Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-11-21 -- 1967.zenb

Gorria

Jakoba Errekondo


Uda zakarra zuria joan da eta bere kondar epelen azken ostikada txepelen bat edo beste besterik ez dabil. Udazkena edertu da. Hoztu baita! Eguzkiak behetik begiratzen gaitu eta landare eta animalion itzala luze du. Behetik guri ere luze ikusten uzten digu, argitu egiten gaitu. Paisaien unea da: goien urdina, bustien berdeak eta gorria.
2004ko azaroaren 10a. Gorri-gorriak ikustera ez, gorriak gorri ikustera Nafarroa Garaira bueltaxka bat. Areson garomenak: garomenak zut tente, ebakiak, tantaietan, masteleroetan, txorrotan, metatuta zuhatzetan eta belarrietatik gainezka mandioetan. Aralarren panoramika, ttonttorrak zuri-bustitzen hasiak. Iraundipeko pagadi soilduak, zaildu gabeko urteko adar mutur gorriak nerabe, harro, nagusi; udaberrirako ajatu, zahartzen hasiko dira. Iruņerrian haginek pinporta gorriak lizun ireki dituzte txori goseentzat. Ultzama: haritzak. Mondrianen amorratuak dira haritzak. Bakoitzak bere gorri partikularra janzten du, nabarmen, kolore akelarre honetan. Belaten gora gaintxiorrak eta elurrak zaldizka aurrea hartu digute, goraino iristerako abeto gorrien beltza ezkutatu eta lehen elurmenen argitasuna eskaintzeko. Gorostien koxkor gorri suak. Urkiek ez dakite gorritzen, urretzen ari dira, gizarajoak kaikugaiak izan... Elur maran kaikuan erretako mamia aho-sabaian. Baztan, norteko haritz edo amerikanoen gorri distiratsua eta bide bazterretako astigarren gorri higatua, larrosa ia-ia, akuarela, pastela. Mahats igokariaren bestengusu lotsagabeek baztan-harrizko etxeen matrailak, lehenaz gain, gorritzen dituzte. Etxera bidean, ilunbistan, gorri denak belzten direnean bidaidea arraunlarien gorriz jantzia dela jabetu naiz.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan