Katixa Garate
Musika trukea Luhuson eta Getxon
Euskal musika ardatz hartuta, munduko kulturen trukaketa egitea eta entzule berriak biltzea du helburu Euskal Kultur Erakundeak, Batek Mila kanpainaren baitan, otsailaren 5 (Luhuson) eta 6rako (Getxon) antolatu duen ikusgarriak. Maddi Oihenart, Sylvain Luc eta Kepa Junkera euskal musikariak Keyvan Chemirani (Iran) eta Likua Kanzarekin (Kongo) arituko dira taula gainean kantuan. Bost artistak ez dira inoiz elkarrekin aritu eta ikusgarriaren aurretik egonaldia egingo dute Luhuson elkar ezagutzeko.
Euskal zinema pizteko saioak
Ikus-entzunezko liburu zuriak bultzatutako gogoetaren fruitu dira joan den urtearen hondarrean Eusko Jaurlaritzak ekoizpenak bultzatzeko onartutako maileguak (9.000.000 euro). Bi mailegu mota emango ditu Jaurlaritzak, lehenak interesik gabe itzuli beharrekoak izango dira eta bigarrenak interes txikiarekin itzuli beharrekoak. Ikus-entzunezkoen arlorako diru laguntzak ere onartu ditu: 1.216.000 euro guztira. Bestalde, azken aldian sektorean ETBrekin izandako ika-mika konpontzear dela adierazi dute Ibaiak ûEuskal Herri osoko elkarte bihurtu da oraintsu Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteaû eta Euskal Telebistak.
Ahanzturaren aurkako manifestua
Makina bat euskal idazle nafarrek manifestua kaleratu dute Nafarroako literaturaren historia ofizialean euskal idazleek pairatu duten bazterketak salatzeko asmoz. Joxemiel Bidadorrek idatzitako Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra liburuaren aurkezpenean plazaratu zuten; izan ere, euskal idazle nafarren gaineko lana apailatu du. Manifestuaren sinatzaileen artean Patxi Zabaleta, Xamar, Aurelia Arkotxa, Inma Errea, Bixente Serrano Izko eta Pablo Antoñana daude.
Antzerki garaia Goierrin
Zazpi antzezlanez gozatu ahal izango da Beasainen eta Ordizian urtarrilaren 21etik apirilaren 22a bitarte, Antzerki Garaia egitasmoaren hamargarren aldian. Glu-gluren Cocidito madrileño, Kanpingagsen Ezetz lepoa jarri, Adosen Dekameronea eta Las mujeres de verdad tienen curvas, Riki Lopezen Dando el cante, Gorringoren Bota punttuba! eta Poken Euskararen zazpi bekatu nagusiak antzezlanak ikusi ahal izango dira.
Euskal arte gaztea ikusgai
Ez da erraza artista gazte batek bidea hastea. Ez da erraza egiten duen lana erakusteko modua topatzea. Sariek eta bekek bidea samurtzen dute, lagungarri izaten dira obrak sortu eta ikusleria eta artistaren arteko jauzia leuntzeko. Urte hasiera honetan euskal artista gazteen lanak ikusteko parada eskaintzen digute Gasteizen eta Bilbon dauden bi erakusketek. Gasteizko Montehermoson ikusgai dagoen erakusketak Gure Artea saria jasotako Ibon Aranberri, Azucena Vieites eta Iñaki Garmendiaren lanak eta beste zortzi lehiakiderenak paratu ditu eta otsailaren 6a arte bisitatu ahal izango da. Bilboko Rekalde aretoan, berriz, 2001an artisten lana sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen beka jaso zuten hamabi artisten 2001eko eta oraingo sorkuntzak ikus daitezke, Bitartean, beste nonbait... lelopean, otsailaren 20a arte. Artista horiek guztiak atzerrian bizi eta lan egiten dute orain. Izan ere, ez da erraza sari eta beken ondoren bidea egitea.
Alfaren artelanak
Bizikletak eta batez ere josteko makinak egiteagatik ezagutzen dugu Eibarko Alfa enpresa. Beste lan lerro bat ere badu 1993tik: Alfa Arte. Hainbat metalen brontzea, aluminioa...û fundizio artistikoa jorratzen du eta Euskal Herriko artista ugariren eskulturak egin ditu bertan: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Dora Salazar, Remigio Mendiburu, Andres Nagel... Orain Alfa Artek eraikin berria ireki du Eibarko Torrekua 3.ean: 3.600 metro koadroko lantegi eta erakustokia. Eskulturak egiteaz gain, funtsetako artelanekin erakusketa iraunkorra paratu du. Horrez gain, artista belaunaldi berriei laguntza emango die, erakustokia lagaz eta Alfa Arte lehiaketaren bidez.
Itsuentzako ipuinak euskaraz
Hiru urte daramatzate elkarlanean ONCEk eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzia Fakultateak (HUHEZI), euskarazko materiala sortzen haur itsu euskaldunentzat. Horren fruitu dira CDAudio formatuan grabatu dituzten euskarazko 27 ipuinak. Pello Añorgak proposatutako ipuinei ikasle boluntarioek jarri diete ahotsa eta Beñat Azurmendi irakasleak zuzendu du grabazioa.
Mediateka berria Miarritzen
Urtarrilaren 18tik aurrera zabalik izango da Miarritzeko erdigunean eraiki duten Mediateka. Itsasontzi formako 3.619 metro koadroko liburutegi interaktiboan 60.000 libur, DVD eta disko bildu dituzte. Horietatik 4.000 dira euskarazkoak. Miarriztarrek doan hartu ahal izango dituzte, eta bertakoak ez direnek ordaindu egin beharko dute mailegu zerbitzuagatik.
Inner Duo bikoteak lehen diskoa plazaratu du: Hots (ausArt records) Jabi Alonso perkusionistak eta Alfontso Vila saxofonistak osatutako taldeak musikagile garaikideen ûJ. C. Perez, Gabriel Erkoreka, Henri Bok...û obrak grabatu dituzte.
Celedonio Otaño duela bi urte zendutako karikaturagile, pintore eta grabatzailearen obra liburuan (Otaño, aprender a ver) bildu dute Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen Elkarteak eta Bilboko Udalak.
Juanan Urkola zinemagilea zendu zen abenduaren 18an. Bideoakzio gay ugariren egile, Making Off film laburra zuzendu zuen Ainhoa Goikoetxearekin batera. Pasa den udan gay munduari buruzko erakusketa paratu zuen Gasteizko Zuloa aretoan.
Marie Darrieussecq idazle baionarraren Truismes nobela itzuli du Joxan Elosegik euskarara: Ahardikeriak (Alberdania). Liburuak arrakasta handia izan du Europan eta 45 hizkuntzatara itzulia izan da.
Sustrai Colinak hitzok idatzi zituen Berrian: «Usadioak folklore bihurtzen ari gara. Zinismoz. Masokismoz. Geure ohiturak folklorizatzea geure burua folklorizatzea dela ahaztuta. Pena da. Pena izugarria. Martxa honetan, instituzioen amu turistiko izan nahi dugunentz ez digutelako galdetuko. Hori bai, postaletan agertuko gara».
Idoia Zabaletak horrela zioen Geu Gasteizen: «Ni dantza garaikideaz bizi naiz klaseei esker; produkzioa egitea, aldiz, zaila da, dirulaguntzak tartean direla, lan txikiak egiteko besterik ez baita heltzen (...) Gauzak asmatu behar dira, ez gara euren zain egongo».
Eneko Olasagastik zera adierazi zion Berriari euskal antzerkiaz: «Formatu txikiko eta umorezko lanak egitera kondenaturik gaude; besteak ez dira programatzen».
Jabier Muguruzak adierazpenok egin zizkion El Paísi: «Euskal Herrian bada oraindik tradizioari erabat lotuta dagoen jendea, kantagintzaren mundukoa. Tradizioa ederra da, baina oso erresistentzia handia dago gauza disonanteak entzuteko. Disonanteak musikalki».