Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-12-12 -- 1970.zenb

Jakoba Errekondo


Etika eta estetikaz, baratzaz alegia, gaurkoa. Etxe berriko balkoian loreak bizilagun jartzeak bere egunerokoari erantsi dion bizipoza areagotu nahian, etxe ostean ortua edo baratza jarri nahi du lagun batek. Landareekin gozamen estetikoa eta era guztietako kidetasunak bizitzetik, landareak sortu, zaindu, maitatu, gobernatu, gizendu, hil eta fagozitatzerako urratsa jakinaren gainean eman nahi du. Erabaki laudagarria, era guztietako pantailen gezurrean oinarritutako estetika eta funtsa euro xentimoan duen janarien etika nagusi diren garaiotan, miresgarria.

Etika gure kulturan jaso eta adierazten dugu. Kantauri itsasora doan urak bustitzen gaituen euskaldunok ez dugu "lorategia" eta "paisaia" bezalako hitzik ezagutu. Dena baratza da: etxe bueltan lantzen diren sendabelarrak, loreak, eltzerako espeziak, fruta arbolak... Zikulu-saltsa ederra da bai, gure baratza. Erromatarrek ekarritako fruituak, arabiarren barazkiak, urrutiko kolonietako loreak... denak daude etika honetan.

Estetika ere bada baratza. Sormen leku paregabea. Kolore eta formen mihisea lurra: errenkak, multzoak, pardak, hagak, hesitxoak, konpostgunea, simaur pila, usainak, loreak, txoriak, tximeletak... Egunetik egunera aldatuz doan artelan bat da, efimeroa. Baratzain bakoitzaren aitzurrak bezala euriak, haize boladak, izotzak berera moldatzen duten espazio tridimentsionala.

Pinutzar bat eraitsia omen dute baratza izango den lagunaren sailean. Haren ipurdia bertan uzteko esan nion, zainen artean lore batzuk landatu eta bere lanaren eguneroko gozamenerako panoramika ederra izango duela bertan eseriz gero... Artistaren etika eta estetikaz gozatzeko...

Jabier Agirre


Gipuzkoa da mundu osoan gaixotasun neuromuskularrik gehienetarikoa duena. Eta erasandakoen portzentaje altuenak Urola-Kosta eta Deba Beherea eskualdetakoak dira, 67 kasu milioi biztanleko hain zuzen ere -beste lekuetan milioi biztanleko hamar kasu diren bitartean-. Euskadiko Gaixo Neuromuskularren Elkarteen Federazioko lehendakariordeak, Antonio Alvarezek, esan zuen Euskal Herrian 4.000 gaixo inguru daudela, eta aipatutako bailaretan hainbeste kasu izatearen arrazoia gizarte "itxi eta homogeneoa" izanik, mendetan zehar familien artean izandako gurutzatzeak direla.

Ehun gaixotasun neuromuskular baino gehiago daude. Gehienak hereditarioak dira, eta beren ezaugarria da muskuluen funtzionamendu eskasa. Sintomarik nabarmenena ahultasun muskularra da, eta horrexegatik eguneroko keinu eta jarduerek ahalegin handia eskatzen diote erasandako gaixoari. Gaitz hauek ezezagunak dira gizartearentzat, Javier Conde atleta paralinpiko eta munduko markarik onenaren jabearen kasu bakanak salbu.

Zerk sortzen ditu gaitz horiek? ADNaren katean gene bat edo gehiago akastunak izaten dira, eta horrek eragiten ditu hainbat gaixotasun; normalean ebolutiboak izaten dira, ez daukate sendabiderik eta diagnostikoa bizitzaren edozein unetan egin daiteke.

Erasandako muskuluaren arabera, gaixoak barre egiteko zailtasunak eduki ditzake, betazalak eroriak, ibiltzeko eta lekuz aldatzeko oztopoak, noiznahi erori, deformazioak, bihotzeko arritmiak, edo ahoratu, arnastu nahiz irensteko zailtasunak, beste hainbat sintomaren artean.

Gaitz horiek ez dira sendatzen, baina sintomak asko arindu daitezke errehabilitazioarekin. Horregatik, erasandako gaixoek fisioterapia eta errehabilitazioa indartzea eskatzen dute behin eta berriz, eta Osakidetzak eskaintzen dituen ohiko zerbitzuen barruan sartzea.

Joxerra Aizpurua


Sugandilek erakutsitakoa

Diferentzia handiak izaten dira espezie bereko bizidunen artean. Eta teoria darwindarraren arabera, indartsuenek bakarrik izaten dute aukera irauteko eta ugaltzeko. Hala ere, CNRSko ikerlari-talde batek, François Le Galliard buru duela, Nature aldizkarian argitaratutakoaren arabera, ingurumenak uste baino eragin handiagoa du hautapen naturalaren prozesuan eta hortaz, espezie bateko izaki indartsuenak ez direnek irauteko aukera bera dutela adierazi dute.

Hau frogatzeko hainbat lasterketa antolatu dituzte 400 sugandila gazterekin. Arrautzetatik atera bezain laster, sugandilak lasterka hasten dira pista borobilean erabat akitu arte. Proba amaitzean biologoek hiru multzotan banatu zituzten korrikalariak: txapeldunak, gutxienez 500 segundotan lasterka aritu zirenak; tartekoak -gehienak-, 350 segundo inguru lasterka aritu zirenak; eta motelenak -16 izan ziren-, 50 segundo inguru lasterka aritu zirenak.

Motel guztiak lasterketaren ondoko hilabetean hil ziren, baina tarteko eta txapeldunen bizi-iraupena ere, antzekoa izan zen. Beraz, badirudi epe luzera indar fisikoaren eragina txikiagotu egiten dela iraupenari dagokionez.

Gerora, tarteko sugandila batzuk 500 segundoz korritzea lortu zuten, inguruko baldintzak aldatu ondoren, batez ere janaria ugaritzean.

Beraz, urtebetean, hain indartsuak ez diren sugandilek irautea lortzen dute inguruko faktoreak aldekoak badira eta horrela dibertsitate genetikoa aberasten da.


Ura Mongoliako dunen misterioaren atzean

Mongoliako Badain Jaran basamortuan dauden harea-dunek -batzuk 500 metrokoak-, ez dute haizearen eraginik jasaten, hau da, haize lehor eta bortitzak jotzen badu ere, ez ditu dunak bere lekutik higitzen. Nola liteke?

Ling Li-k zuzendutako ikerlari-taldeak hezetasun handia topatu du dunen gailurretik 20 zentimetro sakonean eta hauxe izan daiteke arrazoia. Ikerlari-taldeak ura aurkitu du metro bat sakoneko putzua egin ondoren. Ur honen jatorria ere aztertu dute: 500 kilometro hego-mendebaldera dagoen Mont Quilian-eko elurren urak lurrazpitik ailegatzen dira dunetara. Baina badago ados ez dagoenik ere, Mike Edmunds ikerlari britainiarrak dio euri-urak direla basamortukoak eta ez elur-urak.

Uraren jatorria ezagutzea oso garrantzitsua da, egunen batean basamortuan ustiapen ekonomikoa planteatzen bada. Horregatik, ikertzen ari dira une honetan eta laster berriren bat kontatzeko aukera izango dugula espero dugu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan