Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1970. alea
2004-12-12
alde 0    kontra 0

Lehenengo aldia

Batzuen artean

Txalaparta

168 orrialde

13 euro

Lehen sexu harreman haiek

Fantasian edo errealitatean beraiek edo beste inork larrua jo zuten lehenengo aldi hartako sentsazioak edo bizitzan zehar sexu harremanei dagokienean pertsona batek izan dezakeen unerik gogoangarrienari buruzko gogoetak azaltzen dira -maiz umore izugarriarekin-, Txalaparta argitaletxeak hala eskaturik, Lander Garrok, Paddy Rekaldek, Diego Martiartuk, Aitor Aranak, Carmen Gisasolak, Edorta Jimenezek, Patxi Zubizarretak, Juan Ramon Madariagak, Sonia Gonzalezek, Joxean Agirrek, Xabier Mendiguren Elizegik eta Itxaro Bordak burutu dituzten ipuin hauetan. Idazle bakoitzak berari dagokion doinu eta neurrian egin ditu plazerra ardatz duten lan hauek, eta jakina, aldi tragikoak algara sorrarazten dutenekin tartekatzen dira liburuan.

Poder y comunidad. Una sociología del nacionalismo

Ricardo de la Encina y Pérez de Onraita

Pamiela

333 or./ 18 euro

Nazionalismoen zergatia eta balioak azaltzen dituen lana

Ricardo de la Encinaren saio honek nazionalismoak balio politiko eta arrazionalik ez duela diotenei egiten die aurre, abertzaletasuna zerbait modernoa dela eta etika politikoa duela azalduz. Naziorik gabeko estatuen artean estatua duten nazioen inposizioa aztertzen du egileak, 1994an bukatu zuen Soziologian doktorego tesia abiapuntu izan duen lan honetan. Garbi utzi du XVIII. eta XIX. mendeko Europako pentsaeretan errotutako ideologia dela nazionalismoa, aldaketa politikoen eta bizitza politikoaren sekularizazioaren bultzatzaile. Eta hainbatek antidemokratikoa dela dioen arren, guztiz demokratikoa ere bai, inplikazio soziala, legitimazio politikoa eta eskubide kolektiboen defentsa bilatzen dituelako.

Orbaibar

Joxe Austin Arrieta Ugartetxea

Kutxa Fundazioa

101 orrialde 4 euro

Iazko Irun Hiriko olerki saria

Kutxa Fundazioak urtero antolatu ohi duen Irun Hiriko literatur lehiaketan Joxe Austin Arrieta Urgartetxearen Orbaibar poema bildumak eskuratu zuen iaz olerki saria. Hiru ataletan banatutako poema sorta da Orbaibar-Valdorba muin harturik eraikitako lan hauxe: 2000n dataturiko lehen egonaldia dakar kontura olerkariak hasierakoan, 2002ko bigarren jardunaldia hurrengoan eta 2003an eginiko hirugarren ihesaldia azkenengoan. Nork bere hautuak eta autoak dituela dio Joxe Austin Arrietak poemotan, jakinik ere errealitatea Valdorba dela, Orbaibar alderantzitura ihesi joan nahian dabilenean, Neruda, Brecht edo Gandiagaren hainbat olerki gogoratuz, egunetik egunera bera bezalako lagun agramondarrak bi bandotara banatzen ikusten dituen bitartean.

Hizpide

Batzuen artean

HABE

110 orrialde

5,09 euro

Etorkinak nola euskaldundu

Hizpide aldizkariaren 56. zenbakian, besteak beste, euskara ikasi nahi duten etorkinei lagun diezaiekeen ikasmaterialaren aurkezpena egiten dute Belen Benitezek eta Ainhoa Gaintzak AISA, etorkinak euskarara hurbiltzeko atea izenburuko lanean. Eta gai horrekin loturik dago Itziar Landa euskara irakasleak idatzi duen Etorkinak Zarautzen euskara ikasle, AISA materiala ikasgelan etorkinekin erabili dutenen esperientziaren berri ematen duelako. Bestalde, gaitasun komunikatiboa zer den, horren osagaiak nolakoak diren, eta ebaluazioari begira -baita alfabetatze-euskalduntzearen ikuspegitik ere- zer ondorio dakartzaten azaldu du Josu Peralesek Gaitasun komunikatiboa ebaluatzen: mintzamena eta idazmena izenburuko artikuluan.

Semaforoko ipuina

Manu López Gaseni/ Jokin Mitxelena

Aizkorri.

36 or./ 5,25 euro

Paperezko musuzapi saltzailearen ipuina

Lehen irakurleei zuzendurik dago Manu López Gasenik sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako kontakizun polit hau. Arratsalderoko ipuina entzuteko aukerarik izan ez duelako amorratzen jarri eta eskolatik ez oso alai atera den mutiko bati gertatutakoa kontatzen da bertan. Amaren kotxea bilatu, atzeko eseraulkian eseri, eta han doaz biak etxe aldera. Zazpigarren aldiz semaforo batean geratu behar izan dutenean, azal iluneko gizon bat azaldu zaie, egunkariak eta paperezko musuzapiak ea erosiko dizkioten galdetuz. Mutikoaren amak uko egin dio eskaintzari, baina orduan gizonak mutikoari erreparatzen dio eta ea ipuin bat kontatzerik nahi duen galdetzen dio.

Euskarazko prentsa eta Azpeitia

Batzuen artean

Uztarria

176 or./ 8 euro

Azpeitiar kazetariak euskarazko prentsan

Azpeitiarrek euskarazko prentsan izan duten garrantziaz oharrarazteko helburuarekin plazaratu du Uztarria kultur koordinadorak Euskarazko prentsa eta Azpeitia. XX. mendearen hasierarako bazen jardun horretan lanean ari zen azpeitiarrik, eta ordutik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidea jasotzen duen lana osatzeko, 91 norbanakok, herriko 16 erakundek eta kanpoko 7 adituk parte hartu dute Uztarria aldizkariaren eta Urola-Kostako Hitzaren sorrerara iristeko egindakoa jasotzen duen saioan.

Gauza txikien liburua

Pako Aristi

Erein

166 orrialde 14 euro

Bizitzaren bidaia luzea hobeto ulertzeko


Pako Aristiren gogoetak, ipuinak, bidaia kronikak, hildako jendeari buruzko hitzak, egiten dituen ametsak eta poesiak oso modu pertsonalean nahastuta ageri dira Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen Gauza txikien liburua izeneko bere azken argitalpen honetan. Urte askotan idatzi izan dituen 63 pieza labur biltzen ditu bertan, fikzioa eta errealitatea nahasiz, bizitzaren bidaia luzea hobeto ulertzeko asmoarekin. Liburu bakoitzean esperimentatzea gustuko duen idazlea dugu Pako Aristi, eta Gauza txikien liburuarekin, bere bizitzan iritziak nola doazen aldatzen agertu nahi izan du, euskaraz horrelakorik egiten duen idazlerik aurkitzerik izan ez omen duelako. Horregatik osatu du liburu erabat berea den hau, gaur egungo gizarteari buruz uste duena agertuz, bide bat eskaini asmoz. Eta azalean bere argazki bikoiztua ateratzera ere ausartu da, 41 urteko Pako Aristik 21 urterekin Kcappo bere lehenengo liburua kaleratu zueneko argazki txikia erakutsiz, hogei urte pasa direlako argazki bien artean, eta denboraren iragan horrek sortu dizkion kezken eta halako zeren gainean ere idatzi nahi izan duelako urrestildarrak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1969
 
azala1968

1970 zenbakia.
2004ko abenduaren 12a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia