Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-12-26 -- 1972.zenb

Mayi Tolosa

Winston Arizmendiren istorioa Amerikako Estatu Batuetan hasiko da. Winston, AEBetako familia klasiko batean bizi da, nahiz eta bera euskal txapela jantzita ibiltzen den horietakoa izan. Aita, euskaldunen semea izanik ere, aberri bakartzat Amerikako Estatu Batuak ditu eta Bushen jarraitzaile sutsua da, american way of lifearen eredu paregabea. Winstonek ama Irlandakoa du eta arreba ere haiekin bizi da, burua txoriz betea duen neskato amerikar tipikoa. Bizilagunak Espainiakoak dira eta haiekin ere izango dute hainbat ika-mika.

Istorioaren protagonistak Eusko Jaurlaritzaren beka bat jasoko du eta horri esker etorriko da Euskal Herrira, aiton-amonen herria ezagutzera. Aitak ezin du ulertu, semeak nola nahi izan dezakeen Euskal Herria bezalako toki batera bidaia egitea. Arrebari interesgarria iruditzen zaio anaiak Afrikako iparraldea ezagutzea eta amak ere ongi ikusten du semeak atzerrian denboraldi bat egitea.
Bilbon lur hartuko du Arizmendik eta ezuste itzela izango du; izan ere, berak Euskal Herria inguru bukolikotzat zuen, artzainak eta mendi artean ziren herriak baino ez zituen imajinatzen. Guggenheim museoa ikusteak harritu egingo du mutikoa. Handik Nafarroara joango da noski, bere familiaren berri izan asmoz eta handik Euskal Herriko txoko askotara egingo du bisita.

Walter Garmendiaren oinorde

"Istorioa, orain 17 urte, Carlos Varela eta biok, ARGIAn argitaratu genuen berbera da. Istorioa gaurkotu eta marrazkiak ere pixka bat moldatuko ditut, baina orduko Walter Garmendiarenak eta honek antz handia izango dute", dio Jose Angel Lopetegi komikiaren egileak. Gai hau diasporan bizi diren euskaldunen errealitatea islatu asmoz aukeratu zutela kontatu digu Lopetegik.

Nola amaituko dira Arizmendiren abenturak Euskolanden? Egileak ere ez daki zehatz-mehatz istorioaren amaiera nolakoa izango den, baina Winston behintzat Amerikako Estatu Batuetara itzuliko dela argitu digu. Haren ordez nor etorriko den, ordea? Hortxe misterioa, amaiera arte argituko ez diguna.

Mikel Asurmendi

Euskal Idazleen Elkartearen web gunetik hartu dugu Castillo Suarez poetaren biografia: "Castillo ikasle pisu batean bizi zen Gasteizen eta pisu-kide batek poesia idazten zuen. Hasieran, poemak zuzendu egiten zizkion hizkuntza aldetik. Pisu-kideak ikaragarri gozatzen zuen idazten eta horrek harritu egin zuen. Geroago, apustua egin zuten: poemak idaztea aise egin zitekeen zerbait zela eta lehiaketa berera aurkeztuko ziren biak. Castillok irabazi zuen. Handik pare bat urtera, Mugarri estaliak-en aurkezpenera ûbere aurreneko liburuaû gonbidatu zuen eta hantxe egon zen, berari begira".

Azal iezaguzu zure buruaren aurkezpen hori.
Xehetasun txiki bat da. Funtsean, aditzera eman nahi dut oso modu arraroan hasi nintzela idazten, ez nuela poesia alorra gehiegi ezagutzen eta lagun baten bidez hasi nintzela idazten.

Mugarri Estaliak-etik SPAM poemak-era zer aldatu da zure poesian?
Estiloz berdintsuak dira, ez dago alde handirik. Agian, adieraziak gehiago landu ditut. Baina ildo eta ezaugarri nagusiak ez dira hain desberdinak.

Nondik nora egin zenuen SPAM poemak liburua?
Mugarri estaliak 2000ko bukaeran argitaratu zen, eta SPAM poemak harrez gero idatzitako poemak dira. Ez dira denak, azken hiruzpalau urtetan idatzitakotik aukeratu ditut. Poema denak ez baitira plazaratzekoak.

Zer dela eta SPAM poemak izenburua?
SPAM poemak deitu nituen Internet bidez zabaltzen nituelako. Beti pentsatu izan dut, idazten duguna besteari edo gure lagunei helarazi behar diegula. Nahiz eta ez argitaratu, testu horiek zabaldu behar direla.

Zein jende motarengana bidali zenituen poemak?
Era guztietako jendek hartu zituzten poemak. Pertsona horietako batzuei ez nien aldez aurretiko abisu eman ere. Asko ezustean harrapatu zuten poemek.

Iban Zalduak idatzi du liburuaren hitzaurrea. Ez da poetaz fidatzen den laguna. Zer egin duzu poetez fio ez den literaturazale horren arreta bereganatzeko?
Egia esan liburua prestatu nuenean, betiko poesia ez egiteko asmoa nuen, antipoesia egiteko nahia nolabait. Horregatik pentsatu nuen Ibanengan. Berak sarritan antipoeta dela dio, poetak ez garela fidatzekoak, batzutan poetak gorrotatzen dituela eta guzti, esan du. Liburua horregatik eman nion berari. Hala ere, artean, hitzaurrea egitea eskatu nionean ûez genekien poema liburua izango zenik ereû gustuko ez bazuen ez zidala hitzaurrea idatziko esan zidan. Beraz, serio eta zintzo hartu zuen egitekoa.

Liburuaren sarrerako aipuan, Anne Carson-en poema hau paratu duzu: "Gezurra esaten zuen gezurrik behar ez zenean. Gezurra esaten zuen komeni ez zenean ere. Gezurra esaten zuen bazekienean besteek bazekitela gezurretan ari zela. Gezurra esaten zuen gezurra esateak bihotzak erdibitzen zituenean". Zure poesiaren adierazgarri ote?
Ez nuke irakurleak poemak gezurrezkoak diren inpresioarekin geratzerik nahi. Besterik gabe, egunean zehar gezur asko esaten dugula adierazi nahi izan dut. Zentzu horretan, ez zait iruditzen poema liburuetan bizitza arruntean baino gezur gutxiago edo gehiago denik. Poesia errealitatearen isla da, sarritan bizi gara gezurrean.

Liburua bost ataletan antolatu duzu. Lehenak Hasmentakoa du izena: «Olerki usaina. Damu usaina» dio. Damu usaina ote dute poemek?
Asmoa, iritzia, sentimendu ûedo dena delakoren batû behin idatzita, damua desagertzen da. Haren arrastoa bakarrik geratzen da, aztarna, finean.

Arrotzen erretratuei begira nago, dio bigarrenak. Erraza al da arrotzei poemak lapurtzea?
Harremanetatik edota nire inguruko jendearengandik jasotzen edo "lapurtzen" ditut poemak. Poemak idazten ditugunok gure inguruan behatzen dugulako idazten dugula adierazi nahi dut, poemek horri egiten diote erreferentzia.

Aldizkari atzeratuak atalean herria duzu hizpide.
Gurea eraikitzen ari den herria da, erabat definitua ez dagoen herria da gurea, eta alderdi mingarrienak edo desatseginenak agertzen dira atal horretako poema zenbaitetan. Ez da nire asmoa ekarpen edo proposamen politikorik egitea, baina sorreran dagoen herri honen alderdi hori aipatzen dut.

Inurriak irentsi da beste atal bat.
Atal horrek liburuaren estiloari egiten dio erreferentzia. Poema deserosoak egin nahi izan ditut betidanik, irakurlearengan zerbait deseroso sorrarazi. Harrotasun puntua bada nahi hori. Funtsean deseroso izate horrek estiloari egiten dio erreferentzia.

Irakurlea aztoratzen saiatzen zara nolabait. Poesiaren funtzioa al da hori?
Ez dakit hori poesiaren funtzioa den, baina, idazten dugun guztiok eragin nahi izateko harrotasun puntu hori agertzen dugu. Ez dut uste hori poesiaren gaitza denik, zeregin orokorra da poetengan, batzuetan zeregin aitortua da eta beste batzuetan ez. Nik aitortu egiten dut. Poesia sorkuntza denez, bizitzaren segida da, eta bizitzak aztoramen puntua dauka. Sortzen dugun guztia bizitzaren jarraipena da finean.

Irakurlea aztoratzeko, aztoratuta bizi behar al da?
Beno ni lasaitasunez ez naiz bizi, aztoratuta bizitzea nahiko berezkoa da nigan.

Poemak aztoramendu horren ondorio izan al daitezke?
Ez dut sinesten literaturaren balio terapeutikoan, ez dut uste lasaiago edo hobeki egoteko idatzi behar denik. Idatzi behar dugu gustuko dugulako, alde horretatik poesia ez dut aspirina bezala hartzen.

Poetak fidagarriak ote zarete?
Ni ez naiz fidagarria, ni ez nintzateke ausartuko poeta fidagarriak garela esaten.

Poemetan norengana zuzendu zara bereziki, emakumeengana edo gizonengana?
Gehienetan gizonezkoengana, unean uneko inguruaren arabera, baina ez da pertsona zehatza hala ere, ez dut uste.

Zure poesia ipuin txikitzat jotzea ondo al deritzozu?
Bai. Baina ez dira ipuinak ere, istorio txikiak dira.

"Emadazu itxaropenerako arrazoi bat bederen. Nik bat badaukat, eta ez nuke nahi zurea desberdin izatea", diozu poema batean. Arrazoia desberdina izanda ere, berdin idatziko ote zenioke?
Bai, bai, arrazoi desberdinak direla jakinda ere idatziko nioke.

Josu Iztueta


Normala zen gure belaunaldikoen aurrekoak herri txikietatik handiagoetara jaistea, baserritik kalera joatea, mendiko urak errekastora eta handik ibaira egiten duen bezalaxe. Aita Berastegikoa eta ama Larraulgoa izanda, erdibideko Tolosan etorri ginen anaia-arrebok mundura eta haurtzaroa inguruan eman genuen. Asteburuero eta uda partean baserrira joaten ginenez, kalean "kaxero" deitzen zidaten eta baserrikoentzat "kalekumea" nintzen.

«Outdoor» hizkuntza. Baserri giroan «Euskeaz»

Artzain Eskolako praktikak direla eta Berastegiko lehengusu artzain batengana joan naiz. Aitona zenak, duela 70 urte, auzolanean altxatutako hainbat harrizko horma ia egunero bisitatzen ditut eta horrekin batera irudimena bi belaunaldi atzera bidaltzen dut.

Berastegi, Nafarroa-Gipuzkoako muga herria da. Hemengo egonaldia hizkuntza baten aberastasuna nola galtzen den konturatzeko baliagarri zait. Hiruzpalau adibide azaltzen saiatuko naiz:

- Toponimia edo leku izenak: Baserriko bizitzan, artzaintzan, basogintzan edo herriko beste edozein lanetan tresna bakoitzak duen antzeko garrantzia dute tokien izenek. Ardi galdu bat azkenekoz non ikusi duten edo haizeak botatako zuhaitz adar batek bidea non moztu duen esateko, leku izenak jakitea ezinbestekoa da. Milaka ziren aspaldian, ehunka dira oraindik erabiltzen direnak eta baliteke etorkizunean dozenaka gutxi batzuk besterik behar ez izatea. "Zelaiaundikosorotxikia", "Sorregitakobaratzazpia", "Lizarragakozubiondoa", "Kapaintxokoetxeaurrea" edo "Bidearaunbilangetatelletxeburua". Soro, malda, labore-lurra, zelai, belardi edo dena delakoa izan zitezkeen eta gaur beste gauza bat dira, erabilera aldatu bada behintzat.

- Berastegiko herriak arreta pizten du Gipuzkoako orografian, besteak beste honako arrazoiengatik: Lautadatxo batean kokatutako herriak oso gutxi dira, udaletxea eta eliza ez daude gune berean eta hilerria (betiko kanposantua) ez dago muino batean... Ipuliño eta Sanlorentzo mendiak nabarmen azaltzen dira ipar aldera, izotzalde eta eguzkialde bailarak zeintzuk diren ere begi-bistakoa da baina bitxia da Berastegi eta Gaztelu herrien arteko mugan dagoen mendiari berastegiarrek Arramendi deitzea eta gazteluarrek Arburu. Bi herri hauek eta Orexa elkartzen diren lekuari Irumugarrieta deitzen diote -Euskal Herrian noski, beste toki asko dago izen berberarekin-.

- Lurrean egiten den kanal antzeko zulo luze eta hestuari "lubaki" esaten zaio eta "labaki" berriz, belarrak, otadiak, sasiak eta sustraiak erreta prestatzen den lur-eremuari.

- Satorrak eta saguak harrapatzeko ez da "tranpa" jartzen, "zepoa" baizik eta "tranpa" irekitzea belazeko atea zabaltzea ulertu behar da. "Tranga" bordako atea ondo ixteko jartzen dugun trabeskako egurra da. Egurra aizkoraz txikitzeko erabiltzen den pieza bakarreko enbor zatiari "trangadera" deitzen diogu eta aizkora bera askotan "tranpaduran" gordetzen dugu. Zuhaitz enborrak mugitzeko batzutan "pirika" (bueltaka) eramaten ditugu eta bestetan "gizon eginda" (zutik jarrita).

Betiko galdu daitezkeen hizkera, esamolde, atsotitz, leku izen edo pasadizo bat entzuten dudanean, gure ahozkotasunaren galera sumatzen dut. Asko jasota geratuko dela jakiteak ez du arintzen kontsolamendua, nire ustez nabarmen pobretzen ari da euskara.

»Indoor» hizkuntza. Azoka barruan euskaraz»

Ordubete pasatxoko bidea dago Berastegitik Durangora. Bi bider joan etorria egin dut Konstituzio zubi luzean: goiz erdian lasai lasai errepidean, begiak paisaian eta belarriak irrati uhinetan zintzilik ditudala noa bolantean. Segura Irratia entzunez joan naiz Oria bailaratik barrena, Euskadi Irratia sintonizatu dut Deskarga mendatean gora, Arrate Irratia berriz Kanpazar aldean harrapatu dut eta Bizkaia Irratia Elorriotik aurrera. Euskarazko beste emisorarik hartzeko astirik ez dut izan, kotxea aparkatu eta oinez bost minutuan Landako azokan nintzen. Esatarien ahoskera desberdinekin eta musikaz gozatu ederra hartu dut. Urteroko zita uste baino lehenago ailegatzen da norbera iritsi ezinik dabilenean: behingoz lanak aldez aurretik amaituta lasai antzera nenbilen. Han bildutako gehienok onartzen ez dugun Konstituzioa (abenduak 6) eta askotxok sinesten ez dugun Andre Maria Sortzez Garbia (abenduak 8) egunak ederto erabiltzen ditugu zubi luzea egiteko. Kanpora irteteko bost jai egun mundialak eta Durangoko Azokara hurbiltzeko aukera espezialak.

Igande eta astelehenean jendez lepo egon da baina bestetan ez hainbeste. Zirrara berezia sortzen dit hiru kale ezker eskuin liburu eta diskoz gainezka ikusteak, kilometro erdi bateko eskaparatea dagoela kalkulatzeak eta ia bostehun saltzaile lanean ari direla jakiteak. Euskal kulturaren gaitasuna neurtzeko toki aproposa denez, aurten aukera aprobetxatu nahi nuen pasilloetan erosiz ibiltzeko eta kaiola barrutik saltzaile izateko. Jende asko eta asko familia giroan hurbiltzen da, haur batzuk lehen kasketaldia sartu bezain agudo harrapatzen dute, "hau nahi dut" esanez, "erosi hori" eskatuz... desesperazio aurpegia nabari da hainbat gurasoengan. Ez da erraza izango neurria hartzea baina adin batetik gorakoei nik 50 euro eman eta "herorrek administra ezak erosketa" esango nieke.

Azokan plastikozko dirua erabili ezin denez, bisitari gehienak sosak amaitu orduko kutxazainaren bila abiatzen ziren. Kanpoaldean kontuz ibili beharra zegoen zorua zapaltzean, txorkatila bihurritzeko moduko erretenak daude eta. Tolosan Paper Ingeniaritza Ikasketak amaitutakoan ez nuen imajinatuko sekula hainbeste paper euskaraz inoiz inprimatuko zenik, milaka kilo paper gure hizkuntzan argitaratuko zenik. Durango eta Zornotza artean dagoen paper fabrikaren kiratsa inoiz baino gozoago usaindu nuen Azokan. Kasualitatez egun batzuk lehenago Plateruenean diapositibak ematen egona nintzen, aste gutxi lehenago irekitako kafe Antzokiko arduradunak pozik, itxaropentsu sentitu nituen hainbeste kostatako ametsa gauzatuta ikusten zutelako. Bejondeiela proiektuan sinesteagatik eta beste mila pertsonaren laguntza jaso izanagatik. Denboraldi honetako azken "Nagoen lekutik" hau ezkor hasi dut ahozko euskarari belarria jarrita baina baikor amaitu nahiko nuke idatzizko materialari begia luzatuta.

Neronek ere ez nuen inoiz pentsatuko hilabeteroko bi orrialde hauek idazteagatik ordainduko zidatenik, hizki bakoitzeko ordaindu didatenarekin, urtean zehar irakurtzeko erosten ditudan aldizkari eta liburuak kostatzen zaizkidanaren erdia jaso dut. Ez da gutxi!

Hilabeteroko zita aldi baterako eten aurretik desiorik onenak zuetariko bakoitzarentzat. Urteko egunik laburrenak aprobetxatu eta gau luzeenak disfrutatu.

(Josu Iztueta Azkue - Berastegi)

Elixabete Garmendia


Azarolaren biografia ez dago inon idatzita. Areago, haren figura lausoturik zegoen, bizirik, soilik, ezagutu zuten batzuen oroimenean eta paper solte batzuetan. Horietako bat iritsi zitzaion eskuetara Inazio Tolosa musikari zumaiarrari Zumaiako kultur etxekoen bidez: Vida Vasca urtekariak 1944an argitaratutako artikulu baten fotokopia zen. Ramón Salanova kazetari aragoiarrak Joxe Azarolaren soslaia egiten zuen bertan; argazkietako batzuetan Azarola ageri zen showman gisa, esaterako, aulkitik airean salto eginez pianoa jotzen zuen bitartean. Herrian galdezka hasi eta arrastoren bat edo beste topatu zuen: Azarolaren jaiotza agiria udaletxean, eta Jon Altzibarren lekukotasuna, honen aita, Julian Altzibar, izan baitzen Azarolak Zumaian zeuzkan etxeen administratzailea. Nahikoa Jon Maiak printzak hartu eta kanta sortzeko. "Oso istorio iradokitzailea zen: musikari handi bat, pianoarekin aitzindarià entzun besterik ez dago Aurreskua nola jotzen duen swing erara. Nik imajinatzen nuen Broadwayen adibidez, Xavier Cugaten eta inguruan, eta Samekin parekatu dut: Jo zak, berriz, Joxe.

Auñamendi entziklopediak argazki eta guzti aurkezten du Azarola, baina datu apur batzuk besterik ez: Luis Urteagarekin -San Bizenteko organista- eta Pagola maisuarekin ikasi zuela pianoa Donostian; Madrilgo Kontserbatorioan karrera amaierako sari nagusia irabazi zuela 17 urterekin... Salanovak dioenez, sari horrekin konbentzitu zen Peperen aita semeak pianoan zeukala etorkizuna eta ez, berak nahi zuen bezala, banketxean kontulari gisa. Eta horrela, diru kontuak utzi eta lehenengo lana Tolosako Gorriti zineman izan zuen, pelikula mutuak pianoz laguntzen.

Organoa eta soinu txikia

Laster zabalduko zen Azarolaren sona. Donostiako Euskal Billera elkartean bere argazki bat dago, Usandizaga eta Sorozabalenarekin buruz buru, hauei bezala omenaldia egin zitzaiolako gerra aurretixe. Gazte ageri da Azarola argazkian, baina ordurako sobera ezagutzen zuen Euskal Billerako pianoa.

Aita Gabirikoa zuen Azarolak, eta harako joera handia hartu zuen gaztetatik. Opor zeukanean, hara joaten zen denboraldiak pasatzera. Gabiriko Txoko etxean, Pilar eta Maritxu Txintxurretak, Pepe Azarolak bidalitako argazkiei begira, astindu dituzte oroitzapenak. Lehenengoa: "Ikaragarritako juergista zen". Eta gero, erretratoa orekatze aldera edo: "Oso elizkoia zen, oso. Hona etortzen zenean elizara joan eta organoa jotzen zuen".

Pepe Arzelusek, artean mutikoa bera, behin baino gehiagotan txanda hartu edo eman zion Azarolari Gabiriko elizako organoan. "Jotzen zuenà errejistro guztiak atera-etaà". Arzelusi, Tolosako Santa Mariako Kaperaren organista gaur egun, ez zaio batere kamustu Azarolarekiko mirespena. Elizan organoa astintzen bezala gogoratzen du ostatuan soinu txikia hartu eta kalejirak jotzen, ezer ez eta festa eginez. Madrildik partitura bat bidali zion dedikatuta; piezetako bat, Campanas azaroladas izeneko fox-trota eta bestea estilo andaluziarrekoa. Eta eman, eskura eman zion Azarolak Arzelus mutikoari pianistaren curriculuma ondoen jasotzen duen argitalpena.

Lau eskuko magoa

Agenda moduko bat da, alde batetik 1944ko egutegia dakarrena, eta horrekin tartekatuta, gaur egun artistaren booka deituko litzaiokeena. Aurkezpen gisa, ezarri izan zizkioten kalifikatiboak: El mago del ritmo, El pianista eléctrico, El pianista relámpago, El pianista cuatro-manosà Mugaz bi aldeetako antzoki eta Salon de Theetan ibilia zen ordurako: Baiona eta Miarritzen bezala, Bilbo eta Donostian, edo Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Palma (Mallorca), Paris, Bordele eta Toursen. Irratien zerrendan, dozenerdi bat, Unión Radio Madridetik hasi eta Radio Bilbao eta San Sebastiáneraino. Diskoak, Bartzelonako Odeon etxean eta Parisen. Eta bukatzeko, zinean izandako parte hartzea: Iquinok zuzendutako Un enredo de familia eta Turbante blanco pelikuletan, eta, izenbururik zehaztu gabe, Parisko Excelsior Burdeos produktorako zenbait filmetan. Horixe 1944a bitarteko ibilbide profesionala.

Agenda horretan bertan ageri da Azarolaren helbidea: Zaragozako Hotel Vasconia, San Blas kalean. Gabiriko bi ahizpa, Baztarrikatarrak, ziren hotel horretako jabeak, eta etxean bezala sentitzen bide zen bertan.

Hantxe, Zaragozan, aldatu zitzaion ezkonbidaiaren norabidea Ormaiztegiko Kaxilde Arzelusi. Azarolaren lagun mina zuen senar hartu berria, Joxe Migel Irizar. Joan dira ezkonberriak Bartzelonarako bidean Zaragozara, eta azaldu zaie hotelean, sorpresa emanez, pianista. Bartzelonara jo ordez, Madrilerako bidea hartu zuten hirurek, Azarolak han film batean jo behar zuelako. 1946ko martxoan zen hori, beraz, hirugarren film batean ere parte hartu zuen Azarolak Madrilen.

"Behin ûgogoratzen du Kaxildekû eraman gintuen Club Anglo-Americanora. Lehen han aktuatzen ibilia zen eta egin zioten sekulako ongietorriaà Berak, pianoan jarri eta Andre Madalen jo zien; haiek ez zekiten fandangoa dantzatzen, baina korroa egin eta han ibili ziren".

Bonba hotsa, pianoz

Kaxildek moto handi baten gainean deskribatzen du Azarola, senarra "lapurtu" eta bi lagunak kostaldera-eta egunpasa joaten ziren garaietan. Eta moto hori azaltzen da gerra hasi zenean ere. Pilar Txintxurretak dio Pepek motoa Gabiriko eliza ondoan jarri eta zarata izugarria aterarazten ziola Española menditik Ormaiztegira sartzeko ahaleginetan zebiltzan erreketeak amorrarazteko. Ormaiztegi eta Gabiri artean zihoala erreketeek motoaren gordailua tiroz zulatu ote zioten ere kontatzen da.

Gerrako ibilien hariari Jon Altzibar zumaiarrak ematen dio segida. "Beste asko bezala, hura ere ûAzarolaû gorriekin joan omen zen Bilbora. Han, berak zekiena egiten zuen: pianoa jo. Eta tekladuko nota altuenekin egiten omen zuen bonbek erortzean ateratzen duten ziztua: fiiiiiià Eta gero nota baxuenak ipurdiarekin joz, brom-brom-brom, bonba lehertzen deneko hotsa". Halako batean preso hartu zuten frankistek eta Burgosko San Pedro de Cardeñara eraman zuten.

Lagun karlista batek, Berrobiko organista zen Angel Aldanondo tolosarrak egin zituen burubideak Azarola aska zezaten, baina, baldintza bat jarri zioten: Espainiatik alde egitea. Horretan, Parisera jo zuen, eta han bizpahiru urte egingo omen zituen, besteak beste, Radio Parisen pianista gisa jardunez. Antxon Longaron tolosarrak kontatzen du aurrekoa, misterio apur batez, gerra garaiko gorabeherekin sarritan gertatzen den bezala. Longaronek geroxeago ezagutu zuen Azarola, 1941ean, Zaragozan, eta goian aipaturiko Angel Aldanondoren bitartez. "Zaragoza, orduan, kapital garrantzitsua zen, eta kabaret asko zegoen bertan, animadora eta guzti. Giro horretan, bazeukan lana Azarolak". Longaronek Tolosako Inauterietako piezak, Galtzaundi, Isabelita eta konpainia fox estilora jotzen entzun zionekoa dauka gogoan. "Gizon hark zeukan erritmoaren zentzuarengatik, beltza behar zuen izan", ebasten du tolosarrak. Agian horregatik ez zuen inolako zalantzarik izan Azarolak Amerikara salto egiteko. Hemen "oso ikusia" zegoela esaten omen zuen, eta halako batean, hartu zuen Mexikorako bidea.

Txapela oroigarri

1949ko azaroaren 12an Mexiko hiritik idatzi zion Pepe Arzelusen amari, esanez "izugarrizko arrakasta" ari zirela izaten. Pluralean mintzatzen zen, izan ere, lehendik lankide zuen Miguel Alegre bateria jole aragoiarrarekin joan zen hara. Lau disko grabatu zituztela ere kontatzen du Azarolak gutun horretan, suerte pixka batekin diru dexente emango ziotenak, eta kexatzeko motiborik ez zutela, "printzipe modura" bizi zirela-eta. Hemengo lagunei bidalitako gutun eta argazki dedikatuen bidez jarrai daiteke apur bat Azarolak Amerikan egindako ibilbidea. Estatu Batuetan ibili zen, Dallasen adibidez 1951an. Bera hil eta gero argitaratutako gutxienez hiru disko New Yorken ateratakoak direnez, Toreador etxeak hain zuzen ere, pentsa daiteke bertan grabatuak izango zirela.

Azarolak ez zuen familiarik utzi. Seniderik ere ez, eta hantxe, Mexikon galdu zen bere arrastoa. Mexiko DFko Sanatorio Españolen bisitatu zuen Jon Altzibarren arreba mojak. Azken orduan pasiotarrek lagundu bide zioten; haiekin adiskidetasun handia zuen lehendik, Gabiriko konbentutik. Kontatzen da, hil baino lehen, aitortza egin eta bizikide izan zuen emakume mexikarrarekin ezkontarazi zutela pasiotarrek. Azarola hil eta ez zeru ez lur geratu zenean, emakume hark pianistaren txapela eraman omen zuen berekin oroigarri bakartzat.

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:

120 barraskilo egosi
8 koilarakada oliba olio
Tipulin bat
Tipula handi bat, pikatua
Hiru litro laurden tomate saltsa
Txorizo mina, puska eder bat
Urdaiazpikoaren giharra, puska eder bat
Pipermin mutur bat

Kazola batean, potxatzen jarriko ditugu tipula eta tipulina. Txorizoa eta urdaiazpikoa erantsiko dugu ondoren, dado txikitan moztuak. Erregosten utziko ditugu barazkiak, xamur eta hestekiek ongi kutsaturik gelditu arte. Erne gatzarekin. Tomatea erantsiko dugu ondoren. Egosten edukiko dugu gero guztia, 20 bat minutuan. Barraskilo egosiak eta pipermin muturra erantsiko dizkiogu orduan saltsari, eta beste 20 minutuan edukiko ditugu egosten. Behar izanez gero, barraskiloak egosi diren salda xorta bat ere gaineratuko dugu. Gatz puntua neur dezagun ondoren. Saltsan gelditu behar dute barraskiloek, baina lehor xamar, ez da beharrezkoa hartan igeri ibiltzea. Premia bada, urri dezagun saltsa egoki utzi arte. Jaki honi txerri belarri egosiak, eta puska txikitan zatituak, eransten badizkiogu, zeruko ateek ez dute gehiago guretzat misteriorik izango.

Pilar Iparragirre

Nola sortu zen zure azken lan hau?
Ezustean, beste liburu batzuk ez bezala. Liburua sortu zen Parisen nengoela, 2002. urtean eta beste gauza batzuk idazteko asmoa nuenean. Izan daiteke, garai hartan Erresistentzia garaiko nobela eta liburu asko zeudelako Parisen, eta beharbada horrek bere eragina izan zuen. Aldi berean Charles Chaplinen El Gran dictador berrestreinatu zen, eta nik uste dut bi horiek izan zirela txispa sortu zutenak liburua idazten hasteko.

Eta Hitler berpiztearena?
Literatura polita da bertsioak egiteko, izan ziren gauzak edo izan zitezkeenak idazteko. Musikan ere, askotan hobeak izaten dira bertsioak kantu originalak baino. Eta hemen ere halako bertsio bat dago, izan zitekeenaren bertsioa.

Berriro New York-en gertatzen da narrazioa...
Bai. Jada pentsatzen nuen idatzi nituela New Yorken idatzi beharreko guztiak, baina Parisera joan, eta azkenean Manhattaneko moilan bukatu dut. Ez dakit zergatik... Pertsonaiak, berriz, batzuk benetakoak dira: Hitler, Charles Chaplin... Baina nik ez dut egin hau hainbeste haiekiko interesak bideratuta. Gehiago da alegoria bat... Historia gehiago interesatzen zait pertsonajeak baino. Hitler bezalako pertsonajeak ilunak, bedurgarriak direlako. Gogoratzen Pinochet y sus tres generales filma? Pinochet eta horiek, beren seme-alaba eta emaztez inguraturik gauza arruntei buruz hitz egiten zuten dokumental bat zen. Oso gauza etxekoia, samurra, izango ez balira zirenak, ez? Diktadoreak-eta beldur asko ematen didate.

Pilar Iparragirre

Parisko txolarrea
Xabier Lizardi
Elkar
22 orrialde + CD
18 euro

Lizardik 1930ean idatzitakoa

Koldo Izagirreren koordinaziopean eginak izan dira Paper Hotsak argitaletxeak aurkezten dizkigun Parisko txolarrea liburua eta CDa. Xabier Lizardik 1930ean argitaratu zuen lana dute oinarri. Bere burua hain lotu eta arlote ikusi zuen olerkariak Paris erraldoian, gizon baino gehiago nahiago izan baitzuen txolarrearen gisako txori txiki mokomotza bilakatu. Jendea bizi den inguruak maite ditu txolarreak, izan ere, eta bost axola zaizkio hari gizon zoroek Bourse-n edo beste edonon sortzen dituzten iskanbilak, gosea asetzeko zerbait lortzen badu behintzat. Parisko txolarrea komiki formatoan plazaratu dute, eta bertan agertzen diren irudiak Juanba Berasategik eginak dira. CD-ROMa garatzeaz, berriz, Josu Landa arduratu da.

Euskerazaintza
Batzuen artean
Euskerazaintza
70 orrialde
borondatea

Euskeraren Erri Akademiak plazaratutako azken alea

Euskeraren Erri Akademiak kaleratzen duen Euskerazaintza aldizkariaren azkenengo zenbakian hiru gai jorratu dituzte nagusiki. Batetik, Luis Nuñezek euskara arkaikoaren gainean egindako azterketa hartu du OlazarÆtar Martinek bere Euskera zarra lanaren oinarri gisa. Bestetik, VIII. mendeko liburuetan aurkitutako euskal izenak aztertzen maisu dugun Bixente Latiegik, 850 urtean idatzitako lanean aurkitutakoak arretaz gogoan erabili ditu oraingoan, Aragoi Zarreko erri-izen euskaldunak lanean. Eta hirugarrenik, Euskaldunak eta Europaren batasuna gaia sakondu du AtutxaÆtar Paulek, ea zergatik sartu behar garen euskaldunak Europan bezalako galderei erantzuna emanaz.

Euskal Herria eta festa
Juan Antonio Urbeltz, Santiago Yaniz
Elkar
230 orrialde
45 euro

Urbeltzek gure jaiak hizpide

Santiago Yaniz argazkilari bilbotarraren irudi zoragarriak lagun dituela osatu du Juan Antonio Urbeltzek Euskal Herria eta festa. Bertan, gure jai herrikoien gainean eraikiak dauden hainbat mito desegiten saiatu da iruindarra, baina era konstruktiboan, ados ez dagoen guztiarekin behar den denboran eztabaidan aritu eta gero, ea beste zer edo zer hobea osatzea lortzen duten. Juan Antonio Urbeltzek berrogei urte luze daramatza euskal kultura tradizionala aztertzen, eta makina bat liburu argitaratuak ditu Euskal Herriko dantzak, alardeak, musika militarra, zortzikoa eta beste izanik hizpide. Horrez gain, Argia dantza taldeko zuzendaria da 1966tik, eta bertan ere egundoko lana egina du, dantzak, musika tresnak, doinuak, errimoak, trajeak eta abar aztertuz.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua Edizioak
122 orrialde
6 euro

Euskal Herria-ren ale berezia

Ale berezi honetan, gure haurrekin aise egin ditzakegun 50 mendi ibilbide polit eskaintzen dizkigute Euskal Herria aldizkarikoek. Tximeletak sabelean izenburua jarri diote, neska-mutikoek Euskal Herrian zehar, beren neurrien arabera ûalegia, daukaten adin eta indarren araberaû mendian gora abia daitezen espreski hautatu dituzten ibilbide horien guztien bildumari. Hari jarraiki, berdin joan gintezke tipi-tapa edo zaldiz Larraun jaiotzen den gune isilera, tren txikian edo urrasez-urrats Larrun mendiko gailurrera, patsada hartuz Irumugarrietara, txirrindaz edo oinez Bardeetako eremuan galtzera, Kakoetako ur-jauzian bainutxo bat hartzera, Ulian zehar ibilera eder bat ematera, edota Leitzaran, Agorregi, Urbia, Trebiñu edo Mendixureko edertasunak mirestera.

Ez naiz ilehoria. Eta zer?
Kirmen Uribe, Mikel Valverde
Elkar
32 orrialde
5,65 euro

Zortzi urtetik aurrerako neska-mutilentzat

Sahara aldetik etorritako neskato batek Euskal Herrian adiskidetasuna lortzeko egin behar duen borrokatxoaren berri ematen digu Kirmen Uriberen kontaketa samur honek. Amira da neskatoaren izena, eta ilehoria izan nahiko luke, zineko izarrak eta bere ikasgelako Amaiak bezala. Hori baino gehiago, ordea, eskolan daukan bakardadea uxatzea nahiko luke, ikaskideek ez baitiote kasu zipitzik egiten. Eta berak hainbeste maite duen izeba oso urruti dauka orain, itsasoaren beste aldean. Idatziz baino ezin du harekin hitz egin, eta hari gutunak idazten ematen ditu jolas orduak. Zorionez, izebak berehala erantzuten dio, eta gutun batean bakardade horretatik ateratzeko modua ere azalduko dio.

Tierra de estrellas
Ana Díez de Uré, Paco Roda
Altaffaylla
378 or./ 25 euro

Lizarraldeko emakumeen gida historikoa

Ana Díez de Uré eta Paco Rodaren artean osatutako lan honen izenburu zehatza Tierra de estrellas. Guía histórica de las mujeres de Tierra Estella da, eta Lizarraldeko 111 emakumeren biografiak azaltzen ditu. Iraganetik gaur egunerainoko bideari XI. mendean bizitutako oihal saltzaile erabat trebe batekin ekiten diote. Emakume hura alarguna zen eta Estrella zuen izena. Harenak bezala besteenak, paper zaharretatik atera daitezkeen datu biografiko guztiak eskaintzen dira liburu interesgarrian.

Belarraren ahoa
Harkaitz Cano
Alberdania
101 orrialde
11,50 euro

Mundua aldatuko luketen dortoken istorioa

Elkartasunaren beroa, ankerkeriak bere mende daukan mundu hotz gupidabanean. Horiexek dira Belarraren ahoan aurki daitezkeen bi funtsezko hariak, zinema mutuaren osagarriekin azalduak. Horretarako, Adolf Hitler berpiztea erabaki du Harkaitz Canok bere azkenengo idazlan honetan, eta bere odolgiro osoan antzeman ahal izango dugu diktadorea. Europa osoa garaitu eta gero, Manhattan hartzera doa bere gudarostearekin. Baita erraz lortu ere! Pena bakarra du orain, ontziaren sotoan torturaz txikiturik ekarri duen gizonaren ihesa. Izan ere, auskalo nola baina, ospa egitea lortu du The great dictator filman berari trufa egitera ausartu zen komedianteak. Hila ote, batzuek dioten bezala? Nahiago luke Hitlerek, baina ez da hala gertatu, 1886an New Yorkera Askatasunaren Anderea pusketan zekarren ontzian polizoi iritsitako batek lagundu diolako komedianteari. Meatzetan eta zama-lanetan aritua, erabat konkortuta dago orain aguretxoa, baina horrek ez du bere erabakian atzera egitera eramango. Harkaitz Canok narrazio eder honetan dioen bezala: Dortokek mundua aldatuko lukete, utziko bagenie.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan