Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-12-12 -- 1970.zenb

Nagore Irazustabarrena


11'77 ordu. Horixe da, batez beste, emakume profesionalak egunero lanean ematen duen denbora Espainiako Estatuan 2000. urtean egindako azterketaren arabera. Kopuru horretatik 7,26 ordu soldatapeko postuan egiten ditu eta 4,54 ordu etxeko lanetan. Kopuru horretan, gainera, ez da sartzen familiaren zainketan emandako denbora. 2002an EAEn, Katalunian eta Andaluzian eginiko beste azterketa batek dioenez, jarduera bikoitz hau duten emakumeen osasun egoerak okerrera egiten du familiaren beharrek gora egiten dutenean, haurrak edo beste senitartekoak zaindu behar direnean, alegia; estresak eragindako gaixotasunak hirukoiztu egiten dira 35-55 urte arteko emakumeetan, herritar guztien batez bestekoarekin alderatuta. Eta gure jaiotze tasa mundu mailan txikienetakoa da. Arazook gizarte osoan eragiten dute, baina oraindik erantzukizunaren pisua emakumeengan dago.

Legeen garapena

Lantoki barruko eta kanpoko lana uztartzeko arazoek neurri eta azpiegituretan dute irtenbidea eta horiek legeen garapenetik etorri behar dute. Egun, hainbat neurri martxan dira, eta haurrak dituzten emakumeek, eszedentziarako eta lan orduen murrizketarako aukera dute, teorian bederen. Baina lan orduak murrizteak diru sarrera murriztea dakar berekin. Eta lehenago garbi geratu da emakumeek gizonek baino soldata txikiagoak eta kontratu okerragoak dituztela. Ondorioz, emakume askok ez du laguntza horietara jotzen euren karrera profesionalean eta diru sarreretan eragina duelako. Eurostatek berriki eginiko inkestaren arabera, lan munduan sartu diren emakumeen %39ak ez du nahiko lukeen haur kopururik eta horren arrazoi nagusiak lana bera (%51,6) eta lanari lotuta dagoen egoera ekonomikoa (%48,4) dira. %49ak lehen haurra izateko garaia propio atzeratu du eta %47ak ama izateak karrera profesionalean eragina duela onartzen du. Lan orduen murrizketara joko ote luketen galdetuta, %55ak ezezkoa dio, eta %30ak soilik onartuko luke. Ezezkoaren arrazoi nagusiak: gutxiago irabaztea (%68,5) eta promozio aukerak galtzea (%27,5). Orain arteko politikek, beraz, ez dituzte beharrak ase eta aurreikusten direnek ere kritikak jaso dituzte.

Berdintasun legea

Iragan irailean onartu zuen Lakuako Gobernuak EAErako Berdintasun Legearen proiektua eta berehala iritsi ziren emakume taldeen eta sindikatuen kritikak. Batetik, proiektua onartu aurretik gizarte eztabaida bultzatu ez izana salatu zuten. Bestetik, intentziora eta aholkuetara mugatzea leporatzen diote proiektuari. Bertan ez da eduki eta eskubide zehatzetaz hitz egiten, ez da neurririk finkatzen.

ELA sindikatuak laneko eta familiako bizitza bateratzeko proposamena mahaigaineratu du, lau puntutan zehaztua: lehenik, lanaldi murriztuek eta adin txikiko eta zainketa behar duten senideak artatzeko eszedentziek ez dute babes sozialetan kalterik eragin behar eta neurri osoagoak behar dira zentzu horretan; bigarrenik, lanaldia 35 ordutara murriztu behar da; hirugarren puntuan etxez etxeko zerbitzuak, 0tik 3 urtera bitarteko haurtzaindegien sare publikoa, egoitza berriak eta abar eskatzen dira, hots, herri-administrazioek pertsona guztiek laguntzarako duten eskubidea aintzat hartzea; eta azkenik, esparru pribatuko zeregin guztietan, ardurak gizon eta emakumeen artean partekatzea beharrezkoa ikusten du ELAk.

Gizonen aldaketa

Azken puntu horrek garbi uzten du, erakundeek neurri zehatzak hartzea ezinbestekoa izanda ere, gizonezkoek euren mentalitatea aldatu behar dutela emakumea lan esparruan berdintasun osoz aritu dadin. Gaur egun, ordainsaririk gabeko lan ordu murrizketa edo eszedentzia eskatzen dutenen herritarren artean %5 besterik ez dira gizonezkoak. Lanpostutik kanpoko lanetan, gizonezkoen kolaborazioa oso pixkanaka hazten da eta, gainera, kolaborazio kontzeptua baztertu eta partekatze orekatura jo beharko litzateke. Emakumea tradizionalki gizonezkoen esparrua izan den mundu profesionalean sartu da, oztopoak oztopo. Tradizionalki emakumearen esparrua osatu duten gainerako lanetarako jauzia egitea egokitzen zaio orain gizonezkoari.

Daniel Udalaitz


Espainiako Estatistika Institutuak (INE) egin eta hiru hilero argitaratzen duen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, urte honen hirugarren hiruhilekoaren datu ofizialak -hau da, urteko azken datu ofizialak- aipatutako egoeraren adierazle dira. BAIk argi azaltzen du emakumeek lan-merkaturatzeko gogoa dutela, emakume langabetuak eta landunak batzen dituen jarduera-tasak inoizko mailarik altuena lortu baitu (%44,66). Denek ez dute enplegurik aurkitzen; ondorioz, emakumeen langabezia-tasa (%14,38) gizonezkoen tasatik (%7,87) urruti samar dago, nahiz eta langabezia askoz gehiago jaitsi den emakumeen artean (57.100), gizonen artean baino (4.200).

Aurrera egin baino lehen, datuak dagokien neurrian aztertzeko, azpimarratzekoa da Euskal Herri mailako Estatistikako Institutu Nazional euskaldunik ez izateak gure herrialdearen benetako datuak behar bezalako aldikotasunaz ikertzeko aukera kentzen digula. Kasu honetan, beste hainbestetan bezala, Espainiako INEren datu ofizialetara jo behar izan dugu ezinbestean; horrek Euskal Herrian bizi dugun egoera sozio-ekonomikoaren benetako irudia desitxuratzen du. Gehienetan bezala, Ipar Euskal Herriko errealitatea ilunpean geratzen da, ez dugulako bertako egoerari buruzko datu ofizialik.

Gizonezkoen eta emakumezkoen langabezia orekatzen ari da, ez, ordea, okupazioa

Urte honen hirugarren hiruhilabetekoak Hego Euskal Herriko langabetu kopuruaren jaitsiera ekarri du, BAIren datuen arabera. Horrela, 103.000 pertsona langabetu zenbatu ziren orotara, hau da, lau lurraldeen populazio aktiboaren %8,15. Okupatutako populazioak ere 9.700 pertsonako hazkundea izan du urteko bigarren seihilekoari dagokionez, guztira 1.029.300 pertsona bilduz. Esan beharra dago hirugarren hiruhilekoko langabeziaren jaitsierak emakumeen kopuruetan eragin duela batez ere, 6.600 langabetu gutxiago eraginez.

Ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko langabeziaren banaketa orekatu egin da joan den hirugarren hiruhilekoan eta emakumeen %49,80 eta gizonen %50,20 gainditu ditu. Okupazioaren arloan, aldiz, ez dago aipatutako orekarik. Pertsona landunen gehiengoa gizonezkoek osatzen dute (%59,20), emakumeen kopuruarekin alderatuz (%40,80). Generoak bereizketak ezartzen ditu populazio aktiboaren gaineko langabezia-tasan, emakumeen kaltean betiere. Horrela, Nafarroan emakumeen langabezia-tasa %6,55koa da, gizonezkoen %3,11koaren aldean. Araban, emakumeen tasa %10,16koa da eta gizonena %5,92koa. Gipuzkoan, emakumeen langabeziaren ehunekoa 8,52koa da eta gizonena %5,70ekoa. Azkenik, Bizkaiko emakumeen langabezia-tasa %12,03koa da eta gizonezkoena %10,17koa.

Aldi baterako lan prekarioa

Joan den hirugarren hiruhilekoan emakumeen langabezia-tasa jaitsi eta lan-merkatuaren bilakaera positiboa izan bada ere, sindikatu guztien iritziz, sortzen ari den enplegua aldi baterakoa eta prekarioa da, bereziki larria dena emakume eta gazteen kasuan, behin-behinekotasuna nabarmen areagotu baita. LAB sindikatu abertzalearen arabera, Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %92,3 aldi baterakoak ziren (%93 emakumeen artean eta %95,1 gazteen artean). ELAk, bestalde, urteko lehen seihilekoari dagokion koiuntura txostenean adierazi duenez, behin-behinekotasun indize altuak %0,2ko gorakada izan du tarte horretan; gainera, hirugarren hiruhilekoko bilakaera antzekoa izan da, ikusi dugun bezala. Ebentualtasunak eragin apalagoa du gizonezkoen artean (%24,9), emakumeen artean %35,5ekoa delako.

Berdintasunik ez etxeko zereginen banaketan

Argazkia osatzeko, emakumeek pairatzen duten soldata-bereizkeriari buruzko datuez gain (ezkerreko orrialdeko koadroan zehaztuak), ezin ahantz genezake emakumeek familiaren baitan bikotekide edo bizikideen partetik bizi duten bereizkeria. Denon begi bistan da etxeko arduren banaketa ez dela ez bidezkoa, ez parekatua emakume eta gizonezkoen artean. Era berean, egungo osasun eta gizarte zerbitzu publikoen gutxiegitasunak ezin batera dezaketen lanaldi bikoitza izatera behartzen ditu emakumeak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan