Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-11-21 -- 1967.zenb

Josu Iztueta

Ez du gutariko inork noiz eta non jaio erabakitzen, baina ez ginen garai txarrenean ezta toki okerrenean ere mundura etorri. Mende erdira arrimatzen ari garenok une gogorrak bizitakoak izan arren, ez gara gosea pasatakoak. Aurreko asteotan AEBetako hauteskundeak zirela eta nazkatzeko adina berri iritsi zaigu Atlantikoz bestaldetik. Duela berrogei urte esne hautsa bidaltzen zuten estatubatuarrek; Marshall politikariak Europari ,laguntza ekonomikoa eskaintzeko egin zuen planak bere izena hartu zuen eta guk eskola nazionaletan gogo txarrez edaten genuen esne nazkagarri hura. Ez genion produktuari boikota egiten noski, artean ez baikenekien "boikot" hitzak zer esan nahi zuen.

Azken hilabetean ez naiz munduan barrena ibili, bi lekutan eman dut denbora gehien: Lasarte-Orian eta Arantzazun. Baserriko behi esnea kalean edandako baten burutazioak besterik ez dira honako hauek.

Lasarte-Orian... ARGIA

Tolosarrak ez gara asko baina zarata dezentea ateratzen dugu. 18.000 biztanle ditu udalerriak eta sinestezina badirudi ere Lasarte-Oria Tolosa adinakoa da biztanleriari dagokionean. Andoain, Urnieta eta Hernaniko lurrez osatua zegoen 1986an udalerri bezala antolatu arte. Hipodromoa eta Michelin fabrika Lasarte herriarekin lotu izan ditugu betidanik.

Euskaltzaleok eta aldizkari hau irakurtzen dugunok badakigu, bestalde, egungo ARGIA berton idatzi, diseinatu eta inprimatzen dela. Zeruko Argiak "Zeruko" izateari 1980an utzi zion eta geroztik bidea arrastaka, belauniko edo zutik egindakoa izan arren, gaurdaino ekarri gaituena da bederen. Kaputxinoetan ezagutu nuen astekaria, Ametzagańan noizean behin bixitatzen nituen eta tarteka kolaborazioren bat edo beste egin ere bai.

Garai hartan hasi ginen Nairobitarra autobusarekin. Urte gogorrak izan ziren haiek. 1982. urtean 10.000 pezetako diru-laguntza ematen zutenen artean eta harpidetza berriak lortutakoen artean Sahara basamorturako bidaia zozketatu genuen: Zaldibiako Ińaki Zubeldia izeneko bat etorri zen beste hemeretzi lagunekin batera gurekin Afrikara. Geroztik munduan bueltaka ibili gara eta bakoitzaren bizitzak ere buelta askotxo eman ditu. Iaz, autobusa jubilatu berritan ARGIAko lagunek Nairobitarrari buruzko zerbait egitea proposatu zidaten. Alde batetik «Nagoen Lekutik» kronikatxo hau hilabetean behin idaztea, eta bestetik oroitzapenak astindu eta Nairobitarraren bizi filosofiarekin ideiaren bat lantzea. Sar ote daitezke 25 urte bi kutxatan? Kabitzen al dira milioi bat kilometro bi kaxatxotan? Garbi dago, ahalegina egin gabe ez genuela posible zen ala ez jakingo.

Normalean ez daukadan diziplina eta inoiz eduki ez dudan metodoa orekatzeko talde lanaren konpromisoa eskaini genion elkarri, zer egin erabaki bezain pronto noizko egitea komeni zen adostu genuen. Egun hartan bertan, Tolosarako bidean bi burutazio izan nituen bata bestearen aurka: Eperik gabe=Kale; Epea jarri=Kakalarri.

Ordutik hona, etxean egon naizenetan astean pare bat buelta egin ditut ARGIAra, Bego ez zenean Garbińe, Estitxu ez zenean Onintza, Kike edo Xabier, Arantzazu edo Maider, Berdaitz edo Ander, Eli edo Marijo... horiek eta beste asko Lasarte-Orian zeudenak, handik kanpo ere lagun mordoska bat. Ia-ia autobuska bete jende Munduko Ipuinak eta Mahai Jolasa kaleratu ahal izateko. Lerro hauek aprobetxatuko ditut izan duten pazientzia eskertzeko.

Arantzazun... Ardia

Bada Nafarroako Bortzirietan Arantza izeneko udalerria eta Bizkaian Arantzazu udalerria, halere Gipuzkoako Arantzazu izango da Euskal Herrian eta hemendik kanpo izen bereko lekurik ezagunena. Ońatiko auzoa izan arren Arabatik oso gertu dago Arantzazuko Andre Maria Santutegia. Euskararekin lotura handia duen parajea da Arantzazu, Aita frantziskotarrek 1921ean sortutako hilabetekari erlijiosoak izen hori zeraman, 1956. urtean Jakin euskarazko aldizkariak ere han ikusi zuen argia, 1968. urtean Euskaltzaindiak egindako kongresuan euskara batuaren oinarriak han jarritakoak dira... izen propioak aipatzen hasita motz geratzeko arriskua dago: L.Villasante, B.Gandiaga, J. Intxausti, J.M Torrealdai, J. Azurmendi...

Arantzazuk bost mende baino gehiagoko historia dauka, 1469. urte inguruan Rodrigo Baltzategi izeneko artzainari Ama Birjinaren irudi txiki bat azaldu omen zitzaion arantza batzuen gainean. Ermitatxo bat hasieran eta urte asko baino lehen, 1493an, jatorrizko santutegia eraiki zen bertan. Hainbat sute eta eraso jasan ditu geroztik. 1918an Gipuzkoako patroia izendatu zuten. 1950eko hamarkadan egun ezagutzen dugun eraikuntza hasi zuten, XX. mendeko ikusgarrienetakoa, ziurrenik, Euskal Herrian. Luis Laorga eta Javier Sanz de Oiza arkitektoen gidaritzapean, Oteizaren fatxada eta apostoluak, Txillidaren ateak, Basterretxearen zur lanak eta polikromatuak, Muńozen pinturak, Eulateren beirateak osatu zuten klase guztietako arazoz beteriko lan erraldoia. Berriro obratan dago Arantzazu, ez santutegia bera, garai bateko seminarioa eta frontoia bota eta aparkalekuaren ezkerraldean eraikin berriak altxatzen ari dira.

Arantzazura etortzeko/joateko arrazoi asko dago, kirola, natura, lasaitasuna, artea, fedea... Horien guztien artetik azkena izango da ez hona ez inora eramango nauena. Hamaika gizarajori bazterretan azaldutako ama birjinetatik bakarra ere ez zaio agertu zientzialari bati. Ni bezala, apostasia edo kristau fedeari uko egindako batentzat halere, leku berezia da hemengo hau.

Euskara ikastaro trinko bat ematen egona nintzen Arantzazun 1982an. Aurten, ordea, ikastera etorri naiz hona. Zer ikas daiteke hemen?

Denetarik ikas daiteke edonon, baina gauza batzuk ikasteko, nik dakidala, ez dago aukera askorik hortik zehar. Arantzazuko Artzain Eskola bakarrenetakoa da munduan eta horixe da beharbada kanpotik jendea etortzearen arrazoia.

Iaz bezala aurtengo azaroan Nepalera joatekoa nintzen. Himalaia erraldoiaren magaletako bide eta herrixketatik barrena talde bat gidatuz. Ez joatea erabaki nuen. Aldez aurretik hartutako lanak amaitzeko espezial zetorkidan hemen gelditzea eta aukera ezin hobea sortzen zitzaidan aspalditik pendiente neukana burutzeko.

Planetako hainbat herri nomada eta artzain kultura ezagutu eta gero etxekoa hobeto ulertzeko denbora hartu nahi nuen. Aita artzaina izan zen eta hiru lehengusu artzainak ditut. 200 orduz teoria eta 400 praktika eginda asko ikas daitekeela irudituta nago. Ustiaketa sistemak, artegiak, ugalketa, genetika, elikadura, gaixotasunak, esnearen kalitatea, gaztagintza, salmentak eta beste gai askok osatzen dute Artzaintza Eskolako egutegia. Hori ikasita eta gustatuz gero ekin dakioke bizimodu berriari, nik ez ditut ziurrenik ardiak izango, ez dut artalderik osatuko. Nahi dudalako naiz nomada eta horrela jarraitu nahiko nuke. Llamak, alpakak, elur oreinak, dromedarioak, ahuntzak, yakak edo beste edozein animaliarekin bizitza ateratzen dutenak hurbilagoko egingo nituzke.
Josu Iztueta (Arantzazu)

Nagore Irazustabarrena

1984. Zorionez, euskal gizartea ez zen George Orwell-ek izen bereko liburuan deskribatu zuen hura bezalakoa. Baina gazteriari ez zitzaion arrazoirik falta ahotsa altxatzeko eta askok musika hautatu zuen horretarako. Aurreko urtean Egineko Plaka Klik atalean azaldu zen lehen aldiz Euskal Rock Erradikala izendapena. Batzuek gustuko dute etiketa hori, beste batzuek ez hainbeste, baina zalantzarik ez da hamarkada horretan Euskal Herrian rock mugimendu indartsua zegoela.

Nafarroan, Aurora Beltranek Belladona taldea sortu zuen urte hartan. Yo Que Se Altsasuko taldearen kontzertuan ezagutu zuen Puri, taldeko baxua, eta hura izan zen neska laukotearen abiapuntua. «Neskez osatutako taldea egiteko gogoa nuen. Mutilek ez gintuzten oso kontuan hartzen. Gitarrarik ez bazenuen, entsegu lokaletan norbaitek utzi zain egoten zinen eta neskei kosta egiten zitzaigun hori lortzea». Ordurako Aurorak bazuen gitarra, 18 urterekin berbena orkestra batean jo eta ateratako diruarekin bere lehen elektrikoa eta anplia erosi baitzituen.

Gipuzkoa aldean, Humedecidos taldea sortu zen 84an bertan. Lou Olangua talde hartako kantariak inguruan zuen girotik irteteko zeozer ezberdina bilatzen zuen eta «nire egonezina aldarrikatzeko musika aukeratu nuen». Handik urte eta erdira euskaraz kantatzea erabaki eta Ok Korral taldea sortu zuten. Folk amerikarra, folk euskalduna eta punka nahasten zituzten euskaraz eta bere esanetan, «ez gintuzten ulertu. Gu punk taldea ginen eta rockabilly deitzen ziguten. Bilboko kontzertuetan batzuk bandera sudistekin azaltzen ziren eta kritikoek ere sudistak ginela zioten. Eta guk, baietz, sudistak ginela, Hego Euskal Herrikoak».

Gasteizen 1984 hartako urtezaharretan sortu zen Potato. Bertan gitarra jotzen aritu zen Elena Lopez. Musika afizioa duela aitortu digu, ordea, eta ofizioa kazetaritza, beti ere musikari lotua. Egineko Bat, bi, hiru sailean aritu zen lanean eta gerora Del txistu a la telecaster liburua idatzi du, besteak beste. Musika mugimenduetatik ez zaizkio soilik datuak eta izenak interesatzen, testuingurua, arrazoiak baizik. «Euskal Rock Erradikala beste toki askotan eman zen punk fenomenoaren euskal bertsioa izan zen. Punka hiriak ghetto, espekulazio arrabal, bihurtu zirelako sortu zen, industri krisiak, marginazioak, erro faltak bultzatuta. Baina ez zen espontaneoa izan, heretikoen tradiziotik sortu zen, dadaismotik, ekuazionistengandik... Hemen industri krisiak eragina izan zuen».

Industri krisiaren ondorioak ez ziren samurrak izan Bilbon. Bertakoa da Loles Vazquez. Nerabe zela, MCD taldean jotzen zuten anaiei esker hurbildu zen punkera. 1980an, latineko klasean zela, Latin hiztegia hartu eta «zorras» hitza begiratu zuen; emaitza: «vulpes». Baina 1984rako Vulpes laukotea deseginda zegoen, Madrilen gertatutakoak hondoratuta.

Emakumeak mugimendu jendetsuan

Mugimendu honek bere bilakera izan zuen. Hasieran Rip, Eskorbuto, Distorsion eta enparauek kutsu politikorik gabe hasi ziren. Baina hamarkadak aurrera egin eta ENAMek mugimendua erakarri zuen. Elena Lopezen ustez «musikariek mesede handia egin zioten HBri, baina baita HBk musikariei ere». Aurora Beltranek gogoan du «kultur zerbitzu hoberenak eskaintzen zituztenak HBko udalak zirela. Azpiegitura oso onak zituzten, dirua gastatzen zuten horretan». Kontzertuak maiz antolatzeaz gain, doan edo oso merke izaten ziren eta horrek jende asko erakarri zuen. Lou Olanguaren hitzetan, «hiruzpalau talde elkartu eta 1.000 pertsona biltzen ziren edozein kontzertutan; taldeen arabera, 3.000 edo 4.000ra ere irits zitekeen. Gaur kontzertu batera joan eta betiko familia biltzen gara». Jendetsuak izateaz gain kontzertu haiek arriskutsuak ere baziren. Musikariei txistua botatzea modan zegoen eta botilak eta latak airean ikustea ere ohikoa zen. Segurtasun neurriak beranduago iritsiko ziren.

Objektuez gain, publikoaren hitzak ere iristen ziren musikariengana. Ok Korraleko kantariak dionez, «niri ęze ona zauden!Ę esaten zidaten eta horrek izorratzen ninduen. Nahiago nuke ęze ondo kantatzen duzun!Ę esan izan balidate. Ni musika egiten ari nintzen, ez nire gorputza erakusten».

Aurora Beltranek sarritan entzun behar izan du «mutil batek bezala jotzen duzu gitarra», neskek gitarra ondo jotzeko gaitasunik ez balute bezala. «Kontuan har gaitzaten bi aldiz hobeto egin behar ditugu gauzak eta askotan jarrera zehatz batzuk, maskulinoak, hartzera behartuta egon gara mundu honetan». Tahures Zurdosen azken diskoko liburuxkan Auroraren argazki bat dago, elastikorik gabe jotzen, Bartzelonako KGB aretoan. «Izerdi patsetan zaude, gitarrak kalanbrea ematen dizu, zer egin behar duzu? Askoz gehiagotan egingo nukeen, baina ez dut nahi jendeak gaizki interpreta dezan». Urrutira joan gabe, berriki Motorsexek eskainitako kontzertu batean une batez emakume bat gerritik gora biluztu eta horrek hautsak harrotu zituen. Taldekide batek (gizonezkoa bera) kontzertu guztia eman zuen elastikorik gabe, eta horrek ez zuen errakziorik sortu.

Behin prentsan, Potatori eginiko kritika batean «itxura oneko ama bat» aipatu zuten. Elena Lopezetaz ari ziren. «Kosta egiten zaigu presentzia fisikoaz gain beste gauza batzuk azaleratzea. Horregatik, sarritan ęneska gogorrakĘ izan gara rockaren munduan egon garenak, gizonek haien parean ikus gaitzaten».

Baina benetan gaizki pasatu zutenak Vulpeseko kideak izan ziren. Single bat grabatu zuten bi abestirekin: haietako bat Me gusta ser una zorra zen, Iggy Popen abesti baten bertsioa. 1980an sortu zirenetik hainbat kontzertu eskaini zituzten Euskal Herrian inongo arazorik gabe. 1983an, ordea, Carlos Tena Bilbora etorri zen eta bideo bat grabatu zien abesti harekin. Apirilaren 16an bota zuten TVEko Caja de Ritmos saioan. Maiatzaren Lehenean ū15 egun beranduago eta ederki pentsatzeko denbora hartuta, berazū Espainiako ABC egunkariak bere azalera eraman zuen talde bizkaitarra, telebistako agerpena eskandalutzat jo eta kantaren hitzak jasoz. Cela, Gala edo Umbral bezalako luma ezagunen erantzuna ekarri zuen horrek. Vulpesentzat ospea eta hondoratzea, dena bat. «Hauteskundeak gainean zeuden Espainian eta interes politikoak zeuden tartean» dio Loles Vazquezek. Diskoa grabatzeko proposamena jaso, baina diskoetxeak kiebra jo eta bertan behera geratu zen. Espainiako Estatuan bira egiteko kontratua sinatu eta ez zen gero bete. Valentzian, kontzertua ordaindu behar zienak diruarekin alde egin eta hondartzan lo egin behar izan zuten itzultzeko dirua lortu arte. Madrilgo Movidako Rock-Ola mitiko hartan Policia asesina abestu eta segurtasunekoek jo egin zituzten. Aldizkarietan biluzik irteteko proposamenak jaso zituzten. Kontzertuak biluzik eskaintzen zituztela ere zabaldu zen... Etxera itzultzean ere bizkarra eman zieten. «Euskal Herrian gu Madrilgo Movidara saldu ginela pentsatzen zuten, geure buruak izartzat genituela». 15 urte zituen Lolesek Me gusta ser una zorra idatzi zuenean. «Nire inguruan mutilei ikusten nizkien jarrerak sortzen zidaten hausnarketa baino ez zen. Hori esateko modurik gogorrena hautatu nuen, ados, baina ez zuten ulertu, emagalduak izatea benetan gustatzen zitzaigula sinestu nahi izan zuten. Azkenean, egurra alde guztietatik jaso genuen eta gu neskak izateak eragina izan zuen horretan. Iggy Pop-ek ęzure zakurra izan nahi dutĘ kantatzen zuen eta telebistako saio berean Siniestro Total edo Paralisis Permanentekoek gauza gogorrak kantatu zituzten. Haiei ez zitzaien ezertxo ere gertatu. Eta egia da probokazioa erabiltzen genuela, baina probokazio sexuala sekula ez». Baina neskak izatearen alde positiboa ere gogoan du: «Hasieran lokal bat behar genuen eta iragarki bat jarri nuen aldizkari batean, neskak ginela esanez. Eskaintza berehala etorri zen» dio, barrez. Olanguak ere alde onari heltzen dio: «Neska gutxi izanik, rockaren erreginak ginen!».

Serio jarrita, denek onartzen dute, rockaren mundua ez zela bereziki matxista, ez gizartea baino gehiago, behintzat. Eta talentuak, musikari ona izateak, emakumeekiko tratua normaltzea ekartzen duela. Hala ere, urte haietan talentua soberan ez zela onartzean ere bat egiten dute. Hasten ari ziren, bitarteko eta erreferentzia gutxi zituzten eta, gainera, ez zioten kalitateari hainbesteko garrantziarik ematen. «Gaur egungo taldeek mila buelta ematen dizkiote garai hartako edozein talderi» Elena Lopezen ustez. Baina, beharbada, gaur egungo talde askori falta zaiena bilatzen zuten haiek: berritzea, amorrua adieraztea, finean jarrera zen garrantzitsua. Kalitatea denborarekin etorri da.

Garai polita izan zen lau solaskideentzat, salbuespenak salbuespen, galerak galera. Ez da ahaztu behar heroinaren sarraski urteak izan zirela haiek. Punkaren No Future leloa muturrera eramanda bidean geratu ziren haiek iluntzen dute oroitzapen hori. Eta lauek galdu zituzten gertukoak. Loles-ek Lupe ahizpa eta taldekidea galdu zuen duela 11 urte eta iaz bera omentzeko kontzertu batean Vulpes taldea berriro osatu zuten. Hortik sortu zen diskoa grabatzeko aukera, bere garaian itxi gabekoari amaiera emateko ordua. Abenduan, Vulpesen lehen eta azken diskoa izango da kalean. Ezaguna da Aurora Beltranek oraintsu arte Tahures Zurdosen bere bidea egin duela eta Elena Lopezek ere musikari lotua jarraitzen du: XX. mendeko musika herrikoiaren inguruko lan bat egin nahi du. Lou Olanguak taldetxo bat osatua du, lokalean bildu eta jotzen jarraitzeko. Guztia, beste droga bat probatu zutelako. Louren hitzetan: «Behin Rock & Rolla probatu nuen eta ez dut inoiz utzi».

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:

l6 alberjinia (berenjena)
10 koilarakada oliba olio
Azukrea, ximiko bat
6 baratxuri ale, zuritu gabe
Gatza
Tipulin erdia, pikatua
Perrexila, xehatua

Sardexka baten hortzekin zulatuko ditugu alberjiniak eta labeko erretilu batean ipiniko ditugu ondoren. Gatza, azukrea eta baratxuriak gainetik hautseztatu eta gero, 6 koilarakada oliba olio isuriko dugu haien gainetik eta 200ŗko tenperaturan edukiko ditugu ondoren labean, 40 bat minutuan. Denbora-tarte hori igaro eta gero, zuritu eta mintz beltz hori gabe utziko ditugu alberjiniak: erretako mamia baizik ez dugu erreserbatuko. Zuritu ere egingo ditugu baratxuriak. Alberjiniak eta baratxuriak pikatuko ditugu, labana batez, oso puska finetan.
Kazola txiki batean, geratu zaizkigun olio koilarakadak ipini eta su eztian gozatuko dugu olio hartan tipulina, kolorea hartzen utzi gabe. Alberjinia eta baratxuri erreak gaineratu ondoren, ordu erdian utziko dugu guztia su ezti-eztian gozatzen. Gatza eman eta hozten utziko dugu ondoren guztia. Hoztu, gatz puntua neurtu, behar badu zuzendu eta perrexil xehatua erantsiko dugu.
"Kabiar" kopuru handi bat egin dezakegu eta ongi itxitako poteetan kontserbatu, hozkailuan, eta oliba olioz estalia. Ogi txigortuan igurtzita, uraza edo tomate entsaladari, edo egositako pastari, edo tomate saltsari, edo ahuntz-gazta on bati koilarakada bat erantsita, hornidura gustagarria eta merkea da inolaz ere.

Pilar Iparragirre

Nola sortu zen Bazaudete?
Elizondoko taberna batean, Metaziri, pentsamendu sozial eta iraultzailea Baztango haranean bultzatzen duten pertsonen ekimenaren baitan. Metaziri aldizkariaren funtsa, haraneko sortzaileen bilgune izateaz gain, halako aterabide bat aurkeztea da, Baztanen berean erakustarazteko gazteok badugula zer erran, zer erakutsi, zer egin kultur esparruan. Hala, Juan Angel Perotxena Urangak, Elizondoko diseinatzaile eta marrazkilariak, eta nik, arraiozko hitzen zertzelatzaileak, lan bateratu bat egiteko proiektuaren berri eman genuen. Nik poemak idatzi, berak haiek adierazten ziotena marraztuz, horrela egituratu zen liburuxka, azkenik argia ikusi arte, inongo argitaletxeko aterik jo gabe, autogestioan, Elizondoko gazteen eta Metaziriren laguntza ekonomikoarekin. Gaztetxearen aldeko ekimenean aurkeztu genuen.

Zergatik da hain garrantzitsua Gaztetxea zuentzat?
Espazioak behar ditugulako aldarrikatzeko, solasteko, pentsatzeko, irri egiteko, ukitzeko, maitatzeko, negar egiteko...

Eta zein da zure poema horien funtsa?
Poemetako orro isilarazi horiek, gizarte honetan norabiderik gabe, galdurik daudenen oihuak dira, haien desirak, begiradak, ikuspuntuak eta hutsuneak. Gabezia horietatik abiatu naiz, ildo bertsuko lerroak biltzeko. Hirian zurgatuak, alienatuak, giro ilunean dabiltzanen oihuak dira, zerbaiten, norbaiten esperoan dagoen poetaren sentsazioak eta zirrarak agertu nahi izan ditut, gordeta dituen beldurrak azalerazteko intentzioz, beharbada.

Pilar Iparragirre

Txikira beti
hordago!
Bertol Arrieta
Erein
149 orrialde
12,70 euro

Zazpi istorio zeharo ezberdin

Erein argitaletxeak plazaratutako Bertol Arrietaren Txikira beti hordago! liburuan, ez estiloz, ez gaiez, ez gertaerak suertatzen diren lekuei dagokienez zerikusirik ez duten zazpi ipuin bildu dira. Parisko kale eta metro inguruetara garamatza lehenak, ea ibaia non bukatzen den jakin nahian dabilen Amazoniako tribu bateko gaztearen epopeia ikastera eta elezahar kitxuar bat ezagutzera, hurrengoak; bilbotar batek bereganatutako Betty Boppen terapiaren berri ematen zaigu gero ūgogor samarra bada ere, onera egiten lagundu omen zion hariū, eta jarraian What a wonderful world dator, piano etzan batekin harat-honat dabilen beltzaren istorioa, zabor-biltzailearen amorantearena, igogailuko laztanena eta amodio gutun bitxiarena.

Sabino Arana Goiri: euskara eta kultura
Batzuen artean
Euskaltzaindia,
Sabino Arana Kultur Elkargoa
162 orrialde
10 euro

Sabino Aranak euskara eta kulturagatik egindakoak

Sabino Aranaren heriotzaz geroztik ehun urte igarotakoan Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Kultur Elkargoak antolatu zuten mintegian aurkeztu ziren ponentziak eta ondorengo mahai-inguruaren emaitza dago jasorik Sabino Arana Goiri: euskara eta kulturan. Paulo Iztueta, Jose Luis Lizundia, Joseba Agirreazkuenaga, Andres Urrutia, Txomin Peillen, Piarres Xarriton eta Pruden Gartziak parte hartu zuten, Xabier Kintana eta Jose Luis Aurtenetxeren koordinaziopean. Halaber, Sabino Arana Goirik 1898 eta 1902 bitartean idatzitako zazpi gutun jasotzen ditu, eta baita Xabier Lizardik, Jose Aristimuńo Aitzolek edo Koldo Mitxelenak Sabino Aranak euskararen arloan egindakoaz ziotena.

Euskal hiztegi historikoa
Txubillo Taldea
Gaiak
74 orrialde

Historiarekin lotutako hitzak

Gaiak argitaletxeak aurkezten digun lan honen izenburu zehatza Euskal hiztegi historikoa: Terminoak, Gertaerak, Erakundeak da, eta Erdi Arotik aurrerako laurehun bat kontzeptu historiko biltzen ditu, haietako bakoitzaren esanahiaren azalpena emanez. Absolutismo hitzetik hasi eta zuzeneko ekintza arte, Euskal Herriko historiarekin zerikusia izan duten terminoak aukeratu ditu Txubillo taldeak lan hau osatzeko. Jakina, ondorioz, Espainiako eta Frantziako Estatuen garapen historikoarekin eta munduko historikoarekin lotura duten terminoak, gertaerak eta erakundeak ere agertzen dira hiztegian. Euskal Herriko historiaz eta Euskal Herriak Europan eta munduan bete duen zeregin historikoaz jabetu nahi duenarentzat aproposa.

Generoaren ikuspegia komunikazioan eta irudi korporatiboan
Batzuen artean
Europako Elkartea, Emakunde
323 orrialde

Hizkuntza sexista saihesteko

Emakundek Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin eratu zuen enpresa aholkulariak prestatzeko programak bi helburu nagusi zituen: enpresa horiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza jasotzea, eta ohiko aholkularitza lanetan genero ikuspegia barneratzea. Sexismorik gabeko hizkuntza normalizatzeko eta hedatzeko programa horretan ikasitakoak jende gehiagoren eskuetara iristea interesgarri delakoan plazaratua da Generoen ikuspegia komunikazioan eta irudi korporatiboan, gazteleraz eta euskaraz dagoen liburua. Gaien artean, hizkuntza sexista eta androzentrikoa, publizitate mezuak eta emakumea, emakumezkoek eta gizonezkoek sozializatzerakoan besteekin komunikatzeko ikasitako estrategia bereiziak...

Oroitzapen urdin iluna
Monique Laxalt
Utriusque Vasconiae
146 orrialde 15 euro

Ameriketako euskaldun baten aitormena

Ameriketara lanera joandako euskaldunen hirugarren belaunaldiko alaba dugu Monique Laxalt, eta hemengo euskaldunei jatorri bereko hangoak nola bizi izan diren han eta zer nolako garaipen eta porrotak jasan behar izan dituzten kontatu nahian idatzi du lan hau. Fikzioa eta errealitatea era poetikoan nahasten ditu Oroitzapen urdin iluna izenburuko idazlanak. Eleberri honek ingelesez ikusi zuen lehen aldiz argia, 1993an. Euskarazko bertsioa, berriz, Haritz Monreali zor zaio. Monique Laxalt Atarratzeko artzain baten eta Baigorriko emakume langile baten biloba da, eta Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan bezalako lan ospetsuen egile genuen Robert Laxalten alaba.

Untxi Txiki Zuria
Marie-France Floury, Fabienne Boisnard
Ibaizabal
24 or./ 5,60 euro

Untxi Txiki Zuria galduta dabilen batekoa

Etxeko txikienei begira, Marie-France Floury eta Fabienne Boisnarden artean sortu eta Jose Antonio Sarasolak euskaratutako bilduma honen protagonista untxi txiki bihurri bat da. Oraingoan, bere gurasoekin parkera joan da. Iritsi bezain azkar alde egin du lagunekin jolastera, eta ohartu denerako gurasoak non dituen ez dakiela aurkitu da. Untxi Txiki Zuria estu eta larri dago eta negar batean aita eta ama non ote dituen galdezka hasi zaie guztiei, andre batek lasaitu eta bilaketan laguntzen dion arte.

Bazaudete?
Hasier Larretxea, J.A. Perotxena Uranga
Metaziri, Elizondoko gazteak
32 orrialde

Norabiderik gabe galdurik daudenen oihuak

Hasier Larretxearen poemekin eta Juan Angel Perotxena Urangaren marrazkiekin osaturik dagoen Bazaudete? liburuxka pentsamendu sozial eta iraultzailea Baztango haranean bultzatzen duten pertsonen ekimenaren baitan sortu zen. Elizondoko Gaztetxearen alde, literaturaz, arteaz, ekologismoaz, eta beste hainbat gaiez eztabaidatzeko bilgune izan zedin lanean zebiltzan gazteen bilera batean, Bazaudete? egiteko asmo bateratuaren berri eman zutenegile biek. Batek poemak idatziko zituen, eta besteak haiek irakurri eta gero adierazten ziotena iruditan agertuko zuen. Horrela egin zuten sistema honetan norabiderik gabe galdurik daudenen oihu isilaraziak agertzen dituzten olerkiz eta marrazkiz osaturik dagoen liburuxka hau. Izugarri maite duen zerbaiten edo norbaiten bila ikusten dugu poeta; halere, bere bizitza eta ingurutik bat-batean desagertu zaio maite hori, eta jada ez daki non aurki dezakeen. Dauzkan oroitzapenak, zirrarak, nahi ezinduak eta baita hutsuneak ere agerian jarriz, gordeta dituen beldurrak azaleratu nahian dabil beharbada. Eta poema horien haritik tiraka, marrazkilaria, bere estilo garratza irudietan erakutsiz.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan