Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-12-12 -- 1970.zenb

Txomin Badiola: «Ikusleak jarrera aktiboa hartu behar du, bestela ez dago obrarik»

Nere Lujanbio

2002an Bilbon eta Bartzelonan zure lanaren inguruko atzera begirako erakusketak aurkeztu ziren. Aro baten amaiera markatu zuten erakusketa horiek?

Bai, dudarik gabe. Hamabost urtetako lana biltzeak barne gogoeta bat dakar berekin, egiten aritu zaren horretaz eta baita etorkizunean egin nahi duzunaz ere. Dena den, ondoren ez zen erabateko geldialdi bat etorri, urtetan zehar lanean aritzeak inertzia batean murgiltzen zaitu, eta atzera begirako horietatik eta inertzia horretatik beste zenbait erakusketa ere atera dira.

Hamabost urte horietan zein izan da zure lanaren funtsa?
Betidanik izan dudan aspirazio bat betetzea, hau da, nire bizitzako alor guztiak elkartzen dituen lan bat sortzea. Gai zehatz bati buruzko lan bat egin gabe, planteamendu artistikoak, arazo sozialak, nire bizitza pribatuari dagozkionak... normalean bazterrean geratzen diren gai horiek guztiak elkartu nahi nituen. Atzera begirakoetan ikus zitekeena helburu horretara iristeko urtetan egindako ahaleginaren emaitza izan zen.

1988an Londresa joan zinen bizitzera eta 1990ean New Yorkera. Han bizi izan zinen 1998. urtera arte. Alde egin behar horrek izan al zuen loturarik "euskal artista" izatetik urruntzeko beharrarekin?
Faktore askok eragin zuten. 1987an, Madrilen, oso arrakastatsua izan zen erakusketa bat jarri nuen eta 1988an Oteizaren gaineko erakusketa antologikoa zabaldu zen. Nire ibilbide artistikoko une garai batean nengoen. 1988rako, bestalde, EHUko Arte Ederretako fakultateko nire lanaz nazkaturik nengoen, nabarmena baitzen, zenbait proiektutan lanean aritu ostean, denbora galtze bat besterik ez zela. Eta gainera, 1988an hemen bizi genuen egoera ere erabat etsigarria zen, maila guztietan. Faktore hauek guztiak elkartu ziren eta argi ikusi nuen beste gauza batzuk probatu behar nituela. Lehenik Londresa joan nintzen eta hango denboraldia bukatzean, New York izan zen nire aukera.

Artista bezala lantzen duzun kontzeptuetako bat bukatu gabeko obrarena da. Zein izango litzateke ikuslearen rola zure lanen aurrean?
Ikusleak jarrera aktiboa hartu behar du, bestela ez dago obrarik. Artelana elementu ezberdinen artean eta konplexutasun handi baten erdian jartzen den zerbait da. Artelana, egileak bere buruarekin, egileak ikuslearekin, ikusleak bere buruarekin, ikusleak gizartearekin... duten harremanean bitartekari lana jokatzeko ezartzen den tresna komunikatiboa da. Harreman horiek guztiak abiarazi ditzakeen korapiloa. Horixe da artelanaz nik dudan ideia.

Hori lortzeko, ordea, artelana ezin da ikuslearen kontsumorako elementu bat bezala aurkeztu, ikuslearen parte-hartzea bultzatu behar du. Artelanak bizirik iraun behar du, ikusleen interpretazio anitzek elikatu eta aberastu dezaten.

Artearen definizioa geroz eta konplexuagoa eta zabalagoa den arren, museo askok artearen ikuspegi tradizionala lantzen dute beren aretoetan. Ez al gaude kontraesan baten aurrean?
Bi mugimendu ezberdin dira, eta bietan jarri beharko genuke arreta. Batek artearen kontzeptu barreiatuena eta zabalena jorratzen du eta bestea aldiz, artea funtsean gauza bera izanarazten duen horretaz arduratzen da. Pertsona bat artista izatera bultzatzen duen behar horretan badago mendeetan zehar mantendu den zerbait. Nahiz eta zentzu askotan aldatu, behar hori bera izan da garai ezberdinetan. Kontuan hartu beharrekoa ez da soilik artearen barreiatzea eta nahasketa, arteak berezko duen horrek ere merezi du arreta. Artearen esentzia mendeetan zehar sortutako artelanek komunean duten horretan egongo litzateke.

Zure azken proiektua, Oteizaren erakusketa, zabalik egongo da urtarrilaren 23a arte. Zein proiektu dituzu etorkizun hurbilean?
Orain hurrengo erakusketak prestatu behar ditugu Madrilen eta New Yorken. Beraz, Oteizaren afera oraindik ez da amaitu. Dena den, honekin bukatzeko eta beste kontu batzuekin hasteko irrikaz nago. Duela gutxi Tel Aviven erakusketa bat zabaldu dut aurrez erakutsitako zenbait lanekin eta orain lan berrietan murgiltzeko gogoz nago. Nire lanari erabateko dedikazioa eskaintzen diot eta bi lan dauzkadanean ez naiz ongi konpontzen. Nahiago dut gauza batzuk alde batera utzi eta gero, denboraz, berriz ere haiengan arreta jartzea. Halere, Oteizaren kontuak oraindik lan dezente emango digu, erakusketa jarri behar dugun aretoetako espazioak oso ezberdinak baitira eta beraz, momentuz behintzat horrekin jarraitu beharko dugu.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan