Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-09 -- 1974.zenb

Xipri Arbelbide

Duela zenbait aste, gaitzeko eskandalua sortu da Butiglione eurodiputatu italiarrak homo izatea bekatu zela erranik. Ez dakit non ikasi duen katixima edo dotrina. Ez dakit Batikanoko zein monsiñore daukan aholkulari. Baina, haurra nintzelarik katiximan ikasi dut bekatu egiteko behar zela zerbait gaizki nahitara egin. Menturaz harentzat homo izatea gaizki da, baina ez dut horrelakorik ikusi Jainkoaren hamar manamenduetan. Bestalde, nik dakidala, norbait ez da homo edo hetero izaten bere nahitara, berak aukeraturik. Beraz ez da bekaturik bat ala bestea izateagatik.

Dena den Butiglionek sortu eskandaluak Europa osoa inarrosi du. Europako Konstituzioa bera zalantzan egon da zenbait astez Butiglionerengatik. Europa bera ere bai. Zenbait astez ez da besterik aipatu. Hori zen mundu honetako arazo nagusia.
Ez ote da hori baino gauza eskandalagarriagorik Estrasburgoko eurodiputatu eta euro-ministro gaien koadriletan? Horrek iduri du Chirac, goraki erraten ari barkamenik ez dela behar lapur ttipientzat, baina berak auzitegira ez joan nahi, askoz ere gehiago leporatzen diotelarik.

Butiglione hori bera Berlusconiren gizona da, eta honen ordain hautatua izan dena ere bai. Berlusconik Bush lagundu du Irakeko gerla egiten. Berlusconi, Bush eta Butiglione ûbai eta Berlusconiren beste gizonak edo beste edozeinû, Irakeko 100.000 hilen hobendun dira. 100.000 mila hildako ûez bada 150.000. Ez dakite zuzen!û ez irakiarren arabera, baina iparramerikar mediku talde batek egin ikerketen arabera, iparramerikarrek eta beren lagunek beren bonba erauntsi eta tiroketekin hil dituzte. Ez dira 100.000 horietan sartzen atentatuz irakiarrek berek hil dituztenak. Italiarrekin hor daude ere Blair ingelesaren gizonak eta Europa ekialdeko zenbait.

100.000 gizonen odolaz eskuak gorrituak dauzkate eta beren eurodiputatu lagunek ez dute hor deus eskandalagarriagorik ikusten. Ez diete horretaz deusik erraten. Elkarren ondoan bizi dira, ostatuan elkarrekin trago bat edaten dute, eskua -esku gorria- elkarri ematen arazo izpirik gabe. 100.000 edo 150.000 inuzenteen heriotza aipatzea ere ez zaie balio. Horrek ez du eskandalurik sortzen. Segi holo-hola!

Eta beste zenbat horrelako! Chiracek bere sostengua hitzemana dio Putini, Txetxeniako terroristen kontra, bidea zabal uzten diola, nahi duena egin, nahi duen bezainbat jende garbitu, nahi duten bezainbat emazte bortxatu, nahi duen bezainbat herri suntsitu. Frantziako eurodiputatuen erdiak bere gizonak dauzka Chiracek, bai eta Frantziako ordezkaria Europako gobernuan. Han daude denak, lasai besten erdian, arazo izpirik gabe, irriz erakusten dituztela beren hortz ederrak... Eta horrek ez du Europako Konstituzioa lanjerrean ematen. Jo aitzina!

Israeldarrek nahi dutena egiten dute Palestinan aspaldiko urteetan, Nazio Batuen erabaki guziak zangopilatuz, soldadu israeldarrek, duda mudarik gabe, tiroz hiltzen dituzte harri bat botatzen dieten haurrak. Nahi dutena egitera uzten dituzte eta horrek ez du Europa inarrosten. Goazen aurrera! Eta beste zenbat horrelako!

Astakeriak erran dituela Boutiglionek. Bai, segur. Baina, hori ote liteke eskandalurik handiena? Horren inguruan egin eskandalua ez ote da egina beste batzuen estaltzeko, hori baino handiagoen gainetik mantalin xuri bat emateko, kontzientzia kilika dutela, eskuak garbi daudela sinestarazteko beren bozkatzaileeià eta beren buruari.

Ez genuke guk aski inuzenteak izan behar haien jokoan sartzeko.

Jose Angel Irigaray

Negua, oro pausatzen eta loakartzen deneko aroa, norbanakoaren mailan eta lurrari datxekionekoan. Barne bidaien egiteko sasoia, hausnarketa eta liseriketena. Orobat infernuraino jausteko, amodioaren bila edota norbederaren piztiaren garaitzerat. Naski, gutxieneko bizi baldintzak segurtaturik daudenean... Erran nahi baita, egunorokoa infernua ez denean, Broadway eta 26 karrikaren kantoia negu gorriko aterbe bilakatzen ez denean.

Dena den, neguak, eta bereziki elurrak, badu iraganera eraman ohi gaituen atavico den zerbait, jatorrizkoaren irudikapena, nostosaren deia... Neguko elurrak beti heldu baitira lehen minez bezainbat ametsez, ustezko oroitzapenez bezainbat sendo nahi liratekeen nahikari-proiekzioz. Mais où sont les neiges d'antan? kantatu zuen François Villon frantziar poetak, jada XV. mendean. Aspaldikoa da metafora.

Baina ez dira nolanahikoak «behinola» eta «egun» propioki ez orekatze eta uztartzetik heldu diren arazoak. Jakina da jende eta herriek, arnas berritzekotan, behin edo behin jatorritzat daukatenera jotzen dutela. Atzera behakoa, gutxi edo asko, beti dago-eta asmo-proiekzioz betea. Baina, dagokien botereaz gabetutakoan, jendek zein herrik areagotu ohi dute joera hori; jatorrian soilik ûegiazkoan edo mitikoanû indartu daitekeelakoan orainean koloka larrian dagoen izaera. Sobera areagotzea, baina, arriskutsua ere bada ûezin eta beti neguan!û, orainean propioki kokatzen oztopa dezake-eta. Baiki, nahiz atzokoaz elikatua eta biharkoaz argitua izan, oraina baizik ez da existitzen. Gu, adibidez, orain eta hemen garen eta gauden bakarrak gara, izan gaitezkeen geuenak gainera.

Ez da txantxetakoa auzi hori gaizki ulertu-uztartzetik datorren kaltea. Adibidez, nortasun iturri bakarra behinolako neguan, historian edo, kokatzen denean. Eta historia baitezpadakoa da nortasuna garatzeko garaian, bistan da. Baina, herri bat faktore konstelazio batean oinarritzen da ûjendea, hizkuntza, kultura, historia, lurraldea, ekonomia... eta, beharbada, denen arragoa dena: garaian garaiko jendartearen herri izanaren sentimendu-nahiaû. Gurea bezalakoetan, erran gabe doa, konstelazio osoa besterendurik dago eta faktore horiek arrakalatu eta higatuak izan ohi dira, zein bere mailan. Egoeraren ezaugarria bezainbat ondorioa. Bidenabar erranik, hori argudiotzat hartzea ûsuerte guztiko menperatzaileek egin ohi dutenaû tautologia maltzur eta interesatua baino ez da. Giza kondizioari egiten zaion afrontua. Baina gauza jakina, eta jasangaitza, da: sistema menperatzailea ez da auzia hitzez, arrazional eta demokratikoki xuritzen saiatzen den egitatea ûinoiz ez luke menpekoa «konbentzituko», naskiû. Alderantziz, gisa horretako ezein aldaketa ekiditeko egitura gotortua da; hots, kolkoa eta burua eta bihotza... bete ûgainezkaû txispa, kañoi, bonba, misil eta gainerakoak oro. Hain da sentibera eta begiratua!

Baina itzul gaitezen negura, nahiz bertatik ez garen batere jalgi, ez urte-aroari datxekionez, ez egoerari datxekionez.

Behinolako neguan, supazterrean garatzen, eta goritzen, omen ziren sozietateari zegozkion hamaika kontu. Egun ere, supazterra edo berogailua izan, aro egokia da hausnarketa egiteko, ea gauza garen oportunismo, fantasia, espantu eta itxurakeria baino haratago, eta honatago, jarduteko, politikoki zinez hazteko eta indartzeko, oraingoak baino bide sendo eta emankorragoak jorratzen hasteko. Egia erran, horretarako, edozein aro on.

Eta, aspaldiko ezagutza da: neguak du uda edertzen. Funtsean, guri da, ez beste inori, hala izan dadin. Agian orduan has gintezkeen kantan eta dantzan edota trago bat edaten kantoiko tabernan, kantoian aterbe duena gonbidatuz, bidenabar.

Argia

2004ko abenduaren 26ko 1.972-1.973 zenbakian, Amatiñoren «Gatazka» izenburuko artikuluan azken bi lerroak ez ziren argitaratu. Horra jarraian, artikuluaren azken bi paragrafoak:
Unibertsoa borobila omen. Hala behar du izan, politikarik ezak borroka armatua eragin bazuen ere, borroka armatuak erakarri baitu azkenean politikarik eza. Noizbait giza-eskubiderik eza izan baldin bazen gatazkaren aitzakia, gatazka bera da gaur egun giza-eskubideen hausturaren aitzakia.
Gaur eta hemen, konponbiderik ezak ez dakar gatazkarik. Gatazka da konponbiderik eza dakarrena.

Argia

Sinbolismo hutsa besterik ez da urte batetik bestera iragaitea, baina ezaguna da sinboloen garrantzia, berau numerikoa bada ere. Urte pilaketak, bere nagusian, irauteko gaitasuna besterik ez du erakusten, eta hori berori ez da meritu makala, jantzi berau oparotasun handiago edo txikiagoz. ARGIAren meritua da 2005eko uztailean bere 2.000. zenbakia egingo duela, 1963an Zeruko Argiak informazio orokorreko euskarazko astekarigintzari ekin zionetik. Eta ospatu nahi dugu.
Askoz lehenagotik dator Zeruko Argiaren ibilbidea, 1919tik, baina 1963tik gaurdaino ekarri du asteroko sendotasuna, unean uneko bere ezaugarriekin. 1963an egunkari formatoko sei orrialderekin berrekin zitzaion astekariari eta 1976an gaur egun ezagutzen dugun aldizkari formatora egin zuen jauzi. 1980an, aldiz, ordura arte jabegoa izandako kaputxinoek aldizkaria utzi eta Zeruko Argiatik zetozen beste pertsona batzuek jarraitu zuten proiektuarekin, oraingoan ARGIA izenarekin, gaurdainoko ibilbidea egin duena. 25 urte bete dira harrezkero eta ezin ahaztu zenbaki borobil hori ere. 2.000. zenbakiaren ospakizunetan integratu nahi ditugu azken 25 urte hauek, aurreko ibilbide hori gabe nekez uler baitaiteke ARGIAren historia eta errealitatea.

Pertsona askok bideratu izan duten komunikazio proiektua da mende baterantz doan hau, pentsamolde eta izaera arras desberdineko pertsonak, baina guztiek izan dute ardatz euskaraz bizitzea, Euskal Herria eta munduaren berri euskaraz ematea eta, azken finean, euskal prentsa eta euskarazko kazetaritza gure gizartean normaltasun osoz garatzea. Bistan da gaur egun euskarazko komunikazioaren abentura honetan gaudenak helburu hori lortzen ari garela; eta bistan da, halaber, oraindik bide luzea dugula: botila erdi hutsa edo erdi betearen teoria hor izango da beti.

Euskal Herriaren errealitatean txertatuak bizi gara, bere poz eta miseria guztiekin, eta gure argi-ilunekin. Bada esperantza haizerik euskal gizartean, eta guretzat ospakizunekoa den garai hau, bizi dugun gatazka bortitza gainditzearekin uztartzea litzateke pozgarriena, horrek Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko indar ugari aktibatuko lukeen uste osoz.

Esker ugari -eta eskuzabaltasun osoz- banatuko ditugu urtean zehar bideratuko ditugun ekimenetan. Baina guztien artean nabarmendu beharra dagoen eskerrik beroena, hori zuretzat da, ARGIAren irakurle hori.

Urtzi Urrutikoetxea

Izenburu hauxe zeraman ARGIAko abenduaren 5eko Anjel Lertxundiren artikulu batek. Filmak bikoizterakoan aurreiritziak baztertu eta denboraren aldeko apustua egiten zuen, literatur itzulpenekin bezala ohituko garelakoan.

Ez naiz ni izango borondate oneko -eta ez lan eta diru gutxiagoko- ekimenak zalantzan jarriko dituena, baina bikoizketarekin ibilbide laburra dugula esango dut berriz ere -ezagutzen nautenak aspertuko ziren kontuoz!-.

Lertxundik aipatzen zuen bikoizketaz entzuten direnak literatur itzulpenen gainean esaten zirela sasoi batean: kostatu egiten zela eta defizitarioa dela... baina badira desberdintasun nabarmenak ere: literatur itzulpengintzak, adibidez, ez du inoiz sorkuntza mugatu. Zinema ordea, kultur esparru garestia da. Sortzaileak alde egiten ari dira eta bikoizketetarako eta beste egitasmoetarako diruak kutxa beretik irteten dira. Sorgin-gurpila dirudi: telebistan ez da euskarazko filmik ematen ia eta ezer berririk egotekotan, bikoiztu egin behar da. Urteroko kopurua 0tik oso hurbil baitago, non eta 0 bera ez den.

Azpitituluak dira irtenbidea. Argi eta garbi. Goian aipatutako gaitzetatik lehena kendu dugu: bikoiztea baino askoz merkeagoa da. Film bakarra bikoizteko diruz dozenaka itzul litezke. Eta bigarrena ere mesede zaigu: ez badago ohiturarik, telebista sortu eta hogei urtera ere, oraindik sasoiz gabiltzan seinale. Kontua ohitura sortzea bada, usadio onekin abia gaitezen. Espainiarrentzat beranduegi da. Gerra aurretik azpitituluak arruntak ei ziren, baina Francok espainiera soilik entzun gura zuen. Hegoaldeko euskalduna ohitu da espainierazko bikoizketara. Ez dira alferrik munduko onenak horretan. Gogoan dut Woody Allen euskaraz entzun eta "hau ez da bere ahotsa, baina!" bota zidana.

Espainiatik kanpo ere bikoizten dute batzuek, Frantzian eta Alemanian, kasu. Baina azpititulua ez da horren bazterreko kontua, ez du horrelako snobbismo kutsua. Polonian bikoizketa merkeagoa daukate: gizon-emakume banak bikoizten dituzte ahots guztiak, tonu bakarrean, azpitik jatorrizkoa entzuten dela, gure dokumentaletan legez. Ohituta daude.

Zein da baina, Herbeheretako, Eskandinaviako eredua? Zein, hain aurreratutzat ez daukagun Portugalgoa? Pentsaezina zaie Woody Allen nederlanderaz entzutea. Telesailak ere jatorrizkoan eman ohi dituzte, azpitituluekin. Postura egingo nuke hango biztanleek ingelesa hain ondo jakiteak badaukala zerikusirik.

Azpitituluekin inork gutxik ikusiko duela botako du baten batek. Baina ez geunden ados bikoiztutakoak oso jarraipen urria daukala, ia militantea, eta denbora behar dela? Galtzeko ezer gutxi dugu, irabazteko berriz, prezio berean film eskaintza dezente zabaltzea, eta ohitzeko garaiz gabiltzan milaka euskaldun. Baliteke horren urrun ez egotea etxekoa babesteko neurriak hartzeko eguna. Herri handiagoek ingelesari aurre egiteko egiten badute, sinestezina ote da Jaurlaritzatik ere antzekoak bideratzea? Demagun 6-8 aretotik gora dituzten lekuek bat derrigorrez euskarazko filmetarako gordetzea, edo eguneko hiruzpalau emanaldietako bat behintzat izan dadila gure hizkuntzan. Edozein neurrik hobetuko du gaur egungo panorama.

ETBk begirunea izan du film arrakastatsuak euskaraz lehenago emateko orduan. Baina beti iruditu zait absurdua zelan tematu izan diren euskal herritarren lanak bikoizten. Piztiaren eguna, Airbag, Año Mariano... Aktore espainiarren ahots, azentu eta klixeetara ohituta gaude euskaldun gehienok. Eta ez esan Iparraldekoei begira egiten denik. Askoz errazago genuke erdarazko katean emititzea, azpitituluekin. Ez dut uste kontua erreferente horiek ezabatzea denik, espainiera ezagutzea ez dakit zelango gaitza balitz legez, munduko gainontzeko aktoreen ahotsetara ere ohitzea baino. Heltzea eguna, Robert de Niro euskaraz, gazteleraz edo frantsesez entzuteak belarrian min egingo diguna, jatorrizkora ohitu garenez.

Literatur itzulpena geroz eta normalagoa zaigu, zorionez. Baina liburuan hizkuntza ezinbestekoa da. Zinemaren erregistroak askoz ugariagoak dira. Aktorearentzat ezinbesteko lan tresna da ahotsa. Hori kendu eta enlatatua sartzen diozularik, interpretazioa gorputz-espresiora mugatu duzu. 80. hamarkadan britainiarrek telebistan Gerry Adamsen ahotsa entzutea debekatu zuten. Esatariak hitzez hitz bikoizten zuen. Zentsura ustez absurdu horrek ondo kalkulatu zuen ahotsaren indarra.

Filmak euskaratzen lan itzela egin dute batzuek, baina bideak beste bat behar duelakoan nago. Bikoizteko, animazioa gera liteke. Euskaraz apur bat funtzionatzen duen esparru bakarra dela ematen du, gainera. Baina beste baterako kontua da hori.

Allande Boutin

Urte berria hasten dela eta Iparraldean zer berri? Dena zahar!? Beno...
Orain dela 25 urte ûamesten genuen Euskal Herria aipatzen genuelarikû hauxe komentatzen genuen zenbait lagunen artean: "Hemendik hamar urteren buruan gauzak aldatzen ez badituk, alde honetan bederen jai zegok!". Bada, bi hamarkada eta erdi iragan dira eta erreformaren izpirik ez dugu oraino ikusi! Pazientzia izugarria dugu ezta?

Euskal departamendua ez da sortu. 200 urte baino gehiago dituen eskakizuna! Euskal Laborantza Ganbara ez da onartua izan. Euskararen ofizialtasuna ezta ere. Berezko unibertsitatea berdin. Hau balantzea!

Hauexek dira azken bizpahiru urte hauetan Batera plataformak Ipar Euskal Herriarentzat beharrezkotzat jo, bultzatu eta defendatu dituen aldarrikapenak. Ederki gainera, adin, jatorri eta ideologia muga guzien gainetik, aurten berriz ere, Baionako karriketan milaka lagun bilduz.

Hala ere, Parisek behin eta berriro ezetz borobilaz erantzun die eskakizun hauei. Denbora berean badirudi sentitzen duela zerbait egin behar duela Atlantiar Pirineoak deitu departamenduko mendebaldean. 2003ko abenduko Sarkozy barne ministroaren bisita ondotik argi gelditu zen. Urte bat berantago ûhau urgentziazko dossierra!û bere ondorengoak egin duen itzuli ondotik baita ere, nahiz "bemol handi" bat eransten ahal zaion. Hau da: denek maite dute Euskal Herria, bere nortasuna lantzen duen euskara ahantzi gabe ûbaina euskara ez da ezagutuaû. Euskal kulturak Frantziakoa aberasten du ûbaina Aturritik goiti ez da aipatzen, ez du lekurikû. Biltzarra euskal instituzioa eredugarritzat jo du ministrariak ûbaina Biltzarrak ez du ez botererik, ez ahalmenikû. Ele ederrak dira, eta fede onekoak. Sinest dezaket hori. Hain segur nire baitan bizirauten duen haur hori dela eta! Baina, ez dut ulertzen zergaitik 260.000 bizilagun baizik ez dituen herri honetaz beldur diren. Nola konpreni bestela, saihesbideak hartzeko betiko gura. Esplikatzen naiz: berezko Laborantza Ganbara ez, baina bertako nekazal zerbitzuari bai... Euskararen ezagutzarik ez, baina hizkuntz interes orokor elkargoari bai...

Bestalde departamenduko barne oreka babesteko, Ipar Euskal Herrian zerbait sortzen bada, Biarnoan gauza bera egin behar da. Bearnesekilako errespetu osoz esanda, beraien mintzairaren etorkizunaz guk baino askoz kezka guttiago daukate. Hala ere, euskara eta biarnesa berdin tratatu behar da esaterako... Departamenduko mendebaldean egiten denak parekoa behar du ekialdean! Hala gertatu berri da Paueko Kontseilu Nagusian Euskal Herriko lur batzordea antolatu delarik. Biarnes oro kontra oldartu dira. Euskal hautetsiek bat eginik ûeskubi, ezker, zentrista eta abertzaleû. Kontseilu buru zentristaren alde jarri dira eta beraien taldekide biarnesei esplikatu diete zergaitik Euskal Herriak bere lurraz jabetzeko behar duen tresna hau. Biarnesek ez dute onartzen zergatik Euskal Herriak erdiesten duen nahi duen zerbait, eta haiek ez, nahiz ez duten bergauza eskatzen! Zerbait ulertzen duzue mugaz bestaldekook? Bada, lasai izan. Ezta guk ere batzutan... Baina argi geratzen dena da euro bat Iparraldean inbertitzen delarik, kasik beti, Biarnoan beste bat eman behar dela. Gainera, euro bana ezin delarik eman, 50 zentimo banatzen dira...

Badut uste garaia dela biarnesek beren departamendua edo autonomia edo dena delakoa eska dezaten. Horregatik urte berriaren atarian biarneseri beren departamendua, hizkuntz eskubideak eta lur antolaketa eska ditzaten opa diet. Horrela, euskaldunak eta biarnesak bereizten ahalko dira arazo gehiegirik gabe! Iparraldeari "elkartasun eza" ezinen zaio gehiago leporatu. Euskaldunak ez dira haboro "separatistatzat" hartuak izanen, eta aspaldiko aldarrikapenak berdin onartuak izanen dira... Amets egin daiteke ezta?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan