Ramon Etxezarreta ( PSE-EEko kidea eta Donostiako alkateordea)
Nire oroimena ez da iristen zenbat urte diren, loa nuela bizimodu on eta duin ia bakarra erabaki nuela, zehaztera. Eta hala ere, inoiz ez dut lortu inkontzientziara eta nire grinak estaltzera iristerik. Eguna egunari lotu zaio joan den hamar urtetan, desosegua desoseguari, heriotza heriotzari bezain maiz, inoiz inork herri honi egin dakiokeen mesede politikorik handiena eta bakarra bere herritarren eskubide oinarrizkoak egun berrira arte abolitzea erabaki zuen unetik. Itxaropen guztiak inoiz irekiko ez genuen zorroan estalirik geneuzkan, etsiaren poltsan, biharamuna ez, baizik oraindik ere luzaroan ezagutuko ez genuen egun berria urruti zegoen komentzimenduan.
Ez gertakizunek ez jarrerek, ez kontrakoek ez aldekoek, ez dute ezarri irribarre mingotsa, mikatza, eztitu eta gozatzeko bitartekorik. Hala ere, egun berria ezagutzeko ahaleginik ez dugu aurreztu eta ez dugu galdu, denbora tarte hori neurtu gabe, argituko duen esperantza eta komentzimendurik. Eta ez dakit zerk ematen didan badatorrela.
Biolentzia gaitzesle eta errefusatzaileok, beste guztiek bezala ûbaina guk gehiago, esatea zilegi bekitû badugu gobernu berri bat, edo beste gobernu bat, indarkeria ez onartzea herritar nazionalisten pertsekuzioaren bidetik ez, beste batzuetatik baizik eramaten lagun diezagukeena, bide berri batzuek proba ditzakeena, jardunbide demokratikoetan tinko izanik besteren planteamenduak ulertzen saia daitekeena. Katalunia adibide izaten ari da.
Biolentzia tresna politiko bezala onartzen ez dugunok sumatzen dugu ETAren ahultze nahitaezkoa, zeinak ez duen esan nahi berriro, oso denbora laburrean, indartu ez daitekeenik, edo biolentziak beste aurpegiera batzuek izan ez ditzakeenik. Sumatzen dugu, nahiz eta solemnitate osoz militartasunaren balioaren adierazpen publikoak egin, jasan duela dioten ahultze militarra baino garrantzizkoagoa dela guztion begi bistan jasan duen ahultze politikoa. Eta batzuek kezkatu egiten gaitu ahultze politiko hori ETAk ezker abertzaleari kutsa diezaiokeela pentsatzeak. Erakunde militar bat suntsitzeak ez baitu ekarri behar aukera politiko eta jite politiko baten edo gehiagoren birrintzea.
Guztiok helmugara, inor bide bazterrean utzi gabe, iristeko beharra sentitzen dut eta beldur izan dut azken urteotako ibilbidean ETAk bere galbidean ezker abertzalea eta beste abertzaletasunen zati handi bat berarekin garraiatuko ote zuen. Ez nuen ulertzen nola ezker abertzalea bere morroi manupeko eta ezin mantsoagoa zuen. Eta esatekotan ere banengoen ETAk kieto egitearen unea baino lehenago "honuntzaino iritsi gara eta ez gehiago" esaten zuen jenderik agertzen ez bazen, akabo zela edozein normalkuntza prozesu.
Oraindik hitzak ez dira hitza baino gehiago, ez direla, alegia, ekintza esan nahi da, baina molde ezezagun bat, orain artean ohituak ez gintuzten egonarria iragarri eta agertu ere egin dela esango nuke. Ezker abertzaleak bere baitan prozesu politikoan nagusi, gutxienez bere buruarena, izatea erabaki duen susmoak daude, oraindik nahi eta susmo besterik ez direla esan behar bada ere. Baina dinamika horrek ez du, jendeak, herritarrak, gain politikoa hartzea beste burubiderik. Eta horrek egun berria izan behar duen biharamuna bertaraxeago sentitzen lagundu digu.
Ezker abertzalea edozein prozesutara osorik iristeko ahalegin serioa egin behar dute ezker abertzalekoek beraiek lehenik, ETAk edozein kasutan eta ezker abertzaleko ez garenok eta abertzale ere ez garenok. Ez dakit trukerik beharrezko izango den baina elkarri egin behar genizkioke adostasun oinarrizko baten nahiaren desioak. Ez naiz ni aurrenekoa, espetxe politika berria eta Batasunaren legez kanpo uztea aztertu beharreko gaiak direla aldarrikatzen duena.
Xabier Mendiguren Elizegi
Orain dela hilabete parea gertatu zitzaidan: etxera nentorren trenez, Koldo Mitxelena Kulturunean mahai-inguru bat entzun ondoren ûTxillardegiri buruzkoa, kasualitateaû; uzkurkeria soziala jabetu da gu guztioz eta, lagunen batekin joan ezean, txoko batean eseri eta parean inor ez egokitzea nahi izaten dugu; Donostiako aldirietako trenak bete samarrak ibiltzen dira, ordea ûzorionez, erantsi beharkoû, eta neska baten aurrean eseri nintzen. Arazorik ez: liburua atera poltsikotik eta irakurtzen hasteko moduan nengoen. Neska haren ezagun bat azaldu zen baina, eta kalaka batean hasi ziren biak. Tira: irakurketan kontzentratzerik ez zegoenez gero, nesken berriketa aditzen joan nintzen. Beti ikasten da zer edo zer halakoetan.
Hogei-hogeita bost urte bitartean zebiltzan neskak: ikasketak amaitu eta lan-mundu beti zailean sartu beharreko garaian, eta gai horien inguruan joan zen beren solasaldiaren parte handi bat. Beste bat, Salamancako kontuez. Hangoak zirela esan behar nuen, baina zehaztu dezadan: Zumarraga-Urretxu aldekoa zen bata, Beasain-Ordiziakoa bestea; bien familiak, berriz, Salamanca inguru horretakoak, eta handik ezagutzen zuten elkar, nonbait. Ez ziren ez herri ez bailara berekoak hala ere: hizketalditik sumatu nuenez, Ciudad Rodrigo eta Béjar eskualdeetan zeukaten jatorria, eta Zezen Larruaren mapari begiratzen dionak ikusiko du Salamancako probintzian daudela biak, baina elkarrengandik aski urrun.
Zer dela-eta hainbeste xehetasun, galdetuko duzue. Deigarria iruditu baitzitzaidan gurasoen lurrari zioten atxikimendua. Neska haiek bezala Goierriko herri industrializatu batekoa naiz ni, auzo proletario batean hazia eta emigrante-familietako lagunekin ibilia: Ourensekoak, Burgoskoak, Valladolidekoakà Hala ere, neska horiek baino hogei urte zaharragoak ziren nire lagunei sekula ez nien sumatu familiaren jatorriarekiko halako interesik ez maitasunik. Eta ez dut uste inguruko presioagatik disimulatzen zutenik ere. Zer aldatu da hogei urte honetan? Beharbada ekonomia aldetik oso atzeratuak zeuden Gaztelako bazterrak orain ez dira horren arlote eta lotsagarri; poztekoa litzateke hori. Edo agian, eta hau ez da horren pozgarria, lehen nola-halako erakarmen eta ilusioa sortzeko gai zen Euskal Herriak galdu du lilura hura.
Kasu bakan batetik ezin eraiki daiteke teoriarik baina, utz iezadazue garaien arteko konparaketarekin jarraitzen. Batetik, kanpotarren seme ziren nire ikaskideek ez bezala, euskaraz aski txukun jakingo dute neska bi hauek, eskolan ikasita. Bestetik, duela hogei urteko emigrante-semeak guztiz integratuta oroitzen ditut, gustu eta iritzietan bertako Rhdunokin bat eginda, gu bezalaxe erdaraz eta abertzale; treneko nire bidai lagunak, berriz, bere adinkide agirretarrengandik aparte samar imajinatzen ditut: igande horretantxe zen ospatzekoa Kilometroetako festa Orio eta Zarautzen, eta hara joango ziren Goierriko gaztetxo txeroki gehienak, giro euskaldun eta jatorrean mozkortzera; neska haien festa-leku maiteena, aldiz, Irun omen zen ûbarka nazatela nire lagun irundarrek, baina ez da hura probintziako lekurik euskaldunenaû.
Nire belaunaldikoek baino askoz gehiago egiten dute euskaraz gaurko gazteek. Hala ere beldur naiz, kanpotarren familietakoen integrazioan ez ote dugun atzera egin. Trenaren pasadizotik harago, ondorio praktikoak dituen korapiloa da hau: hizkuntza ereduetan eta euskalgintzaren lehentasunetan, besteak beste. Dena dela, ez nuke dilema faltsurik plazaratu nahi: galdetzen badidate zer den inportanteago, betidaniko euskaldunek beren artean euskarari eustea, ala hona datozenak ohitura eta pentsaeretan geureganatzea, dudarik gabe erantzungo dut: biak!
Arazoa beste bat da: ea aski indarrik ote dugun, bata eta bestea egiteko.
Josemari Velez De Mendizabal
zein da bizitza honetako onik gorena? Filosofia etikoaren aurrenekoetako galdera da hori, eta grekoarena ere izan zen. Epikureoek zein estoikoek irtenbidea edo erantzuna bilatzen jardun zuten; eta berdin egin zuten mende guztietako filosofo eta pentsalariek. Zein ote bizitzaren summun bonum? Ba al da erantzunik? Batzuentzat maitasuna izan daiteke; beste askorentzat, aldiz, boterea. Galdera konplikatua, bai horixe!
Nik uste dut Aristoteles genuela, mundua gizabanako isolatuen bilduma ez dela zioena. Denok, nola edo hala, bata bestearekin erlazionatuta gaudela defendatzen zuen greziarrak. Eta eguneko garaiei bagagozkie, badirudi egia osoa dela. Nik bederen zeharo onartzen dut ideia hori. Inor ez da uharte; denok osatzen dugu kontinente berezia den gizadia eta gutariko bakoitza zati bat gara osotasun horretan. Elkarrekin bizi gara, nahiz eta distantzia geografikoa handia daitekeen. Eta tximeletaren eraginaren erreprodukzio bikia balitz bezala, urruneko norbaiten desgraziak nire baitan efektua sortzen du, gizadiarekin konprometitua nago eta.
Bizitzaren onik preziatuena maitasuna ote den galdetuko balitzait, ez dakit baiezkoarekin erantzungo nukeen. Ziurrenik, elkarrekiko begirunearen alde egingo nuke, horixe iruditzen baitzait baliorik funtsezkoenetakoa. Ez dakit gizakia gai ote den bortizkeria bere erroetatik zeharo erauzteko; ez dakit, madarikazio itzela bailitzan geure azalean iltzaturik daramagun bortitzak izateko kalamitateaz inoiz libratuko ote garen; eta ez nago ziur, sortzezko bekatuarekin ez bezala, gizakiak gizakia suntsitzeko darakutsan gogoa ur bedeinkatuaren laguntzaz inoiz garbituko ote den. Ezezkotan nago.
Gizakiok kontrola ezin ditzakegun indarrek kontrolatuta bizi gara. Erakunde ikusezinen eskuetan txotxongilo bihurtu gara. Eta toxikazioa gero eta handiagoa da, geure arteko zatiketa eragiteko. Horregatik beharrezkoa zaigu kohesioa posible egin lezakeen balioa. Eta nik begirunean daukat jarrita itxaropena.
Begirunea maitasunaren aurreko estatusa da. Edo, behintzat, hurbilenetakoa, maitasuna badela suposatuz gero, jakina. Begirunea, batez ere gizarte harreman behartuetan, bitarteko ez bortitzaren lagunik hurkoena dugu. Ez dira faltako, kasu horietan begirunea eta beldurra sinonimoak direla esango dutenak. Baliteke. Nik neuk ere ezingo nuke askotan bereiztu bi sentimendu horien arteko marra, eta horren ondorioz bakezaletasunaren egonarria lur irristakorretan eraiki daitekeelakoan nago, gutxien espero denean bestearekiko begirunea gorroto bihur dakigukeelarik.
Edozein modutan, bakezaletasuneko militantea naiz ûhori bai, doktrinakerian erori gabeû. Bakezaletasun errealista batean ari naiz, guztietatik aukerarik egokiena delakoan. Bakezaletasunera begirunearen bitartez edo, berdin dit, alderantziz. Bizipen pertsonalek pentsamendua zizelkatu didate eta horri esker jakin badakit ûedo, gutxienez, badakidala uste dutû pentsamenduetan ere denok desberdinak garela, bizitza esperientziak diferenteak dira eta. Horrexegatik, sentimenduen ozeano zabalean tanta guztiak konposaketa ezberdinekoak ditugu; denak batera, denak elkarrekin, baina arras bestelakoak.
Gizakiak gizakia otso: esplotazio eta zapalketarako XX mendeko metodo zaharrak berriztatzen ari dira. Munduko krisiak balioak bestelakotu egiten ditu, etengabe. Eta zabalagotu egiten da gizadiaren bizitza tragedia, aukerak arrisku bilakatzen direlarik. Erich Frommen teoriak inozo eta utopiazale banaka batzuen baitan bizi dira, konfrontazioaren hotsa munduko bazter guztietatik heltzen zaigun bitartean. Diodan parentesi artean, Frommek begirunea maitasun mota berezitzat hartzen zuen. Bada, horrexek egin nau bakezale, geldiunerik gabeko krisiak Eta horren izenean ausartzen naiz begirunea eskatzera, denontzat. Baita niretzat ere, noski, interesatuena naiz eta. Norbaitek zioen aspaldi maitasun perfektuak beldurra ezabatzen duela. Ez dut uste maitasun borobilean sinesten dudanik. Horrexegatik beldurrak bizirik irauten du nigan.
Koldo Aldalur
Horrela ibili beharrik ez badute ere, amorratuak dira disimuluan ibili nahian. EPELko arduradunei buruz ari naiz, beste hainbatez ere antzeko zerbait esan badaiteke ere. EPEL: Eskuzko Pilota Enpresen Liga.
Komunikabideen pozerako ûeta agian hauetako hainbatek bultzaturikû, urte guztia txapelketez bete digute, lau t'erdikoa, buruz-burukoa, Nafarroako lau t'erdikoa, binakakoa... Jakina da pilotazaleak bi enpresa nagusietako pilotariak elkarrekin, edo elkarren aurka, ikustea duela gustuko eta horretarako txapelketak direla modurik egokiena, baina, txapelketa zer den eta zer ez den bereiztea komenigarria da.
Urrutira joan gabe, garai batean federazioak ematen zion txapelketa itxura lehiari. Enpresek nahi zutena egiten zuten bikoteei, pilotalekuei, egutegiari edo materialari buruz, baina itxura behintzat mantentzen zen. Euskal Herriko Pilota Federazioko Presidenteak txapela edo txapelak banatzen zituen pilotak duen unerik garrantzitsuenean eta txantxuloetatik urruti xamar zebilen pilotazaleak uste zuen lehia kontrolpean zegoela.
Aspaldi honetan ordea, ez dago disimuluan ibili beharrik. Aspek eta Asegarcek beraien interesak babesteko elkarri bizkarretik hartu eta bidea, ahal den neurrian, elkarrekin egitea erabaki dute. Fenomeno. Pilotariak lehen, ez beti baina bai sarri, enpresak eginiko eskaintza erakutsi ohi zion beste enpresari eta aukera hoberena onartu. Bale. Elkar hartuta arrisku hori, enpresek, uxatu ez, baina urrundu bederen urrun zezaketen eta arestian hainbat pilotari ezagunek sinatu dituzten kontratuak egoera berriaren lekuko dira. Txapelketak antolatzeko orduan, telebistekin hitz egiterakoan, pilotazale zahar eta berrien arreta eta ikusmina sortzerakoan... dena abantaila elkarrekin ibiltze hori.
Eta horrela ditxosozko EPEL hori sortu zuten ûkomentarioren bat espero baduzu berezko epeltasunari buruz, jai duzu, etorriaren iturria agorturik dudalako aspaldianû eta torneo guztiei txapelketa maila eman.
Euren barne araudia edo "reglamentoa" ere sortu zuten txapelketei seriotasun handiagoa emateko. Beraiek sortu eta beraiek famatu. Aplikatzeko unea heldu zen arte. Aldez aurretik araututa ez zeuden atzerapenak eman dira, galga ezberdinak figurak badira tartean eta gainontzekoak badira, bikoteak osatzerakoan goraipatutako oreka baztertu eta amorraturik garaipenaren atzetik abiatu dira aurrelari hoberenak atzelari indartsuenekin elkartuz. Lotsa handirik ez bada, barkagarriak guztiak.
Arau hauste hauek urte bukaeran milioi mordoa poltsikoratzen duten pilotarien artean ûonerako edo kalterakoû badira, gaitzerdi, baina kantxetako parien artean gertatzen direnean sutan jarri ohi da pilotazalea hurrengo asteburuko partidak sua itzaltzen dion arte.
Iban Otaegiren kasua datorkit burura, lau t'erdiko txapelketa finalaurrekoetan dugun honetan. Bat aipatzeagatik. Ez Asegarcekoa, ez, berez, Aspekoa kalean utzi zuten nahiz eta kantxan erakutsi zuen gai ûgauza alegiaû zela hoberenei lanak emateko eta puri-purian ez zegoenari irabazteko. Disimulurik gabe. Kalera. Eta Ibanek komunikabideetan hainbesteko indarrik ez duelako dagoeneko ahaztu zaigu gehienoi. Eta Otaegi bezala bada beste bakarren bat ere ûMikel Goñik adina salduko balu jarriko luketela dabil nire buruan bueltaka, baina, agian ez aipatzea hobe, konparazioak gorrotagarriak izan ohi dira etaû.
Aurtengoan ere izan dute izaera pribatua erakusteko modurik, eta argi ibili dira. Titin ez zegoen Barriolaren aurka jokatzeko moduan eta hala ere kantxara atera zen lau pilotakadatan irabaziko ziolakoan. Partidua hasi orduko belaunak min handiagoa ematen zion Leitzakoaren jokoak baino eta apustuak bertan behera utzi behar izan zituzten. Eta bertaratu zirenek ordaindu zuten sarreraren dirua? Zergatik ez zuten pilotaria behartu proba bat egitera partidua baino ordu batzuk lehenago?
Donibane Lohizunen jokatu berri den munduko zesta punta txapelketaren finalean antzeko zerbait gertatu zaio Irastorzari eta probarik egin gabe jokatzea erabaki zuelako munduko txapeldun izateko aukera kendu dio bere aurrelariari, Baroniori alegia.
Eta kazetariok arazoak azaleratu bai, baina konponbiderik inoiz ematen ez dugula diotenentzat, hona EPELren kasurako komenigarria izan daitekeen bide bat. Egin dezatela arautegia, propio esanda, baliagarria izango dela arazoak sortzen diren unera arte, eta hauek sortzen badira, komisio bat osa dezatela presaka eta korrika, unean uneko eta tokian tokiko arazoa konpontzeko. Beraiena ez al da ba lehiaketa!
Ez diezaiotela ordea, txapelketa izena eta itxura eman berez torneoa besterik ez denari. Bestela ateak zabaldu beste enpresetako pilotariei eta utzi antolaketa lana enpresez kanpokoei. Dabiltzan interesak ibilita, ametsetan ez ote naizen ari beldur naiz. Pobreak gara baina mixerableak ez, edo antzekoa dena: inuxente xamarrak bai baina seko tontoak, oraindik, ez.