Jentil-bideetan barrena


2004ko abenduaren 26an
Bizkaiko udalerria da Dima eta Arratia-Nerbioi eskualdean dago. 1.048 dimoztar bizi dira bertan. Indusi ibaiaren ertzean dago, mendiz inguratuta. Arostegieta, Bargondia, Bikarregi, Indusi, Intxaurbizkar, Lamindao, Oba, Olazabal eta Ugarana auzoek osatzen dute. Nekazaritza (barazkiak), abeltzaintza (esne eta haragi behiak) eta basogintza dira Dimako lanbide nagusiak. Arkeologia aurkikuntzak ere izan dira bertan. Neolito garaiko harrizko aizkora bat aurkitu zuten (25,5 zentimetrokoa) eta gaur egun Euskal Museoan dago ikusgai. Axlor zuloaren babesean, Baltzolako kobatik gertu eta Jentilzubiaren babesean, facies musteriense industria duen aztarnategi bat dago, Joxe Miel Barandiaranek 1932an aurkitutakoa.

Bizkaiko udalerri hau aberatsa da oso naturaz. Guk Ugatza mendilerrora egingo dugu. Etxejaun, jentil, lamia eta euskal mitologiako pertsonaia askoren inguruan eraikitako legenda eta istorio asko biltzen da bertan. Oparotasun horretan aukeratzen hasita, gure bidean kondairen sorleku izandako Indusi auzoko Jentilzubia, Baltzolako kobak eta San Lorentzo baseliza bisitatuko ditugu.

Dimako plazatik Indusi auzora

Indusi ibaia izango dugu bidaide txango osoan ia. Dimako portura doan errepidea hartuko dugu, plaza eta erdigunea atzean utzita. Hasi eta berehala, ezkerrera garamatzan bidexka batetik abiatuko gara, Arratiako Egoitzara. Egoitza ezkerrean utzi eta mendi-bide eder batean egingo dugu aurrera. Atzean dugu hirigunea, eskuinean Dimako portura igotzeko errepidea eta ezkerrean, berriz, baserri arranditsuen artean, itzulerako bidea. 10 minutu egin ditugu oinez eta mendiko oinetakoak belar eta lokatz artean dantzan dira jada.

Ezker-eskuin aurkitutako bidexkei muzin eginez joko dugu aurrera. Erromatarren garaiko galtzadaren arrastoak ikusiko ditugu pinu arteko mendi-bidean. Bidegurutze batera iritsiko gara baina guk aurrera joko dugu. Eskuinean bi basetxe geratuko dira, handiak, dotoreak, aspaldiko bizimodu oparoaren erakusgarri.

30 bat minutu igaro dira abiatu garenetik eta berriro ere errepidera atera gara. Atzean, urrun dakusagu Dima. Ezkerrean, berriz, kare-harrizko mendi tontor garaiak. Bide ertzean antzinako errota zahar baten uhateen aztarnak eta ubidea. Mendia ezkerrean eta mendia eskuinean, haizeak gogor jo ohi du bihurgune honetan. Errepide ertzetik egingo dugu aurrera. Eskuinean harri ilunez egindako baserri handi bat dago, soro artean handi. 13:20an iritsi gara Indusi auzora.

Eliza txikia, gari biltegi bat eta lastategia utzi ditugu eta Indusi auzotik 10 minutura dagoen Baltzolara abiatu gara. Mendi-bidea hartuko dugu horretarako, ezkerraldean basetxeak eta erreka lagun ditugula. Bost minuturen buruan bidegurutzera iritsiko gara, 13:30ak dira. Ezkerrera joko dugu Jentilzubira, Baltzolako kobetara eta Bargondiko San Lorentzo baselizara joateko. Eskuinera eginez gero, berriz, Olarretako mendi bizkarra eta Iñungango Aitakurutzeko baseliza ditugu.

Asfaltaturiko bidea hartu eta malda txiki batean gora eginda ardi-bide estu batera iritsiko gara. Bidexka estua kare-harrizko haitzen artean barneratuko da, bihurguneak eginez. Bat-batean, zabalgune batean ikusiko dugu: Jentilzubia, harro baino harroago.

Jentilen zubia

Dimako Indusi auzo inguruan dago Jentilzubia. Arku formako zubi naturala da Jentilzubia, higadurak sortua, antzinako kobaren galeriaren lekuko. Tradizioaren arabera, jentilek erabiltzen zuten alde batetik bestera pasatzeko. Antzina Baltzolako koben sarrera izan zela ere jaso izan da hainbat aztertzaileren liburuetan.
Jentilzubiaren azpitik igarotzean hotzikarak hartuko gaitu, naturaren eta kondairen indarrek bat eginda. Bertatik ikus daiteke gure hurrengo geralekua: Baltzolako harpeak eta Abaroko tunela. 15 bat minutu igaro dira Jentilzubia igaro dugunetik eta Baltzolako kobara iritsiko gara lehenengo.

Bidexka alde batera utzi eta Kobagane mendiaren azpiko harpera sartuko gara. Abaro izango da hurrengoa, "Behikobea" (behien koba). Kobazulotik tunelera bost bat minutu daude eta biak zeharka daitezke, edo nahiago izanez gero eta eguna ilundu badu, bertara ekarri gaituen bidexkatik saihestu ditzakegu.

Harpeetatik baselizara, basoan galduta

Ondoren pinu arteko bide lauan egingo dugu aurrera. Errekaren albo bietara dugu bidea eta hamar minuturen buruan Baltzolako auzora iritsiko gara. Basetxe zahar eta berriak ikus ditzakegu bi aldeetan eta asfaltaturiko bidexkan gora San Lorentzo baselizara iritsiko gara.

Elizatik bertatik Iñungan muinoa 45 minutura izango dugu, Eskuagatx, berriz, ordubete eta 30 minutura.

1.aukera: Leunganara igo eta Mañarira jaitsi

Txangoa osatzeko, Leungana mendira igo gaitezke San Lorentzo baselizatik bertatik. Ordubete eta 30 minutuko ibilbidean, Basabil (599 metro) mendia inguratu eta mendebaldetik Basabil lepora iritsiko gara (569 metro). Mendi-bideak ipar-mendebaldera egingo du eta Olarreta lepora (635 metro) joko dugu. Ezkerrean Leungana izango dugu eta Aite ermita ondotik behera doan bide batek Mañariara jaitsiko gaitu.

2.aukera: Dimara itzuli

Guk, baina, Dimara egingo dugu itzulbidea. Horretarako, San Lorentzo baselizaren atariraino iristen den errepidea hartuko dugu. Asfaltozko errepide honetan ez dago autoen joan-etorri handirik eta lasai egingo dugu beherainoko bidea. 45 minutu inguru behera. Tartean basetxe eta antzinako jauregi antzeko baserri ikaragarriek emango digute arreta. Ezker-eskuin lorontzi gorriz apainduriko eskailerapeak, piper-gorri mordoekin atonduriko atariak eta lasto-pila handiak ikusi ditugu. Laster begitandu zaizkigu berriro ere Dimako etxe zuri txikiak, elizaren inguruan. Sorgindurik egin dugu etxerako bidea, Dimako neguko txorien kantu artean.

Datuak

Denbora: 3 ordu
Bidea: mendi-bide lasaia eta errepidea, maldarik ia gabea

Interesguneak:

Dimako udalerria
Indusi auzoa
Jentilzubia
Baltzolako kobak
Abaroko tunela

Baltzolako koba
Goi paleolitoko aztarnak aurkitu izan dira bertan. 1850. urtean egin zituzten Baltzolako kobako lehen ikerketa arkeologikoak, Loyzaga eta Delmas ikertzaileek. GEV espeleologia taldeak askoz ere azterketa zehatzagoa egin zuen 1958. urtetik aurrera, eta ikerketa horien ondorio izan zen 13.000 metro galeriako ibilbidea. Mitologian ere sinbologia oparoa du Baltzolako kobak, Mari Anbotoko damaren inguruari estu lotutako Sugoi suge arraren bizilekutzat hartu izan baita. Beste azterketa batzuetan, koba honetan Mikelatz jainkoa bizi zela jaso da, Mariren semea.

Bargondiako San Lorentzo baseliza
Kare-haitzezko gandor hautsiak osatzen du Bargondiako tontorra. Pinuek eta arteek osaturiko eremu honetan, ekialdean dago San Lorentzo baseliza. Abuztuaren 10ean ospatzen da San Lorentzo eguna. Basoko ermita honetan meza eta erromeria izaten dira egun horretan. Otsailaren 11n, berriz, Lourdes Amabirjina ospatzeko meza izaten da.

Lino Akesolo Dimako euskalzalea
Lino Akesolo idazle eta euskaltzalearen sorterria da Dima. Erlijioaren eta euskararen inguruan bizkaieraz idatzi zuen, batez ere. Euskal eta erdal aldizkarietako kolaboratzaile izan zen: Euzko-Gogoa, Olerti, Jesusen Biotzaren Deia, Yakin, eta abar. Euskalkien arteko itzulpenak egin zituen; baita euskaratik gaztelaniara ere (Linguae Vasconum Primitiae, 1966). 1963. urtean Euskaltzain oso izendatu zuten baina uko egin zion. Euskerazaintzaren buru, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Batzordeko kide eta Diccionario Retana de autoridades del euskera obraren arduraduna izan zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Orellanak arrazoi zuen

XVI. mendean Francisco de Orellana espainiar konkistatzaileak Amazonas ibaian gora nabigatu zuenean, ibaiaren alde banatan hiri handiak zeudela esan zuen. Inork gutxik sinistu zion orduan, eta are gutxiago hurrengo mendeetan, konkistak berak suntsitutakoaren arrastorik aurkitu... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude