Jakoba Errekondo
Hostazuriaren udazkeneko gorazarrea irakurri zuen Martin batek espaloietan landatzen diren zuhaitzei buruz idazteko proposamena luzatu ez dit bada! Kaleetan, nonahi, astakeria bertsuarekin estropozu egiteaz nazkatua da, nonbait, gure Martin. Gure udal txit nobleak, txit leialak, txit gorenak landareekin baino porlanarekin ohituagoak daudela jabetzeko ez da inoren hamalaugarren hurrengoa izan beharrik. Porlanak sona dakarkio agintariari. Porlana bota ezkero oinetakoak ez dira lokazten eta hiritarrari babesa ematen zaio, beldur urbanoa prantzi-haizetik babesten da; prantzi-haizetik eta ekaitzetik eta izarren eraginetik eta ilargi amandrearen bistatik eta unibertsoaren errealitatetik eta...
Landareak beste sagardotegiko bukoia dira. Espaloian zulotxo batzuk egin eta nolabaiteko zuhaitz batzuk landatuz gero itxurarena betea da. Tokian tokirako egoki aukeratutako zuhaitzek obra betirako nola janzten duten arkitekto nola agintari ezin jantzi... Porlanaren inaugurazioa gainbeherakadaren abiera da: pitzatu, altxa, zartatu, puska bota besterik ez du egingo aurrerantzean. Zuhaitzak, aldiz, gero eta ederrago handiago biziago mardulago ikusgarriago izango dira. Nola txonta hala zanpanaren baten kexu kolka periodikoren batean, erdararen batean, argitara ematen ez den arte: semaforoa edo turismo bulegoa zein paretan den adierazten duen txartela adarren batek ez duela behar bezala ikusten uzten edo atariko marmolean orbela osatuko den beldur dela edo pareko tabernako terrazan halakok zenbat zer edaten duen ezin garbi ikusi duela edo itzal ederregia zabaltzen duela udaren onenean edo...
Kolkak kolka, ezin hauen kexuen joerari aurrez tankerarik eman. Aukeraketan dago, ordea, hanka sartze sakonena: elizako torrea adina gara daitekeen platanoa fatxadatik bi metrora landatu, paduretako haritza hondarretan jarri, kaka-usaina duen fruitua ematen duen ginkgoa jende gehiena ibiliko den tokian... Zuhaitzetaz gero eta gutxiago jakin nahi da, beldurra ematen dute, eta elorrio dugu Martin, honek aldatzeko inolako itxurarik ez dauka eta... Euskalduna Jauregiaren atari aurreko baso herdoilgaitza adibide...
Jabier Agirre
Harley Tedds izeneko neskatilak 6 urte ditu, baina argazkian ikusita, pentsa liteke 10-12 badituela. Pubertaro goiztiarra izeneko "gaixotasun" ezohikoa dauka, eta horren eraginez bere garapen fisiko eta psikologikoa ikaragarri azkartu da, adoleszente edo nerabe bihurtzeraino.
Harleyk 4 urte zituela, asma zuelako egin zioten kontrolerako azterketa batean, neskatoaren bularrak hazten ari zirela konturatu zen erizaina. Medikuek pubertaro goiztiarreko testa egitea erabaki zuten, eta emaitzak positibo eman zuen. Geroztik, adoleszenteen artean ohikoak diren sintomak dauzka, eta okerrena da berak ez duela ulertzen bere bat-bateko umore aldaketa horien zergatia.
44 kilo pisatzen du eta arropa neurrira egin behar diote. Aldaketa hormonalen eraginez, ile ugari du gorputzean, eta hasia da jada depilatzen. Iaz irten zitzaizkion aurreneko pikor edo granoak, baita pubiseko ilea ere, eta gorputzeko usain berezia zela-eta, desodorantea erabiltzen hasi zen. Medikuek azterketa ugari egin dizkiote, eta duela hilabete batzuk ikusi zuten neskatilaren obulutegiak obuluak sortzeko prest zeudela. Horregatik, tratamendu berezi bat ezarri zioten, oraindik hilekorik izan ez dezan.
"Jendeak barre egiten dio, gure alaba obesotzat hartzen dute, baina ez da horrela, apenas jaten baitu. Medikuek esan digutenez, umetan ohikoa den gizentasun hormonala da berea, likidoei eutsi egiten baitie. Guk ezin dugu ezer egin egoera konpontzeko, baina jendearen iseka eta trufek min handia egiten diote neskari" dio bere amak. Medikuen ustez, 12 urte betetzen dituenean, haurraren bizitza erabat normalizatuko da, eta etorkizunean seme-alabak eduki ahal izango ditu. Ez dauka zertan menopausia goiztiarrik eduki, eta beste neska guztien antzeko bizimodua eramateko moduan izango da.
Joxerra Aizpurua
Glaziar suitzarrak urtzeko arriskuan
Asko azkartu da Suitzako glaziarren urtzea azken hamabost urteotan. 1985etik 2000ra bitartean azaleraren %18 galdu dute, Zuricheko Unibertsitateko ikerlariek egindako azterketa baten arabera. Frank Paulek zuzendutako ekipoak 1973tik 1985era bitartean glaziarrek azaleraren %1 baino ez zutela galdu adierazi du, baina hurrengo hamabost urteetan erabat aldatu dela urtzearen joera. Aipatu ikerketa egiteko, sateliteek hartutako datuak aztertu dituzte.
Glaziar txikiak dira lehen-lehenik tenperatura-igoeraren eragina sufritzen dutenak. Azken 150 urteetan Alpeetako batez besteko tenperatura 1,2ºC igo da eta 2003ko uda beroak izugarri eragin zuen glaziar txikietan. Horrela, udan glaziar batek 30 zentimetro galtzea ohikoa den bitartean, azken urteotan 70 zentimetrora iritsi da galera eta 2003. urtean 3 metrora ere ailegatu zen.
Hau dela eta, Alpeetako glaziarrak eskalada-gune bihur daitezke udan eta ez dugu ahaztu behar orain arte udan ere eskiatzerik izan dela. Beraz, badirudi negozio-aldaketa aurreikusi beharko dutela bertako eragile ekonomikoek.
Afrikan zenbat eta gehiago arrantzatu, orduan eta gutxiago ehizatzen da
Erlazio zuzena topatu dute Afrikako belarjaleen haragiaren kontsumoaren eta arrantza kantitatearen artean, Ghanan Justin Brashares eta lagunek azken hogeita hamar urteko datuekin egindako ikerketan. Science aldizkarian argitara emandako artikuluan, arrantza gutxi egin den urteetan belarjaleen harrapaketa hazi egin dela adierazi dute, baina bien arteko oreka beharrezkoa da, gehiegizko arrantza egiteak ere hainbat arrain espezie desagertzeko arriskuan jar baititzake.
Mendebaldeko Afrikan basa animalien merkataritzak 400.000 tona haragi mugitzen ditu urtero. Kantitate honen zati bat ehiza ilegalaren ondorioa da, hau da, primate, elefante, txori eta babesturiko beste hainbat espezie ehizatzetik dator. Egoera honek osasun arazo ugari sortzen ditu, ez baitugu ahaztu behar primateek gaixotasun asko transmiti diezaizkiokela gizakiari.
Cambridgeko Britainiar Unibertsitateko eta Kaliforniako Unibertsitateko Justin Brashares eta lagunek Ghanako arrantza datuak eta sei babesleku naturalenak alderatu dituzte. Horrela, 41 basa espezieren segimendua egiterik izan dute 1970 eta 1998 bitartean, eta oso garbi ikusi da arrantza gutxi egin den urteetan animalien ehiza hazi egin dela.
Ikerketa honetan datuak emateaz gain, ondorioak ere atera dituzte. Horien artean hauxe: biodibertsitatea ezingo da babestu giza populazio lokalen elikagai-segurtsuna bermatzen ez bada. Beraz, biodibertsitatea zaintzeko edozein proiektutan bertako populazioak kontuan hartu behar dira.