Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-12-12 -- 1970.zenb

Miguel Sanzen desafioak
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta UPNko lehendakariak berriz luzatu die desafioa bere alderdiko afiliatuei: martxoaren 13ko kongresuan ontzat ematen badira UPNko lehendakariorde Rafael Gurreak eta Jose Cruz Lapazaran idazkariordeak aurkeztutako proposamenak, berak uko egingo dio UPNko lehendakari izateari. Gurreak eta Lapazaranek beren karguetarako pertsonak 200 lagunez osatua dagoen UPNko Kontseilu Politikoak proposatzea nahiko lukete eta ez alderdiko lehendakariak (Sanzek), adibidez, edota Kontseilu honek bakarrik erabaki dezala hautes zerrenden osaketa. Sanzek æeredu asanblearioaæ deritzo horri -«Batasunaren eredua»- eta ordagoa jo du. Aurten bertan, UPNren Kontseilu Politikoaren danbateko gogorra hartu zuen Sanzek, bere hautagaiari muzin egin eta Javier Pomés hautatu zuenean Europako Parlamenturako zerrendaburu.


Nafarroa Baiko Barkosek gola sartu dio UPNri

Medinaceli-Soria-Tutera bidea autobia izango da eta ez autopista, hori da Espainiako Kongresuak onartu berri duena. Nafarroa Baiko Uxue Barkos diputatuak bultzatutako proposamena izan da eta jokaldia borobila atera zaio: Kongresuko talde guztiek onartu dute eta, beraz, PPren talde barruan dauden UPNko diputatuek ere bai. Edozein eratan, UPNk danbatekoa jaso du, berak ere bere garaian autobiaren aldeko jarrera agertu zuelako, baina PPren Espainiako Gobernuak autopistaren eredua inposatu ziolako.


De Villepin, Frantziako barne ministroaren bidaia antzua

Halako batean etorri da De Villepin Frantziako Barne ministroa. Berak besapean ekarriko zuenari buruzko esperantzak askotakoak ziren, baina azkenean etsipena nabaria izan da. Galdegindako gai batzuk ia aipatu ere egin gabe utzi zituen Barne ministroak eta esandakoekin berriz, inor gutxi gustura. Euskararen ofizialtasuna ukatu zuen eta IPEren sorrerari buruz aritu zen. Hizkuntza Politikarako Bulego Publikoari buruzko zehaztapen gutxi eman zuen eta aurrekontua uste baino murritzagoa; 600.000 euro beharrean 520.000 euro. Euskarazko irakaskuntza alorrean hitzarmena sinatu zuen ministroak, baina Hiru Sareta-k (Seaska, Euskal Haziak eta Biga Bai) adierazi du ministroaren bidaia aurrerapausoa baino atzerakoa izan dela. Hiru Saretak abenduaren 11rako manifestazio deialdia egina du.


Hiztegiak poltsikoan

Eskuko hiztegia izeneko egitasmoan garatutako tresna, eskuko ordenagailu txiki bat da. Ordenagailuan Euskal Hiztegia, Sinonimo Hiztegia, Hiztegi Batua eta Hiztegi Modernoa daude kargatuta eta edozein tokitan eta momentutan kontsulta daitezke. Ordenagailuaren pantaila txikitxoan informazioa erraz irakurri ahal izateko Internet bidez konektatzeko web orrialde berezia prestatu dute. UEUk abian jarritako Hiztek masterreko Urtza Iturraspe ikasleak garatu du proiektua EHUko IXA taldearen zuzendaritzapean.


Ohorezko euskaltzainak eta Txillardegiren ezetza

Hamaika ohorezko euskaltzain izendatu ditu Euskaltzaindiak eta horien artean Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. Ez du onartu, ordea, izendapena eta orain daukan euskaltzain mailan aldaketarik ez duela nahi esan du. Urgazlea da 1957tik eta hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko: 1980an (Patxi Altuna aukeratu zuten), 1987an (Juan Mari Lekuona) eta 1988an (Ibon Sarasola). Txillardegik Berriara bidalitako eskutitzean dioenez: «Euskal Herriak eta euskarak berak badaukate ohorezko izendapen hauek baino kezka iturri larriagorik».

Segidakoak dira beste ohorezko euskaltzainak: Pello Apezetxea, Koldo Artola, Federico Barrenengoa, Josep Camino-Hasquet, Jean-Baptiste Dirassar, Joseba Intxausti, Jon Lopategi, Patxi Oroz, Jean-Baptiste Orpustan, Karmele Rotaetxe.


Euskarazko jostailuen Gida 2004

Urtxintxa Eskolak Gidaren 4.000 ale argitaratuko ditu Durangoko Azokarako. Euskarazko jostailuen zerrenda eta fitxa jasoko du gidak eta iazkoen zerrenda ere bai. 2003 eta 2004ko CD-ROMak ere bertan izango dira. Jostailugintzako ekoizleak eta dendak ezagutu nahi dituenak ere hor aurkituko ditu.


EAEko aurrekontuak gori-gorian aurtengoan ere

Aurrekontuen negoziazioen emaitzetan, aurtengoan UAko Enriqueta Benito irabazi du gobernu hirukoak. Horrek 37nako enpatea ekar dezake, SAk taldean edo banaka abstentziora jotzen ez badu. Ez da kopuru nahikoa aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina Eusko Legebiltzarreko araudiak, bozketa hiru bider egitea ahalbideratzen du enpateak errepikatuz gero, eta horrek esan nahi du balizko ezezkoaren edo baiezkoaren blokeetan parlamentario bakarrak ere ezin duela hutsik egin, bestela balantza alde batera edo bestera desorekatuko litzateke. Azkenean, enpatea nagusituko balitz, Jaurlaritzak bigarrenez luzatu beharko lituzke Jaime Mayor Orejak ospetsu egin zituen 2003ko aurrekontuak.

Deserosotasuna Arrasateko kooperatiba askotan

Arrasateko kooperatibetako lantegi askotan ez da giro onik MCCko zuzendaritzak Espainiako Erregeari abenduaren 9rako egin dion gonbitearekin. Eta giro hori berdin hedatzen da langile soil, ertaineko postuak edota zenbait kooperatibetako goi mailako zuzendaritza postuetan. Pertsona askok ez dute batere egoki ikusi MCCko Kontseilu Nagusiak -lehendakari gisa Jesus Catania duena- nola hartu duen erabakia, operazioa egosia prestatu diolako Kontseilu Erretoreari eta honek ez duelako ezer esaterik izan behin jakia mahaiaren gainean izan duenean. Kooperatiben baitatik bisita honekiko desadostasun publikoa agertu dutenek azpimarratutakoaren arabera, kooperatiba taldeak nahiko ongi neurtu izan ditu bere ekimen politikoak, nagusiki kooperatibisten pluraltasunari zor zaion begiruneagatik, baina oraingoan printzipio hori guztiz hautsi da. MCCko zuzendaritza exekutiboarentzat, ordea, operazioa garrantzitsua da Espainian saltzeko.

Daniel Udalaitz

Prud'hommes Ipar Euskal Herriko erakunde sektorial eta territoriala da, zeinetan ebazten baitituzte laneko gatazkak langileen eta ugazaben baseek hautetsitako ordezkariek. Hego Euskal Herrian ditugun epaitegi sozialen tankerakoa da, baina auzietan ez dute epaileek erabakitzen, langileen eta enpresen ordezkariek baizik. "Prud'hommes" delako instituzio hori eratzeko azken hauteskundeak iaz izan ziren. Langileek zein ugazabek hautetsitako pertsonak 50 izan ziren, 1997ko 58en aldean. Bi alderdiek 25na ordezkari dituzte. Erakunde horretan ordezkaturiko sektoreak hauek dira: Merkataritza (18 ordezkari), Industria (10), Hainbat jarduera (8), Tarteko koadroak (8) eta Laborantza (6). Enpresa-elkarteez gain, azken hauteskundeetan, besteak beste, Force Ouvriere eta CGT sindikatuek hartu zuten parte. Nabarmentzekoa da LAB sindikatu abertzaleak, Ipar Euskal Herrian 300 lagun afiliatu baino gehiago baititu, lehenbiziko aldiz hartu zuela parte hauteskunde horietan, eta ordezkaritza lortu zuela. Erakundeak egoitza Baionan badu ere, Iparraldeko euskaldunen parte batek (gehienak Zuberoakoak) Prud'hommeserako ordezkariak Oloroen (Frantzian, alegia) hautetsi behar dituzte. Halakoak dira Frantziako legeriaren eskakizunak, Iparraldeko euskaldunak ere zatitzen baititu.

Antxon Azkargorta eta Miguel Herrero, EHUtik kaleratutako irakasleek Berrian Batasunaren proposamenari buruz «Diskurtsoa ere desarmatu beharra dago?» titulupean idatzitako artikuluaren bukaera: «Azkenik, guztiz onartezina deritzogu presoen, erbesteratuen eta biktimen arazoa esklusiboki ETA eta bi estatuetako ordezkariak egongo diren mahai batean ebatziko dela proposatzea. Lehengo mahaian eragile politiko, sozial eta sindikatuetakoek parte hartuko badute, zergatik bigarren honetan ez? Gogora dezagun deportatu, torturatu eta «biktima» asko ez direla ETAkoak. Eta baldin badira ere, kolektibo horien alde borrokatu duten pertsonek zer esanik izango dute, ala ez? Bigarren mahai honetan herriaren presentzia ahanztea despistea baino zerbait gehiago dela iruditzen zaigu. Paradoxikoa da orain arte etsaiak gure hainbat ideia ostu digularik, oraingoan Anoetako dokumentua etsaiaren kontzeptuz josita agertzea: «partir de la realidad», «evolución gradual», «paz», «sacar el conflicto de las calles», «de manera pacífica y democrática».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan