Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-12-26 -- 1972.zenb

Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)

Batasunak bere proposamena Anoetan aurkeztu baino lehenago ere, hasiak ziren hainbat alderdi eta eragile euren iritzia plazaratzen, artean proposamena zertan zetzan jakin gabe. Bitartean, zurrumurru mediatikoak ere abian zeuden, helburu argi batekin: muga oso altu ipintzea, ondoren ezker abertzaleak gutxienekoa ere betetzen ez zuelako ideia irudikatzeko.

Anoeta bete zen, Batasunak proposamena plazaratu zuen, eta kontrako iritziek jarraitu zuten. Baina, halako batean, iritzi kualifikatu batzuek zerbait interesgarri ikusi omen zuten ûPSE-EEren aldetikoa, deigarrienaû, eta kontrako jarreran zeudenak, nabarmenkiro, zerbait positiboa ekar lezakeen izpiren bat ere ikusten hasi ziren. Egun apur batzuetan kontrako eta aldeko iritziak batu ziren. Eta, ondoren, gidoira itzulita, alde negatiboak nabarmendu dira berriro. Ez, ordea, proposamenaren puntuetan oinarriturik, hasieran bezala, baizik eta zerbait orokorragoa, subjektiboagoa eta, batez ere, neurgaitzagoa den Batasunaren jarreran oinarriturik. Bitxia egiten da, egia esan, alderdi politikoak proposamen baten atzean omen dagoen zintzotasun maila neurtzen ibiltzea, baina Batasunaren kasuan, agerian geratu bide da bere zintzotasun falta.

Nire ustez, berriz, benetan agerian geratu da alderdiei darien logika politikoa, gaia edozein dela. Helburua, horrela, beti da kokapen egokia bilatzea, eta bestearena ahalik eta txartoen uztea. Aljeriako elkarrizketak fase erabakigarrian zeudenean, adibidez, EAJk bultzaturik, Bilbon deitu zen ETAren kontrako manifestaldiak zuzenean Aljerian ez zeuden eragileekin ere kontatu behar zela adierazi nahi zuen, bide batez ezker abertzaleari legitimitatea eta protagonismoa kendu nahi zitzaiola. Eta kasu honetan ere antzera jokatu da: garrantzitsua da Batasunaren proposamenaren balio potentziala gutxitzea, ezker abertzaleak ez dezan etekinik atera hortik.

Baina logika politiko horrek berdin balio du denentzat, eta ETAk ere erabili du, ipinitako bonben bidez. Proposamena Batasunak egin duenez, ETAk ez du zuzenean hitz egin, eta intoxikazioaren barruan denetako iruzkinak ikusteko aukera egon da: Anoetako proposamena su-etena aldarrikatzeko markoa zen; operatibitate ahalmenik ez duen erakunde baten amaiera islatzen zuen; ildo desberdinak daudela, eta abar. Horrela esan ahal bada, beraz, bonbak argigarriak izan dira, Batasunaren proposamena bere testuinguruan jartzen eta bere osotasunean ulertzen lagundu dutelako. Horren arabera, Batasunak plazaratu duen proposamena ez da aurretik adostu den ezer. Espainiak eta Frantziak Euskal Herriarekin duten gatazka politiko historikoa konpontzeko metodo bat eskaintzen du, aitzitik. Prozesu bat eskaintzen du, baina denen ekarpena onartzen duena.

Aipatzen ari garen logika politikoak, ostera, arriskuak ere baditu. Arriskua da kritika eta era guztietako oztopoen metaketak ekimena itotzea, eta ezer lortu baino lehenago, ekimena hondatzea. Etorkizunerako kokapen egokia bilatzen gabiltzala, aldaketarik ez da gertatzen, eta lehengoan geratzen da dena. Hala gertatu zen Aljerreko elkarrizketetan, manifestaldia lagun; hala Lizarra-Garazi proiektuan, kale borroka aitzakia hartuta; eta hala izan liteke orain, gaitzespena dela-eta.

Ondorioa beti izan da porrota, baina botere mailaren bat dutenentzat ez omen da hain lazgarria, orainaldiko etekina ziurtatzen baitie. Alde edo kontra egon, zintzotasuna gora-behera, beharrezkoa da Anoetako proposamena urrunera begiratu nahi duen proiektua dela azpimarratzea. Haatik, urrunera barik, Gasteizeko parlamentura begira daude askoren begiak. Logika politiko legitimoak ez dezala berriro denontzat onuragarri izango litzatekeen gatazka politikoaren konponbidea hondatu.

Jon Alonso


Paretak edotariko marrazkiz eta zirriborroz betetzea, edo hezurrak erabiliz iruditxoak egitea pertsonari bete-betean dagokiona da, jatea bezain ûjan ondoren izanik ereû. Harpe, leize eta kobazuloetako lekukotasunek argi erakusten dute. Ordea, gizartea antolatzeko bilakabide historikoaren azken emaitzak hain desitxuraturik utzi du espirituzko behar oinarrizko hori, non gaur da eguna jende gehiena ez baita gauza artearen beharra bere adierazpen antologikoekin lotzen duen harremana ezartzeko.

Berdin gertatzen da beste behar oinarrizko batzuekin, baina ez hainbeste; jende arrunta gauza ohi da detektatzeko Martin Berasategiren sukalde sofistikatua, azken finean, jateko dela, edo relax iragarkiek eskaintzen duten berezitasunen katalogoa sexu-grina asetzeko. Bada zerbait. Ordea, demagun, Oteizaren kubo metafisiko batzuen aurrean, eta egunotan Guggenheimeko erakusketan haririk gabeko telefonoetatik ematen dituzten azalpenak entzuten jarri ûeuskaraz, hori baiû, eta Gombrowiczek ûesaterakoû salatu zuen itxurakeriak baizik ez ditu ikusleak salbatzen "hau zer da"ka galdezka ibiltzetik. Eta hala ere, ikusleek ûikusleetako batzuek bederenû beren etxeetako egongelan ongi edo gaizki geratuko ziren galdetuko diote euren buruari. Baina dagoeneko ez dute usaindu ere egiten hori ere badela artearen funtzioetako bat ûhutsalena eta 'burgesena', nahi bada, baina beste funtzio bat, azken fineanû; hainbesterainokoa izaki artea merkantzia eta ikuskizun bihurtzeak eragindako hondamendia. Baita erosle izan ahal izatetik ere bazterturik, oinezko arruntoi eliztar txintxo moduan jokatzea baizik ez zaigu geratzen, artearen meza nagusian parte hartu nahi badugu. Ez dago gaizki pentsatua, alajaina, meridiano honetan elizak eduki duen arrakasta kontuan harturik. Eta, hala ere, ustez, bulkada bera edo bertsua sentitu behar izan zuten Ekaineko marrazkilariek eta Oteizak berak, beren zerak zertzean. Gaur egun, ordea, bulkada horren nolakoa eta zergatikoa azaldu nahi izatea bera negozioaren eta ikuskizunaren aurkakoa da, eta hortaz, arriskugarria ûoraindik ez dute jendea eramaten kartzelara horregatik; konformatzen dira ezjakin, hortera, afrusa, gustu txarreko edo basa zarela esanez deskalifikatzearekin; denbora kontua baizik ez da, bainaû. Ondorioa: merkantilismoa eta artea bateraezinak dira. Esadazue, orain, biak batera ezin eta, bietako zeinek ahal. Artistak omen diren horiek ere hobendunak dira, bai horixe. Oteiza bera lehena; bestela, ikus ezazue, aipatu erakusketako bideo batean, metaforaz, orri zuriaz eta poesiaz txorakeriak esaten.

Baina ongi pentsatzen jarrita, eta gauzei berezko tasunak kentzearen fenomenoa, desnaturalizazioa, alegia, orokorra dela ikusten da, edozein arlotan, edozein eremutan eragiten duela. Har dezagun, esaterako, aurten 75 urte egin dituen Txillardegiren kasua. Azken hogeita hamar urte hauetan Euskaltzaindian sartu direnen zerrenda ikusi, euren merituen zerrenda ikusi, eta batek ondorio bat baizik ezin dezake atera: Txillardegik egin duen bekatua, bekatu larrietan larriena, inondik ere, euskaraz jakitea, zekiela erakustea eta are euskara irakastea izan da. Horixe izan behar da, nonbait, norbaitek barkatzen ez diona. Barkatzen ez bide dioten bezala ûbaina hau beste egurreko ezpala da, jakinaû, borroka armatuaren edo marxismo-leninismoaren kritiko avant la lettre izatea, ezkerreko posizioetatik.

Gogorra izan behar da poesiari buruzko txorradak esaten bukatu behar izatea, edo zu jada bueltan zinen momentu zehatz hartan lagun pistoleroren bat izateko irrika edukiko zuen norbaiten txorradak, ordutik hogeita hamar urtera, entzun behar izatea.

Ez naiz inoren alde, ez kontra. Neure buruari buruz ari naiz, datorren negu amaigaberako psikologikoki prestatu nahiz. Carotonek arrazoi zuen: mondo dificile.

Hasier Etxeberria


Telmo zaharra.

Donostiako San Telmo Museoa mihian dabilkigu egunotan, izan ere gutxitan ikusi baita hainbesteko desastrerik gurean. Donostia den Paris txiki honen Alde Zaharraren hasieran kokatua, etxetzar dotore bezain maitea da San Telmo Museoa. Hiriburukoentzat hauxe izango da, seguru asko, museorik museoena. Ni bezalako probintziano batentzat ere, San Telmo izan da beti museoaren arketipoa umetatik. Enblematikoa esaten omen zaio horrelako leku bati. Nolanahi den, hogei urte edo gehiago daroa San Telmok noraezean.

Gaur bertan San Telmon bisitan sartzen bazara, desolazioak harrapatuko zaitu azaletik hasi eta hezurretaraino, bakar-bakarrik ibiliko baitzara hango harri ederren artean eta sarrerako bizpahiru zaindariak baizik ez dituzu ikusiko bisitaldian. Nolabait, bake santu familiarteko bat haustera iritsi zarela irudituko zaizu orduan, behar ez zenuen tokira etorria zarela eta pena emango dizu artatu zaituztenen solasaldia etetearen erantzule bakar zeu izateak.

Ondo pentsatuta, umiliagarria da museoak daukan aurrekontuaren %70a pertsonalaren soldatetan joaten dela jakitea, inork ez baitizu han erakutsiko biderik ez eta ere emango argirik. Non arraio ezkutatzen dira halako leku bati dagozkion zerbitzuak? Ibiliko zara harat-honat, leku zoragarri eta paregabean, kulunkatuko zaituzte Sert pintore zaharraren oihaltzarrek, eta irtengo zara zer ikusi duzun edo zer ikus daitekeen jakin ere egin gabe, hainbestekoa baita deskalabroa.

Museoaren jabetza, Donostiako Udalarena eta Madrilgo Ministerio de Culturarena ei da. Eta hor hasten dira arazoak, edo, nahiago bada, hor segitzen.

Duela hiru urte edo, Odon Elorza jauna buru zela, akordio batera iritsi zen Udala, Aldundia eta Jaurlaritzarekin: San Telmo aparkaturik geratuko zen beste proiektu estrategiko bati bidea zabaltzeko, Tabacalera, alegia, huraxe izango baita modernitatea eta etorkizuna behingoz Gipuzkoako hiriburuan eta Euskal Herrian ezarriko dituena.

Hala ba, San Telmoren jabetza eta kudeaketa Udalaren esku den honetan, Elorza jaunak patata politiko pozoituaren antzera darabil: udalak nahi duena egin behar da San Telmon, eta Diputazioko gaizkileak dira lagundu nahi ez dutenak. Ez da zozoa Elorza jauna, donostiarrentzat denik eta alkate onena dela erakusteko orduan eta, bide batez, to ostikoa jeltzaleei. Artista da Elorza hiriarentzat proiektu erraldoiak proposatzeko tenorean: egundoko handitzea eman nahi dio San Telmori, oraingo 5.700 metro karratuak 8.300 bihurtuz. Azaleraren %43a, ia erdia bikoiztuz, alegia. 16,7 milioi euroko aurrekontua. Zertarako, ordea?

Seguru asko berdin dio horrek, kontuak ez baitirudi museistikoa. Gehiago dago hemen propagandatik eta itxuratik, edukitik baino. Azken finean, nor arraio joaten da hemen serioski museoetara?

Etorri da, baina, Diputazioaren erantzuna. Xehetasunetan sartu gabe esateko, duela hiru urteko akordioa gogorarazi diote Elorzari eta euren asmoa adierazi: Gipuzkoako museo-sarean sartu eta San Telmo euren esku uztea eskatzen dute, proiekturako dirurik nahi baldin bada.

Txakurra eta katua bezala dabiltzan honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusi salomonikoek, batzorde batean konpon daitezela agindu diete bi aldeei. Jajai.

Eta esango duzu, irakurle, okerrago ibiltzerik ez dagoela. Ba, bai, okerrago ere ibil daiteke, ezen eta zorigaiztokoa bada erakundeak elkarren artean ostikoka ikustea, gauzak ez dira poxin bat ere konpontzen ados jartzen direnean ere.

Farias bat erretzen

Euskaraz oraindik izenik ez duen Tabacalera horretarako proiektua, lainotsua baino, ilunpekoa dela esan daiteke. Inork ez daki egiazki zer gertatuko den eta orain, urtebetean nazioarteko aditu baten soldata ordaindu eta gero, jakintsu talde bati eman diote proiektua definitzeko ahalmena. Soilik dakigu, artea, teknologia eta etorkizuneko ikusentzunezkoentzat izanen dela etxetzarra. Estrategikoa, beraz, Euskadigintzan. Eta bertan egongo direla Filmategia eta Ordoñez-Falcón argazki fundazioa. Ederki. Oso ederki.

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herria etorkizunerako uhinetan txanpatzeko asmo hori, aparta da, benetan, baina txori txiki batek gaizki esan ez badit, bi erakusketa daude oraintxe bertan proposatuta Tabacalerak bere ateak serioski zabaldu baino lehen muntatzeko. Bata da Gipuzkoako emakume langilearen historiari buruzkoa eta bestea Gaur artegintza taldeari eskainitakoa. Biak ala biak, beste edozein lekutan egiteko modukoak eta Tabacalerari, hasi aurretik, zaharkituaren itxura emateko modukoak. Eskizofrenikoa dirudi, gauza berritzaileak eta etorkizunekoak egin nahi eta kudeatzaileek hain irudimen kaskarra eta halako ausardia gabezia ikaragarria erakustea. Ikertzekoa litzateke zergatik antzeko arduradunak suertatzen zaizkion beti gure kulturgintza zoritxarrekoari. Seguru asko, kudeatzen dutenek, kultura etekin ekonomiko eta elektorala izan daitekeenean bakarrik maitatzen dakitelako.

Joxerra Aizpurua

Joan den mendearen bigarren erdian Euskal Herrian azpiegitura erraldoien eragina nabaritzen hasi ginen. Paisaien aldaketak garbi ikus daitezke orduko argazkiak oraingo egoerarekin alderatuz. Errepideak, aintzirak, ubideak, merkatal eremuak, kaiak dira, besteak beste, esandakoaren adibide. Azpiegitura erraldoi horiek egiteko erabilitako teknikak eta teknologiak asko aldatu dira urte hauetan eta gainera orain egiten diren azpiegiturek eta orain hamar urte egiten zirenek antzekotasun gutxi dute alderdi guztien ikuspegitik begiratuz.
Azpiegitura erraldoiekin batera gizakiaren kezka hazi da; kezka lurraren orografia eta atmosferaren aldaketa azkarrak eragin ditzakeen ondorioei buruzkoa eta kezka giza harremanen aldaketen ingurukoa. Lemoizko asmo nuklearren inguruan gertatutakoa, gertatzen ari ziren aldaketa bortitzen aurkako lehen errebeldia-zeinu erraldoia izan zen euskal gizartearen partetik. Lemoizen ez zen zentralik ezarri, baina paradoxikoa baldin bada ere, egun dugun elektrizitatearen zati handi bat zentral nuklearretatik dator "globalizazioaren" eraginez.
Lemoizkoa ez bezala Leitzarango autobidea egin zen, egin beharreko txikizioak asumitu baitzituen euskal gizarteak eta orduko herri mugimenduak eta administrazio publikoak ituna sinatzeko gai izan ziren.
Lemoiz eta Leitzaran aipatu baditut euskal errebeldiaren ikur gisa, beste errebeldia gune asko izan dira Euskal Herrian, mendiko pisten, ibaien kutsaduren, hainbat lantegiren ixurien, eta abarren inguruan. "Garapena"rekiko euskal gizartea gizarte sentibera da, beraz, zaila izango da azpiegitura erraldoi bat ezartzea aurretik ez badira gizarteko eragile gehienen ideiak sintonian jartzen. Badira une honetan gizarte eragileen arteko sintonia ez duten hainbat azpiegitura erraldoi; Itoiz, abiadura handiko trena, errauskailuak, Pasaiako kaia eta Zornotzako zentrala dira esandakoaren adibide.
Enpresetan ere, etenik gabe gertatzen dira eztabaidak proiektu berrien inguruan. Batzuk ausartagoak dira, besteak aldaketen aurrean zuhurtasuna adierazten dute, badira berrikuntzen artean beti beldur direnak; egoera hauetan hartzen diren erabakiak oso desberdinak dira, baina gero eta gehiago kontuan hartzen dira giza taldearen eboluzio bateratua ahalbidetzen dituen erabakiak.
Euskal gizarteak aldaketa erraldoien aurrean duen sentiberatasuna administrazio publikoan ere nabaritzen da, gero eta erabaki gehiago hartzen baitira ingurumena zaintzeko ildoan edota "garapen jasangarriaren" inguruan adibidez. Pentsatu nahi dut aipatu erabaki hauek euskal gizartearekin sintonian eta ez uneko estrategia politikoei buruz hartzen direla, hala ere, azken urte hauetan, egin nahi diren azpiegitura erraldoien inguruan ikusi ditudan hainbat jarrerak harritu nau. Lemoiz eraiki nahi zeneko argudioak etorri zaizkit burura; teknikoki ez dago arriskurik, laborategietako frogek garbi adierazten dute sistemek akatsik ez dutela, euskal gizarteak atzean geratzeko arriskua du, eta abar, maiz entzun ditut azken aldi honetan. Teknikoki orain hogeita bost urte baino hobeto gaude eta laborategietan gauzak ziurtasun handiagoz adieraz daitezke, baina euskal gizartearentzat hori kezka bat baino ez da, kezka nagusiek orain hogeita bost urtekoeok segitzen dute izaten, hau da, ez al gara ari aldaketa larriegiak eragiten Lurrean eta gizartean?
Zientzia eta teknika ezin ditugu erabili gizakiari dagozkion erabakiak ordezkatzeko, erabaki horiek osatzeko baizik. Gainera ez dugu ahaztu behar aurrerapen zientifikoen azpian beti dagoela ziurgabetasunaren printzipioa, hau da, "lortutako teknologia honek ezagunak diren egoera hauetarako balio du". Gizartea egoera horiek baino zerbait konplexuagoa da eta konplexutasun horri aurre egiteko bide bakarra, malgutasuna, negoziazioa eta solidaritatea dira.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan