Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 10:46:15
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-16 -- 1975.zenb

Arantxa Urbe

Zein zaila den euskalduna izan eta gure lana aintzakotzat hartua izatea Euskal Herrian eta euskaldunen artean!

Hala ere, ezin esan munduari bizkar emanez bizi garenik, ezta gutxiagorik ere! Baina zein erraz bueltatzen ditugun begiak eta goraipatzen ditugun kanpokoak, eta, aitzitik, zein erraz ahanzten ditugun eta gutxiesten ditugun etxekoakà urrutiko intxaurrak hamalau, nonbait!

Gainera, gertakizunen joan-etorrien gurpil ero horretan geroz eta laburragoa da gure oroimena. Duguna ûmerezi duguna edo ez, hori zuk erabakiû, beti horrela izan balitz bezala bizi dugu, sarri. Gehienetan, ordea, borroka luzeen eta lorpen zailen emaitza da. Eta borroka horiek ez dira sekula anonimoak, izenik gabeak; borrokalari horietako bat dugu, hain zuzen, Elbira Zipitria.

Elbira Zipitria Irastortzak Gipuzkoako lehen euskal etxe-eskola sortu zuen 1946. urtean, Francoren diktadura garaia puri-purian zela.

Ez zen hori izan, ordea, euskal irakaskuntzan egin zuen lehen lana, 1936ko gerrak eten baitzuen muñoatarren ikastolan hasia zuen hezkuntza ibilbidea.

Beraz, kontuan izanik Elbira Zipitriak Espainiako gerra aurretik, eta, batez ere, gerra ondorengo ikastolen hasieran izan zuen eragina, esan daiteke hura izan zela euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak lotu zituena.

Halaber, etxe-ikastolen esperientzia hark ahalbidetu zuen, gerra aurreko belaunaldiaren ekarpenari eta 60ko hamarkadan eratu zen ikastolen mugimenduari eman zion loturari esker, euskararen eta euskal kulturaren proiektua bere osotasunean eta jarraipen historikoarekin garatzea.

Garai hartan, Euskal Herriak eskola librea, modernoa, euskalduna, europarra, berria... behar zuen, eta, behar horretatik abiatuz, Elbirak jakin zuen ikastola izango zenaren lehen hazia ereiten; gerra ondorengo hezkuntza sistema ilunean bere lekua egin zuen.

Elbira Zipitria Euskal Irakaskuntzaren alde borrokan aritu zen bere bizitza osoan, euskaraz irakasten zen lekuetan egin baitzuen lana beti. Gainera, hizkuntzaz euskalduna zen eskolaz gain, edukiz eta formaz berezia izango zen irakaskuntza izan zuen helburu.

Ezbairik gabe, ikastolen mugimendua herri zahar honen historian gertatu den fenomeno sozial garrantzitsuenetakoa eta aberatsenetakoa izan da; herri ekimenetik sortu zelako eta, oztopoak oztopo, ekarri interesgarria egin diolako herrigintzari, hitzaren zentzu zabalenean.

Kontuak atera eraikitzen ari garen Euskal Hezkuntza Sisteman horrek guztiak eskaintzen duen oinarria. Eta ez gara gu izango, bederen, mugak ipiniko ditugunak: gertatu ote da neurri horretako mugimendu pedagogikorik eta sozialik Europan?
Lan eskerga hori egin zuen arren, zer gertatu da Elbirarekin eta egin zuen ekarriarekin Euskal Herrian? Zergatik ez dugu ezagutu gure prestakuntza pedagogikoan nazioarteko beste pedagogoen ondoan?

Batzuek pentsatuko dute emakumea zelako gertatu dela hori, besteek euskalduna zelako, besteek zuen izaera zuelakoà bakoitzak hel diezaiola nahi duen hariari. Kontua da ia oroimenaren bidezidorretan barna galdu dugula.

Guk, gure txikian, ilunetik argira ekarri nahi izan dugu Elbira Zipitria. Eta lan horretan poliedroak hainbat alde dituen emakumea aurkitu dugu. Abertzalea, euskaltzalea, fededuna, klase kontzientzia handikoa, eta frankismoaren urte beltzenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuena.

Poliedro horretan guk, batik bat, hezkuntzaren aldeari begiratu diogu. Haatik alde asko geratu dira aurkitzeke.

Desadostasunen gainetik bakoitzari berea zor zaiolakoan gaude. Horregatik, Elbira Zipitria, ilunetik argira lanarekin herri oroimenetik berreskuratu nahi izan dugu. Balio beza lan honek euskaldunok Euskal Herriko historia idazten dugunean, Elbira Zipitria eta bere gisan hainbeste eman zuten euskal pertsonaia historikoak ez ahanzteko eta merezi duten lekuan ipintzeko.

Tere Irastortza

Egia hezur duzue J. K. Igerabidek bere azken aforismo liburuari eman dion izenburuaz geroztik. Egia-bidean, egia bila, egia-kezka, egia gezur, egia hegian... Asko zitezkeen egiaz aritzeko idazleak hauta zitzakeen ikuspegiak, eta, askori gertatzen zaiona, liburua amaitutzat jo ostean asmatu du koskan J. K. Igerabidek.

Zer esan nezake egiaz izenburu horretan adierazita ez dagoenik? Egiaz aritu al da, gainera, J. K. Igerabide liburu honetan? Egiatan, sinistuta ekin diolakoan nago, hori bai... baina hurbildu eta urrundu, orain hemendik begiratu eta gero handik ekin dion idazkeraren tankera du liburu honek, bere izenburuak, baiki, beste jauzi bat egiten laguntzen du.

Egia-gezurrak. Egiarik ez bada ez da gezurrik. Gezurrik ez bada ez da egiarik ûgoirik gabe beherik ez dagoen bezala eta atzealde gabe aurrealderik ez den bezalaû. Txanponaren leon-kastiloak dituzue egia-gezurrak, zeru eta lurrak, itsaso eta lehorrak bezala: elkarrekin sortutako kontzeptuak eta horregatixe, elkar deuseztatzen dutenak, alde bakarreko txanponek bezala alde bakarreko kontzepturik ez dagoenez.

Egia-gezurrek ere horregatixe dirudite horren erlatibo, horregatixe daude elkarrengandik horren gertu, sarri. Litekeena da, gainera, egia guztiak ere ez guztientzat esanak izatea, hainbeste logia, hainbeste orakuluk eta hainbeste mirakuluk erakutsi diguten bezala. Edo egiak gizarteratzeko bere aldiak behar izatea. Egia apokrifoez ere ari gaitezke, bidenabar, ebanjelio apokrifoz ari gaitezkeen bezala. Behintzat, J. L. Borgesek zioen modu hartan, zeinetan, apokrifo hitzak ez baitzuen gezurraren adiera, baizik eta gordearen adiera. Hartara, ebanjelio apokrifoak gutxi batzuk bakarrik irakur zitzaketenak dira, mundu katolikoaren tradizioa elizetan sekula irakurri ez diren ebanjelioen irudira osatu arren. Gerta liteke Jesusen haurtzaroko ebanjelio arabiarrean dioen bezala, zuhurtziaz erabakitzea Jesusek bere herrikoen artean biziko bazen "bere prodigio, misterio eta parabolak ezkutatzen" hastea, eta hogeita hamar urte egin eta bataiatu zuten arte konformatzea Thoráren arauekin.

Egia-gezur: gertuegi daude askotan, ez zuhurtziagatik, komenientziagatik baizik. Askok aspaldi ikasi zuten, antza denez, garrantzizkoa ez omen dela zerbait egia den ala ez galdetzea, zerbait sinestarazten asmatzea baizik.

Egia hezur. Izan ere, egia asmatu egiten da. Batzuetan egia da bete-betean asmatzen delako; eta besteetan egia da ezinbestean asmatu eta sinestea lortzen delako.

Egia hezur: hara literatura modernoarentzat Igerabidek asma zezakeen irudirik ederrenetako bat, gorde-ezkutuan ageri diren hoskidetasunik zaharrenez baliatuz.
Egia hezur: Izan ere, metafora, irudia, definizioa, igarkizuna... erretorikan horrenbeste moldeetan deitu dituen baliabideak ez baitira gramatikak erakusten zizkigun atributuzko esaldien erabilera anitzak baino. Definizio batek hartzailearentzat ezezagun bide den kontzeptu bat ezagunago zaizkion beste batzuekin osatutako esaldi atributuzkoa du oinarrian, igarkizunak bezalaxe. Hark, ordea, osatu egin nahi du ezezagun ez dena ezagun denarekin; igarkizunak, aldiz, definizioaren ifrentzuak, ispiluaren zilarralde, ezaguna ezezagun bilakatu nahi du, osagai ezagunez baliatuz. Metafora, irudiarekin... ezezagun den zerbait asmarazi nahi du idazleak. Egia hezur.

Egia hezur! Inolaz gezurra ez denik ondorioztatu ez duen gizarteak nekez lurpera dezake egiaren kontzeptua. Baina gezurrak horren nabarmen direnean eta egiak horren ezkutaturik agertzen direnean, egia hezur da, Bereterretxeren Khantorian bezala; hezur eta muin, bederen. Eta bedi egia, gizakiak egiazko hezurdura behar baitu bere gorputzari zutik eusteko; ornogabe bilakatu eta egunerokotasunean arrastaka ez bizitzeko.

Itxaro Borda

Kurrinka latzak aditzen dira bazterretan. Goiza doi-doia altxatzen da lur karroinduaren azalean. Bi txori bakarti kantuz aditzen dira ongarri metaren gainean. Ekia lainoen artetik ausartzen da, zinez berotzera atrebitu gabe. Airea lurrin ateratzen da urdearen inguruan bilduen ahoetarik. Urdea zigi-zaga dabil, azken orena hurran duela sentitzen duelako.
Eta gizonetarik bat, ez beti krudelena, laban erraldoia eskuan egurrezko tinkategira hurbiltzen da. Besteek urdea berme atxikitzen dute. Gizonak lepo-zainak mozten dizkio eta orduan, ez-uste bezain misteriotsu, odol gorri-iluna pertz handira isurtzen da burrustan, epel, ketsu eta jori.
Negu mineko saihets-ezinezko gertakaria da urde hiltzea, edo ehaitea leku zenbaitetan erraten den bezala. Ase eta zaindu den zerri gotorrak familiei zenbait hilabeteren janaria eskaintzen du bere borondatearen aurkako sakrifizio horren trukean: xingarrak, lunkak, gurina, tripotak eta oroz gainetik estimatzen ditugun ametsetako lukainkak.
Urdeak bezala datorkigun urteak hazkurri ausarki eman diezagula.

Mikel Aramendi

Tourmaletera igotzea beti izango da Tourmaletera igotzea; baina ez da berdin Campan-dik abiatzea edo Luz Saint Saveur-etik igo behar izatea... Ez dakit nola, Pirinioetako gailur mitikora joan zitzaidan ihesi adimena joan deneko abenduaren 30ean, arratsaldeko bostak inguruan, Arnaldo Otegi "hiru bai gehi hiru ez"-en aritmetika politikoa esplikatzen hasi zenean. Agian, gailur bertsuak, baina oraingoan beste aldetik, igo beharko zituela gure politikaren tropelak, izango zen neure neurona bihurriren bati okurritu zitzaiona.

Ez dakit zergatik sortu zuen horrek hainbesteko zalaparta Legebiltzarrean bertan, eta telefono susaldia Euskal Herrian eta Espainian. Xehetasunetan ez bazen ere, katoian datozenetakoa zen Batasunaren hautua: beretzat edonola ere ezerosoak ziren aukeren artean, luzarora emankorrena edo behintzat eramangarriena dirudiena aukeratu zuen. Kostuak, hutsaren hurrengoak; irabaziak, galantak eta berehalakoak, irudiaren arloan... Eta, batez ere, udaberriko hauteskundeen gailurreraino nola iritsi metroz metro aztertu eta planifikatua zutenak, etapa atzekoz aurrera ipinita, igoera beste aldetik egin beharrean uzten zituen: lehen maldan behera zena, goraka da orain, eta alderantziz. Mendia eta errepidea lehengo lekuan dauden arren.

Gogotik ala gogoaren kontra, Sabin Etxetik Alderdi Ederrera, "Ibarretxek behar zaitu" aldarrikatu beharko du EAJk hemendik aurrera. Eta horrek ez ditu denak berdin asetzen asaba zaharren batzokian. Baina egutegia jada eginda dago, eta datozen hauteskundeak irabazi ondoren etor daitekeen tentsioa baino okerragorik bada jeltzaleentzat: hauteskundeak galtzea. 2001ekoa, 604.222 boto EAJ-EA koalizioarentzat, oso egoera berezian lortutako gandorra izan zen. Egia da berriro ere Madrilen biraoen makina martxan ipini dutela, eta horrek artzanoraren papera egiten duela euskaldunon artean; baina ez dut uste ezker abertzaletik iheslari berririk itxaron behar dutenik: Batasunak, bere gutxieneko elektorala finko dauka jada; ostegunekoaren ondoren, finkoago. Aralarrek, kentzekotan, koalizioari kendu beharko dio.

Gehiengoa berretsi ez ezik osatzea egingarria da, haatik, Ibarretxerentzat. Ezker Batuarentzat ez da samurra datozen hauteskundeen Tourmaleta, edozein aldetatik igo behar izanda ere, baina IUk Madrilen bizi duen nahasmenak autonomia politikoa bermatzen dio Javier Madrazori, komeni zaiona egiteko. Eta hirukotik kanpora, larre motza dago Ezker Batuarentzat.

Auzia, beraz, tropela hautsi eta etapa mugiarazi behar duten konstituzionalisten jokoan datza. Eta estrategiak, bi, hasi dira bereizten. Bata, PPrena, aspaldiko inertzien eta babes mediatikoen erosotasunarekin, erabateko konfrontazioa, «zuzenbidezko estatuaren baliabide guztiei» deika; zuzena izan daitekeen aurreiritzi batetik abiatzen da -azkenean, era bateko edo besteko indarraren bitartez erabakiko dela auzia-, eta popularrei oso mesedegarria zaien ezinbesteko korolarioa -Espainiako bi partidu nagusiak eskutik joan beharra, batez ere udaberriko hauteskundeetan- ezkutatzen du. Iazko aldaketa politikoek lehorrera eramanda utzi zituzten submarinoen ahaleginak beste ezer baino argigarriagoak dira.

Urte amaierako estutasun honetan ere aurreikuspenerako gaitasun handirik erakutsi ez duen Zapaterok, hala ere, hartzaren besarkadan ez erortzea erabaki duela ematen du. Berak jakingo du Ibarretxeri hautestontzietan irabazi behar zaiola dionean benetan itxaro duen posibilitate bati buruz ari den, ala gaurdanik baztergarria den horren ondorengo urratsak dituen buruan. Gauzak dauden moduan, PSE-EEren egiazko jomuga, udaberriko Tourmaletean, partidu konstituzionalisten tarteko helmugen sailkapenerako, PPri gain hartzea da. Eta gero gerokoak.

Tourmaleta igaro ondoren hamaika malda geratzen da eta.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan