Jakoba Errekondo
Itsasoa izan da ehunka eta ehunka urtetan Euskal Herri atlantiarreko gizartea mugitu duen uztarria. Arrantza eta merkataritzari eusteko ikaragarrizko jendetzak lan egiten zuen: ontzigileak, errio-arotzak, ainguragileak, iltzegileak, garraiorako mandazain eta itzainak, gurdigileak, perratzaileak, sagardogileak, eskribauak, kalamua lantzen zuten baserritarrak, baso-mutilak... Itsasoko gorabeherak zekarren bezala zeraman aberastasuna. Baserria bera ere, geuk egun ulertzen dugun eran, ekonomia honen ondorio zuzena da. XVI. mendean arrantzari eta batez ere merkataritzari loturiko gizarte aberatsaren premiei erantzuteko jaio zen. Hura gabe, Kantabria edo Asturiaskoen antzeko etxetxoak izango genituzke gure mendi eta haranetan.
"Basotik itsasora" erakusketa antolatu dute Pasaiako Albaola eta Izurako Haize Berri elkarteek. Lehena gure kulturaren adierazle nabarmenenetakoak diren garai bateko ontziak eraikitzera emana da. Baxenabartarrak medio handik eskuratzen omen dituzte langintza horretarako nahi eta nahiezkoak dituzten haritz tzarrak. Azkenekoa haritz ipurdi bat hustuz egindako kanoa tankerako ontzia da. Gezurra badirudi ere duela mila pare bat urte erromatarrek aipatzen omen zituzten euskaldunen gisa honetako ontziak. Gaur egun, hala ere, bi mila urteko teknikak gauzatzeko arotzak topatzea baino nahiko enbor aurkitzea askoz ere zailagoa izango dela iruditzen zait. Itsasoko bizimoduarekin batera galtzen baitoa baserria eta mendiko lanei lotutakoa.
Atentzioa eman zidan kanoaren uretaratzeak: baserritar idi-pare dotoreak zeraman bost metrotik gorako ontzia, gurdi motza eta lera tipi baten gainean arrastan. Garai batean, errioetan gorako itsasoarekin batera idi-pare multzoek ontzi galantak itsasoratzen zituztenean bezala. Baserria eta itsasoa bat. Baserriari teilatua ematen zaioneko tranpalea edo ostrokoa deitutakoaren antzeko bedeinkazio paganoa ere bazeraman ontziak mutur-muturrean, erramu arbasta dotorea.
Jabier Agirre
«Pariseko deialdia» izena eman dioten manifestua sinatu zuten mediku eta zientzialari ospetsu ugarik, horien artean hainbat Nobel Sarik.
Manifestu horretan ohartarazten denez, ingurumeneko kutsadura kimikoa izan daiteke "gaur egun gizateriaren izurri nagusienetakoak diren minbizia, emankortasunik eza eta sortzetiko gaixotasunen antzeko egoeren arrazoi nagusienetakoa". Sinatzaileek Reach programa bultzatu eta aldarrikatu dute, eta programa horrek milaka eta milaka produktu kimiko berrikusi eta aztertu nahi lituzke, ingurumenera aurrenik, eta, elikadura-katera ondoren, pasatzen diren hondakinen jatorrian dauden produktuak, hain zuzen ere. Adituek salatu dutenez, ez dago produktu horien kaltegabetasuna frogatuko duen behar adina frogarik.
Parisen aurkeztutako datuak benetan kezkagarriak dira, edozein izutzeko modukoak: Europan bikoteen %15ak arazoak ûedo ezintasunakû ditu seme-alabak edukitzeko. Bestetik, eta Medikuntzak aurrerapauso ugari egin dituen arren, haurren minbizia % 0,8 hazi omen da azken urteotan. Eta bi zifra negatibo horiek oso lotuak daude, mundu osotik heldutako adituen iritziz, azken hamarkada hauetan hainbeste ugaldu den kutsadurarekin, batez ere gai kimikoen eraginez ingurumenean sortu ohi denarekin. Eta aurreko datu horiek guztiak nahikoak ez badira, gogoratu Nazio Batuen Erakundeak asaldu endokrinoak eta fetoaren malformazioak eragin ditzaketen 12 substantzia kimiko identifikatu dituela.
Egunero jaten ditugun janari freskoen %42,7k pestizida eta bestelako gai kimikoen hondakinak dauzkate, gure osasunarentzat kaltegarri izan daitezkeenak. Horregatik, garrantzi handikoa da jan aurretik fruta eta berdurak ondo-ondo garbitzea -mahatsak, marrubiak, letxuga, sagar eta tomateak batez ere, horiexek baitira pestizida gehien eduki ohi dituztenak-.
Joxerra Aizpurua
800 metroko etxe-orratza
Munduko dorrerik garaiena izango dena Arabiar Emirerri Batuak hasiko dira eraikitzen datorren urtarrilean. Etxe-orratzak Burj Dubai izango du izena eta Samsung Corporation enpresa hegokorearrak zuzenduko ditu lanak. Kontratua sinatu berri du Emaar promotoreak eta lanek 2008. urtean amaituta beharko dute.
"Munduko garaiena" izateko lehia gogorra da eta oraingoz lehen postuan dago Taiwan-eko 101 dorrea (508 metro). Ondoren, Malaisiako Kuala Lumpur-eko Petronak daude (452 metro). Chicagoko Sears Tower-ek (1974an eraikia) 443 metro ditu eta zerrendan, honen atzetik datoz World Trade Center eta Empire State Building.
Arkitektu taldeak Chicagoko Skidmore, Owings & Merrill du izena eta beraiek diseinatu zuten Sears dorrea. Dubai dorrearen 160 solairuak hiru zatitan banatuko dira, bizkarrezurraren inguruan. Beheko solairuek oinarri zabala dute eta igo ahala estutu egiten da masa ere txikiagoa izan dadin. Kanpotik espiralaren antza du.
Kennedyren heriotza argitu nahian
Hipotesi ugari plazaratu da Kennedyren heriotzaz, baina zabalduena konspirazioarena izan da, eta hau baieztatzeko pertsona batek baino gehiagok tiro egin zuela esan izan da.
Kenneth Rahn eta Larry Sturdivan ikerlariek "aktibazio neutroniko" izeneko teknika erabili dute gertaera hura aztertzeko. Aipatu teknikak garaiko irudiak eta bala-aztarnak aztertzen ditu teknologia berri bezain konplexuak erabiliz. Beren ondorioen arabera, egun hartan hiru tiro egin zituzten, lehenak huts egin zuen eta auskalo non jo zuen eta gainerako biak izan ziren Kennedy hil eta Texaseko Gobernadorea zen John Connally zauritu zutenak. Ikerlari hauek frogatu dutenez, bi tiro horiek errifle beretik atera ziren, beraz, pertsona bakar batek bota zituen bi tiroak. Ea orain zein hipotesi sortzen den...
AEBak eta Kyotoko protokoloa
Munduko Ingurumenaren konferentzia egin zen Buenos Airesen. Bertan Inuitek esandakoa izan zen deigarrienetakoa. Herri hau Artikoan bizi da eta berotegi efektuaren ondorioz beren ingurumena arrisku bizian dago. Inuitek salaketa jarriko dute Giza Eskubideen aldeko Komisio Interamerikarrean, "genozidioa" argudiatuz.
Jakina denez, 2005eko otsailean hasi behar da aplikatzen Kyotoko protokoloa, baina hainbat herrialdek, AEBak buru dutelarik, garbi adierazi du ez duela kasurik egingo. Europak aplikatuko duen politika erabaki du eta Euskal Herrian, adibidez, kezka bizia dago ez baitugu protokoloan esandakoa betetzen.
Udaberri beroa etor daiteke betetzen eta betetzen ez dutenen artean...