Jakoba Errekondo
Uda zakarra zuria joan da eta bere kondar epelen azken ostikada txepelen bat edo beste besterik ez dabil. Udazkena edertu da. Hoztu baita! Eguzkiak behetik begiratzen gaitu eta landare eta animalion itzala luze du. Behetik guri ere luze ikusten uzten digu, argitu egiten gaitu. Paisaien unea da: goien urdina, bustien berdeak eta gorria.
2004ko azaroaren 10a. Gorri-gorriak ikustera ez, gorriak gorri ikustera Nafarroa Garaira bueltaxka bat. Areson garomenak: garomenak zut tente, ebakiak, tantaietan, masteleroetan, txorrotan, metatuta zuhatzetan eta belarrietatik gainezka mandioetan. Aralarren panoramika, ttonttorrak zuri-bustitzen hasiak. Iraundipeko pagadi soilduak, zaildu gabeko urteko adar mutur gorriak nerabe, harro, nagusi; udaberrirako ajatu, zahartzen hasiko dira. Iruñerrian haginek pinporta gorriak lizun ireki dituzte txori goseentzat. Ultzama: haritzak. Mondrianen amorratuak dira haritzak. Bakoitzak bere gorri partikularra janzten du, nabarmen, kolore akelarre honetan. Belaten gora gaintxiorrak eta elurrak zaldizka aurrea hartu digute, goraino iristerako abeto gorrien beltza ezkutatu eta lehen elurmenen argitasuna eskaintzeko. Gorostien koxkor gorri suak. Urkiek ez dakite gorritzen, urretzen ari dira, gizarajoak kaikugaiak izan... Elur maran kaikuan erretako mamia aho-sabaian. Baztan, norteko haritz edo amerikanoen gorri distiratsua eta bide bazterretako astigarren gorri higatua, larrosa ia-ia, akuarela, pastela. Mahats igokariaren bestengusu lotsagabeek baztan-harrizko etxeen matrailak, lehenaz gain, gorritzen dituzte. Etxera bidean, ilunbistan, gorri denak belzten direnean bidaidea arraunlarien gorriz jantzia dela jabetu naiz.
Jabier Agirre
41 urteko Kalpna Shah emakume britainiarrari zientziak duela gutxi itzuli dio gaixotasun lazgarriak ume zela ostu zion ikusmena. 5 urteko neskatxoa zenean, Kalpnak gaixotasun biriko arraro bat izan zuen, eta gaitzaren ondorioz begi batetik ezer ikusten ez zuela, eta bestetik ikusmen murritz-murritzarekin gelditu zen. Izan ere, Stevens Johnson-en sindromea bezala ezagutzen den begietako mintzen inflamazioak erabateko itsutasuna eragin dezake.
Nerabetan, Kalpna Erresuma Batuko Royal National Institute of the Blind erakundean hasi zen lanean ûhemengo ONCEren antzekoa denaû. Eta hilabete batzuk geroago, ultzera bat izan zuen bere begi "oneko" kornean; horrek itsutasun erabatekoa eragin zion aste batzuetan. Bere lankide batek laguntza handia eskaini zion arren, egoera ez zen batere erraza izan Kalpnarentzat hainbat urtetan.
Horrexegatik, Brighton hiriko Sussex Eye Hospital-en Christopher Liu doktoreak egiten zuen teknika aitzindariaren berri eman ziotenean, bere ikusmena hobetzeko itxaropenak handitu ziren. Are gehiago, paziente batek begian bere hortzetako bat ezarri edo inplantatu ziotenetik ikusmena berreskuratu zuela jakin zuenean. Teknika berri hori bere begian ere frogatzea eskatu zien medikuei.
Ebakuntza kirurgikoa luzea bezain konplexua izan zen: aurrena bere begi itsuaren azalera osoa berregin zuten medikuek, masailetik hartutako ehunak erabiliz. Ondoren, bere hortz bat aukeratu zuten medikuek, eta bertan egindako zulo edo husgune batean, zilindro optiko bat ezarri zuten. Hortz horixe bera txertatu zuten betazalean, ehuna garatu eta hazi zedin. Azkenik, beste bigarren ebakuntza batean, hortza berreskuratu eta begi-korneara itsatsi zuten.
Ebakuntza oso ondo atera zen, eta horrela, 35 urtez ia itsu bizi ondoren, argazkiek erakusten dutenez, iloben aurpegia ezagutzeko aukera izan zuen.
Joxerra Aizpurua
Esne Bidean beste zulo beltz bat topatu dute
Gure galaxia Sagittarius A* izeneko zulo beltzaren inguruan baino ez zela ari biraka uste izan da orain arte. Baina Jean-Pierre Maillard astrofisikari frantziarrak zuzendutako ekipoak zulo ezagunaren ondoan beste zulo txikiago bat topatu du.
Hawaiiko Gemini behategian infragorrien alorrean egindako behaketek galaxiaren erdialdean dagoen eremu distiratsua, IRS 13 deiturikoa, aztertu dute. Eta eremu horretan Sagittarius A* zuloaren inguruan 280 km/s abiaduran biraka ari den izar-taldearen egitura izan da, batez ere, aztertu dutena. Biraka ari den izar-talde honen trinkotasunak erakarri zuen astrofisikarien arreta eta trinkotasunaren zergatia topatu dute: erdian dagoen zulo beltza. Aurkikuntza hau baieztatzeko Hubble, Chandra eta Hawaiiko behategi franko-kanadiarreko teleskopioak ere erabili dira. Topatutako zulo beltzaren masa Eguzkiarena baino 1.300 aldiz handiagoa da, baina ez da ahaztu behar Sagittarius A* zuloarena Eguzkiarena baino 3 milioi aldiz handiagoa dela. Aurkikuntza honek ez digu zuzenean eragiten, baina gauden espazio-zati txikia hobeto ezagutzeko balio du.
Intsektuak gaixotasunen eboluzioaren eragile?
Zientzialari batzuek uste dutenez, hainbat intsektuk eta ornogabek erantzukizun handia dute egungo gaixotasun batzuetan, eta baita infekzio-maila handia izan duten gaixotasun batzuetan ere, izurritean, adibidez. Bath unibertsitateko Nick Waterfield eta Richard French-Constant eta London School-eko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Brendan Wren ikerlariek Nature Reviews aldizkarian argitara emandako artikuluan, AEBetako eta Australiako hamabi pertsonetan baino topatu ez den bakterioa aztertu zuten. Bakterioa Photorhabdus asymbiotica deitzen da eta gorputzean zauriak eragiten ditu. Ikertzaileen ustez, aipatu bakterioa Photorhabdus luminescens bakterioaren eboluzioa da eta honek intsektuak hiltzen dituenean, hauek distiratsu bihurtzen dira. Azterketa genomikoen arabera, izurritea sortzen duen bakterioa, Yersinia pestis alegia, Yersisnia psuedotuberculosis bakterioaren ondorengoa da eta honek intsektuak gaixo arazteko ahalmena du. Intsektutik gizakiarenganako gaixotasunaren eboluzioa 1.500 urtetan gertatu da, hots, eboluzioaren historian oso epe laburrean. Zergatik ez dira, bada, antzeko prozesuak beste eszenategi batzuetan gertatuko? Hau dela eta, egun pestizidetan erabiltzen diren intsektizida edo antibiotikoekiko intsektuek garatutako erresistentzia gaixotasun berrien eragile izan daiteke. Gainera, gizaki eta intsektuen sistema inmunologikoen antzekotasunak direla eta, intsektuak kutsatzeko gai den edozein gaixotasun pasa daiteke zailtasun handirik gabe gizakira. Ikerlari askorentzat aziendetako animaliak dira guretzat gaixotasun iturri handiena, baina hemen esandakoaren arabera, intsektuek askoz ere arrisku handiagoa dute guretzat.