdeek, maizago ere egiten dituzte, zonaldeko arazo zehatzak aztertzeko bilerak.

Batzorde horien artean Idazle presoen aldekoa da indartsuena (Writers in Prison Committee). 70 zentrok parte hartzen dute, hau da, erdiek gutxi gorabehera. Batzorde honek giza eskubideen aldeko hainbat erakunderekin batera lan egiten du eta atxilotuta edo jazarpen egoera larrian den egileari laguntza eskaintzea du jomuga. Adibidez, idazle bat adierazpen delituagatik atxilotzen badute, zentro guztiei ematen die atxiloketaren berri. 2004an, urtarriletik ekainera bitarte, bere jardun profesionalaren ondorioz jazarritako 740 idazleren kasuren berri eman eta haien jarraipena egin zuen, 99 estatutan. Kasu horien artean, epe luzeko kartzelaratzeak, erasoak, mehatxuak, atxiloketak eta erailketak deskribatu dituzte. Horrelakoetan, estatu horretako pertsona garrantzitsuei gutunak igortzen dizkiete pertsona horien alde agertuz eta haien askatasuna aldarrikatuz.

Irauteko jaioa

Taldeko lehendakaria hasi da heltzen zaion informazio guztiarekin buletin xumeak egiten, taldeko kideentzat. Azkeneko batean, Suitzan, Lausanan, idazleentzat dagoen hotelari buruz hitz egin zien. Idazleek oporrak pasatzeko leku aproposa omen da, mundua ahaztu nahi duenak, lasaitasunean idatzi ahal izan dezan. Bertan, bakarrik egon nahi duenak ba omen du horretarako aukera eta taldean, beste idazle batzuekin solasean aritu nahi duenak ere, badauka egiterik.

Nazioarteko Pen Clubak badu magazine bat urtean bitan argitaratzen dena. Bertan, zentro batek monografikoa ateratzea eskatzen du eta bere literaturari buruzko material pila bidaltzen du eta hori mundu guztiari heltzen zaio. "Norvegian banatu zutena adibidez, literatura samiari buruzkoa izan zen. Zirkulu polar artikoan bizi den etnia baten literatura da. Oso literatura interesgarria dute, oso berezia. Horri esker izan dut nik adibidez, literatura horren berri, orain arte ezagutzen ez nuena. Horrek zer esan nahi du? Guri suertatzen zaigunean mundu osoan zehar izango dutela euskal literaturaren berri eta hori oso interesgarria da guretzat", azpimarratu du Euskal Pen Klubeko lehendakariak.

Asko dago egiteko oraindik ere eta lehendakariaren hitzetan baliabide gutxi hori guztia betetzeko. Dena den, gogoz ari dira honetan eta oraingoan "irauteko" egiten ari direla azpimarratu nahi izan du: "Gauzak perspektiba apur batekin begiratzen ditudanean ohartzen naiz, ez dela urtebete asmo honekin hasi ginela eta ezin azkarrago egin ditugula gauzak. Beraz, aurrerantzean ere gauzak fin egingo ditugulakoan nago".

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan