Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-12-12 -- 1970.zenb

Hasier Etxeberria / David De Jorge

Osagaiak

Hondoa prestatzeko:
- 2 arrautza
- 100 gramo gurin, pomadan
- 100 gramo azukre
- 100 gramo pastel-irin ahul
- Ximiko bat legamia hauts

Betegarria prestatzeko:
- 3 terrina gazta fresko, San Millan
edo antzeko
- Litro laurdena esnegain irakin
- 3 orri arrain-gelatina, uretan beratuak eta
xukatuak
- 6 piku lehor, txortenik gabe eta dado
txikitan pikatuak

Gainera:
- Tarta-moldea, 24 bat zentimetroko
diametrokoa
- Piku marmelada ona

Hondoa prestatzeko gaia guztiak gopor batean nahasi eta lortutako orea moldearen hondoan igurtziko dugu. Labean sartuko dugu moldea, 200ºko tenperaturan, eta 15 bat minutuan edukiko dugu, gorritu arte.

Betegarria prestatzeko, esnegaina irakin eta gero erantsiko ditugu gelatinak -aurrez 10 minutuan edukiko ditugu uretan beratzen. Ongi xukatuko ditugu ondoren-. Urtu egingo dira. Gopor batean edukiko ditugu gainerako gaiak eta haiekin nahasiko ditugu esnegaina eta gelatina. Ongi nahasi eta labean erretako tarta-hondo hotzaren barruan isuriko dugu nahastura. Giro tenperaturan mamituko da orea. Hoztu egingo da gero.

Ur pixar batekin edo, nahiago badugu, likore xorta batekin arinduko ondoren piku marmelada. Harekin estaliko dugu tarta, gainetik ongi zabalduz.

Estitxu Eizagirre

Sortzailearen eskuko-minak, bertsolaritzak egin dituen jokaldi estrategikoak, eta beste hamaika gantxo, jokaldi denak ikusiak uste zituenarentzat.
guztia irakurri

Pilar Iparragirre

Azalduko al zenuke zer den zure azken lan hau?
Bizitzarekin oso lotuta dagoen liburua da. Bizitza disfrutatu egiten da, sufritu ere bai, eskarmentua ematen dizu eta pozaldi ikaragarriak ere bai, eta hurbiltasun horrekin idatzitako testuak dira hauek denak.

Zer asmorekin plazaratu dituzu?
Liburu honekin errebindikatu nahi nuen literatura edo idazle klase bat, Euskal Herrian asko aurkitzen ez dudana eta niri asko gustatzen zaidana: bere burua agertzen duen idazlea, gizarteari buruz eta egungo bizitzari buruz dauzkan iritziak ematen dituena, eta nolabait bere lekua agertzen duena munduaren martxaren aurrean. Literatura klase hori euskaraz behintzat ez da ia batere idatzi. Idazle handiak dauzkagu horretarako gai direnak, eta herri bat daukagu, Euskal Herria hau oso interesantea dena, gauza asko gertatzen den lekua, eta nik uste dut merezi lukeela pixka bat gehiago alderdi horretatik lantzea.

Zein da azalean zure argazki bi ateratzearen arrazoia?
Uste dut portadan idazlea agertzeak halako humanidade bat ematen diola liburuari. Alegia, gu ere pertsona garela. Hemen ezagutzen diren pertsona klase bakarrak kirolariak, kantariak eta telebistan agertzen diren aurkezle eta programa gidariak dira. Irlandan eta Eskozian, berriz, tabernak idazleen argazkiz beteta daude. Hemen, Euskal Herrian, tabernarik ez da egongo euskal idazle baten argazkia daukanik. Eta nik esango nuke euskal idazle bat inportanteagoa dela gaur egun Euskalteleko txirrindulari ekipo osoa baino.

Pilar Iparragirre

Lehenengo aldia
Batzuen artean
Txalaparta
168 orrialde
13 euro

Lehen sexu harreman haiek

Fantasian edo errealitatean beraiek edo beste inork larrua jo zuten lehenengo aldi hartako sentsazioak edo bizitzan zehar sexu harremanei dagokienean pertsona batek izan dezakeen unerik gogoangarrienari buruzko gogoetak azaltzen dira -maiz umore izugarriarekin-, Txalaparta argitaletxeak hala eskaturik, Lander Garrok, Paddy Rekaldek, Diego Martiartuk, Aitor Aranak, Carmen Gisasolak, Edorta Jimenezek, Patxi Zubizarretak, Juan Ramon Madariagak, Sonia Gonzalezek, Joxean Agirrek, Xabier Mendiguren Elizegik eta Itxaro Bordak burutu dituzten ipuin hauetan. Idazle bakoitzak berari dagokion doinu eta neurrian egin ditu plazerra ardatz duten lan hauek, eta jakina, aldi tragikoak algara sorrarazten dutenekin tartekatzen dira liburuan.

Poder y comunidad. Una sociología del nacionalismo
Ricardo de la Encina y Pérez de Onraita
Pamiela
333 or./ 18 euro


Nazionalismoen zergatia eta balioak azaltzen dituen lana

Ricardo de la Encinaren saio honek nazionalismoak balio politiko eta arrazionalik ez duela diotenei egiten die aurre, abertzaletasuna zerbait modernoa dela eta etika politikoa duela azalduz. Naziorik gabeko estatuen artean estatua duten nazioen inposizioa aztertzen du egileak, 1994an bukatu zuen Soziologian doktorego tesia abiapuntu izan duen lan honetan. Garbi utzi du XVIII. eta XIX. mendeko Europako pentsaeretan errotutako ideologia dela nazionalismoa, aldaketa politikoen eta bizitza politikoaren sekularizazioaren bultzatzaile. Eta hainbatek antidemokratikoa dela dioen arren, guztiz demokratikoa ere bai, inplikazio soziala, legitimazio politikoa eta eskubide kolektiboen defentsa bilatzen dituelako.

Orbaibar
Joxe Austin Arrieta Ugartetxea
Kutxa Fundazioa
101 orrialde 4 euro

Iazko Irun Hiriko olerki saria

Kutxa Fundazioak urtero antolatu ohi duen Irun Hiriko literatur lehiaketan Joxe Austin Arrieta Urgartetxearen Orbaibar poema bildumak eskuratu zuen iaz olerki saria. Hiru ataletan banatutako poema sorta da Orbaibar-Valdorba muin harturik eraikitako lan hauxe: 2000n dataturiko lehen egonaldia dakar kontura olerkariak hasierakoan, 2002ko bigarren jardunaldia hurrengoan eta 2003an eginiko hirugarren ihesaldia azkenengoan. Nork bere hautuak eta autoak dituela dio Joxe Austin Arrietak poemotan, jakinik ere errealitatea Valdorba dela, Orbaibar alderantzitura ihesi joan nahian dabilenean, Neruda, Brecht edo Gandiagaren hainbat olerki gogoratuz, egunetik egunera bera bezalako lagun agramondarrak bi bandotara banatzen ikusten dituen bitartean.

Hizpide
Batzuen artean
HABE
110 orrialde
5,09 euro

Etorkinak nola euskaldundu

Hizpide aldizkariaren 56. zenbakian, besteak beste, euskara ikasi nahi duten etorkinei lagun diezaiekeen ikasmaterialaren aurkezpena egiten dute Belen Benitezek eta Ainhoa Gaintzak AISA, etorkinak euskarara hurbiltzeko atea izenburuko lanean. Eta gai horrekin loturik dago Itziar Landa euskara irakasleak idatzi duen Etorkinak Zarautzen euskara ikasle, AISA materiala ikasgelan etorkinekin erabili dutenen esperientziaren berri ematen duelako. Bestalde, gaitasun komunikatiboa zer den, horren osagaiak nolakoak diren, eta ebaluazioari begira -baita alfabetatze-euskalduntzearen ikuspegitik ere- zer ondorio dakartzaten azaldu du Josu Peralesek Gaitasun komunikatiboa ebaluatzen: mintzamena eta idazmena izenburuko artikuluan.

Semaforoko ipuina
Manu López Gaseni/ Jokin Mitxelena
Aizkorri.
36 or./ 5,25 euro

Paperezko musuzapi saltzailearen ipuina

Lehen irakurleei zuzendurik dago Manu López Gasenik sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako kontakizun polit hau. Arratsalderoko ipuina entzuteko aukerarik izan ez duelako amorratzen jarri eta eskolatik ez oso alai atera den mutiko bati gertatutakoa kontatzen da bertan. Amaren kotxea bilatu, atzeko eseraulkian eseri, eta han doaz biak etxe aldera. Zazpigarren aldiz semaforo batean geratu behar izan dutenean, azal iluneko gizon bat azaldu zaie, egunkariak eta paperezko musuzapiak ea erosiko dizkioten galdetuz. Mutikoaren amak uko egin dio eskaintzari, baina orduan gizonak mutikoari erreparatzen dio eta ea ipuin bat kontatzerik nahi duen galdetzen dio.

Euskarazko prentsa eta Azpeitia
Batzuen artean
Uztarria
176 or./ 8 euro


Azpeitiar kazetariak euskarazko prentsan

Azpeitiarrek euskarazko prentsan izan duten garrantziaz oharrarazteko helburuarekin plazaratu du Uztarria kultur koordinadorak Euskarazko prentsa eta Azpeitia. XX. mendearen hasierarako bazen jardun horretan lanean ari zen azpeitiarrik, eta ordutik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidea jasotzen duen lana osatzeko, 91 norbanakok, herriko 16 erakundek eta kanpoko 7 adituk parte hartu dute Uztarria aldizkariaren eta Urola-Kostako Hitzaren sorrerara iristeko egindakoa jasotzen duen saioan.

Gauza txikien liburua
Pako Aristi
Erein
166 orrialde 14 euro

Bizitzaren bidaia luzea hobeto ulertzeko


Pako Aristiren gogoetak, ipuinak, bidaia kronikak, hildako jendeari buruzko hitzak, egiten dituen ametsak eta poesiak oso modu pertsonalean nahastuta ageri dira Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen Gauza txikien liburua izeneko bere azken argitalpen honetan. Urte askotan idatzi izan dituen 63 pieza labur biltzen ditu bertan, fikzioa eta errealitatea nahasiz, bizitzaren bidaia luzea hobeto ulertzeko asmoarekin. Liburu bakoitzean esperimentatzea gustuko duen idazlea dugu Pako Aristi, eta Gauza txikien liburuarekin, bere bizitzan iritziak nola doazen aldatzen agertu nahi izan du, euskaraz horrelakorik egiten duen idazlerik aurkitzerik izan ez omen duelako. Horregatik osatu du liburu erabat berea den hau, gaur egungo gizarteari buruz uste duena agertuz, bide bat eskaini asmoz. Eta azalean bere argazki bikoiztua ateratzera ere ausartu da, 41 urteko Pako Aristik 21 urterekin Kcappo bere lehenengo liburua kaleratu zueneko argazki txikia erakutsiz, hogei urte pasa direlako argazki bien artean, eta denboraren iragan horrek sortu dizkion kezken eta halako zeren gainean ere idatzi nahi izan duelako urrestildarrak.

Nere Lujanbio

2002an Bilbon eta Bartzelonan zure lanaren inguruko atzera begirako erakusketak aurkeztu ziren. Aro baten amaiera markatu zuten erakusketa horiek?
Bai, dudarik gabe. Hamabost urtetako lana biltzeak barne gogoeta bat dakar berekin, egiten aritu zaren horretaz eta baita etorkizunean egin nahi duzunaz ere. Dena den, ondoren ez zen erabateko geldialdi bat etorri, urtetan zehar lanean aritzeak inertzia batean murgiltzen zaitu, eta atzera begirako horietatik eta inertzia horretatik beste zenbait erakusketa ere atera dira.

Hamabost urte horietan zein izan da zure lanaren funtsa?
Betidanik izan dudan aspirazio bat betetzea, hau da, nire bizitzako alor guztiak elkartzen dituen lan bat sortzea. Gai zehatz bati buruzko lan bat egin gabe, planteamendu artistikoak, arazo sozialak, nire bizitza pribatuari dagozkionak... normalean bazterrean geratzen diren gai horiek guztiak elkartu nahi nituen. Atzera begirakoetan ikus zitekeena helburu horretara iristeko urtetan egindako ahaleginaren emaitza izan zen.

1988an Londresa joan zinen bizitzera eta 1990ean New Yorkera. Han bizi izan zinen 1998. urtera arte. Alde egin behar horrek izan al zuen loturarik "euskal artista" izatetik urruntzeko beharrarekin?
Faktore askok eragin zuten. 1987an, Madrilen, oso arrakastatsua izan zen erakusketa bat jarri nuen eta 1988an Oteizaren gaineko erakusketa antologikoa zabaldu zen. Nire ibilbide artistikoko une garai batean nengoen. 1988rako, bestalde, EHUko Arte Ederretako fakultateko nire lanaz nazkaturik nengoen, nabarmena baitzen, zenbait proiektutan lanean aritu ostean, denbora galtze bat besterik ez zela. Eta gainera, 1988an hemen bizi genuen egoera ere erabat etsigarria zen, maila guztietan. Faktore hauek guztiak elkartu ziren eta argi ikusi nuen beste gauza batzuk probatu behar nituela. Lehenik Londresa joan nintzen eta hango denboraldia bukatzean, New York izan zen nire aukera.

Artista bezala lantzen duzun kontzeptuetako bat bukatu gabeko obrarena da. Zein izango litzateke ikuslearen rola zure lanen aurrean?
Ikusleak jarrera aktiboa hartu behar du, bestela ez dago obrarik. Artelana elementu ezberdinen artean eta konplexutasun handi baten erdian jartzen den zerbait da. Artelana, egileak bere buruarekin, egileak ikuslearekin, ikusleak bere buruarekin, ikusleak gizartearekin... duten harremanean bitartekari lana jokatzeko ezartzen den tresna komunikatiboa da. Harreman horiek guztiak abiarazi ditzakeen korapiloa. Horixe da artelanaz nik dudan ideia.

Hori lortzeko, ordea, artelana ezin da ikuslearen kontsumorako elementu bat bezala aurkeztu, ikuslearen parte-hartzea bultzatu behar du. Artelanak bizirik iraun behar du, ikusleen interpretazio anitzek elikatu eta aberastu dezaten.

Artearen definizioa geroz eta konplexuagoa eta zabalagoa den arren, museo askok artearen ikuspegi tradizionala lantzen dute beren aretoetan. Ez al gaude kontraesan baten aurrean?
Bi mugimendu ezberdin dira, eta bietan jarri beharko genuke arreta. Batek artearen kontzeptu barreiatuena eta zabalena jorratzen du eta bestea aldiz, artea funtsean gauza bera izanarazten duen horretaz arduratzen da. Pertsona bat artista izatera bultzatzen duen behar horretan badago mendeetan zehar mantendu den zerbait. Nahiz eta zentzu askotan aldatu, behar hori bera izan da garai ezberdinetan. Kontuan hartu beharrekoa ez da soilik artearen barreiatzea eta nahasketa, arteak berezko duen horrek ere merezi du arreta. Artearen esentzia mendeetan zehar sortutako artelanek komunean duten horretan egongo litzateke.

Zure azken proiektua, Oteizaren erakusketa, zabalik egongo da urtarrilaren 23a arte. Zein proiektu dituzu etorkizun hurbilean?
Orain hurrengo erakusketak prestatu behar ditugu Madrilen eta New Yorken. Beraz, Oteizaren afera oraindik ez da amaitu. Dena den, honekin bukatzeko eta beste kontu batzuekin hasteko irrikaz nago. Duela gutxi Tel Aviven erakusketa bat zabaldu dut aurrez erakutsitako zenbait lanekin eta orain lan berrietan murgiltzeko gogoz nago. Nire lanari erabateko dedikazioa eskaintzen diot eta bi lan dauzkadanean ez naiz ongi konpontzen. Nahiago dut gauza batzuk alde batera utzi eta gero, denboraz, berriz ere haiengan arreta jartzea. Halere, Oteizaren kontuak oraindik lan dezente emango digu, erakusketa jarri behar dugun aretoetako espazioak oso ezberdinak baitira eta beraz, momentuz behintzat horrekin jarraitu beharko dugu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan