Juan Kruz Lakasta
Integrismo hitzaren demokratizazioaren aldekoa naiz. Zentzu batean baino gehiagotan: jende gehiagori aplikatu behar zaio, besteak beste, ustezko demokrata hainbati. Osama Bin Ladenek dioenean Jaungoikoaren izenean txikitu zituela New Yorkeko dorre bikiak, integrista hutsa dela esaten dugu. Ongi, hagitz ongi. Baina, orduan, George W. Bushek Irak ongiaren eta Jaungoikoaren izenean txikitzen ari dela dioenean, hitz bera erabili beharko dugu. Bush integrista dela esan beharko dugu. Irango Jamenei ayatolak dioenean Koranaren irakaskuntzen arabera gobernatu behar dela, integrista deitzen dugu. Bikain. Tuterako apezpiku eta Iruñeko artzapezpiku Fernando Sebastianek berriki "Jaungoikoaren argian oinarriturik ez dagoen demokraziak" ezin duela zutik iraun adierazi du. Gauzak horrela, integrista deitu beharko dugu. Eta, bide batez, lotsagabea, diktadore bat 40 urtez paliopean babesteagatik barkamenik eskatu ez duen Elizaren izenean demokraziaz hitz egiteko lotsa gutxi behar baita.
Sebastian ez da edozein apezpiku. Espainiako Apezpikuen Batzarreko lehendakariordea da. Eta bere adierazpenek ederki islatzen dute zer ideologia den nagusi Espainiako hierarkia eklesiastikoan. Erroman gailendu den berbera. Carol Wojtila aita saindu denetik Vatikanoan botere guztia bereganatu duten Comunione e Liberazione, Neocatechumenat, Legionarios de Cristo eta batez ere Opus Dei bezalako talde atzerakoi, integrista, fundamentalistena. Haiek izendatzen dituzte apezpikuak, eta apezpikuek haiek nahi dutena esaten dute. Jesusen Konpainia baztertu dute, Askatasunaren Teologia zanpatu.
Integrista eta fundamentalista bezalako hitz gogorrak errazegi erabiltzen ari naizela pentsa liteke. Hiztegiaren arabera, integrismoa tradizioen inmobilismoa defendatzen duen jarrera kontserbadorea da. Eta fundamentalismoa, dotrina baten oinarriak beren osotasunean edo eta irakurketarik itxienean defendatzen duen jarrera. Vatikanoak Elizaren dotrina berria biltzen duen liburukotea karrikaratu berri du. Horretan, besteak beste, gogor egiten da hiesaren hedapena geldi eta milioika lagunen bizitzak salba ditzaketen antisorgailuen kontra, milaka amen bizitzak salba ditzakeen abortuaren aurka. Eta hori egiten da dogma bategatik, bizitza Jaungoikoak eta soilik Jaungoikoak sortzen duen grazia dela dioen dogmarengatik. Hori integrismo fundamentalista da, gizateriaren erdia baino gehiago -emakumeak, homosexualakà- zapaldu nahi duen integrismo fundamentalista.
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Apezpiku Batzarraren arteko liskarraren gibelean, ez dago bakarrik moral, dogma, integrismo, fundamentalismo arazo bat. Eliza Katolikoaren hierarkiari ez zaio gustatu PSOEren gobernuak homosexualen ezkontzak baimentzea, ezta Erlijioa balio akademikorik gabeko ikasgai bilakatzea ere. ZPk Elizarekin egin du topo. Baina, horretaz gain, Elizaren diru-zorroarekin egin du topo, eta hori are larriagoa da. PSOEko kiderik ezkertiarrenek eta IUk Elizaren finantzazioa berraztertzearen beharra jarri dute eztabaida politikoaren mahaiaren gainean. Eta hori ikusita, Elizak ukabilkada jo du mahaian. Apezpiku Batzarreko lehendakari Rouco Varelak lehenik eta behin Torquemadaren doinu kiskalgarriaz fededunak gurutzadara deitu ditu, eta, duen indarra argi utzi eta gero, bakearen aita sainduaren, Pio XII.aren ahots gozoaz Gobernuari esan dio mobilizazioak bazterrean utzirik lasaitasunez hitz egiteko prest dagoela.
Varelaren, Sebastianen eta haien kideen oldarraldia ez da harritzekoa, dirutza baitago jokoan. Espainiako Estatuaren izaera ez konfesionala guztiz zalantzazkoa da sos kontuei doakienez. Eliza Katolikoa da publikoa ez izanda Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga aitorpenetik dirua zuzenean jaso dezakeen erakunde bakarra. Gainera, Estatuak diru hori aurreratu egiten dio. Gehienetan, aitorpenetan jasoko dena baino gehiago aurreratzen dio. Eta Elizak, jakina, ez du txakur txikirik bueltatzen. Mariano Sanchez Soler kazetari eta idazleak duela urte bete inguru Rebelion webgunean emandako datuen arabera, Elizak bide horretatik urtero 150 milioi euro jasotzen ditu, 25.000 milioi pezeta.
Zuzeneko finantzazioa aski ez bailitzan, zeharkakorik ere bada. Zerga aitorpenean herritarroi galdetzen digute dirurik eman nahi diogun Elizari edo diru hori beste gastu sozialetarako erabil dadin nahi dugun. Ixa bigarren aukera horretan paratzen dugunoi iruzur egiten digute. Izan ere, gastu sozial horiek Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez gauzatzen dituzte. Eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetako asko eta asko Eliza Katolikoarekin zuzenki loturikoak dira. Mirakulu harrigarri baten ondorioz, azken urteotan Eliza Katolikoaren kongregazio, fundazio, institutu andana GKE bilakatu da. GKE konfesionalek iaz 90 milioi euro jaso zituzten, 15.000 milioi pezeta.
Nolanahi ere, Eliza Katolikoak Hezkuntzaren bitartez jasotzen du dirutzarik handiena Estatuarengandik. Espainiako ikastetxeen ia erdia pribatua da. Eta ikastetxe pribatu ia guztiak Eliza Katolikoarenak dira. Irakaskuntza pribatu kontzertatuaren pagotxa da: ikastetxeen kudeaketa Elizaren esku, eta fakturen ordainketa Estatuaren bizkar. Zenbait iturrik diote Elizak bide horretatik urtero 2.500 milioi euro jasotzen dituela, 420.000 milioi pezeta.
Espainiako Estatuak eta Vatikanoak 1979an adostu zuten egun indarrean den finantzazio eredua. Akordioak, besteak beste, dio Elizak denbora pasa ahala Estatutik at bestelako finantzazio bideak zabaldu beharko dituela. Hogeita bost urte pasa dira. Bada garaia akordioa berraztertzekoa, Estatuaren izaera ez konfesionala errealitate bilakatzekoa, integrismo fundamentalistaren putzu ilunean gero eta sakonago murgiltzen ari direnei herritar guztion diruarekin finantzatzeari uztekoa. Ez dut uste, baina, ZP ausartuko denik.
Azken datu bat: Miguel Sanz diputazio-buruak batetik %60 murriztu behar dizkie diru laguntzak euskaltegiei, eta bestetik 15 milioi euro eman behar dizkio Opus Deik sorturiko CIMA ikerketa zentroari. Gora akonfesionaltasuna!
Xabier Aierdi
Dan Brown, Da Vinci Kodearen egileak bere bigarren best-sellerrean, Aingeruak eta deabruak, hauxe dio: bihotzak desiratzen duena ikusten du buruak. Hori gertatu da Anoetako bilkurako status nascendian. Francesco Alberoniren ustez, fenomeno sozialak bi fase ditu: bata, karismatikoa; bestea, instituzionala. Anoetan antzeztu zenak status nascendiaren -garai karismatikoaren- osagai guztiak izan zituen. Mezu oso bat zabaldu gura zen eta horretarako elementu erritual guztiak jarri ziren taula gainean: mezu berriari, halako eszenifikazioa, olibondo orri eta guzti. Han zeuden profeta berriak eta eraldaketa legitimoki jaio zedin profeta zaharrak ere, hauexek baitira gune sakratuen zaindariak, ze zeremoni honek asko zuen sakratutik. Edo sakratua berriztatzetik?
Kontua da, beraz, zer ezkutatzen den Anoetako Kodearen atzean? Zer ikusi behar da? Bihotz desioak? Ez dakit guk ere Robert Langdon -Dan Brownen protagonista sustantzia-bakoa- bezalako kriptografo bat bilatu beharko dugun. Euskal gizarteak testu diafanoa nahi zuen, baina badakigu ere testu eta akto fundazionalek neurri handi batean polisemikoak izan behar dutela, bakoitzak testuan bere desioa proiektatu eta Kardinalen Kolegioak nahi duen erara erabil dezan: bake prozesu baten hasiera ikusi gura izan dutenek horixe ikusi dute, berrikuntzarik ikusi ez dutenek ez dute ezer ikusi, betiko leloak direla diotenek berean jarraitzen dute, eta ...
Nolanahi ere, aspektu marjinal batera mugatuko naiz. Joan den astean, Euskadi Irratitik, Erroman zegoela, Arnaldo Otegi entzun nuen eta berak zioena honela labur daiteke: "Guk urrats erabakigarri bat eman dugu, orain gainontzekoei dagokie fitxa mugitzea, eta horren esperoan gaude". Egia esan, pentsamolde logika honek zeharo aspertzen nau, logika horretan ez baitut aldaketarik sumatzen, baina seguruenik Arnaldo sintzeroa da eta benetan sinetsita dago kristoren urratsa eman duela.
Nire usterako Anoetako testuaren literalitatea deprimentea da eta bere balioa bere jendeak bihotzean duenaren araberakoa da. Jendea, herria, populua, bihotz onekoa izaten da gehienetan, eta Anoetako Kodearen atzean "zerbait egosten" ari dela sinetsi nahi du, hau da, pentsatu gura du banbalinen atzean egon badaudela elkarrizketak, negoziazioak, zubiak, edo, gure artean oso ohiko bilakatzen ari den termino hori, "sukalde lana". Kontua da, ia denontzat menurik egongo ote den ala, gehienetan bezala, batzuk ahituta eta besteak goseak hilik geratuko diren.
Nire bihotz desioak berrikuntzaren zain daude, baina urratsak ez dira aspaldiko yenka dantzari dagozkionak, bat aurrera eta beste bat atzera, inork urratsak eman behar baditu Batasuna da, ez da nahikoa eman duenarekin, askoz atzeragotik hasi baita.
Batasunaren hainbat ideiaren atzean eta historikoki izan duen garrantziaren atzean ez dago ideia edo proposamenen balio intrinsekoa, defendatzeko modu militarraren indarra baino. Batasunako kideen eta noski ETAren -aldagarri independentea?- benetako trantsizioa bakoitzaren botoak "bat", bakarrik "bat", balio duela onartzetik etorriko da. Euskal Herriko aniztasun ideologiko eta nazionala, hiru administrazioren existentzia, eta beste hainbat gauza ebidente baino garrantzizkoagoa da onartzea ez dagoela boto koalitatiborik, hori da benetako tragedia, zer gutxi garen onestea.
Beraz, ez da urrats nahikoa bake bide bat zabaldu eta -besteen bizitzarekiko daukagun omnipotentzia adierazteko- bonba lapa faltsuak jarri edo kale borroka eragitea, ze oraingoan hoztuko diren bihotzak Batasunako fededunenak dira. Besteenak aspalditik izoztuak daude. Bide luze honetan, hainbat ibiliko da harri koxkorrak edo handiak jartzeko asmoarekin, baina nahikoa du Batasunak bereak kentzearekin. Hortik aurrera, Anoetako Kodeak Itun Berria eta legokiokeen Eliza -ezker abertzale duin eta zabal bat- ekar ditzala. Ea bihotzeko desioetatik haratago errealitaterik dagoen!
Erramun Gerrikagoitia
Parteka, zatika edo segmentuka tratatu beharrean zerbait' tratatu ahal da ere osoki, globalki edo universalki. Dependituz hon zer da helburua edo erran eta defenditu nahi dena' hartu ahal da bide bat edo bertzea, segun.
Azken aldion ardurea dago gu euskalzaleon artean buruz euskara, nik ez dut uste sobera euskal sozietatean generalki, -ote doan euskara aurrera edo atzera, edo evolutione soziologikoa norantzako direktionean ari da- edo analysia konkretatuz eta fokalizatuz begiratzen dugu zelakoa da euskara aldetik korrektua, egokia edo jatorra, gehiago oraindino fokalizatuz ikusten ahal dugu ea zer egiten duten kommunikabideak, agente sozialak edo institutioneak.
Hontaz ere ba dihardu irakasle Fernando Muniozgurenek aipatzen digularik -ARGIA, azaroa 21, 2004- arriskua hon bi euskara batu sortzearena, bata hego aldekoa espainol eraginaren menpean eta bertzea ipar aldekoa frantzesaren eraginez. Dudarik ez dago ezen ze arrisku hori ba dago eta da gainera reala eta egiazkoa.
Baina ipinterakoan exenpluak hon arrisku hori' aipatzen ditu soilik hiru hitz direnak muntaia, putxerazo eta lintxamendu. Dirudienez, tzat F. Muniozguren hiru hitzok -muntaia, putxerazo, lintxamendu- jarriak nola adibide' sortzen dute muga lexikal bat artean hegoko eta iparreko euskaldunok, zeren hiru hitzok eta anitz gehiago dirateke exklusivoki espainolak, eta ondorioz arrotzak tzat ipar aldeko euskaldunak.
Muntaia hitza eta konzeptua erraiten da inglesean mounting, alemanean Montage, frantzesean montage, italianoan montaggio, espainolean montaje, portugalean montagem, russoan montach; orduan da hitz internationala zeinek ez bait du interferentziarik sortzen ahal inter Hegoaldea eta Iparraldea.
Lyntxamendu hitza dator tik izena hon Charles Lynch epaile amerikano Virginiakoa in s XVIII, zeinek kondenatzen zuen normalki hiltera akkusatua edo susmagarria gabe prozesua eta tumultu bidez. Hortara lyntxatu erabilten da internationalki, inglesez to lynch, aleman lynchen, frantzes lyncher, italiano linciare, espainol linchar, portuges linchar, russo lynchevat -noski, alphabeto kirylikoan-.
Putxerazo hitzarena da bertze sail bateko gorabeherea, zeren hau bai da soilik hitz espainola. Baina gorabeherea ez da ez dela erabili behar putxerazoa baizik nola erran konzeptu hori guk eta jakin dagigun gainera ezen ze hartu ahal ditugu zilegiki hitzak direnak soilki espainolak nolaere hartuak ditugu jada hainbat, eta ez bakarrik paella, tortilla edo... bertze dozena erdi. Kasurako, ailegatu hitza erabilteak ez izanik ere zentzu lexikal handiegirik, zeren bait da soilki espainoletik hartua, aitzitik erabilten da usu eta sarri in kommunikationeak, agente sozialak edo institutioneak. Baita ere referentzia edo referante' nola rizoma -rhizoma- erabilten dugu bai hego aldean eta berdin ipar aldean, baina orduan ¨zergatik darabilgu erreferentzia eta erreferente ordez referentzia eta referente? Hau ez da errespetatzea batasuna hon euskara, batasun soziologiko reala. Seguru naiz ezen behar dutela euskaran bere relevantzia proprioa izan hitz internationalek. ¨Zergatik darabil Fernando Muniozgurenek rizomantiko eta ez darabil errizomantiko?
Bat da noiz hitz bat da intenationala -nik ba dut publikaturik hiztegi bat buruz hitz internationalak titulatzen Euskararen arrotzhitzak, liburuak dakarzela 22.000 termino lexikal- eta bertze kasu apartekoa noiz hitza da hizkuntza soil betekoa. Problemak behar dira seinalatu bai, nola egin duen Muniozguren edo akademiko Sarasola edo bertzek, baina behar dira ere derrigorrez problema direlakook ongi quantifikatu eta ongi delimitatu, ez aitzitik soilki aipatu iraizean.
Jexux Mari Irazu
Bertsolaritzan askotan aipatzen dira baserritik kalerakoak, unibertsitario kontuak, telebistaren eraginak, tematikaren dibertsitatea.... Bada beste gai bat, nire ustez, horiek denak bezain garrantzitsua: dedikazioaren kontzeptua, batez ere bertsolaritzari eman izan dionagatik eta eman diezaiokeenagatik. Eta zenbat aurreratu du bertsolaritzak dedikazioan? Asko, egia da hori. Gaur egunean, orain dela hogei urte baino pertsona gehiagoren dedikazioa jasotzen du bertsolaritzak, zorionez. Eta bertsoak berak? Amurizaren belaunaldian bertsoak zenbat dedikazio ordu galdu ote ditu, sormena ez zen beste lanetan? Etxe eginean, belar ontzen... Eta Egañaren belaunaldian? Publizitatea kontratatzen, kafe makinetan, irakaskuntzan... -Gure belaunaldia eta ondorengoa definitzeke ikusten dut oraindik-. Eta galdutako dedikazio horrek zein eragin izan du bertsolarien bertso-uztan? Eta kalitatean? Gai konplikatua da, eta formulazio errazik aurkitzen ez diodana. Bertsoa bada bertsolaritzaren oinarri nagusia, oinarri horrek dedikazio beretsua jasotzen du orain eta orain dela hogei urte. Eta askotan aurrera ez egitea atzera joatea da. Dudarik gabe, hitz gordinagoak ere sartu behar dira hor eta garrantzi klabea dutenak gainera: norbere apustua, arriskuak hartzeko ausardia, merkatua... Baina, bertsolaritzan aspaldian dena ez da merkatu librea bakarrik. Ez ote du bertsoak gehixeago merezi? Puntua jarrita dago.