Katixa Garate
Kantu zaletasunak iraun dezan
Kantu zale izan da gure herria, baina lagun afarien osteko kantu saioek behera egin dute azken urteetan. Zaletasunari eutsi nahiz errepertorioa zabaldu nahi duenari lagungarri izango zaio oraintsu berrargitaratu den Boga-boga kantu bilduma. 1959. urtean eman zuen argitara lehenengoz kantu sorta hori Donostiako Apaiztegiak. Partiturak eta kantuen letrak biltzen zituen liburuaren atontze lanak Anton Garro eta Andoni Basterretxea apaiz euskaltzaleek egin zituzten, hainbat lagunekin batera. Arrakasta handia izan zuen eta argitaraldi bat baino gehiago izan zuen. Liburua agortuta zegoen eta orain Elkarrek eta Donostiako Apaiztegiak berrargitaratu dute. Liburuaz gain, argitalpeneko laurogeita hiru kantuetatik hogeita bi ûaurkitzeko zailen diren grabazioakû biltzen dituen CDa kaleratu dute. Esaterako, Antoni eta Anton, Andre Madalen eta Boga-boga ageri dira diskoan.
Ilustrazioen magia Artiumen
Magic Pencil izenburuko erakusketa zabaldu du Gasteizko Artium museoak Britainia Handiko haur eta gazte literaturako ilustratzaileen lana ezagutarazteko. Britainia Handian ilustrazioak tradizio handia du eta erakusketan paratu dituzten 60tik gora lanetan esparru honetako azken joerak ikus daitezke. Litografia eta grabatuez gain, marrazki bizidunak ikusteko bideo pantaila bat ipini dute eta ilustrazio tailerra ere martxan izango da urtarrilean, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariaren ardurapean. Erakusketa otsailaren 6a arte izango da zabalik.
Ate bat diseinatzaile gazteentzat
ANDE, Euskadiko Diseinatzaile Berri eta Gazteen Elkartea, aurkeztu dute berriki Bilbon Isabel Muela eta Lucia Marzok. Sortu eta berehala, hil honen 15ean diseinatzaile gazteen lanak erakusteko pasarela antolatu zuen elkarteak Barakaldon. Pasarelaz gain, elkarteak diseinatzaile berriei aholkularitza zerbitzua eskaini nahi die eta Bilbon gune bat sortu nahi dute gazteen sormen lanak erakutsi eta merkaturatzeko. Gure mugetatik kanpoko feriatan ere bertakoen lana zabaltzeko ahalegina egingo du elkarte berriak.
Zine aretoak ixten eta irekitzen
Zinema areto piloa zabaldu da azken urteetan gurean, gehienak merkataritza zentroetan. Gehiegi dagoen eskarirako. Gehienetan zinema komertziala eskaintzen dute soilik. Bestelako eskaintza emango balute ere, eskariak gora egingo lukeenik ezin esan. Zabaldu ziren bezalaxe, itxi dira urte gutxitara batzuk. Horren adibide dira aurten itxi diren Garberako (Donostia) zine aretoak. Baina hiriguneetako zinema areto batzuk ere itxi dira (Donostiako Astoria) edota ixtear dira (Bilboko Ideales). Bilbon Renoir zine aretoak zabaldu berri dituzte, zinema europar eta latinoamerikarra eskaintzeko asmoz. Eskertzekoa da, Ipar Amerikako zinema komertziala errege den honetan. Ikusi beharko eutsi ahal izango dion. Denek ere zailtasunak baitituzte ikusleriari nola eutsi asmatzen.
Milaka liburu aurki on-line Googlen
Lau unibertsitate ospetsutako ûMichigan, Stanfrod, Harvard eta Oxfordû eta New Yorkeko Liburutegi Publikoko milaka liburu publiko digitalizatzeko aukera emango dion akordioa sinatu berri du Google bilatzaileak (www.google.com). Hala, liburuak eskaneatu ostean, erabiltzaile guztien eskura jarriko ditu Googlek sarean. Harvard unibertsitateko 40.000 liburu digitalizatuko ditu eta proiektua arrakastatsu gertatzen bada, bertako liburu gehiago eskaneatuko dira. Michigan unibertsitateko zazpi milioi liburuki digitalizatuko du Googlek sei urteko epean. Oxfordeko unibertsitateari dagokionez, XIX. mendeko liburuak pasako dira formatu digitalera. New Yorkeko Liburutegi Publikoak copyrightik ez duten hainbat liburuki eskainiko dizkio.
Aukeran dantza konpainiak Carlos Saura espainiar zuzendaria errodatzen ari den Iberia film musikalean parte hartu du. Albenizen Iberian oinarritutako filman, besteak beste, Sara Baras eta Antonio Canales aritu dira dantzan.
POK taldeak Euskararen zazpi bekatu nagusiak, Korrika-AEK beka eskuratutako lana, estreinatuko du urtarrilaren bigarren hamabostaldian. Bekaren accesit saria eskuratutako Ezequiel antzezlana, berriz, otsailaren hasieran emango du Antzerkiola Imaginarioak eta Sagarroik.
Concetta Probanza pintoreak Neguaren eskuetan izeneko erakusketa zabaldu du azken margolanekin, Zarauzko Bidea galerian. Urtarrilaren 9a arte bisitatu ahal izango da.
Jean Mixel Bedaxagar kantariak Agosti Xaho saria jaso berri du Atharratzen, euskal kulturari egindako ekarpenagatik. Bilboko Agosti Xaho eta Zuberoako Xohardia elkarteen eskuetatik jaso du.
Andoni Salamerok Zu. Ni. Bi. Bidean... poemategia plazaratu du. Bere gain hartu du izadia ardatz duen liburuaren edizioa eta Apatx argitalatxearekin kaleratu.
Pablo Malo zuzendari berriaren sarirako, Unax Ugalde banaketa aktore sarirako, eta Supertramps eta Los balunis en la aventura del fin del mundo, animazio filmaren sarirako izendatu ditu Espainiako Zinema Akademiak urtarrilaren 30ean banatuko diren Goya sarietarako. Euskal herritar gehiago ere bada nominatuta.
Joseba Olalde ARGIAko kolaboratzailea lehen argazki liburua kaleratzear zela zendu zen udan. Arabako Errioxako argazkiekin osatutako Zikloa liburua kaleratu du orain Arabera kultur elkarteak.
Maria Bayo Berrian: «Ezin da ahaztu operak, bere inguruan, arte eszeniko guztiak biltzen dituela. Antzerkia dago, musika dago, koreografia eta dantza ere bai. Inguruan arte gehien duen artea da. Horrek esan nahi du hor zerbait gertatzen dela».
Juanma Bajo Ulloak hitzok izkiriatu zituen Nabarran: «Hedapen handiko kultura eta solasaldiaren kulturan, independentzia ezinezkoa, independentzia egilearen heriotza bihurtzen baita».
Espido Freirek honakoa esan zuen Aldaketa Hamasein: «Prestakuntza jasotzeko tokirik ez daukagun artista bakarrak gara idazleok. Horrexegatik gustatzen zait gabezia horri erantzun eta literatur tailerrak antolatzea. Nire ustez, eleberriak idazteak baino gehiago asetzen nau horrek».
Markos Juaristi Akelarre taldeko kideak zera adierazi zion Garari: «Plaza taldeak bata bestearen ondoren desagertzen joango dira aurki. (...) Hemendik gutxira plazan talde bat eduki nahi izanez gero, Estatu espainolera begira hasi beharko dugu, hango taldeak ekarri eta auskalo zer joko duten».