Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-12-12 -- 1970.zenb

Daniel Udalaitz


2001 eta 2002an moteldu zen kanpo merkataritza Hego Euskal Herrian. Estatu Batuetan 2001eko irailaren 11n izandako atentatuek eragina izan zuten eta baita nazioarteko ekonomiaren eremuan 2002an sortutako ziurgabetasun geopolitikoek ere. Iaz azaldu ziren euskal kanpo merkataritza sendotzen ari dela adierazten duten lehenengo zantzuak. Hala ere, kanpoko eskariak kalte egin dio EAEko Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkuntzari, inportazioen hazkuntza erlatiboa handiagoa izan baita esportazioena baino. Hala ondorioztatzen da Hego Euskal Herriko 2003ko ekonomia txostenetik. Txosten hori urtero egiten du Euskadiko Kutxak eta orain dela gutxi argitaratu da. Aldizkari honetako txostentxoa egiteko datuak finantzen euskal argitalpen horretatik hartu ditugu.

Esportazioak %1,8 hazi dira eta inportazioak %3,8.

EAEn 11.752,8 milioi euroko emaitza eman zuten esportazioekin itxi zen 2003. urtea -energiaren esportazioari dagozkio 577,7 milioi eta bestelako esportazioei 11.175,1 milioi-. Zenbateko horrek %1,8ko igoera adierazten du 2002. urtearekin alderatuta. Alabaina, joera ez zen egonkorra izan ekitaldi osoan. Urtearen aurreneko zatian esportazioak %5,9 igo ziren, baina hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan joera hori ez zen hain dinamikoa izan.

Inportazioei dagokienez, %3,8 igo ziren 2003. urtean, 10.452,6 milioi euroko irabaziak lortu arte -energia inportazioei dagozkie 2.175,9 milioi eta gainerako 8.276,7 milioiak bestelako esportazioei-. Inportazioen hazkuntza erlatiboa handiagoa izan denez esportazioena baino, merkataritza balantzaren saldo positiboa murriztu egin da -2002ko 1.466,4 milioi euroetatik 2003ko 1.300,2 milioietara igaro gara- eta baita esportazioen estaldura tasa ere, inportazioen estaldura tasarekin alderatuta -2003an %112,4koa izan zen eta 2002an %114,6koa-.

Nafarroan ere 2003an gora egin zuten bai esportazioek (%14,9) eta bai inportazioek (%1,6). Horrela, esportazioekin 5.094 milioi euro lortu ziren, baina etekin hori murriztuta gelditu zen, inportazioak 4.150 milioi eurokoak izan baitziren. EAEn gertatu denaren alderantzizkoa gertatu da Nafarroan, izan ere inportazioekin alderatuta handiagoa izan baita esportazioen hazkuntza erlatiboa eta horrek merkataritza balantza gorago jarri eta 944 milioi eurotan kokatu baitzuen 2003an -348 milioitan zegoen 2002an-. Era berean, inportazioen estaldura tasarekin alderatuta, esportazioen estaldura tasa ere hazi egin da 2002ko %108,5etik 2003ko %122,7ra.

Europar Batasuna saltoki nagusia

Oraindik orain, Europar Batasuna da Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzaren abiapuntu eta helmuga nagusia. Hain zuzen ere, eremu horretan egin zen 2003an energia kenduta beste gai guztien esportazioaren %70,3 eta energia kenduta beste gai guztien inportazioaren %72,2. Nahiz eta bezero nagusien artean ez egon, nabarmen hazi ziren Irlandarako eta Danimarkarako esportazioak -%85,8 eta %24,7 hurrenez hurren- zein Greziatik egindako inportazioak eta Danimarkatik egindakoak -%39,9 eta %16,13 hurrenez hurren-.

Hala ere, Frantziako Estatua eta Alemania dira berriz ere EAEko kanpo merkataritzaren merkatu nagusiak ûbien artean hartzen dute euskal lurraldeen kanpo merkataritzaren herena inguruû. Bietara egindako esportazioek bilakaera positiboa izan dute -%2 eta %2,4 igo dira hurrenez hurren- eta inportazioek negatiboa -%1,6 eta %3,44 jaitsi dira hurrenez hurren-. Arantzela partidaka, eta energia produktuak alde batera utzita, EAEn nagusi dira ekipoko ondasunen esportazioak, esportazioen %47,3arekin -sektore berean %26,7ko inportazioa dago-; eta metalen esportazioa, esportazio osoaren %23,5ekin -sektore berean %23ko inportazioa dago-. Oso atzean daude gainontzeko sektoreak: kautxua eta plastikoa, nekazaritzako produktuak, papera, eta produktu kimikoak. Horiek esportazioen %6,5 eta %2,8 artean daude.

Nafarroari dagokionez, EAEn gertatzen den moduan, Europar Batasuna da kanpo merkataritzaren abiapuntu eta helmuga nagusia. Beste urteetan bezala, Frantziako Estatua da esportazio nafarren helmuga garrantzitsuena. Gainera, bera da, Alemaniarekin batera, kanpoko erosketen hornitzaile nagusia ere. Arantzela partidaka, garraio materialarena da gailentzen dena -esportazioen %53,6 eta inportazioen %37,7-. Autoen partida nahiko handia da -garraio materialaren %66 inguru osatzen du, eta sektore honek 2003ko salmentak igotzearen arrazoi nagusia da-. Oso atzetik daude beste sektoreak. Hona hemen garrantziaren arabera sailkatuak: makineria mekanikoa, nekazaritza, makineria elektrikoa, produktu kimikoak, produktu metalikoak, papera eta kartoia, eta abar. Sektore horiek Nafarroako esportazio osoaren %12,9 eta %4,1 artean daude.

Larraitz Garmendia / Karmele Etxabe


Eskualde euskalduna da Goierri, ezagutzari dagokionez (% 68,2 euskaldunak). Euskaldun horien artean erdarara jotzeko joera zenbateraino zabaldua den kontatzen ez gara hemen hasiko. Eskualde honetako bi herritan (Zaldibian eta Ordizian) elkarrizketak egin eta euskara aztertzen aritzean, ordea, adinekoen euskara aberatsetik gazteen jardunera dagoen higaduraz jabetu gara. Ezagutza maila altua dago bi herriotan (% 87,2 Zaldibian eta % 59,7 Ordizian) eta, beharbada, horrexegatik jo dugu hutsune edo gabezi horiek nabarmentzera. Tuteran edo Maulen, ez genukeen berdina egingo.

Asko hitz egin da azken aldian hizkuntzaren kalitateaz, ezagutzaren igoeraz, eta baita erabileran den hutsuneaz ere. Gu baino adituagoak badira horren inguruko kezka eta eztabaida mahai-gainean jarri, eta gogoeta egin dutenak. Labetik atera berriena, K. Amonarrizek, A. Egañak, eta J. Garziak aurten argitaraturiko Euskararen kalitatea: zertaz ari garen, zergatik, eta zertarako ikerketa izango da. Guk geuk, ordea, Goierri aldean egindako bi azterlan hauek erakutsi digutenari patxadaz erreparatu, eta kezka horiekin bat datozen hainbat kasu jaso ditugunez, hemen emango ditugu batzuk aditzera.

Ondoko erdaretatik harturiko baliabideak erabiltzeaz gain, gaztelaniak kutsatutako euskararen adibideak ere barra-barra entzuten ditugu; euskara txarraren adibide, adineko batzuek esan diguten moduan. Gaztelaniaren egitura hartu eta euskaran erantsi; hori da adibide hauetan, eta beste askotan, Goierri aldeko gazteen euskaran jaso duguna:

Bazoaz Legorretara, eta hala entzungo diozu bertako gazte horri: Kriston golpea eman naiz. Ordiziara inguratu, eta euskaraz ari badira, ez da harritzekoa horrelakoak entzutea: Juten gea partidue ikustea? Eta Zaldibiara bertara etorrita: Atzo Eroskin ikusi nizun.

Hizkuntza erabili egin behar da, noski. Erdarakadak handik, batukadak hemendik, erabiliaren erabiliaz gozatuko dugu herriko euskararen jarioa ere. Baina... eskualde honetan bertan, belaunaldi batetik bestera gertatu den jauziak zer pentsatua eman digu, eta hortik gure kezka hau.

Adinekoekin izandako elkarrizketetatik harri-bitxiak jaso ditugu. Beraien etorriak lilura sortu digu. Barru-barrura ar bat sartu ere bai, beraien hitz egiteko modu horretara gerturatzeko. Lexiko, egitura, edo esapide aberats guztien gainetik, ordea, aiton-amona hauen jarrerak liluratu gaitu: hizketarako patxada horrek, elkarrizketaren hariari etenik gabe eusteko gaitasun horrek, urteen joan-etorriak ondutako naturaltasun horrek... eta noski, barne-jario aberats horrek.

Izan ere, goraxeago aipatu ditugun adibideak gazteon hanka-sartze esanguratsu eta oso grafikoak dira, baina ez dira arazoaren muina. Presaka bizi garen garai honetan hizketarako ere ez dugu betarik hartzen. Gauzak nola esaten ditugun baino zer esaten dugun axola zaigu, komunikazioa da garrantzitsua, elkar ulertzea, eta kito. Horregatik, hiztegitik haratago doazen hutsak, ahuleziak, zulo beltzak ari gara sortzen gazteok euskaraz.

Bestalde, eta ahulezia horiei erantzuteko balio dutelakoan, adinekoen jario horretatik baliabide asko har ditzakegula uste dugu. Teknologia berrietarako hiztegia jasotzeko ez digu balio, agian, baina sintaxi-egituretarako, esamoldeetarako, hiztegi arrunterako... iturri emankorra dugu adinekoen euskara hau.

Hala ere, hizkuntzen gainbehera euskararena bakarrik ez delakoan gaude (euskara, ondoan dituen hizkuntza handiagoek mehatxatzen badute ere). Ikusi besterik ez dago telebistan erabiltzen den gaztelania, ingelesa berdin... Hizkuntza hauek osasuntsu daude hiztun kopuruari dagokionez, baina zoritxarrez, presakako mundu honetan denen kalitatea eta aberastasuna doaz beherantz. Eta gure txikitasunetik nola egin aurre horri?

Mikel Asurmendi


Iñaki Galdos bigarren agintaldia betetzen ari da Gipuzkoako EAko lehendakari gisa. Kargu honetaz hitz egin digu abiapuntuan: «Gustura nago, eta ez dira politikan aritzeko garairik errazenak. Aldi berean, azken urtetan bereziki, gure alderdiaren barne egoera ez da egokiena ere politika egiteko. Edonola ere, EA alderdia Gipuzkoan egiten ari den lana baikorra da guztiz. Politika egiteko modu bat erakusten ari gara Gipuzkoan, baita bertako erakundeak -Batzar Nagusiak, Foru Aldundia eta hainbat udal garrantzitsu- kudeatzeko gaitasuna erakutsi ere».

EAko sektore ofizialaren eta Gipuzkoako ildo kritikoaren arteko tirabiren gainean luzaz aritu gara Galdosekin. Berak ez ditu tirabirak ezkutatzen, baina ez omen dira horren sakonak ere. Hala ere, alderdiaren Berme Batzordeak Jose Emilio Agote -Donostiako EAko lehendakaria- barne karguak eta kargu publikoak -urtebeterako- betetzeko gaitasunik gabe utzi izana «prozesu politiko»tzat jo du gure solaskideak: «Erabakia penaz hartu nuen. Jose Emilio Agoteri nire elkartasuna tinko adierazi diot behin eta berriro, eta halaxe egin nahi dut orain ere».

Zein dira EAko ildoen arteko tirabiren arrazoiak edo iturburuak?
Gure arteko diferentziak -beste alderditan ez bezala; alderdi sozialista dut gogoan uneon- kanporatzen direnak baino txikiagoak dira. Gure artean ez dago ezberdintasun ideologikorik. Jarrera ezberdinak daude, bi esparrutan bereziki, ezberdintasunetako bat jarrera historiko batetik dator. Batzuk, ziklo politiko honetan, EAJrekin ardatz estrategiko komunean bat egiten dugu. Beste ezberdintasuna 1999tik dator. Harrezkero EAren egituraketan eta estatuetan emandako aldaketak ez dira mesedegarriak izan alderdiarentzat. Gure ildokoen ustez, aldaketa horiek izugarrizko kaltea egin diote EAri. Aldaketa horiek ez dute bat egiten bere sorrerako espirituarekin. Guk aldaketa horiek ez ditugu begi onez ikusi.

Zein dira aldaketa horiek zehazki?
Adibidez, hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko sistema, Lurraldeko Batzorde Eragileetan idazkariak aukeratzeko modua, eta abar. Jakina, guk onartzen ditugu aldaketak gehiengoak onartu zituela eta errespetatu egiten ditugu. Baina alderdiarentzat ez dira mesedegarriak. Guk beste moduko funtzionamendua nahi dugu.

Eusko Alkartasuna (EA) ezker abertzalea eta EAJren arteko ekimen politikotzat joa da. Batzuek alde batera eta beste batzuek bestera jotzen duzue, antza. EAk proiektu propioa gauza al dezake EAJren magalean, adibidez?
EA proiektu propioa lantzen ari da. Hauteskundeetarako EAJ-EA koalizioa erantzukizunez hartutako erabakia da, eta horregatik ez diogu geure proiektuari uko egiten. Ni koalizioaren defendatzaile sutsua naiz, oso garbi daukat behar hori une historiko honetan. Hala ere, noizean behin, EA zergatik sortu zen gogoratu behar da, baita egun non gauden ere. Esate baterako: azaroaren 14an Batasunak aurkeztu zuen proposamena objektiboki aztertzen baduzu, ukaezina da ezker abertzale ofiziala EAren jarreretara hurbildu dela. EAJren jarreraz gauza bertsua esan daiteke halaber. Jarrera aldaketa horiek EAren lanari esker etorri dira neurri handian, EAren garaipena da.


Alderdi edo sektore horien proiektuen esparruek finkoak ematen dute, bat eskuinean eta bestea ezkerrean. Zuek haien arteko zubi lan modukoa egiten duzue, baina...
Bi gauza: batetik, euskal gizartea behin-behineko egoeran dago gaur egun. Egoeraren birmoldatzea eta mapa politikoaren berrosatze definitiboa -inoiz izango bada behintzat- Euskal Herrian bizi dugun gatazka egoera gainditu eta normalizazio politikora iristen garenean etorriko da. Une historiko honetan ez dago datu objektiborik behin betiko mapa politikoa osatzeko. Horregatik, gutako batzuek EAJrekin koalizioan joan beharra aldarrikatzen dugu. Baina horrek ez du esan nahi etorkizunean beste planteamendu batzuk egingo ez ditugunik.

Bestetik: gizarte bakoitza mundu bat da. Euskal Herrian, eskuina/ezkerra eskema -beste leku batzuetan funtzionatzen duena- beste logika batzuen arabera garatu beharko dugu etorkizun hurbilean. Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, logika ez da ezkerra/eskuina, baizik eta eskuina eta eskuin muturrekoaren artekoa. Brasilen, berriz, azken dialektika ezkerraren eta ezkerragoaren artekoa da. Euskal Herrian abertzaletasun ezberdinak tarteko izaki, bada, are konplexuagoa da, mapa politikoa beste era batez egituratzen ari da. Euskal Herrian, ezker/eskuina eskema aipatzea, bere horretan, beste xehetasunik gabe, mimetismo hutsa eta faltsua egitea da. Hemen beste logika politikoak daude, uneon horregatik ez daude baldintza objektiboak behin betiko mapa politikoa osatzeko. Egoera hori etortzen denean, agian, esparru politikoaren osatze berria gauzatu ahal izango da.

Zein da Batasunaren azken ekarpenaz egiten duzun balorazioa? Eszenatoki berriaren atarian al gaude?
Eszenatoki berriaren atarian gaude edo egon gaitezke, baina ez Batasunak ekarpen hori egin duelako, Batasunak proposamen hori egiteko bere burua behartua ikusi duelako baizik. Ukaezina da. Eusko Jaurlaritza, hiruko gobernuaren bidez, ahalegin izugarria egiten ari da herri hau dagoen egoeratik ateratzeko. Estatutu Berrirako Proposamena da, oraingoz, herri hau eszenatoki berrian sartzea ahalbidetu dezakeen proposamen zehatz bakarra. Proposamen hori da gizartean eztabaidatzen ari dena nagusiki, Batasunari gustatu edo ez. Beraz, Batasuna jabetu bada hori dela proposamen funtsezkoena eta bere jendea aldaketa sakona eskatzen ari dela, bada, pozten naiz.

Zer iritzi duzu ETAren balizko komunikatuen inguruan egin diren balorazioez? Eibarren eta Iruñean izandako balizko erasoez?
Baldin eta ezker abertzale ofiziala ziklo berrian sartu bada -sinetsi nahi nuke horrela dela- gure burua prestatu behar dugu etor daitezkeen toxikazio kanpainetarako. Hau da, gauza arraroak gertatuko dira. Definitu gabeko egoeran gaude, Batasunaren ekarpenaren ondoren ez da ETAren komunikatu zehatzik izan. Eibarko PSE-EEko zinegotziaren eta PSNko Juan Jose Lizarberen aurkako «erasoak» ez dakigu gezurrezko bonbak edo amarruak izan diren. Horrelako egoeratan -balorazioa egiteko orduan eta gauzak argitu arte behintzat- alderdi guztiok tentu handiz ibili behar dugu. Hala eta guztiz ere, Batasunaren ekarpena zintzoa bada, bere burua prestatu behar du erantzun zuzenak eta zehatzak emateko. Bestela, lortu duen sinesgarritasun edo zilegitasun apur hori berehala galduko du.

Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordea lanean ari da. EA barruan dago. Zuk nola ikusten duzu ekimena?
Nik begi onez ikusten ditut gatazkari irtenbideak emateko ekimen guztiak, Elkarri-rena, kasu. Ekimen hau ere errespetatzen dut. Nazio Eztabaidagunean egin diren hainbat gogoetarekin kritikoa naiz, ordea. Kritikoa naiz -Batasunaren ekarpenean izan diren gogoeta batzuekin kritikoa naizen bezala- diagnosia ez delako zuzena. Eztabaidaguneak herri honek duela 25 urte abertzaletasun historikoak -edota demokratikoak- hartu zuen erabakia deslegitimatu nahi duelako. Helburu nagusia hori den neurrian nekez egin dezakegu aurrera diagnosi komun baten bila. Eztabaidagunearen diagnosian ezker abertzale ofizialak azaldu ohi duen obsesio bera ageri da. Guk, aitzitik, erabaki hura zuzena izan zela uste dugu. Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako Proposamena bide eta norabide horretan heldu da, urrats berriak emateko eratu da. Gainera, alderdi bakoitzak bere proposamena auzkezteko aukera izan du. Eusko Legebiltzarra da foro egokiena eta baliotsuena -nahiz onartzen dudan Nafarroa eta Iparraldea oraingoz ez daudela barne- urrats berriak emateko. Nazio Eztabaidagunea foro alternatibo bezala agertu da, Eusko Legebiltzarra deslegitimatu nahian. Foro hauek horrela kokatzen diren neurrian ezin ditut begi onez ikusi.

Tira, ez zaudela guztiz konbentzituta Batasuna eta bere inguruan ematen ari diren urratsekin...
Ez, noski. ETArengandik desmarkatzeko ausardia falta dutelako, biolentziatik alde egiteko erabateko urratsa eman ez dutelako. Ezker abertzale ofizialak gaineratiko alderdiak eta gizartea orobat konbentzitu nahi baditu duela 25 urte herri honek -edo EAEk, kasurako- hartu zuen bidea okerra dela, Batasuna oker dago, berriz ere tronpatu egingo da. Ezker abertzalea urratsak ematen ari da, ados, baina gizartearen errealitatea zein den jabetu behar da behingoz. Hau da, gizartea anitza dela, gatazka ez dela Euskal Herria eta estatuen arteko gatazka soila. Alderdi abertzaleen arteko indar metaketak eta tirabirak ikusi behar ditu. Gipuzkoako soziologia zein den ezagututa, hiri nagusi eta herri nagusietako alkatetzak noren esku dauden jabetuko ote da behingoz? Errealismo dosi bat behar du ezker abertzaleak, politikan mailaz mailako bidea urratu behar dela ikasi behar du, errealitatea onartu behar du eta ez lainotan ibili. Ari da jaisten lurrera, Bergarako Adierazpenetik urratsak ematen hasi zen, baina, bien bitartean, egoera honetara iristeko zenbat urrats alfer eta zenbat sufrimendu bizi behar izan ditugun ikusteak pena izugarria ematen dit.

Zein neurritan jari behar du zalantzan EAk EAJrekiko koalizioa hurrengo hauteskundeetan, Ibarretxe Planak ez badu egiten zuek nahi duzuen bidea?
Ni koalizioaren aldekoa naiz, baina ez edozein preziotan. EAren gehiengo zabalak EAJrekiko koalizioa onartzen du, ardatz estrategiko horren alde gaude, baina ez edozein preziotan. Nik neuk ez nuke 1994an EAJrekin izan genuen koalizioa onartuko. EAJk har dezakeen bideari begira gaude. Nik nire ideologia daukat, eta ez da EAJrena. Baina, uneon, herri honen etorkizun hurbilean, EAJren proiektuak eta nireak bat egiten dute. Baldintza objektiboak ematen dira koalizioan aurrera egiteko.


EAJk, antza, baietza emango dio Europako Itunari. EAk ezetza iragarri du. Bi erabakiak uztargarriak al dira EAEko hurrengo hauteskundeetan koalizioan joateko?
Bai. Europako hainbat alderditan dauden eztabaidak ikusi besterik ez dago. Frantziako alderdi sozialista edo Kataluniako Convergencia alderdien barnean, adibidez. Nahiz paradoxikoak izan daitezkeen, gure ezezko eta EAJko -balizko- baiezko botoak ez dira elkarrengandik urrun izango. EAJ eta EAren Itunaren diagnosiak ez dira oso ezberdinak izango. Diagnosiak bertsuak izanda ere, batzuk Ituna onartuko dute eta besteok ez. Gure ezezkoa ondo arrazoituta dago eta EAJk onartuko balu, guk bezala, itunari hainbat gabezia leporatuko lizkioke. Botoa ezberdina izanda ere, inportantea Itunaren muina zein den azaltzea da. Iritzia eta jarrera orokorrak antzekoak izango dira.

Azkenik, Ibarretxe Plana Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko da aurki. Zer espero duzu Batasunaren aldetik?
Ez da erraza ezer igartzea. Edonola ere ezker abertzale ofizialak, Batasunak, erantzukizun historikoa dauka une honetan. Nahiz eta proposamenaren muinarekin bat ez egin edota diferentziak izan, ezker abertzaleak bere esku dauka gizarte eta herri honek bere iritzia ematea. Niri herri kontsultan proposamenari ezezkoa ematea zilegia iruditzen zait, baina herri kontsulta galaraztea oso gogorra irudituko litzaidake. Batasunaren esku dago kontsulta bideratzea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan