Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-09 -- 1974.zenb

Jakoba Errekondo


Gorbea eta Anboto nagusi diren paisaietan bada Otxandio, herri dotorea. Etxe, jauregi, dorre eta kale zaharrek aire berezia, usain gozoa eransten dio bertan dabilenari, bertan bizi denari. Giro honek neguko hotz gauekoaz enparantza nagusian du bere azalpen gorena, niri hala iruditu zitzaidan behintzat.
Pilotalekua monumentu dute fosilizatu. 1857koa, Aramaioko Arangio mendietatik ekarritako harlanduz egina. Zoruko harlosatzarrak anonimoak, baina haiek bai monumentalak... Eskubi-pareta, berdea: elegantzi kolonialeko zumardia, ez zumarrez, indigaztainondoz osatua. Ondo koloniala! Plaza barrenean udaletxea. Haren ondoan, kolonialismo gordinetik sasi-mestizaia kosmopolitara garaiak aldatzen ari direnaren aztarna biziak. Zuhaitz ilara. Lau. Udalaren hegalean Lagestroemia indica kultua: uda partean lore arrosazko soinekoa janzten duen konstantinoplarra. Hurren, astigar arrunta, Acer campestre, lur hauetako dama pinpirina, txori-buru samarra; itxurarekin, udazkena erakustearekin urteko lanak egintzat jotzen dituzten hori horietakoa. Segidan Judasen arbola, beste batzuentzat "amodioaren arbola" ûCercis siliquastrumû loraldi arrosa eskandaluzkoa eta giza-bihotz itxurako hostoak engainatuta, zuhaitza denari amodioa eta Judas fruituak direla ustel dutenek arbola izena emana. Muturrean Beterrin maspila eta hizkuntzalariek basagurbea deitzen dutena, Sorbus torminalis. Hau bai geurea. Milaka urtetan larrazkeneko udaretxoz elikatu gaituena eta zura dotorez jantzi gaituena.
Hotz gaueko hartan garaien aldaketarena zenbaterainokoa denaz jabetu nintzen: talka kopetan! Otxandion azken esne-behia kendu berria dute. Bizkaia maite...

Jabier Agirre


Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 180.000 adoleszente txertatuko ditu meningitisaren kontra, urtarrilaren 10etik aurrera. Gabonetako oporraldiak amaitu eta berriro eskolara itzultzean, hasi lehen hezkuntzako seigarren mailatik (11 urte) eta unibertsitate ikasketen hirugarren urtea egiten ari direnetaraino (20 urte), aparteko kanpaina bat jarriko da martxan. Meningokokoaren kontrako txerto honek C izeneko meningokokoak eragindako meningitisari aurre hartzea du helburu.
Osakidetzak informazio-gutun bat igorri die adin horietako seme-alabak dituzten gurasoei, eta bertan esaten den bezala, azken urteotan atzemandako meningitis kasuek gora egin dutenez û90eko hamarkadatik hasita batez ereû, 1,8 milioi euroko (300 milioi pezeta inguru) kostua izango duen kanpaina prestatu dute.
1997-98 ikasturtean txertaketa-kanpaina berezi bat jarri zen martxan ûA+C meningokokoaren kontrako txertoarekinû, 18 hilabete eta 20 urte bitartean zeuden gazteentzat. Eta handik urtebetera, 1999. urtean, botiketan beste txerto bat agertu zen C serotaldeari soilik bideratua. Txerto berri honek babes eraginkor eta iraunkorragoa ematen zuen aurreko txerto konbinatuak baino, eta horregatik 2000. urtean eskola-egutegian sartu zen, sei urtetik beherakoentzat.
Horixe da, hain zuzen ere, urtarrilean abiatuko den kanpaina 11 urtetik gorako gazteentzat diseinatzeko arrazoia, adin horretatik beherakoak txertatuak baitaude. Horrela, bada, 2005eko urtarrila/otsaila bitartean 11-20 urte bitarteko 180.000 gazte C meningitisaren kontra txertatuko dira, ahal izanez gero ikastetxean bertan û17 urte arteko gazteen kasuanû, eta Osakidetzako osasun-zentroetan nahiz unibertsitateetako zerbitzu medikoetan û18-20 urteko neska-mutikoentzatû.
Etxeetara igorritako gutunean esaten den bezala, txertoa eraginkorra eta segurua da. Txertoa jarri ondoren, erreakzioak oso arraroak dira: hantura ziztada-gunean edo sukar-apur bat.

Joxerra Aizpurua


Indonesiako lurrikara Richter eskalan 9 gradukoa izan da

Australiako hegoaldean dagoen Tasmania irlan Richter eskalan 8,2 graduko lurrikara gertatu zen berriki; zientzialarien esanetan azken lau urteotako handiena behar zuen lurrikara honek, baina joan den astean Indiar itsasoan gertatutakoak txiki utzi du Tasmaniakoa. Izan ere, Tasmanian heriotzarik ekarri ez duen bitartean, Indiar itsasoan gertatutakoak 100.000tik gora hilotz utzi ditu. Lurrikara itsasoan gertatzeak askotan saihestu egiten ditu heriotzak, baina kasu honetan sortutako 10 metrotik gorako olatuek sarraski izugarria eragin dute, inguruko estatuetan jendea batez ere itsasertzean bizi baita.
Richter eskalak lurrikarak askatutako energia neurtzen du. Indiar itsasoan gertatutakoak 9 graduko indarra izan du eta 1900. urteaz geroztik, laugarren lurrikara gogorrena izan da.
Richter eskala, Charles Francis Richter estatubatuarrari zor zaio eta 10eko eskalan banatzen ditu lurrikarak. Gradutik gradurako igoera ez da proportzionala, esponentziala baizik eta adibidez, 6 graduko lurrikara 5 gradukoa baino 10 aldiz indartsuagoa da.


Martitzen ur-arrastoak

Science aldizkariarentzat Martitz "urteko planeta"da. Ur gaziaren eta azidoaren arrastoak topatu izanak eman dio izenburu ponpoxo hori.
Mars Global Surveyor satelite estatubatuarrean kokatutako teleskopio infragorriak Opportunity eta Spirit robotak gidatu ditu eta hauek jasotako datuekin jakinduria zientifikoa irauli dute: Lurrean bizia agertzen ari zen unean, Martitz beroa eta hezea zen eta bertan erregulartasunez lurrintzen ziren ur azidoak zeuden.
Opportunity robotak hezetasun eta lehortasun ziklikoaren arrastoak aurkitu ditu, Meridiani Planum mesetako Eagle kraterreko harkaitzetan. Spirit-ek topatutakoa lurrazpiko uren arrastoa da. Ur hauek bihurtuko zituzten, ziurrenik, sumendi-hautsak harkaitz burdinadun.
Roboten hurrengo belaunaldiak saiatuko dira harkaitz txantiloiak Lurrera garraiatzen, eta orduan jakingo da biztzarik edo honen arrastorik ote dagoen.


Lurreko telebista digitalak MPeg 4 arauaren pean

Frantziako Lehen ministro Raffarin-ek iragarri berri duenez, laster ordainpeko emisioa egingo duen Lurreko Telebista Digitalak MPeg 4 arauaren pean emititu beharko du. Orain arteko doako kateek MPeg 2 arauaren pean emititu dute eta erabakiaren inguruko eztabaida zabaldu da.
MPeg 4 teknikoki korapilatsua da eta ez da erabat eraginkorra, beraz, 2005eko irailerako kaleratu behar ziren zerbitzuak atzeratu daitezke. Gainera, doako eta ordainpeko emisioak egingo dituzten operadoreentzat bi sistemetan emititu ahal izateak eragozpen handiak ekar ditzake. MPeg Moving Picture Experts Group-en laburdura da eta hitz gutxitan esanda, konpresio-formatu bat da zeinak datu analogikoak digital bihurtzen diituen. Bertsio desberdinak daude, 1, 2, 3 eta 4 hain zuen ere, eta 4.a ahalmentsuena bada ere, hargailuak dituen eskakizunak ere askoz ere handiagoak dira. Etorkizunean segituko dugun gaia denez, hurrengo artikuluetan datu tekniko gehiago emango ditugu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan