Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-12-19 -- 1971.zenb

Durangaldearen zaindari bidea eginez

Marijo Deogracias

Arrazola, 1962an sortu zen Atxondo udalerriko auzoa dugu. Eta handik ekingo diogu bideari. Arrazolarekin batera, Apatamonasterio eta Axpe auzoek osatzen dute Atxondo. Gure irteera lekua Apatamonasterio izango da, baina Arrazolaraino ere joan gaitezke autoz eta han hartu sasoi bateko trenbidea. Arrazola auzo txikia da, baina inguru paregabean egoteak, handitasuna ematen dio ibar txiki horri. Handik igarotzen zen XIX. mende hasiera arte meatzetatik zetorren trena. Burdin eta kobre meatzeak ziren eta trenak Durangorako bidea egiten zuen. Gaur egun ere, egin daiteke bidea, baina oinez egiteko egokituta dago. Trena geratu egin zen egun batez, eta harrezkero, Durangotik trena pasatzen den arren, ez du Atxondora bidaiarik egiten, Ermurantz jotzen du gaur egungo zerbitzuak.

Hala ere, sasoi bateko meatze horietaraino iristen denez trenbide zaharra, geuk ere, eskualde horretako ibiltari askok legez, bide gorriari ekin diogu. Gorria esateko modu bat baino ez da kasu honetan; izan ere, hartxintxar bidea da eta debekatuta dago bizikletaz igarotzea. Zearreta baserriaren ondoan oraindik ere ikusten dira trenbidearen trabesa zaharrak.

Triunfante meatzera iristen den bideraino egingo dugu oinez.

Trenbidea estua bazen, bere lekuan dagoen estrata nahiko zabala da. Atseden lekuak ditu eta baita umeentzako olgeta lekuak ere. Arrazola ibaiaren ondoan dago aisialdi guneetariko bat; errepidea gurutzatu beharra dagoen lekutik oso gertu. Handik aurrera Martzana auzora iritsiko gara. Martzanan sasoi batean minerala airez kargatzeko tokia egon zen, muinoetan meatzeak egon zirelako.

Arrazola ibaia zeharkatu egingo dugu Santiago ermita bisitatzeko. Handik ateratzen dira, Urrutia baserri ondoko iturritik, ingurua ezagutzeko beste ibilbideetariko batzuk.

Aurrerago Ibarra dorrea eta XVIII. mendeko errotaren ondotik igaro eta Ollargane baserrira ailegatuko gara. Haren fatxadan, Pedro de Albalalde izena eta 1519 urtea daude agerian: Bizkaian, idatzirik dagoen datarik zaharrena dela diote.

Arrazolara bisitan

Topera bidean, oraindik Arrazola auzora iritsi behar dugu. Ez gara auzo-auzotik pasatuko, baina bai errepide gainetik doan zubi batetik eta handik Urrutia baserria ikusiko dugu.

Behin zubia igarota, Arrazola auzo paretik igaroko gara. Astia izanez gero, bertara hurbildu eta Anbotopeko auzo zoragarri hau gertu-gertutik ikusiko dugu. Bere eliza, txoko eta baserriak Erdi Aroko herri txikitxoen itxura ematen diote. Anbotok gerizpe ederra egiten die udan; neguan, berriz, hezetasuna nabaria da paraje honetan. Hala ere, harria behean eta harria goian ikusteko aukera izango dugu.

Zubirik zubi, ermitarik ermita

Aurreko zubiaren antzeko beste bat topatuko dugu San Roke ermitara joateko. Hori baino lehen errepidea zeharkatu behar izan dugu eta Olazar baserritik gertu Arrazola ibaiaren gainetik doan zubia da San Rokera garamatzana. Ermitatik gora begiratu eta Anbotoko berezko begia ikusiko dugu: Bentanako begia deitzen dena.

Parean, errekaren beste aldean, Makatzeta baserri ikusgarria dago. lbarraren barruraino doan ibilbidea oso lasaia da. Estrataren ondoan dagoen seinalean irakurri ahal izango dugu meatzera iristeko bidea nondik den. Han irakurtzen denez, kasiterita eta blenda ateratzen ziren meatzetik eta 1920ra arte egon zen zabalik. Meatzetako sarrerak ikusi gura izanez gero, seinaleztatutako bidetik joan daiteke trokaren amaieraraino, baina bidea ez da erraz ikusten, egurretan doazen kamioiak handik igarotzen dira eta. Hala ere, belartzarren artean egon badaude sasoi bateko meatzari herriaren aztarnak.

Topetik, Errotabarritik bertatik Elorriora bidea ateratzen da. 50 minutu daudela dioen bide seinalea ikusiko dugu bertan, bai eta Ipiztekorriagara doan bidea ere; ordu eta erdiko bidea da. Apatamonasteriorako buelta bide beretik egiten da.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan