Katixa Garate
Gospel kontzertuak nonahi
Urte amaiera heltzearekin bat gurean ohiko ez den gospelaz gozatzeko aukera ugari izaten da eta aurten ere halaxe izango da. Abenduaren 17tik 19ra, gospel kontzertuak izango dira Donostian, seigarren urtez. Kursaalean The Campbell Brothers, The New Orleans Gospel Chorale taldeak eta okasiorako propio Gipuzkoako hainbat kantarik -ehundik gora- Black Heritage Singers taldearekin batera osatutako abesbatza izango dira taula gainean. Bestalde, The Georgia Mass Choir abesbatza hilaren 13an izango da Gasteizen eta ondoren Barakaldon eta Iruñean eskainiko ditu kontzertuak. 21ean Ambassador Chorale arituko da zuzenean Bilboko Euskalduna jauregian.
Komiki Azoka Getxon
Abenduaren 10etik 12ra, komikiaren erakuslehio bihurtuko da Areetako geltokiko plaza. Hirugarren edizio honetan, komikiarekin harremana duten argitaletxe, denda nahiz fanzineek hirurogei stand jarriko dituzte. Ekitaldi ugari izango da aukeran: Made in Japan erakusketa eta Star Warsi eta manga komikiari eskainitakoak; komikiari buruzko filmak... Gainera, egun horietarako komiki eskaintza berezia atondu dute inguruko liburutegiek.
Bi kide berri ditu Oteiza Fundazioak
Patronatuko kideak dira Fernando Redón arkitektoa eta Concepción Aranguren Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Aurrekontu Politikako zuzendari nagusia joan den astetik. Izendapen horiek eta Alberto Catalanen aurkako kereila aurkeztea erabaki zituen patronatuak joan den astean, Jaione Apalategi, Xabier Morras, Joxe Angel Irigarai eta Juan Antonio Urbeltzen kontrako botoekin. Horrez gain, Pedro Manterolak aurkeztutako museo proiektua onartu zuen patronatuak aho batez. Hala, aurrerantzean bi erakusketa mota antolatuko ditu museoak: Oteizaren bildumarekin osatuko diren erakusketa nagusiak eta artistaren lanaren beste arloak jorratuko dituztenak (lana, ibilbidea, biografia...). Halaber, Oteizaren lan poetikoaren edizio kritikoa egingo da eta 2007-8an Jorge Oteiza Nazioarteko Kongresua.
Euskal bideoklipen bilduma bat izeneko DVDa plazaratu du Entzun! musika aldizkariak. Hemezortzi talderen ikus-entzunezko piezak bildu dituzte (Ruper Ordorika, Señor No, Kuraia, Tanta + Xabier Erkizia, Inoren Ero Ni...), euskal taldeen lanak geroz eta kalitate handiagokoak direla nabarmentzeko eta bideoklipak publikoari helarazteko aukera urriak ugaltzeko. DVDa eskuratzen duenak aldizkariaren urte osoko harpidetza erdietsiko du.
Guggenheim museoa Espainiako garestiena da Consumer aldizkariak eginiko azterketa baten arabera. Espainiako Estatuko 20 museo aztertu ditu eta batez besteko sarrera 3,40 eurokoa da; 12 euro balio ditu Guggenheimekoak. Bestalde, aldizkariak dioenez, bost urtetan %17 jaitsi da bisitari kopurua Bilboko Guggenheim museoan eta Bilboko Arte Eder museoak bisitariak galdu ditu azken bosturtekoan.
Artista Berrien I. Jaialdia antolatu du abenduaren 18rako Donostian orain gutxi sortu den Aktiba Donostia aldizkariak. Musikari, dantzari, idazle, ipuin kontalari nahiz antzezleak bildu nahi dituzte arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Boulevardeko kioskoan. Jaialdiak ez du lehiaketa izaerarik eta parte hartu nahi duenak aktibadonostia@yahoo.es helbidera mezu bat bidaltzea besterik ez du.
Katixa Garate
Angel Martinez Salazar historialariak euskal bidaiarien esperientziak bildu ditu Euskal bidaiarien memoria. Esplorazioa eta abentura liburuan (Elea).
Maialen Errotabeherek bakarkako estreinako diskoa karrikaratu du Agorila diskoetxearekin: Nere mundua. Hamabost abesti grabatu ditu -euskaraz gehienak- eta Aitor Sarasua -letretan- eta Anje Duhalde -kantuan- izan ditu lagun.
Joxean Aizpuru zeramikagileak erakusketa paratu du Bartzelonako Crisolet galerian. Zeramika eta burdinaz egindako eskulturak abenduaren 24a bitarte izango dira ikusgai.
ZTP Banaketak Xomorroak haurrentzako antzezlan musikala osatu du. Anartz Zuazuak zuzendu du eta Fermin Muguruzak konposatu du musika.
Maider Ansa aranoarra nagusitu da Nafarroako Kantu Txapelketan. Iaz ere irabazle suertatu zen eta bera izan da aurtengo Euskal Herriko Kantu Txapelketako garailea.
Katixa Garate
Oihane Enbeita bertsolariak honakoa zioen Aizun: «Bertsolari bakoitzari rol bat eskaintzen zaigu, eta rol hori beteta dagoenean ez dute beste inor behar. Nire kasuan emakume gaztearen rola bete izan dut. Garai batean jakin izan nuen erabiltzen, baina ez da oso aberasgarria betiko rol berean gelditzea».
Patxo Telleriaren hitzok jaso zituen El Paísek: «Duela hogei bat urte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eratu zen. Zergatik ez da sortu Euskal Antzerki Nazionala?».
Niko Etxartek Berrian: «Batzuk ari dira erraten sobera zabaldu dugula pastorala herritar guztiek parte hartzeko. Pastorala jende gutxiagorekin egitearen alde agertzen dira, halako casting bat pasatuta... Ni ez nago kontu horien alde. Lan artistikoa izatearen gainetik, pastoralak badu zentzu bat jokatzen duen herriarentzat, eta nik uste dut pastorala herritarren artean konpartitzeko obra bat dela».
Koldo Izagirrek adierazpenok egin zituen Deian: «Literatura, oro har, jende gutxiri interesatzen zaio, jende gutxik daki, zoritxarrez, testu onak irakurtzea egundoko plazerra dela. Sekulako aktibitate fisikoak egiten ditugu forman egoteko, baina burua, gogoa eta espiritua forman edukitzerakoan guztiz pasiboak gara, 'eman' egin behar digute».