Estitxu Eizagirre
Irautea ez da nahiko. 20 urtetik gora dira bertso eskolak sortu zirela eta etengabeko erreleboari esker, oraindik bizi-bizirik daude. Ordea, euren ederrari begira geratu beharrean, muineko arazoak aztertzeari ekin diote Gipuzkoako bertso eskolek. Iraunkortasuna eta kalitatea gordinean neurtu dituzte. Zein herrik du ziurtatuta hurrengo 5-10 urtetako martxa? Zeren esku dago bertso eskolen iraupena? Klaseen kalitatea hobetzen ari al da? Zeren araberakoa da kalitatea?
Gipuzkoako bertso eskola denetara zabaldu dira galderak eta ia bertso eskola denek eutsi diote erronkari: bileretan bildurik, kalitatearen eta egonkortasunaren gaia lantzen ari dira ûikus koadroan diagnostiko orokorraû.
Bertsolaritzako oinarrizko lana
«Bildu eta kantatu» egiten dutela da ikasleek bertso eskolaz duten irudipena. Irakaslearena, beste bat da: ondo pasatzera datorren umea etorkizuneko bertsozale, bertsolari, gai-jartzaile... bihurtzen saiatuko da. Horretarako, ikasleak motibatzen asmatu beharko du, taldean giro atsegina bideratzen eta ikasle bakoitzaren gaitasunak garatzeko bideak jartzen, metodologia eta ariketa zehatzak prestatuz.
Dedikazio urria, kalitaterako oztopo
Bertsolaritzaren etorkizunerako funtsezko lan hau, orain arte irakasleak borondatez egin izan du, orokorrean. Irakasleak autodidaktak dira eta eurek garatzen dute metodologia eguneroko jardunean, pedagogia edo irakasle ikasketak egindako gero eta bertso irakasle gehiago badago ere. Laguntzeko, Bertsozale Elkarteak gero eta mintegi eta topaketa gehiago antolatzen ditu irakasleek jakintza eta tresna gehiago eskuratu ditzaten. Irakasleak lanetik edo institutu/unibertsitateko klasetik kanpo duen denbora librearen araberakoa da klasea prestatzeko hartzen duen denbora, eta honek eragin zuzena du eskaintzen duen kalitatean. Bertso eskolen kalitatea irakasleen denbora librearen araberakoa izatea muga handia da hobetzeko. Hiztegi errimatua dela, grabazio eta liburuak, unitate didaktikoak... Prestatzeko denbora hartuz gero, klase magistralak emateko materialik ez da falta egun.
Bestalde, irakasleak kanpora ikastera joaten direnean edo lana aurkitzen dutenean, bertso eskoletara iritsi ezinda aurkitzen dira sarri. Hainbeste urtean Zarauzko bertso eskola eraman duten Pello Esnal eta Rosa Lertxundirena bezalako salbuespen miresgarriak salbu, irakasle gehienek 3-5 urte artean irauten dute. Beraz, esperientzia metatzean utzi eta beste berri batek hasieratik heldu behar izaten dio irakasle lanari.
Egonkortasuna kolokan
3-5 urtez behin irakaslea aldatu beharrak ez du bertso eskolaren epe luzeko proiektua garatzen asko laguntzen. Bertsolaritza irakasle asko ez dagoenez, sarri ordezkorik bilatu ezinda geratzen dira bertso eskolak, eta irakasle faltagatik itxi den bertso eskolarik ere bada.
Elkarlana abiatu dute bertso eskolek
Bertso eskolen egonkortasuna ziurtatuko duen antolaketa diseinatzea da kontua. Era berean, antolaketa hori kalitatea etengabe hobetu dadin bideratu nahi dute irakasleek. Horretarako elkartu dira Gipuzkoako bertso eskoletako ordezkariak. Eta pixkanaka, gogoeta zabaltzen ari da Euskal Herriko beste lurraldeetara. Talde lana, horra hartu duten abiapuntua. Bertso eskola bakoitzak bere izaera du, bakoitzaren egoera desberdina da eta bertso eskola bakoitzak du erabakia, baina arazoak elkarrekin konpontzeko bildu dira, denen indarrak koordinatuta bakoitzaren egoera hobetzeko. Diagnostikoa egiteko eta irtenbideak eztabaidatzeko bertso eskola bakoitzeko ordezkariak bildu ondoren, hainbat irakaslek mugimendua gidatuko duen taldea osatu du eta hamabostean behin biltzen da talde hau. Parte hartu nahi dutenei irekita dago eta erabaki nagusiak hartzeko bertso eskola denak elkartuko dituen bilerak egitea aurreikusten dute.
Erantzun beharreko galderak
Egungo egoerari zuloak ikusi zaizkio, eta antolatu beharra mahaigaineratu da. Antolamendua diseinatzerakoan, orain arteko balioei eusteko hainbat galdera erantzun beharrean daude: nola eutsi bertso eskola bakoitzaren nortasuna eta autonomiari, nola lortu irakasleen funtzioa orain bezain aktiboa eta sortzailea izan dadin...
Bertso eskolak egonkortzeak eta kalitatezko eskolak emateak eskatuko duen lanak profesionalizazioa planteatu du. Herri mugimendua eta lan profesionala uztartzeak ekartzen dituen kontraesanak ere mahaigaineratu dira. Bestalde, bertso eskoletan ez da formula berria profesionalizazioarena. Iparraldean, esaterako, urte batzuk badaramatzate, eta ondo egindako lanaren emaitzak bistakoak dira. Zorionez, egungo irakasleek ez dute egun batetik bestera beste norbaiten esku utzi nahi bere herriko bertso eskola, eta askok etorkizuna funtzionamendu profesionala dela aurreikusi arren, pausoak pixkanaka eta ondo neurtuta eman nahi dituzte.
Aurtengo egitasmoa
Bertso eskolen mugimendua egituratzeko diseinu bat aurkeztu zen iaz. Proposamen hori eztabaidatzea eta funtzionamendua zehaztea izango dira hurrengo urratsak. Eztabaida hau Euskal Herri osora zabaltzea oso aberasgarria litzateke, Euskal Herri osorako diseinua adosten hasteko. Koordinazio lanak egitea jarri du helburu Gipuzkoako bertso eskolen taldeak 2005erako, bertso eskolen harreman sarea osatzeko. Praktikan elkarlanean hasteko, Bertso Eskolen Eguna egingo da aurten ûlehen aldia da Gipuzkoanû, eta bertso eskolen ariketak bildu eta banatuko dira.
Oraindik dena dago martxan jartzeko, baina gogoeta honek dagoeneko lortu du irakaslerik gabe zeuden 5 herritan -Arrasate, Tolosa, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Goierri- bertso eskolak sortzea edo arazo beragatik larri zebilen aurreko bertso eskolari jarraipena ematea.
Nagore Irazustabarrena
Hil honetan edo hurrengoan hasiko dira Azkoitian Euskal Herriko Pilotaren Zentroa eraikitzeko lanak. Hiru fasetako proiektu honen barruan, lehen fasea abiatzeko dena zehaztuta eta prest dago. 6 frontoik osatutako eskultura arkitektoniko erraldoia eraikiko dute, Anton Mendizabal eskultoreak eta Carlos Lopez de Ceballos arkitektoak diseinatu bezala, Jorge Oteizaren omenez.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Zein dira lan hau ('Hautsi da katea. Sara izan zen lekuko') euskaraz agertu izanaren arrazoiak?
Nik indioak bezala hitz egiten dut euskaraz, hori da nire problema! Hautsi da katea da euskaraz agertzen den nire lehen eleberria, bai. Zergatik agertu dudan horrela? Nahi nuelako! Ilusio handia egiten zidan jendeak nire lana euskaraz irakurri ahal izateak. Gaur arte ez da posible izan... Arrazoi gehiago nahi? Batetik, nire seme-alabak eta bilobak euskaldunak dira eta haiek nire lana euskaraz irakurtzea nahi nuen. Bestetik, irakurle euskaldun batzuk ere badauzkat, eta haiek ere nire lana euskaraz irakurtzea nahi nuen. Bukatzeko, hau da euskal irakurketari laguntzeko nik dudan modu bakarra.
Baina, euskaraz sortu al duzu?
Ez! Gaztelaniaz idatzita dago, jakina. Nik ezin dut euskaraz idatzi. Baina niri hori berdin zait. Hizkuntza zerbait esateko, zerbait kontatzeko modu bat da, eta niri berdin zait zer hizkuntzetan kontatzen den. Baina gure hizkuntzak laguntza behar du, eta hau zen laguntzeko nire modu bakarra Eta oso-oso harro nago. Euskaraz bakarrik agertu da. Gero gaztelaniaz, frantsesez edo txineraz agertuko da, baina momentu honetan euskaraz bakarrik dago, eta irakurleek irakurri nahi baldin badute, euskaraz irakurri beharko dute.
Iparraldea aukeratu duzu nobelaren kokaleku...
Bai! Nire euskarazko lehen eleberria Iparraldean gertatu behar zen! Guk ez dugulako hangoen historia ezagutzen ûberaiek ere ez gureaû, eta nobela hau proiektu baten hasiera delako. Ez da euskaraz agertuko dudan bakarra izango.
Pilar Iparragirre
Jonasek arazo potolo bat du
Juan Kruz Igerabide, Mikel Valverde
Aizkorri
48 orrialde
8,25 euro
Ohean pixa egitearen larria
Juan Kruz Igerabidek sortu eta Mikel Valverdek marraztutako istorio mamitsu honetan, ohean pixa egiten duen mutikoaren larria agertzen da. Arreba txikia jaio zenetik, gutxi gorabehera, gauero gertatzen zaio: ohera sartu, ametsetan hasi eta, goiz edo berandu, sorgintzar bat agertuko da, bere erratzarekin Jonasi kilimak egiten hasteko, mutikoak ohea bustitzen duen arte. Haurra oso kezkaturik dago. Gurasoek ez diote ezer esaten, baina bera ohartzen da haien haserreaz, ohea aldatu behar diotenean egiten dituzten keinuengatik... Jonasek ez du bere arazoa inork jakiterik nahi, eta gurasoek ez diote inori esan, pasako zaiolakoan. Baina ez da horrela, eta psikologoarengana eraman nahi dute. Jonasek, ordea, nahiago du izeba Paulari kontatzea, asko baitaki.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
122 orrialde
9,10 euro
Euskal zinema iraganean, gaur egun eta etorkizunean
Jakin aldizkariaren 144. alean euskal zinemagintzaren egungo egoera aztertu dute. Fito Rodriguezek euskal kulturarentzat zinemagintzak duen garrantzia azaldu du; Joxean Muñozek euskarak irudien erresuman egin behar duen ekarpena; Eneko Olasagastik EITBk euskal zinemagintzarekiko duen erantzukizuna; Xabier Portugalek, zinemaren eta historiaren arteko lotura; Koldo Almandozek euskal zinemagintza errentagarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua egin du; Begoña Vicariok zinemagintza esperimentalak 60ko hamarkadatik aurrera Euskal Herrian izan duen garapenaren historia; eta Patxi Azpillagak euskal zinemak azken bi hamarkadetan izan dituen finantziazio eta sustapen politikoen analisia.
Kirola egiteko 25 arrazoi
Luis Mari Zulaika
Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaia K.
80 orrialde 12 euro
Onura psikologiko eta sozialak
Haurrei zein helduei zuzenduta dagoen liburu honen izenburu zehatza Kirola egiteko 25 arrazoi. Onura psikologikoak, sozialak eta balio hezitzaileak da, eta hain zuzen ere alor horiei erantzuten die. Ezkerreko orrialdearen hasieran, umeentzat egokitutako mezu bat darama; azpian, arrazoi bakoitzari dagokion testu labur eta sintetikoa; eta eskuineko orrialdean, marrazki didaktiko handia. Ukitzen diren gaien artean, honakoak: Bizi-kalitate eta ongizate psikologikoa, gogo-aldartea, autoestimua, osasun mentala, estresa, herstura, depresioa, adimena, sozializazioa, etorkinen integrazioa, portaera desegokiak, droga-menpekotasuna, gutxitu fisikoak, emakumea, herri kirolak, eskolako errendimentua, aisialdia, kiroltasuna, errespetua, solidaritatea eta ardura.
Untxi Txiki Zuria aitatxorekin
Marie-France Floury, Fabienne Boisnard
Ibaizabal
24 orrialde
5,60 euro
Amatxok alde egiten duenean
Irakurtzen hasi berri diren haurrentzat aproposa den kontakizun honetan, aitatxorekin bakarrik gelditu behar izaten du Untzi Txiki Zuriak, oso triste, amak bidaia bat egin beharra duelako. Berarekin joaten uzteko eskatuko dio, baina hobe duela aitarekin gelditzea amak erantzun dioenean, zapuztu egingo da eta negarrari emango dio. Musu eta laztanak ere ez dute bere horretatik aterako. Amatxori agur esan dio leihoaren kontra sudurra jarriz, eta hura itzuli arte handik ez dela mugituko esango dio zotinka aitari. Horretarako asko falta dela eta bitartean jolasean ibil daitezkeela erantzungo dio aitak... Alfer-alferrik. Bazkaltzeko garaian, untxitxoak jateari ere uko egingo dio... aitak pizza eskaini arte. Hortik aurrera, aitarekin ere ez dela gaizki moldatzen erabakiko du gure txikiak.
Inauterietan
Edu Zabala
Gaiak
109 orrialde
9 euro
Inauteriak oinarri dituen ipuin bilduma
Ituren-Zubietan, Zalduondon, Lantzen, Mundakan eta Zuberoan ospatzen diren euskal inauteriek egileari iradoki diotena daukate Edu Zabalaren ipuin hauek oinarri. Haiek irakurriz, ikas daiteke joaldunekin jo nahi zuen neskatoari gertatutakoa, Momotxorro basapiztiek erromatarrekin zein euskaldunekin haserretu izanaren arrazoia, Markitos gizagaixoa zergatik erre zuten «benetan» ûJuan Perez de Lazarraga aguraindar idazleak utzitako poema batzuetan sustraiturikû, feniziarrak euskal kostaldera aurreneko aldiz iritsi zirenean suertatu zena, Patxamama eta Miel Otxinen arteko lotura eta Jaun Beltza menderik mende Zuberoako mendizerrak zeharkatuz ibili beharraren zergatiak ikas daitezke.
Hemen
Batzuen artean
Frontera
112 orrialde
Urteko harpidetza: 25 euro
Erlijio gogoetarako aldizkariaren azkeneko zenbakia
Euskal Herriko erlijioso bizitzaren teologia institutuak plazaratzen duen aldizkari honen azken zenbakian, ea atzoko Elizari gaurko gizartean eutsi behar zaion aztertu dute Joxe Arregik, Mikel Garziandiak, Xabier Andonegik, Paulo Agirrebaltzategik, Anjel Mari Unzuetak eta Joseba Intxaustik, eta ez dela egoki ondorioztatu dute, hori erabakitzeko dauzkaten arrazoiak azalduz. Bestalde, Xabier Leteri egin diote elkarrizketa, bere iraganean, gaixo egon zeneko garaian eta egun duen fedeminean sakonduz.
Hautsi da katea. Sara izan zen lekuko
Toti Martínez de Lezea
Erein
299 or. / 18,50 euro
Toti Martínez de Lezearen azkena, euskaraz
Makina bat nobelaren egile dugu Toti Martínez de Lezea. Historia oinarri hartu, batik bat Erdi Aroko gertakizunak, eta gutxienez hamalau eleberri liluragarri sortzeko gai izan da idazle emankor hau. Gaztelaniaz idazten du, hori bai, baina aspalditik zuen bere lanen bat euskaraz argitaratua izateko gogoa. ûTxalaparta argitaletxean gazteentzat plazaratu zuen Antso Nagusiari buruzko kontakizuna lekukoû. Ereinen eskutik agertu duen Hautsi da katea. Sara izan zen lekuko nobelaren kasuan, ordea, urrats bat gehiago eman du, gaztelaniaz idatzitako jatorrizko bertsioa alde batera utzi, eta Elena Touyaouk euskaratu dion bertsioa kaleratzea lehenetsi baitu! Horretarako espreski idatzitako narrazioa da, eta XVIII. mendean kokatua dago, Iparraldean, Frantziako Iraultza garaian. Iraultza hark Iparraldeko biztanleei Foruak kendu, Lapurdiko Biltzar Nagusia ezabatu eta nahitaez Biarnorekin lotzera behartu zien garaian. Horrez gain, frantses hizkuntza derrigortu, hainbat herri «zitaltzat» jo eta haietan bizi zirenetik asko Landesetara deserriratu zituen, mugaz bestaldeko jendearekin ahaidetasun, adiskidetasun edo negozioetako harremanak izateagatik.