Daniel Udalaitz / Onintza Irureta
Sidenor euskal enpresak 240.000 euroko indemnizazioa eman beharko dio 2001ean minbiziak hil zuen langilearen alargunari. Senarrak hamabi urte egin zituen gutxienez Basauriko faktorian, fundizioko lanean, amiantoarekin. Amiantoa, berez, ez da produkziorako baliatzen 1999az geroztik, baina ebazpen horrek milaka pertsonaren arazoa azaleratu du, zeren datozen urteetan heriotza eragingo dien produktuaren kaltea epaitu baitu. Amiantoak eragindako gaixotasuna eritasun laboral gisa aitortu gabe dagoenez, orain arteko kasu bakanetan, hala nola oraingo Sidenorrekoan, bide judizialetik lortu da indemnizazioren bat, amiantoa arnasteak erasandako langileen familientzat.
Orain dela bi urte, egoeraz jabetuta, Bartzelonako Portuan amiantoarekin lanean aritzeagatik hil ziren edo minbizia hartu zuten langileen 30 familia baino gehiagok bide judizialari heldu zioten. Zer kalte egokitu zitzaien jakinda, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Itsasoko Gizarte Institutua erakundeek eritasun laboral gisa aitortzea nahi zuten. Langile horiek guztiak Portuko Langileen Antolaketa ûOrganización de Trabajadores Portuarios, OTPû izeneko lantokiko enplegatuak ziren hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, eta ia mende erdi geroago hasi dira argitara ateratzen kasuak. Orain, biriketako minbiziak edo pleurak hondatu dituen hainbat euskal langilek, dagoeneko hil direnek nahiz eritasun horrekin bizi direnek ûberek edo beren familiartekoekû, eska dezakete eritasun horregatik kalte-ordaina. Horretarako, balio handiko abala da Sidenor euskal enpresan aitortu berri duten kasua.
Sidenorren kontrako epaia
Arlo sozialeko Bilboko 8. epaitegiak joan den urrian kondenatu zuen Sidenor enpresa T.A.G. langilearen alargunari 240.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera. Langilea 2001eko azaroaren 20an hil zen, mesotelioma gaizto baten ondorioz. Hamabi urtez behintzat (1969-1981) aritua zen amiantoarekin lanean, Basauriko faktoriako fundizioko lanetan. Epai judizialaren arabera, mesotelioma galgarria sortu zitzaion langileari gerora, hots, amiantoa arnasteak sortzen duen minbizia. Epaileak, medikuntzako dokumentazio egiaztatuan oin hartuta, argudiatzen du ezen "denbora luze eta jarraituan amiantoa inhalatu izana dela langilearen mesoteliomaren kausa bakarra", eta zehazten dutenez, denbora-bitarte hori aski da langilea eritzeko.
Ebazpen judizialak azpimarratu du, bestalde, enpresak ez zuela hartu airea ateratzeko eta garbitzeko neurri babesgarririk, eta era berean, ez zela egin aireko amianto-partikulen neurketarik, ezta langilearen osasun-azterketarik ere. Ondorioz, epaileak "negligentzia" ikusi du enpresaren jokabidean, eta horregatik erabaki du hura kondenatzea eta langilearen alargunak jarritako indemnizazio-eskea ontzat ematea.
Milioi anitzeko auziak Amerikako Estatu Batuetan
Estatu Batuetako 250 enpresa handik aurre egin behar izan die amiantoak erasandako langileen familiartekoen 8.000 demandei. Demanden zenbatekoa 200.000 milioi euro ingurukoa da eta beraz, Ipar Amerikako konpainiek kopuru horri erantzun beharko diote hurrengo hogei urteetan. Enpresa demandatu gehienek, oraingoz, ez dute indemnizazioak estaltzeko adina dotazio egin, eta izan ditzakete arazo ekonomiko finantzario larriak. Estatu Batuetan, amiantotik eratorritako abestosiaren eta pleurako eta biriketako minbiziaren auziak, ia beti, justiziako auzitegietan erabakitzen dira.
Material hilgarria
Espainiako Osasun Ministerioak Europako Batasuneko 1999ko direktiba baten transposizioa aplikatu du. Horrela, 2002. urtera heldu behar izan da Espainiako Estatuan, amiantoa, benetan substantzia toxikoa, erabat debekatzeko. Europako Batasuneko estatuen artean, Espainia izan da azkena amiantoaren erabilera debekatzen. Beraz, zementua, ehun ignifugoak eta beste produktu batzuk fabrikatzen zituztenek material erresistente horren ordezko zuntzak aurkitu behar izan dituzte.
Amiantoaren erabileraren debekua debeku, 50.000 langile hilko dira hurrengo hogeita hamar urteetan Espainiako Estatuan, material horrekin lan egin izanagatik. Sindikatuek behintzat kalkulu hori egin dute. Iturri bereko datuekin jarraituz, Europan 500.000 langile zenduko dira. Izan ere, amiantoak pilatutakoan erasotzen du eta gerora azaltzen dira ondorioak. Neurri txikiko zuntzak, adituek frakzio arnastekoak deitzen dutenak, biriketara heltzen dira eta albeoloetan metatzen. Horretatik, fibromak sortzen dira gerora. Abestosiak, bestalde, partikulak luzaroan arnastu dituzten pertsonak hartzen ditu errazen.
Arras substantzia toxikoa da amiantoa, eta hainbat eratako prozesu produktiboetan arnasten da. Esate baterako, fundizioetan, zementu-fabriketan, ehungintzakoetan eta beste hainbatetan. Amiantoak progresiboki erasaten dio pertsonari. Eritasunari abestosia edo biriketako fibrosia esaten zaio. Amiantoak eragindako biriketako fibrosia Ingalaterran aurkitu zen lehen aldiz. 1906. urtea zen. 1973. urtean, Ipar Amerikako industriak 80.000 tona amianto baliatzen zituen produkzioan. Handik 10 urtera, 27 milioi lagun baino gehiago zeuden eritasun horren atzaparretan erortzeko arriskuan.
Mikel Asurmendi
Rodriguez Zapatero Moncloara iritsi ondoren estatuko politikan garai berria hasi dela dio Patxi Lopezek: «Harreman ezin hobeagoa daukat Zapaterorekin, politikoki oso ondo ulertzen dugu elkar. Euskal ministroak izendatzea baino, Euskal Herrirako politika sendoa egitea eskatu diot. Begi-bistan da eskaera ondo ulertu duela. PPrekin zegoen politika oldarkor eta istilutsuetatik eszenatoki politiko berri batera iragan gaitezke Euskal Herrian. Jakina, akordioak lortuko ote diren beste kontu bat da». Bien bitartean, Patxi Lopez PSOEko Lurralde Kontseiluko presidentea izendatua izan da: «Kargua ûnire bitartezû euskal sozialismoa egiten ari den lanaren ezagutza da, gaineratiko beste sozialista espainolen konfiantza islatzen duena, estatu anitza eraikitzeko geure planteamenduak begi onez ikusten baitituzte. Euskal sozialismoa erreferentea izango da zeregin horretan». PSOEk iniziatiba politikoa hartzeaz gain, gizarte arazoen aurrean erantzukizun osoa hartu duela esan digu ere lehendakarigaiak.
Zein da ETAk Espainiako Konstituzio egunean ûeta inguruanû egin zituen ekintza armatuei buruzko balorazioa?
Arnaldo Otegik dioen arabera, ETAren ekintzek gatazkak indarrean segitzen duela baieztatzen dute. Nire ustez, erakusten dutena da ETAk euskal nahiz espainol gizarteari mehatxu egiten segitzen duela. Hitz bitan, ETAk min handia egiten segi dezake eta zuzenbidezko estatuak ezin du amore eman banda terrorista baten aurrean.
Batasunaren «Orain herria, orain bakea» agiriko gauza baikorrak azpimarratu zenituen. Nola ikusten duzu uneon?
Batasunaren ekarpena urrats bat izan zela esan nuen, baina ez zela erabateko urratsa. Proposamenak arrisku bat zeukala esan nuen halaber: hitz hutsean geratzea. Hau da, Batasunaren jokamoldetan aldaketarik ez den bitartean, ez dago deus berririk. Politika egin nahi duenak ûjakin badakiû indarkeriari babesa ematea eta politika egitea ez direla bateragarriak. Arnaldo Otegi eta Batasuna dira ETAren indarkeriatik aldentzeko behin betiko urratsa eman behar dutenak. Besterik ez.
Konstituzioaren asteburuan, Ekain Gerra presoaren ama ûbere semea ikustera zihoalaû auto istripuz hil zen. Zer iradokitzen dizu gertatuak?
Heriotza hori ûheriotza guztiak bezalaû oso lazgarria da niretzat. Presoen senideek bizi duten sufrimendu gehitua saihesten ahalegindu beharko genuke. Dena dela ere, espetxeko politika zuzenbideko estatuaren itun batean bilduta dago ûAskatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituneanû. Alegia, terrorismoaren aurkako borroka, politika hitzartua da. Ituna alda liteke, baldin eta testuingurua aldatuko balitz. ETAk, ordea, atentatuak egiten segitzen du, beraz logikoena presoak dauden bezala egotea da.
Odon Elorza, Gemma Zabaleta eta Denis Itxaso zure alderdikideek euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzearen aukera berrikustea eskatzen zuen agiri bat plazaratu zuten orain gutxi. Zer iritzi duzu agiri horretaz?
Hasteko, hainbat sektore artikulu hori alderdi sozialistaren aurka egiteko eta bere intereserako erabiltzen saiatu zen. Alderdikide horiek muturreko jarrerak dituztela eta gure alderdian ezberdintasun itzelak ditugula esan dute. Ez, ez eta ez. Artikulu horren herena Batasunak behin betiko urratsa eman dezan eskatzekoa zen. Batasunak urratsa emanez gero sistema demokratiko honek espetxeko politika ûeta beste politikak ere baiû berrikusi beharko lukeela esaten zuten. Baina, argi eta garbi ziotenez, lehenik Batasunak urratsa eman behar du.
Zu zeu Askatasunaren aledko eta Terrorismoaren aurkako Itunaren atarikoa aldatzearen alde agertu zara. Horrela al da?
Itun hori PPrekin egina dago, funtsean, Espainia goberna dezaketen bi alderdiak direlako PP eta PSOE. Itunak bi helburu ditu: bat, zuzenbideko estatuaren mekanismo guztiak erabiltzea terrorismoaren aurka egiteko, eta bi, terrorismoaren aurkako borrokan ari garen bitartean, legezko konfrontazio politikoa normaltasunez garatzea. Zoritxarrez, alderdi demokratikoek konfrontazioan segitzen dugu, alegia, itunak, neurri batean, konfrontazioa indartzen lagundu du. Itunak ûbere hitzetanû ETAren terrorismoa edo terrorismo islamista amaitu arte indarrean segitu behar du. Alabaina, itunaren atarikoan Lizarra-Garaziko Akordioa aipatzen da. Akordio hura izan bitartean ûedota Udalbiltza bezalako erakundeak izan bitarteanû alderdi nazionalistekin akordiorako tokirik ez zegoela esaten zen. Egun itunak aipatzen zituen baldintzak ez badira existitzen, itunak ez dauka gaurkotasunik.
Ituna berrikusi beharko litzatekeela esan nahi duzu?
Hori da Rodriguez Zapateroren konpromiso inportanteenetako bat. Presidentziarako inbestidura saioan kontsentsurik zabalena bilatzea eta batasun demokratikoa berreskuratzea nahi duela esan zuen. Terrorismoaren aurka borrokatzeko, denek aipatzen dute batasun demokratikoa, baina oso gutxi egin da berau lortzeko. Gobernuko presidentearen lehentasuna adostasun puntu hori lortzea da, edo saiatzea behintzat. Zapaterok gaia aztertu nahi du, baina Martxoaren 11ko Batzordea dela kausa atzeratzen ari zaio.
Ajuria Eneko Itunaren moduko bat ikusten al duzu epe ertainean?
Garai hura joan zen, orain beste egoera batean gaude. Ajuria Eneko Itunaren moduko bat lortuko ez balitz ere, gutxienez, terrorismoaren aurka borrokatzeko politika egokiena zein den diagnostikatu beharko genuke alderdi demokratiko guztien artean. Hori lortuz gero, ondo legoke Ajuria Eneko Itunak bigarren fase baterako aurreikusten zuen bidea berreskuratzea.
Bidez bide, badirudi PPk PSOEk baino argiago ikusten duela zer nahi duen.
PSOEren planteamenduak PPrenak bezain argiak dira. Guk badakigu zer nahi dugun, baina gure alderdia ez da lerro edota pentsamendu bakarrekoa. Gure alderdia PP baino askoz anitzagoa da. Gure helburua, gizartearen aniztasunetik, gainerako alderdiekin proiektu bateragarriak gauzatzea da.
ETAren su-etena iragarri daiteke epe ertainean?
Ez. Su-eten posibleen gainean burutapenak egitea ariketa hutsala da. ETAk, ia-ia beti, edo su-etena edo atentatu handiak planifikatu ohi ditu. Su-etenak ongi etorriak dira, hiltzeari uzten zaiolako. Artean, Zapaterok esan duenez, neurri politikoak hartu ahal izateko armek behin betiko isildu behar dute.
Hil honen amaieran Estatutu Berrirako Proposamena eztabaidatuko da Legebiltzarrean. Nola ikusten duzu proposamenaren garapena?
Finean eta funtsean, Ibarretxe Planak hirukoa osatzen duten alderdien arteko eztabaida ekarri du. Besterik ez. Alderdi horiek euren arteko ezberdintasunak bateratzen saiatu dira eta beren ikuspuntuak egokitu nahi izan dituzte. Arrakasta gutxirekin, dirudienez. Funts handiko puntuetan ez dute akordiorik lortu. Hala ere, Ibarretxe Planaren bozketa burutu nahi dute Legebiltzarrean. Sozialista Abertzaleak (SA) taldeak egingo duenaren menpe dago plana. SA taldeak ûegia esaten baduû errefusatuko du. Hiru urte daramatzate plan horretaz hizketan. Hirukoak, gobernatu beharrean, plan horren propaganda baino ez du egin. Jakina, orain ez zaie erraz egingo Legebiltzarrean planaren porrota onartzea eta berau zuritu ahal izatea. Euskaldunon borondatea Legebiltzarrean dagoela esaten dute eta Legebiltzarrak atzera botatzen badu, porrota egundokoa izango da.
Batasunak planari erabateko ezetza emango diolakoan zaude orduan.
Ez, inondik inora ez. Horretaz sekula ezin da ziur izan. Ikusi ditugu aurrekontuak onartzen edo hainbat kasutan abstenitzen.
Baina abstentzioak ez du balio.
Hori bera, kasu honetan ez du balio. Planak gehiengo osoa behar du. Planak Batasuneko baten baten botoa jaso lezake, ordea. Halako trikimailuak ikusi izan ditugu dagoeneko. Bistakoa da, EAJko batzuk plana SArekin negoziatu nahi dute. Ez naiz gerta daitekeenaz guztiz ziur, ez.
Metodologian ez zaudete ados Ibarretxe Planarekin. Puntu horretan Batasunarengandik hurbilagoak zarete, antza.
Batasunak aniztasunaz hitz egin duenean, alderdi guztiek erabaki behar dutela dio. Arnaldo Otegik esan ohi duenez, ezin da parte bakar baten ebazpena mahai gainean jarri. Ziur aski, funtsezko planteamenduetan oso bestelako jarrerak ditugu, jakina. Baina, baliteke, metodoaz ari garelarik, zerbaitetan bat egitea. Hau da, hasteko eta behin, alderdi guztiok mahai baten inguruan jartzeko beharrean gaude.
Lehendakaria izanez gero, mahai hori osatzea helburu omen duzu.
Lehendakari sozialista batekin elkarrizketarako hainbat mahai eratuko dugu. Harreman eta bizikidetasunerako marko politiko berria eraikiko dugu. Hainbat sindikatu eta enpresarirekin mintzatzen ari gara. Herri honetan elkarrizketaz berba egiten da, baina oso gutxi praktikatzen da. Eszenatoki guztiak ez dira landu oraindik.
Erabakitzeko esparruan al dago koska?
Erabakitzeko esparruaren puntua konplexua da. Batasunak lurraldetasuna aipatzen duelarik Euskal Herria bat dela dio, jakina. Baina, une honetan, EAE, Nafarroa eta Iparralde politikoki lurralde ezberdinetan artikulatuta daude. Eta gu ez gara nor, inor ezertara behartzeko, ezta erabakitzeko gaitasunik ez dugun esparru batean sartzeko.
Forma eta funtsa. EAEn erabakitzeko esparrua izaki, non daude diferentziak Ibarretxe Planarekiko?
Ibarretxe Planak aldarrikapen nazionalista muturrekoenak biltzen ditu, oso zalantzagarriak. Puntu batzuetan ados egon gaitezke, baina bestetan inola ez. Testuak euskaldun herritarrak eta euskal nazionalizatuak bereizten ditu. Ez du esaten eskubide ezberdinak izango dituztela, baina herritarrak bi termino horietan ezberdintzea kezkagarria da. Plana kausa nazionalistari atxikia dago. Ibarretxe Plana independentziarako bidea irekitzen du, arin edo motelago. Hori da nazionalisten helburu bakarra.
Demagun herri kontsulta burutzen dela?
Hori politika fikzioa egitea da. Ez da egingo. Lehenago hauteskundeak egingo dira. Artean Europako Erreferenduma egingo da, eta horregatik ûeta beste interesengatikû EAEko hauteskundeak bere garaian burutuko dira.
Zu honezkero kanpainan ari omen zara.
Kanpainan ari gara zeregin eta zer kontatu asko dugulako. Hara, legealdi osoa kanpainan ari den alderdi batek hori esatea, hauteskundetarako plana Ibarretxe Plana duelarik. Ibarretxek hori aurpegiratzea ez da parte onekoa.
Zein izango da hauteskundeetan zure proposamena, laburrean?
Gure proposamena ez da PP eta EAJri begira eginda izango. Guk euskal gizartearekin akordioa lortu nahi dugu. Horregatik gizarte mugimenduen sostengua behar dugula diogu, aldaketaren eta autogobernuaren aldeko hainbat plataformenekin akordioa lortu nahi dugu. PSE gizarte mugimenduekin hauteskunde koalizioa osatzeko prest dago. Alderdiaz haratago joan nahi dugu hauteskundeetan eta gobernua osatzerakoan.
«Aldaketa plataforma»z ari zara?
«Aldaketa» eta antzeko beste ekimenez. Plataforma hauekin hainbat balore eta ikuspuntu bateratu eta defenda ditzakegu.
«Aldaketa»k PSErentzako botoa eskatuko du orduan?
Ideiarik ez. «Aldaketa» bere proposamenak lantzen ari da beregain.
Ikusiko ote dugu Joseba Arregi Patxi Lopezen ukabila altxatzen kanpainan?
Ez dut uste (irriak).
Emilio Gebara bai, agian?
Baliteke. Emilio Gebara balio handiko pertsona da. Gernikako Estatutuaren aitatasuna onartzen zaio, eta berriz ere, bere konpromisoa berritu du gurekin. Lehen konpromisoa askatasunaren aldekoa eta mehatxuaren aurkakoa izan zen, konpromiso aurre politikoa, nolabait. Orain, alderdi sozialistarekin konpromisoa hartzean ûberak dioenezû, betidanik defendatu dituen ideiak defendatu ditzake. Pozik eta harro gaude.
Patxi Lopez «Pasqual Maragall euskalduna» izango ote da?
Lelo oso erabilia da, erabiliegia eta interesatua. PSE PSC balitz akordioa lortuko genuke bi minututan, esan ohi du EAJk. PPk, berriz, PSE PSC bezalakoa da. Bada ez. Gu PSE gara. Geure idiosinkrasia eta singulartasuna ditugu. Hala ere, PSEk Kataluniako ereduari segitzea nahi nuke. Hau da, alderdiak mahai baten inguruan jartzea, eta, atalez atal, Auzitegi Konstituzionalak inbaditu izan ote dituen eremuak aztertzea, gure eskumenak menpe har ditzaketen legeak aztertzea. Katalunian hori egiten ari da. Hemen zergatik ez? Nahi nuke, halaber, EAEko gobernuaren alternatiba gauzatzea, gobernu nazionalista baten alternatiba. Baina ea noiz eratzen den euskal ERC!