Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-09 -- 1974.zenb

Ibarretxe Planaren onarpena: analisia eta erreakzioak

Xabier Letona

Ibarretxe Planaren onarpenak gauetik egunera jarri du hankaz gora mapa politikoa. Horrek une honetan zer esan nahi duen argitzeko, ordea, iragan beharko du denbora apur bat. Gertatutakoak sortu duen egoeraren analisiaz gain, erreakzioen hemeroteka eta Xabier Barandiaran, Iñaki Antiguedad eta Xabier Aierdiren iritzi artikuluak bildu ditugu ondoko orrialdeetan.


2004ko abenduaren 30eko Eusko Legebiltzarreko ezustekoa itzela izan zen eta erreakzioetan arakatu izan duenak ezustekoa benetakoa izan zela ikusi ahal izango du. Hala ere, bitxia eta arraroa da pentsatzea tamainako ondorioak dituen erabaki batek aldez aurretik ez daukala beste inongo sukalde lanik. Gauza bat da ez jakitea Batasunak bozketaren unean zer egin behar zuen, eta hala dela dirudi, eta beste gauza bat da egindako sukalde lanek halako erabaki bat ontzeko moduko lur eremu edo gutxieneko giroa sortua duten.

Era batera ala bestera, Euskal Herrian bizi den gatazka bideratzeko beste leiho handi bat ireki da berriz aurrez aurre, klase politiko eta gizarte osoaren aurrean. Anoetako proposamenarekin garai berri bat iragartzen zuten adierazle ugari agertu ziren eszenatokian, eta Ibarretxe Planak aurrera egiteko izan duen moldeak garai berri horretan bete-betean gaudela baiesten du. ETAren atentatu moldea esanguratsua da aspaldi; kale borroka ekintzak ere bereziak izan dira, esate baterako Lizarra-Garaziko garaiarekin erkatuta: ez da berdin alderdi baten egoitza erretzea edo pintatzea; ENAMen kohesio sendoa agertu da Anoetako ekarpenarekiko eta bere hainbat adar eta eremuetatik, atxikimendu agerpenak zegokien erritmoan erori dira, gutxienez desadostasun publikoetarako tarte txikiak utziz. Desakordio publikoetan, erantzuna ere berehalakoa izan da. Ezker abertzaleko zuzendaritzan borroka armatua alboratzeko ustea jadanik ondo errotua dela dirudi azkenean; noiztik den hori horrela jadanik ez da horren garrantzitsua, baina ez dirudi atzo goizekoa denik.

Maiatzeko hauteskundeak

Zer demontre gerta liteke datozen aste eta hilabeteetan? Aktore nagusiek nola jokatuko dute euren rola? Zein une eta osagai garrantzitsu daude elkarren arteko lehian edo elkar sostengatzen? Datorren astean bederen, horietako une garrantzitsu bat eszenifikatuko da, hilaren 10a eta 15a bitartean bilduko baitira Juan Jose Ibarretxe eta Jose Luis Rodriguez Zapatero estatutu berriaren erreformaren tramitazioaz jarduteko eta egoeraz beren iritziak elkar trukatzeko.

Maiatzeko hauteskundeak ere hor dira, jadanik errealitate politiko ia guztia bere zurrunbiloan irentsiz: Ibarretxe Plana onartu izan ez balitz, EAJk eta EAk plana hauteskunde programa bihurtu eta jadanik kanpainan leudekeela esan da. Sozialistak ere aspaldi dira kanpainan. Batasunaren giltza kolpeak hauteskunde kanpainaren mezu eta erritmoak moldatzera behartuko du, baina berdin-berdin esan daiteke hauteskunde kanpaina abian dela jada, agian lehen baino indar handiagoz gainera. Eta era batera edo bestera, gainerako indar politiko guztiek ere, biziko den hauteskunde kanpaina luze eta indartsuan indarrak nola metatu eta dosifikatu behar dituzten planifikatua dute jada.

Hauteskundeek estatutu berriaren onarpenarekiko erreferendum kutsu handia hartuko dute eta gai horren inguruan egituratuko da lehia, 2001ean bezala, abertzale eta ez abertzaleen arteko aurrez aurreko grinatsuarekin, baina oskolak funtsean gordeko duen mamia euskal eta espainiar burujabetzen lehia izango da, ea zein burujabetzak eskuratzen duen herritarren sostengurik handiena, eta zer kopururekin.

Hori eztabaidaren ardatza izango bada ere, hori bezain garrantzitsua edo gehiago izango da Batasunak edo haren ordezko batek hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik izango duen ala ez. Burujabetzen talka horrez gain, gatazkaren konponbidearen termometro ere bilakatuko dira hauteskundeak eta ezker abertzaleak parte hartu ahal izatea neurgailu garrantzitsua izango da. Gaur egun dagoen giroarekin bi eragile nagusiren menpe izango da hori: ETAren su-etena, eta PSOEren Gobernuaren jarrera. ETAren su-etenik gabe gaitza da pentsatzea Batasunak edo haren ordezkoren batek parte hartu ahal izango duenik, baina ezker abertzalearentzat hauteskundeetan parte hartzea eta Eusko Legebiltzar berrian izatea funtsezkoa da datorren garai erabakigarrian nahi den bultzada ahalmena eta nahi diren giltzak eduki ahal izateko.

ETAren historia kontuan hartuta, nekez pentsa liteke Batasunak EAEko hauteskunde autonomikoetan parte hartu ahal izateko erakunde armatuak su-etena emango lukeenik, baina kronograma baten barruan su-etena ematekotan baldin bada, hauteskunde aurreko garaia baliatzea litzateke logikoena. Hautesontzien atarian, gainera, hor da Aberri Egunaren data sinbolikoa. Denak aditzera ematen duenez, ETAk datozen bizpahiru hilabeteko epean eman beharko luke euskal gizartean eta, batez ere ezker abertzalean, horren desiratua den menia hori. Bestela, Anoetako ekarpenak eta orain Ibarretxe Planari emandako baiezko bitxi horrek jai izango lukete. Ezker abertzalea ez dago Josu Jon Imazek irudikatu nahi duen bezain ahul eta behartuta, ezta gutxiago ere. Baina ezta ere Arnaldo Otegik eta Batasunako zuzendaritzak irudikatu nahi duten bezain seguru eta indartsu. Nahiko barreiatuta dagoen ideia, ordea, honakoa da: denborak eta faseak ez dira alferrik iragaten, eta elkarrizketa edota negoziazio urrats bakoitzean lortu ahal diren lorpenak gero eta urriagoak dira; eta elkarrizketa ziklo horiek bideratzea gero eta astunago eta korapilotsuagoa da.

Gatazkaren bideratzea

Euskal gizarteak bizi duen gatazka bortitzarekin amaitu nahi du, beste gauza asko agian ez daude horren argi baina hori behintzat bai; horrek, gainera, hauteskundeetarako geratzen diren bost hilabeteak baino askoz denbora gehiago eskatuko du.Osagai giltzarri ugari dago, baina lehenbizi edukiak baino joko arauak jarri beharko dira argi eta izango da lanik horretan: biolentzia eta indarraren erabilera baztertzea, giza eskubideen begirunea, eta herri borondatearen nagusitasuna. Hiru bloke handi horietan oinarrizko akordioak lortu gabe, negez heldu daiteke edukien inguruko akordioetara.

Hari luzea eta korapiloz betea, beraz, aurrera begira geratzen dena, eta tartean osagai ugari, oztopo edo akuilu gisa eragingo dutenak, horien aurrean eragile sozial eta politikoek izango duten jokaeraren arabera. Hasteko, datozen asteetan ûurtarrilaren amaieraz hitz egiten daû ezagutuko da Kataluniako Estatutuaren erreformaren eduki zirriborroa. Zapatero presidenteak bultzatzen duen Espainiaren eredu instituzional berriaren nondik norakoak. Hor da, halaber, PSOEren eta PPren arteko lehia. Espainiako eskuinaren prentsari begirada bat ematea nahikoa da bere jarrera zein den ikusteko: Estatuaren indarra erabiltzea bere molde guztietan, Konstituzioaren 2, 8, 155 eta behar diren artikulu guztiekin. Araba EAEtik banatzeko mehatxua. Ibarretxe Planari buruzko herri galdeketaren data. Presoen egoera. 18/98 auzi ospetsua ere hor da, eta honen bilakaera ere termometro garrantzitsua izango da, ez bakarrik Espainiako judikaturak nola erantzuten duen ikusteko, indar abertzale eta aurrerakoiek eskubideen urraketa duten jarrera antzemateko ere bai. Ilusioa eta esperantzaren ateak berriz ireki dira parez pare euskal gizartean, eta klase politikoari dagokio egoera kudeatzeko adinako heldutasuna erakustea.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan