Planaren aurkako mozkorraldia
Autonomiaren indargabetzea, armadaren partehartzea eta era guztietako mehatxuak pilatu dituzte aste bakar batean Espainiako politikagintzako pertsona, alderdi eta erakunde desberdinek. Eskuinaren munduari lotutakoak batez ere, baina baita ere sozialisten munduan ere. Eliza eta guzti. Oraindik erabat argi ez badago ere, hilaren 18an tramitera pasatuko da eta martxoaren 8an eztabaida liteke Espainiako Kongresuan. Ezin ukatu Zapatero estiloa Aznar estilotik oso desberdina dela, baina ikusi beharko da mamiari dagokionez ere aldaketarik badagoen ala ez. Ibarretxe lehendakariak zaplaztekoei egindako erreferentziaren manipulazioa noraino eraman duten ikustea besterik ez dago. Konfrontazio instituzionalerako ateak zabalik daude, tartean EAEko hauteskundeak eta guztia gatazkaren konponbidearekin lotu beharraren ahalegin itzela.
Guevara eta Arregi haserre egoera politikoarekin
Emilio Guevara eta Joseba Arregi jeltzale ohiak haserre dira Ibarretxe Planaren onarpenaren ondoren. Arabako diputatu nagusi ohiak, euskal nazionalismoarekiko ukapena egiten zuen iritzi artikulu gogorra idatzi zuen joan den igandeko Vocentoko bi egunkaritan. Ukapen hori egiteaz gain, Ibarretxe lehendakariaren pertsonari kritika oso gogorrak egiten zizkion (Gran Mentiroso, Gran Farsante, Gran Compungido, Gran Embaucador, Gran Delirante, Gran Iluminado, Gran Divisor, Gran Insensato). Egungo giroan mehatxu doinua duen honako esaldiarekin bukatu zuen artikulua: «Sabino Arana bera ere españolista bihurtu zen espetxeratu zutenean». Joseba Arregik, aldiz, Euskadi Irratian izaten duen tertulian erakutsi zuen bere haserrealdia Xabier Barandiaran irakaslearekin eztabaidan ari zela, doinuak eta Barandiarani erantzuteko moldeak hori adierazten zuten.
Tirabirak Gazte Abertzaleen zuzendaritzan
Urrian dimititu zuen Gazte Abertzaleetako (EAko gazteak) idazkari nagusi Andoni Iturzaetak, eta orain zabaldu denez, tentsio handia egon izan da EAko gazteen artean erakundearen kontrola izateko. Joan den maiatzean, Miarritzeko kongresuan Iturzaeta gailendu zitzaion Jon Aritz Bengoetxeari. Izaronews egunkari elektronikoaren arabera, harrezkero EAEko zuzendaritzarekin izandako arazoek ekarri zuten Iturzaetaren dimisioa, eta ez, esan bezala, arazo pertsonalek.
Peio Serbielleren askatasunaren aldeko sinadurak
Ipar Euskal Herriko politika eta kulturako pertsona ezagunek Peio Serbielle askatzeko idazkia sinatu dute. Serbielle urriaren 3an atxilotu zuten Iparraldean eta Biarnon ETAko zuzendaritzaren aurka bideratutako polizi operazio zabalean. Serbielleren askatasuna eskatzen dutenen esanetan, kantaria errugabea da eta, beraz, kontrakoa frogatu arte baldintzapeko askatasunean egon beharko luke, bestela zigorra jadanik betetzen ariko litzateke, erruduna dela frogatu ez denean. Sinatzaileen artean dira, besteak beste, Renaud kantaria, Georges Moustaki kantaria, Didier Borotra Miarritzeko auzapeza eta senataria, Jakes Abeberri Miarritzeko zinegotzia, Gerard Onesta Europako Parlamentuko lehendakari ordea eta Jean Lissar Akitaniako Kontseiluko lehendakari ordea.
Basabürüko ikastolan txikizioak eta euskaldunen aurkako aldarriak
aloze herriko (zuberoa) Basabürüko ikastolan apurketa handiak egin zituzten urtarrilaren 2an, igandean. 14 eta 15 urteko bi gaztetxok aitortu dute triskantza egin izana. 13 haur biltzen dituen ikastolan pintura bota zuten, haurren marrazkiak zikindu eta material pedagogikoa eta tresneria apurtu. Horma batean Euskaldun zikinak izkribua idatzi zuten eta lauburuaren gainean nazien gurutzea marraztu. Ixabel Xarriton Seaskako zuzendariak ARGIAri adierazi dionez, Seaskak horrelako erasorik ez du izan orain arte. Zuzendariak gehitu duenez, barnealdean (Iparraldean) bada euskararen kontrako jarrera medioetatik bultzatua eta gazteek hori errepikatzen dute. Kostaldean berriz, indiferentzia da nagusi.
Sohütako ikastolan egun batzuk egin dituzte Alozeko 13 haurrek eta urtarrilaren 10etik aurrera Ziboze herriko (Aloze alboan) eskola publiko izandako eraikinean segituko dute eskolak ematen. Basabürüko ikastola noizko prest izango den ez dakite. Matxurak handiak izan dira, besteren artean, ura zabaldu zutelako geletan eta argindarra berriz ezarri behar da.
San Frantziskoko Euskal Etxeak Koxkorrak Goiz Eskola sortu du
Alozeko 13 haurrak ikastetxerik gabe geratu diren honetan Ameriketako Estatu Batuetako San Frantzisko hirian 16 haur euskara ikasten hasi dira eskolan. Urtarriletik ekainera bitartean larunbat goizetan Koxkorrak Goiz Eskolan bilduko dira. Hiru irakasle izango dituzte eta larunbatero euskarazko oinarrizko kontuak ikasiko dituzte: alfabetoa, zenbakiak, abestiak, koloreak. Bi eta sei urte bitarteko haur horien gurasoak komunitate euskal-amerikarrekoak dira eta gehienek ez dakite euskaraz hitz egiten, bai ordea, aiton-amonek.
Irutxuloko Hitza otsailetik aurrera
0 alea urtarrilaren 19an kaleratuko dute eta otsailaren erdialdetik aurrera Donostian banatuko da astean sei aldiz (astearteetan izan ezik). Bagera (%40), Euskarazko Komunikazio Taldeko Bertako Hedabideak enpresa (%40) eta hiriburuko gizarte eragileen (%20) ekimenez aterako da Irutxuloko Hitza. Bagerak 10 urtez argitaratu du Irutxulo izeneko astekaria eta horren lekua hartuko du Hitzak. Seigarren Hitzak 49.000 irakurlerengana heldu nahi du eta horretarako abendurako 14.000-15.000 ale banatzea lortu beharko du egunero.
Demoek 5. urteurrena ospatuko dute
Urtarrilaren 23an herri bazkaria egingo dute Miarritzeko gaztetxean. Hara joateko, ordea, dagoeneko treneko txartela hartua dute askok. Urtarrilaren 9an, ekitaldi sinbolikoa egin zuten Baionako tren geltokian. Bidaia txartela euskaraz erosi nahi zuten eta harrera euskaraz egitea aldarrikatu zuten. Jendarmeekin tira-biraren batzuk izan bazituzten ere, bi langilek euskaraz egin zieten harrera eta urtarrilaren 23rako tren txartela erosi zuten.
Daniel Udalaitz
Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoa da. Horregatik, beti bat dator Jaurlaritzaren planekin eta ildoekin. Garapen iraunkorraren irizpideak defendatzen ditu, eta EAEko agente guztiak ekintzara mugitzeko xede orokorra du, ingurumenari buruz jokabide egokia lortzeko. Bezeroen, pertsonalaren, kolaboratzaileen eta, oro har, gizartearen satisfakzioa bilatzen du. Sozietate horren jomugen artean daude hauek:
- Esleitutako aurrekontuaren errentabilizazioa lortzea, ingurumenaren defentsan ahalik eta efektu biderkagarririk handiena izan dezan.
- EAEko agenteek ingurumenean egiten dituzten presioak eta inpaktuak murriztea.
- EAEko administrazio autonomikoa zein presioak sortzen dituzten agente pribatuak informatzea, sentsibilizatzea eta ekintzara bultzatzea ingurumenaren gestioa hobetu dezaten. Gauza bera eskatzen die ingurumenaren merkatua katalizatzen duten instrumentuak martxan jar ditzaketen agenteei ere.
- IHOBEren estrategia, proiektuak eta zerbitzuak eguneratzeko bidea emango duen berrikuntzako eta jagoletzako sistema kudeatzea.
- Prestigioko entitateekin estrategiak ezartzea, proiektu, teknologia eta metodologia berritzaileak garatzeko.
- Erabateko kalitateko konpromisorantz aurrera egitea.
Asier Tapia Haika auzian auzipetutako gazteak 112 urteko espetxe zigor eskariari egin beharko dio aurre Espainiako Auzitegi Nazionalean. Haikaren aurkako polizia operazioaren ondorengo prentsaurreko batean hori guztia ez zela doan aterako esan zuen Tapiak eta orain ondorengo egunean izandako triskantza guztiak leporatzen dizkiote. Auzi honetan, 42 gaztek 644. urteko espetxe zigor eskaerari egin beharko diote aurre.
Kataluniako Avui egunkaria jadanik Godo i Planeta taldearen esku dago, bere menpeko Corporació Catalana de Comunicació SL elkarteak erosi ondoren. Godo i Planeta taldeak argitaratzen du La Vanguardia egunkaria eta Planeta argitaletxearen jabe da. Premsa Catalana SA zen orain arte Avui egunkariaren jabea, baina honek ekainean jakinarazi zuen bere jardueraren etena eta 47 milioi euroko zorra uzten zuela.
Xabier Letona
Nelson Mandelak espetxean 25 urte bete zituenean, batean eta bestean irakur edo entzuten zen ea nola egon zitekeen pertsona horren luze espetxean. Euskal Herrian ere, 1977an Espainiako espetxeak hutsik geratu zirenean, berehala hasi ziren betetzen berriz. Pasatu ziren hamar urte, eta denbora izugarri luzea zen espetxean egoteko. Hamabost urte ere pasatu ziren, eta hogei. Eta ia 25 ere bai euskal presoren bat espetxean dagoenetik. Jon Agirre preso aramaioarrak 63 urte beteko ditu datorren martxoan eta maiatzean 24 urte espetxean dagoela. Antonio Tejero Molina teniente koronela bere guardia zibilekin Espainiako Kongresura sartu zen garaian espetxeratu zuten.
Espetxean denbora gehien daraman bigarren euskal presoa da. Eta euskal presoetatik, bigarren adinduena da: Rego Vidal donostiarra bera baino hiru urte lehenago jaio zen, 1939an. Biak daude gaixorik eta biak euren etxetik ehunka kilometrora.
Urte hauetan guztietan hamaika espetxetako ziega eta korridore ezagutu ditu aramaioarrak: Carabanchel, Puerto I, Alcalá-Meco, Herrera de la Mancha, Langraitz, Ocaña, Sevilla, Tenerife, berriz Alcalá-Meco, Valdemoro, Tenerife (berriz), Huelva eta egun Malagako espetxean dago, espetxeko erizaindegian.
23 urte hauetan beti egon da lehen graduan, hau da, espetxeko ohiko bizitzan dagoen erregimenik gogorrenean. Baina preso gisa bizi izan duen guztiaz gain, Agirrek badu adinaren zama eta horrek berarekin dakarren guztia: bizitzan zehar zaindu izan denak ere 63 urterekin ageri du bizitzaren higadura mailaren bat eta Agirreren azken 24 urteak ez dira izan zaintzeko aproposenak, baldintzarik onenetan ere espetxea ez delako osasunaz arduratzeko lekurik egokiena.
Jon Agirre Aramaion jaio eta bizi izan zen, baina espetxeratu aurreko urteetan Arrasaten bizi zen; bietan du familia, Arrasaten eta Aramaion. Mari Terek, bere ahizpak, animatuago ikusten duela dio, oraintsu egon da eta irailean baino hobeto ikusi du: «Herriko mugimendu hauekin, badakizu, animo handiarekin dabil». Arrasaten bere Euskal Herriratzea eskatzeko talde zabal eta jendetsua sortu da eta bere egoeraren berri zabaltzen ari da, bai Deba Goienan, bai Euskal Herrian: «63 urte ditu, ia 24 daramatza espetxean eta larri dago gaixo; beraz, lehen urrats batean Euskal Herriko espetxe batera ekarri beharko litzateke, eta ondorengo batean baldintzapeko askatasunean jarri», hori da bilgune honen helburua. Herri ekimenekoek diotenez, «Jonek duela hamar urte bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta, hala ere, 2006ko ekaineko San Juan egunetan utziko dute aske, zigor osoa bete ondoren». Espetxe zaintzako aurreikuspena behintzat hori da.
Bizitza eta espetxearen higadura
Dituen gaixotasun desberdinen pilaketak jadanik osasun egoera larrian utzi du. Diabetesa du, hiperkolesterola, hipertentsioa.... dagoeneko gaixo kronikoa da, bere adinean aske dagoen beste asko bezala. Zainduz gero bizitzeko moduko gaitzak dira, baina egoki eta oso gertutik zaindu ezik, ondorioak azkartu eta larritu egiten dira. Diabetesa gaitz baskularra da (arterietan eragin handia duena) eta horrek hainbat lesio ekar diezaioke: giltzurrunekoak, kardiobaskularrak, begietako basoetakoak, hanketako zirkulazio txarra... Azken finean, gorputzak egiten dituen zenbait erregulazio ez dira behar bezala egiten eta horrek epe ertainera oso ondorio larriak izan ditzake, aipatutakoez gain agian arriskutsuenetakoa bihotzeko infartoa.
Baina Agirreren gaitz zerrenda ez da hor bukatzen: bizkarrezurrean ernia bat du, bizkarrezurreko nerbioa ukitua du eta, beraz, min handia izateaz gain, sarritan ez ditu behatzak eta oinak sentitzen. Bisitetara gurbildun gurdiarekin ere joan izan da, eta dagoeneko asteroko bisitak bertan behera utzi ditu erizaindegitik lokutoriora ezin delako jaitsi. Hilean behineko vis a vis-arekin dago (aurrez aurreko bisita). Ebakuntza behar du. Baina gehiago ere bada: artikulazio sakroiliakoa ankilosatua du eta mokorrean, bizkarrezurrean eta belaunetan artrosia. Mokorreko higaduraren ondorioz, ezin da ondo ibili eta mina eragiten dio izter eta ipur masailean.
Urte eta erdiko espetxealdia du, tunelaren bukaeran argia ikusteko moduko denboraldia bere bizitzaren herena baino gehiago espetxean igaro duen presoarentzat. Estatuaren krudeltasunaren lekuko ere bada. «Hala ere luze da -dio Mari Tere ahizpak-. Ea lehenago askatzen duten eta lasai bizi daitekeen Arrasaten edo Aramaion, bietan izango baitu bizilekua».