11'77 ordu. Horixe da, batez beste, emakume profesionalak egunero lanean ematen duen denbora Espainiako Estatuan 2000. urtean egindako azterketaren arabera. Kopuru horretatik 7,26 ordu soldatapeko postuan egiten ditu eta 4,54 ordu etxeko lanetan. Kopuru horretan, gainera, ez da sartzen familiaren zainketan emandako denbora. 2002an EAEn, Katalunian eta Andaluzian eginiko beste azterketa batek dioenez, jarduera bikoitz hau duten emakumeen osasun egoerak okerrera egiten du familiaren beharrek gora egiten dutenean, haurrak edo beste senitartekoak zaindu behar direnean, alegia; estresak eragindako gaixotasunak hirukoiztu egiten dira 35-55 urte arteko emakumeetan, herritar guztien batez bestekoarekin alderatuta. Eta gure jaiotze tasa mundu mailan txikienetakoa da. Arazook gizarte osoan eragiten dute, baina oraindik erantzukizunaren pisua emakumeengan dago.
Legeen garapena
Lantoki barruko eta kanpoko lana uztartzeko arazoek neurri eta azpiegituretan dute irtenbidea eta horiek legeen garapenetik etorri behar dute. Egun, hainbat neurri martxan dira, eta haurrak dituzten emakumeek, eszedentziarako eta lan orduen murrizketarako aukera dute, teorian bederen. Baina lan orduak murrizteak diru sarrera murriztea dakar berekin. Eta lehenago garbi geratu da emakumeek gizonek baino soldata txikiagoak eta kontratu okerragoak dituztela. Ondorioz, emakume askok ez du laguntza horietara jotzen euren karrera profesionalean eta diru sarreretan eragina duelako. Eurostatek berriki eginiko inkestaren arabera, lan munduan sartu diren emakumeen %39ak ez du nahiko lukeen haur kopururik eta horren arrazoi nagusiak lana bera (%51,6) eta lanari lotuta dagoen egoera ekonomikoa (%48,4) dira. %49ak lehen haurra izateko garaia propio atzeratu du eta %47ak ama izateak karrera profesionalean eragina duela onartzen du. Lan orduen murrizketara joko ote luketen galdetuta, %55ak ezezkoa dio, eta %30ak soilik onartuko luke. Ezezkoaren arrazoi nagusiak: gutxiago irabaztea (%68,5) eta promozio aukerak galtzea (%27,5). Orain arteko politikek, beraz, ez dituzte beharrak ase eta aurreikusten direnek ere kritikak jaso dituzte.
Berdintasun legea
Iragan irailean onartu zuen Lakuako Gobernuak EAErako Berdintasun Legearen proiektua eta berehala iritsi ziren emakume taldeen eta sindikatuen kritikak. Batetik, proiektua onartu aurretik gizarte eztabaida bultzatu ez izana salatu zuten. Bestetik, intentziora eta aholkuetara mugatzea leporatzen diote proiektuari. Bertan ez da eduki eta eskubide zehatzetaz hitz egiten, ez da neurririk finkatzen.
ELA sindikatuak laneko eta familiako bizitza bateratzeko proposamena mahaigaineratu du, lau puntutan zehaztua: lehenik, lanaldi murriztuek eta adin txikiko eta zainketa behar duten senideak artatzeko eszedentziek ez dute babes sozialetan kalterik eragin behar eta neurri osoagoak behar dira zentzu horretan; bigarrenik, lanaldia 35 ordutara murriztu behar da; hirugarren puntuan etxez etxeko zerbitzuak, 0tik 3 urtera bitarteko haurtzaindegien sare publikoa, egoitza berriak eta abar eskatzen dira, hots, herri-administrazioek pertsona guztiek laguntzarako duten eskubidea aintzat hartzea; eta azkenik, esparru pribatuko zeregin guztietan, ardurak gizon eta emakumeen artean partekatzea beharrezkoa ikusten du ELAk.
Gizonen aldaketa
Azken puntu horrek garbi uzten du, erakundeek neurri zehatzak hartzea ezinbestekoa izanda ere, gizonezkoek euren mentalitatea aldatu behar dutela emakumea lan esparruan berdintasun osoz aritu dadin. Gaur egun, ordainsaririk gabeko lan ordu murrizketa edo eszedentzia eskatzen dutenen herritarren artean %5 besterik ez dira gizonezkoak. Lanpostutik kanpoko lanetan, gizonezkoen kolaborazioa oso pixkanaka hazten da eta, gainera, kolaborazio kontzeptua baztertu eta partekatze orekatura jo beharko litzateke. Emakumea tradizionalki gizonezkoen esparrua izan den mundu profesionalean sartu da, oztopoak oztopo. Tradizionalki emakumearen esparrua osatu duten gainerako lanetarako jauzia egitea egokitzen zaio orain gizonezkoari.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.