Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1969. alea
2004-12-05
alde 0    kontra 0





Palestina, zure mina

Begoña Bilbao

Elkar

118 orrialde

8,25 euro

Palestinako egoeraren saminaz

Begoña Bilbaok Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duen nobela honek Palestinak gaur egun bizi duen egoera ankerra du ardatz nagusi. Konorterik gabe hainbat denbora pasa ondoren, buruan kolpe izugarria jasotako emakume gazte bat Gazako ospitale batean esnatzen da, non dagoen eta bera nor den ere ez dakiela. Galderei arabieraz zein hebraieraz erantzuteko gai da, eta horrek beste galdera korapilotsu bat sortzen dio: Palestinarra ote da? Israeldarra? Izan ere, inguruan dauzkan zauritu gehienak palestinarrak diren arren, sendagilea israeldarra.da. Hospitale horretan lan egiteko jende beharrean direnez, bertan gelditzeko aukera ematen diote, eta oroimena itzultzen doakion heinean, gertatzen ari denaren kontzientzia hartuko du.

Gandhi, bizitzaren maisua

Batzuen artean

Saure

32 orrialde

Bakearen aldeko II. Fernando Buesa Blanco saria

Saure argitaletxeak kaleratutako komiki honek bakearen aldeko II. Fernando Buesa Blanco saria eskuratu zuen. Liburuan agertzen diren istorio guztiak Mahatma Gandhi eta haren irakaspenekin daukate zerikusia eta Atlantikoaren alde bietako hamar komiki marrazkilarik eginak izan dira ûargentinarrak, brasildarrak, espaniarrak eta frantsesak ere badira haien arteanû. Horietatik zortzik gidoi bat ilustratu dute, eta beste bik testu bat irudi bidez berrinterpretatu. Hauxek dira istorioen izenburuak: Egia jainkoa da, Gatazkari buruzko jarrera, Indarkeriaren gurpila, Ehun milioi herrixka, Egia jainkoa da, Bestea, Egiarekiko atxekimendu sendoa, Justiziaren armak, Ehun milioi herrixka eta Zer da bakea?

Clitemenestra-ren itzulera

Alaitz Olaizola Borda

Kutxa Fundazioa

69 orrialde 4 euro

Donostia Hiria antzerki saria

Kutxa Fundazioak urtero antolatu ohi duen literatur lehiaketan Alaitz Olaizola Bordaren Clitemenestraren itzulera antzezlanak eskuratu du 2004.ean antzerki saria. Barruko harrak janda dagoen gaur egungo emakume baten etxean duela 2500 urteko Grezian bizi zen Clitemenestra agertuko da bat-batean, eta gertatutakoari zentzua aurkitzen saiatuko dira emakume biak. Ez da batere erraza izango, greziarrak ezin duelako gaurko emakumearen ingurua ulertu, ez eta emakume horrek Clitemenestraren etorrerara egokitu ere. Eta biak bakarrik egoteko aukera izango balute, behintzat! Baina hori ere ez dute lortuko, orainaldiko emakumearen senideak, lagunak eta auzokoak etengabe agertuko zaizkielako, dagoeneko zaila den egoera gehiago zailduz.

Eseté

Batzuen artean

Amasté Comunicación s.l.

130 orrialde

5 euro

Ez gozatzea debekatuta

Eseté aldizkariaren azkenengo zenbakia munduan zehar aginduz galarazten diren hamaika gauza eta ekintzei eskainia dago. Eta egia esan, ondo bitxiak dira Proyecto Cartelek daukan web orritik jasotako iruditan agertzen diren debeku asko: nahitaez ate baten eskuineko aldetik irtetera derrigortzen duena; armekin zein haurrekin barneratzea debekatzen duena; egoitza pribatua dela-eta, arren, hara ez sartzeko agintzen duen hotelarena; bertan geldituz gero, ala pixa edo bestelako beharrak egiten harrapatzen bazaituzte errebolber tiro batekin mehatxatzen zaituena; etxe hartakoak katolikoak direla-eta, Kristo Erregeri eta Jaungoikoaren Ama Guadalupekoari goraka protestante eta bestelako sekten propagandari uko egiten diotenena, edo zakurrari bere jabea hezitzeko eskatzen diona.

Klase borroka Europar Batasun berrian

Batzuen artean

Ipar Hegoa Fundazioa

48 orrialde

Eraikuntza europarrerako estrategia sindikala

LAB sindikatuaren Ipar Hegoa Fundazioak sortutako Haritik aldizkarian agertutako lan honen izenburua Klase borroka Europar Batasun berrian: eraikuntza europarrerako estrategia sindikala da. Aurten Sokoan burututako Ezkerra Europaren atarian lemapeko nazioarteko jardunaldietan aurkeztu ziren ekarpenetako bat dugu. Globalizazio neoliberalak klase gatazkan dituen eraginak, kapital transnazionalak ezarritako dominazio sisteman eragiten duten kontraesanak, egungo errealitate sindikalaren diagnostikoa edo itun konstituzional europarrari uko egiteaz gain hari gogor egiteko aurrera eraman beharreko estrategia sindikala bezalako gaiak aztertzen ditu.

Itsasoaz bestaldeko ipuinak

Antton Irusta

Ibaizabal

63 or. / 7,80 euro

Itsasoa zeharkatzen duten ipuinak

Enrique Morenteren marrazkiz apaindurik plazaratu den Antton Irustaren kontakizun hau zortzi urtetik aurrerako haurrei dago zuzendua. Protagonista, aita marinela duen neskato bat da. Epe luzeak pasa behar izaten ditu dagoeneko munduko itsasertze gehientsuenak ezagutuak dituen bere aita ikusi gabe, eta hura itzuli bitartean, bidaietako batetik ekarri zion atlasean ea non aurki daitekeen asmatzen eta aitak maiz bidalitako gutunetan kontatzen dizkion ipuinak irakurtzen ematen du denbora.

Elurretan hotsak

Pablo Sastre

Susa

174 orrialde 12,80 euro

Elurte egun batzuetako Andoaingo polifonia

Elur gutxi egiten duen lurraldean bizi gara euskaldun gehienok, eta inguruan dena zuri dagoela ikusten dugunean, zerbait berezia bezala bizi ohi dugu. Horrelako egoera batean kokatu ditu Pablo Sastrek bere azkenengo idazlanaren gertakizunak, sei ekitalditan banatutako nobela mintzatua den Elurretan hotsak liburuan. Elurte egun pare batean Andoain eta honen inguruetan dabiltzan herritarrei suertatzen zaiena kontatzen da bertan. Elurrarekin, badirudi ohizko bizimoduak nolabaiteko etendura izan beharko lukeela, baina ez da horrela, eta egunerokoari heldu beharko dio derrigor, bai lana duen herritarrak bai langabe aurkitzen denak, zoriontsu denak pozik, zoritxarrari aurre egin behar dionak goibel, eta presoak askatasuna amestuz. Eta kalean, lantegian, tabernan, dendan, errepidean edo kartzelan egingo dute batzuk besteekin topo herritar horiek, eta orduan kontura dakartzaten gaiak eta horiek adierazterakoan bakoitzak darabilen hizkerak osatzen dute Pablo Sastreren nobela honetako polifonia. Liburu guztiz mintzatua den hau, bere egituran antzerkiarekin zerikusirik asko duen poema bat ere bada. n

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1968
 
azala1967

1969 zenbakia.
2004ko abenduaren 05a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia