Katixa Garate
Kulturarentzat diru gutxiago
Upn eta cdn alderdiek 2005erako adostu duten aurrekontu aurreproiektuak aurrera eginez gero, kulturara %15 gutxiago bideratuko luke datorren urtean Nafarroako Gobernuak. Zero defizita helburu izanik aurreikusi ditu kulturako eta beste sailetako diru murrizketak. Oteiza museoak, esaterako, murrizketa handia izango du: iaz 2,8 milioi euro jaso zituen eta aurten 1,8. Nafarroako Jaialdiek, Iruñeko Orfeoiak, Iruñeko Ganbera Abesbatzak eta Erriberriko Antzerki Klasikoko Jaialdiak ez dute aurrekonturik aurten. Sail berriak zehaztu ditu Gobernuak, baita aurrekontua ere: tartean, Tuterako Katedralaren birmoldaketa eta Xabierreko auditorio berria. Proiektu berriak dira kaltetuenak aurreproiektuan: Liburutegi Nagusia ûiaz 1,7 milioi euro eta aurten 25.000 euroû eta Arte Garaikiderako Zentroa ûez da dirurik aurreikusiû. Egitasmoa abenduaren 22ko osoko bilkuran eztabaidatuko du Parlamentuak.
Jazza Debabarrenean eta Elorrion
Debajazz: ibetondoko jazza jaialdia lehen aldiz egin da aurten Debabarrenean. Soraluzeko Errabal kultur elkarteak Soraluzen, Elgoibar, Eibar, Deba eta Mutrikun antolatu ditu kontzertuak. Elgoibarren ostiralean (hilak 19) izango da zuzenean Tres hombres taldea eta larunbatean Iñaki Salvadorrek emango du kontzertua. Arriolako XV. Jazz-Blues Jaialdiak zortzi emanaldi eskainiko ditu azaroaren18tik 28ra, bi asteburutan. Besteak beste, Jon Urrutia Quarteten eta Listen! talde norvegiarraren jazzaz eta Arima Beltzaren eta Skeeter Brandon and The Prime Rib Blues Band taldearen bluesaz gozatu ahal izango da.
SAren aurka berriz
Gasteizko Udala izan da oraingoan. Musika Gasteizen unitate didaktikoa aurkeztu behar zuen Udalak joan den astean, haurrek musikaz gozatze aldera. Soziedad Alkoholikaren abesti bat zuen diskoak eta horrexegatik egin zuen atzera Udalak eta ez zuen aurkeztu. Aukeraketa lana Gasteizko eskoletako irakasle talde batek egin duela gaineratu du.
San Telmo museoa kolokan
Egitasmo jakinik ez zuelako zalaparta ugari izan zen duela urtebetepasa, besteak beste, hamar urtez San Telmo museoko zuzendari izandako Rafael Zulaikak dimititu egin zuen. Xabide eta K6 enpresek egitasmo bat diseinatu dute museorako eta Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari egitasmoa onartzea eta finantzazioa eta jabetza partekatzea eskaini dio. Diputazioak, ordea, hiru alternatiba proposatu dizkio Udalari: akordioa bi aldeen artekoa izatea eta museoan lidergoa zeinena izango den zehaztea; San Telmo Gipuzkoako museo sistemaren barne sartzea; eta Gipuzkoako oroitzaren museo sarean sartzea, Ekain, Oiasso eta Santa Teresa museoekin batera.
Euskarazko kafe-antzerkien akuilu
Hirugarren urtez Bortzirietako Kafe-antzerkira Beka aurkeztu dute Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Berako Udalak eta Etxalarko Udalak. Bi helburu ditu bekak: batetik, euskarazko kafe-antzerkiak sustatzea eta, bestetik, formatu txikiko lanak herri antolatzaileetan eskaintzea. Bekan lehiatuko diren lanak urtarrilaren 30era arte jasoko dituzte. Iaz saritutako lana, Mairu antzerki tailerraren Erregea, soldadua eta bufoia, ostiralean ikusi ahal izango da Beran, Kafe Antzerki Zikloaren baitan.
Irakurketaz gozatzen ikasteko
Gazteek egunkariak gutxi irakurtzen dituztela diote adituek. Irakurzaletasunak ere kezka franko sortzen du, gazteek gutxi irakurtzen dutela diote inkestek. Jakina, irakurzaletasuna ez da bat-batean jaiotzen, landu egin beharra dago txiki-txikitatik. Haurrek antzerkiaz eta ipuinaz gozatzen ikas dezaten bi liburu apailatu berri ditu: Ipuina lantzeko gida eta Eskola antzerkirako gida. Aurreko urteetako Idazleak ikastetxeetan programaz gain, beste egitasmo bat jarri du martxan Jaurlaritzak: Literatur bideak. Hari esker, egungo idazle bat gidari dutela, idazle ospetsu baten jaioterria edo bizi zen lekuak bisitatuko dituzte. Aipatzekoa da Paper Hotsek abiatutako Ilargiak Baleki bilduma, non Lizardi edota Lauaxetaren poemak idatzi eta entzun ditzaketen haurrek eta haiekin jolastu. Irakur dezaten, halaber, inguruan ûgurasoek, helduekû irakurtzen dutela ikustea lagungarri izango zaie.
Ekaingo erreplika gertuago
Duela bost urte erabaki zen Ekaingo erreplika Zestoan egingo zela, eta erreplika jasoko duen eraikina amaituta dago jada, barnealdea egokitzea falta den arren. Dena den, gelditu samar izan den egitasmoak martxa hartu du. Izan ere, kobazuloaren erreplika kudeatuko duen Fundazioa eratuko dute aurki Zestoako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Kritikak kritika, badirudi Aldundiak eta Jaurlaritzak bina ordezkari izango dituztela Fundazioan eta Udalak bat: lehendakaria Joxe Juan Gonzalez Txabarri ahaldun nagusia izango da. 2006an ireki nahi dute Ekaingo erreplika eta 2008an haren ondoan eraikiko duten museo arkeologikoa.
* * * * * * * * * * * * * * * * *
Manifestaren balorazioa egin dute udan Donostian izan den nazioarteko bienalaren antolatzaileek: «Kritikak kritika, balorazioa oso ona da, eta Manifesta 5i nota bikaina jarri behar zaio». Manifesta ibiltaria izatea, Europako eta bertako arte sorkuntza berritzaileak gurean izatea eta Donostia eta Euskal Herria nazioarteko kulturaren mapan kokatzea dira balorazio baikorraren argudioak. Kritikak ere ugariak izan dira, ezagunena Manifesta bukatutakoan Euskal Herriko 55 artista, galerista eta adituk argitaratutako iritzi artikulua, non hasierako asmoak ez bete izana eta bertako kultur eta sorkutza alorrak eta bertako agenteek ekitaldian leku eskasa izatea salatzen zuten. Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, kritikok kontuan izango dituzte aurrera begira egingo diren proiektuetan, Tabako fabrika, kasu.
Athom Rhumba talde bizkaitarraren Backbone ritmo diskoaren nahasketa lana grabatu dute hainbat talde eta musikarik. Tartean dira Josetxo Ezponda, Xabi Erkizia, Akauzazte eta Javi Pez.
Kukai dantza taldea AEBetan izango da azaroaren 18tik abenduaren 6ra bitartean 1937, gogoaren bidezidorretatik aurkezten. Abenduan Tanttakarekin batera Oteizari buruz prestatu duen lana estreinatuko du. Dantza eta antzerki ikuskizunari Bingen Mendizabalek, Mikel Urdangarinek eta Rafa Ruedak jarriko diote musika.
Jabier Muguruzak udaberrian Liverpooleko LIPA musika institutuko ikasleekin emandako kontzertuak jasotzen dira Liverpool- Gernika diskoan (Hirusta). Kalean da dagoeneko lana.
Pablo Malo donostiarraren Frío sol de invierno zinema aretoetan ikusgai da jada. Filmak Tuterako Opera Prima jaialdiko sari nagusia eskuratu du.
JosAnton Artzeren Iturri zaharretik poeman oinarritatutako musika eta poesia ikusgarria estreinatu berri dute Nafarroa Behereko eta Zuberoako musika eskoletako trikitilariek: Iturri zaharrak. Ikasleek euskal kulturaz hausnartzea eta trikitia karrikatik taula gainera eramatea izan dute xede.
Jose Luis Zumetak Erandioko merkatuan paratu ditu bere azken lanak. Merkatua itxita dago eta galeria bihurtu dute okasiorako. Urtarrilaren 7a bitartean, Zumetaren berrogeita hamar margolan inguru izango dira ikusgai.
Damian Muñoz koreografoak zera adierazi zion Garari: «Euskal Herrian programazioa oso laburra da. Niri bertan dantza egitea asko kostatzen zait. Asko tematu ostean lortzen dut. Jaialdi gutxi dago. Urte batean ekartzen bazaituzte, hurrengoan beste gauza batzuk ekartzea nahiago izaten dute. Bestetik, ulertu egiten dut. Nik gauza bera egingo nukeela uste dut».
Erramun Martikorenak Deiari esanak : «Euskal kantagintza sartua da komertzio baten influentzian eta hor arrisku bat ikusten dut, aberasteko bezala baita galtzeko ere».
Fermin Etxegoienen hitzok jaso zituen Administrazioa Euskarazek: «Telebista pribatuek baztertzen dituzten hainbat arlo, kultura kasu, telebista publikoak bere gain hartu beharko lituzke».
Eider Rodriguez emakume idazleez Berrian: «Idazten dugun emakumeenganako diskriminazioa ordea baikorra omen da, emakumezko izate hutsagatik: XXI. mendeko Euskal Herri honetan, oraindik gabezia bat daukagula diote (...) Horregatik ipini behar omen dizkigute bozgorailuak, ahots apala dutenei bezala. (...) Bozgorailua behar duenak eska dezala, nik nire bozaz hitz egin nahi dut, eta idatzi, anplifikadorerik gabe. Ez diot inori belarria usteldu nahi».