Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-09 -- 1974.zenb

ARGIAren 2000. zenbakia

Argia

Sinbolismo hutsa besterik ez da urte batetik bestera iragaitea, baina ezaguna da sinboloen garrantzia, berau numerikoa bada ere. Urte pilaketak, bere nagusian, irauteko gaitasuna besterik ez du erakusten, eta hori berori ez da meritu makala, jantzi berau oparotasun handiago edo txikiagoz. ARGIAren meritua da 2005eko uztailean bere 2.000. zenbakia egingo duela, 1963an Zeruko Argiak informazio orokorreko euskarazko astekarigintzari ekin zionetik. Eta ospatu nahi dugu.
Askoz lehenagotik dator Zeruko Argiaren ibilbidea, 1919tik, baina 1963tik gaurdaino ekarri du asteroko sendotasuna, unean uneko bere ezaugarriekin. 1963an egunkari formatoko sei orrialderekin berrekin zitzaion astekariari eta 1976an gaur egun ezagutzen dugun aldizkari formatora egin zuen jauzi. 1980an, aldiz, ordura arte jabegoa izandako kaputxinoek aldizkaria utzi eta Zeruko Argiatik zetozen beste pertsona batzuek jarraitu zuten proiektuarekin, oraingoan ARGIA izenarekin, gaurdainoko ibilbidea egin duena. 25 urte bete dira harrezkero eta ezin ahaztu zenbaki borobil hori ere. 2.000. zenbakiaren ospakizunetan integratu nahi ditugu azken 25 urte hauek, aurreko ibilbide hori gabe nekez uler baitaiteke ARGIAren historia eta errealitatea.

Pertsona askok bideratu izan duten komunikazio proiektua da mende baterantz doan hau, pentsamolde eta izaera arras desberdineko pertsonak, baina guztiek izan dute ardatz euskaraz bizitzea, Euskal Herria eta munduaren berri euskaraz ematea eta, azken finean, euskal prentsa eta euskarazko kazetaritza gure gizartean normaltasun osoz garatzea. Bistan da gaur egun euskarazko komunikazioaren abentura honetan gaudenak helburu hori lortzen ari garela; eta bistan da, halaber, oraindik bide luzea dugula: botila erdi hutsa edo erdi betearen teoria hor izango da beti.

Euskal Herriaren errealitatean txertatuak bizi gara, bere poz eta miseria guztiekin, eta gure argi-ilunekin. Bada esperantza haizerik euskal gizartean, eta guretzat ospakizunekoa den garai hau, bizi dugun gatazka bortitza gainditzearekin uztartzea litzateke pozgarriena, horrek Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko indar ugari aktibatuko lukeen uste osoz.

Esker ugari -eta eskuzabaltasun osoz- banatuko ditugu urtean zehar bideratuko ditugun ekimenetan. Baina guztien artean nabarmendu beharra dagoen eskerrik beroena, hori zuretzat da, ARGIAren irakurle hori.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan