Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-11-21 -- 1967.zenb

Itxaro Borda


Ez da erraz literaturako Euskadi Sarien irabaztea. Izendaturikoa ez da sekula guztien gustukoa, euskal idazkintzako pizti sakratuak ûoroz bat Hasier Etxeberriaren elkarrizketa bildumako urrezko boskoteaû lehiaketan daudelarik, izkiriatzaile kasik ezezagun eta txiki batek saria ematen duela. Bidegabekeria latzak kiribilkatzen ditu handi horien sustengu-milizietakoak eta suzko artikuluak direla medio egunkarietako zutabeetan darraite marra ideologikoaren araberako gerla etengabea.
Epai-mahaiaren ondotik, bazterretako solas mingarriek gaizki utz dezakete sariaren irabazlea; alabaina Muñoz garaile ateratzea Atxaga ere finalisten artean delarik, edo 2003an bezala %100 Basquek irabaztea Lagun Izoztuaren parean, ezinezkoa ûeta injustua!û iruditzen zaio bata zein bestearen suporterrari. Jendetasun-gabeko eztabaida horiek irabazleari ûedozein delaû liburu ona ûepaien oniritzia jasozû kometitu duelako atsegina ukatzen diete.
Nik ere denboran harrizko komentarioak egin ditut sarituren batekiko. Ideologia hutsez aitor dut. Ez naiz asko aldatu, baina uste dut orain, debatea ezeztatu gabe, urteko irabazlearekiko ohar moldegaitz gutxiago plazaratzea egoki litekeela.

Gari Berasaluze

Ez dugu ezer berririk esango esaten badugu herri honek bizi duen gatazkak, biziago zein apalago, alde guztietara zabaltzen dituela ondorioak eta, ezinbestean, egoeraren gordinak benetako konponbidea eskatzen duela lehenbailehen. Bitartean, ordea, eta ondorio larrienak zuzenean pairatzen dituztenak alde batera utzita, gero eta nabarmenagoa da inguruan ditugun bi estatuak koskak estutuz joan diren heinean, luma zorrozteko edota eguneroko bizitza zeluloidera eramateko gai diren idazle edota zinema zuzendarientzat bazka izan daitezkeen egoera bereziak sortzen joan direla azken urteotan.

Argentina edota Txile aldetik azken urteotan iritsi zaizkigun hainbat filmek islatzen duten giroa nabarmena da hemen inguruan. Batzuk lasai bizi dira. Ez da ezer gertatzen. Baina milaka lagunek dagoeneko ez dute hitzordurik egiten telefonoz. Elkarrekin kafe bat hartzeko oharrak uzten dituzte tabernetan. Liburuak, elastikoak, pegatinak edota ipuinak ezkutuan gordetzen dituzte. Beldurra nagusitu da bazterretan. Putzuak bare eta ilun nahi dituzte, eta isiltzen ez den edozein igelek makilkada jasoko duela zabaldu dute behin eta berriro azken urteotan, lau haizetara. Hemendik urte batzuetara, ganbaretan eta izuen gordelekuetan apuntez eta hitzez betetako ispiluak agertuko dira. Baina orain burua makurtzeko garaia dela sinetsarazi nahi izan dute. Isilik egotekoa, amore ematekoa. Badaezpada.

Azken batean, zineman edota literaturan beste herriei buruz ikusi eta irakurri ditugunak sentitzen ditugu azken urteotan inguruan. Gu ez gara politikoak, eta ez gara sartuko horrek ekar ditzakeen ondorio politikoetan, baina nabarmena da beldurraren kultura hezurretaraino sartu dutela estatuek euskal gizartean. Euskaldunon Egunkariaren auzia da adibiderik argiena. Sinestezinak iruditzen zaizkigu oraindik iazko otsaileko irudiak: euskal kultura urte askoan landu duten harginak, gaizkile arriskutsuenen pare eskuak lotuta eta burua estalirik, bakartu, ziega ilunetara eraman, eta torturatuak. Hori egiteko gai den estatuak edozer egin dezake gizarteari bere mezua sinetsarazteko. Martin Ugalde, Txema Auzmendi edota Joan Mari Torrealdai erakunde armatu batekin uztartzen dituen gezurrak ezin du hanka motza eduki. Bitarteko guztiak ditu eskura. Eta inolako aurreiritzirik gabe erabiltzen ditu. Lotsagarria bezain ulergarria da. Larriena, ordea, horrek zipriztintzen duen guztia da, eta sinesgogorrenak ere sineskor bihurtzeko duen arriskua.

Izan ere, batzuek beharbada ez dute itsu-itsuan sinetsiko Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Xabier Oleaga edota Pello Zubiria erakunde bateko kideak edota bitartekoak direnik, baina batetik eta bestetik jasan duten informazio uholdearen ondoren mesfidati begiratuko diote hauek eta hauen ingurukoek sortu dituzten eta sortuko dituzten proiektu ezberdinei. Antza, Espainiako epaileek bezala, gure artean ere batzuek ez dute ulertzen nola mamitu daitezkeen egitasmo sendoak herritarrek patrikatik ateratako diruarekin. Proiektu herrikoiak baldin badira, gainera, herritarrek ordaindu eta finantzatu behar dituztela diote publikoki, eta berdin zaie euskara biziberritzeko planetan duten garrantzia ere. Mesfidati begiratuko diete arduradunei eta, laguntza ukatzeko, lasai asko esango dute proiektua ez dela lehentasunezkoa beraientzat. Azken batean, larriena ez da batzuek gaizkiletzat aurkeztea euskal prentsaren zutabe direnak, gure arteko beste batzuek amua irenstea eta epaileen gezurrari babes politikoa ematea baizik. Urola-Kostan, esaterako, eskualdeko hamaika udaletatik bakarrak laguntzen du gaur egun Urola-Kostako Hitza egunkaria. Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Beizama eta Errezilgo udalek oraindik ez diote euro bakar bat eman egunero zazpi mila harpidedunen postontzietara euskara hutsean eta zortzi orrialderekin iristen den egunkariari. Nekeza da ulertzea laguntza zergatik ukatzen duten. Ez dugu uste, zehazki, lehen aipatu dugun eta estatuek zabaldu duten beldurraren kulturak ukitzen dituenik zehazki udal horietako arduradunak. Baina ukaezina da gaizkile edota gaizkileen lagun izatearen akusazioak denok babesgabe bihurtzen gaituela. Eta gure gainean mesfidantzaren itzala hedatzea lortu dutela. Herri informazioa euskaraz eta egunero argitaratzeari abertzale omen diren askok laguntzarik ez ematea justifikatzeraino. Bada garaia putzu sakon eta ilunak ere hitzekin bete ditzagun. Denon hitzekin.

Fernando Muniozguren ( irakaslea)

Kalitatearen zuzentasuna, egokitasuna eta jatortasunaren zurrunbiloan bada zer eduki kontuan, batez ere erreferentzia direnen aldetik: komunikabideak, gizarte eragileak eta instituzioak. Direnak direlako sortzaile eta erabiltzaileak, belarriko mina egiten didaten pare bat adibide ekarri nahi ditut gogora, inongo garbizalekeria eta kulpabilizatze asmo barik.

Alde batetik, muntaia, putxerazoa, lintxamendua eta gisa horretako berbak gizarteratzen dihardutenei esango nieke errazkeria ez dela egokia. Euskararen erabilera-tradizioari erreparatu nahi ez badiote, imajinazioa, eduki baduten dohaina, erabil dezaten iradoki nahi diet, hain modu arinean Hegoaldeko erdaraz baliatu baino lehen. Bestela, insumisiónekin gertatu eta Dionisio Amundarainek orduan egoki azpimarratu zuen moduan, aukera galdu gehiagoren aurrean aurki gintezke.

Bestetik, euskaraz diharduen irrati nagusiak atentzioa deitzen dihardu egunero-egunero, zein-nahi programatan, deigarria egiten ez zaielarik. Nirekiko, ez da egokia eten barik erreferentzia direnen ahotik horrelakorik entzutea.

Aipatutako adibideok lagin edo muestra baino ez dira, Ibon Sarasolak aurreratu zuen arriskua dakarkidate burura: era horretan jarraituz "euskalki nagusi bi izango ditugu etorkizunean: Hegoaldekoa eta Iparraldekoa". Mugaz alde bateko eta besteko euskaldunen elkar ulertzeko zailtasuna, aspaldikoa, areagotu baino ez baitute egiten. Hor dago Xalbador zenari zuzenduriko 7 minutuko txistukadaren gertaera, 64aren inguruan, eta, Daniel Landartek astekari honetan lehengo batean esandakoa. Hain zuzen ere, 1984an, 20 urte beranduago, Azpeitiko Antzerki Topaketetan sumatu zuenez, Hegoaldeko ikuslegoak ez zuela ulertzen Iparraldeko euskara. Beste hogei urte beranduago darabiltzagun erreferenteak direla medio mugaren eraginak handitzen jarraituko duela esan genezake. Ondorioa euskara batu bi izango ote dira?

Nire ikasleak eta ETB 1. Ez da lagin esanguratsua kuantitatiboki begiratuta baina bai kualitatiboki, Ikasleak "D" ereduko nerabeak dira eta. Zoritxarrez esan beharra daukat adin horretako gaztetxo urbanoen artean ETB 1eko programek ez dutela arrakasta handirik, ikusten dituztenen artean, salbuespenak salbuespen, ez baitago erdarazko beste kate batzuetakoek daukaten adinako erakarmen-indarrik. Eta, horrek, jakina, bere ondorioak ditu. Azken baten, adin horietan gizarteratu eta autonomia hartzen baitute gazteek eta testuinguru horretan finkatzen dituzte urte batzuetarako hizkuntza portaerak.

Toni Mollak duela bizpahiru urte edo, ARGIAn esaten zuena ekarri nahi dut gogora: aurrerantzean produktuaren erakarmenak agintzen eta aginduko duela adin horietan eta baita gainontzekoetan ere.

Non geratu ote dira 80ko hamarkada-hasieran esaten genituenak: eskola euskaldunduz, Telebista euskaraz izanik eta abar, euskarak ez zuela arriskurik. Baina gerora komunikabideak garatu dira, Administrazioak baditu bere barne-normalizazio zein gizartea euskalduntzeko (EBPN) programak, Kontseiluaren ahalegina hor dago, euskalgintza sustraitutako sektorea da, baina mundializazioa eta estetika-borroka medio, Fermin Etxegoien dixit, euskarak aurrera asko egin du baina garaiotan inoiz baino arrisku handiagoa eduki dezake. Argi dagoena da arlo eta funtzio berriak irabazi dituela baina beste garrantzitsu batzuk galdu. Horien artean Mikel Zalbidek azken Ikastolen Kongresuan esan zuena: euskarari estoldetatik ari zaio ura sartzen; giroa falta da. Beraz, Fhismanen tesiek inoiz baino garrantzi handiago dute.

Beraz, aisialdia-lagunartea eta etxea; arlo ez formalean dago egin eta eragin beharra, eskolaren osagarri baita eta hori gehienetan borondatezko eremu pribatua denez, konbentzimendurik ez badago, bere zailtasuna du. Baina, bere urgentzia eta garrantzia duenez, heldu beharra dago, etorkizunean oraingo ikasleak euskaldun oso, erabiltzaile eta transmisore izan daitezen, bestela, orain arteko moduan, belaunaldia joan eta belaunaldia etorri beti hasten gaudenaren sentimendua edukiko dugu eta hori zeharo aldapa gogorra egingo zaigu.

Txillardegiri merezitako omenaldiak. Zalantza barik hori eta gehiago merezi du Jose Luisek, hizkuntzaren normalizazioan ardatz diren esparru nagusi biak, corpusa eta estatusa, uztartu baititu, euskalgintzari Txillardegiren ikuspegi rizomatikoa eta holistikoa emanez. Eta, bietan maisu, bidegile eta aitzindari izan da, eraginkorrak izan diren hainbat ekarpen eginez. Eskuartean darabiltzazun ikerketa-lanak eta geroko proiektuetarako beti izan duzun kemenaz segitzeko kuraia jaso duzulakoan, zorionak Jose Luis.

ERC adimentsua. Ez dut inongo iruzkinik irakurri ez entzun, ERCk Madrileko Gobernuarekin egin duen tratuaz. Alegia, Estatuaren 2004ko aurrekontuak onartzearren, hainbat milioi eramango dituela Kataluniara hizkuntza politikan inbertitzeko. Jokaldi bikaina eta koherentea iruditu zait. Badute zer ikasia gure politikariek dena ez baita hormigoia izan behar.

Bilboko jatorrizko berbeta dela eta. Urriaren 24ko ARGIAk Iñaki Gaminderen eta beste hainbaten lan baten berri damaigu. Handia da ikertzaile honek, kasu honetan beste batzuekin batera, egiten diharduena, baina, nire uste apalerako, oihartzun gutxiegi dauka. Ondorioz, egindako lanaren garrantzia eta horren eragina ez daude, tamalez, maila berean. Ziurrenik, sarritan era horretako ikerketa-lanei falta zaien gizarteratze-ahalegin eza dela medio. Oraingoan, Bilboko berbeta izanik eta Berton aldizkariak bideratu duen ekimen txalogarri eta imitagarriarekin, liburua eta CDa argitaratu ditu eta, ziur nago zabalkunde gabeziak gaindituko dituela.

Kike Intxausti

Urriaren 24ko aleko "Luparekin" iritzi leihoan Elixabete Garmendiaren kritikei erantzun nahi nioke ondoko lerroetan.

Bere jaiotetxeko oheak laurogei urtetik gora dituela dio Elik. Egilea ondo egitearen eskolakoa izango zen, zalantzarik gabe, Aizkorri peko tunelaren zulatze lanak zuzendu zituen ingeniaria bezala.

Laurogei urte igaro dira ordea. Orain inor gutxik erosi nahi du mende osoa iraungo dion oherik. Ikusi bestela IKEA enpresak izan duen arrakasta. Garai hartan egilea ezaguna zen, Osaba Guillermo ebanista. Egun ez dakigu zein den erosi berri dugun altzariaren egilea. Egile eta hartzailearen harreman zuzen hori galdua da ezinbestean.

Diozunez, lan kontuetan ondo egitearen zentzua oso sartuta eduki duela gure gizarteak eta gauzak ongi egiteak norberarengandik zerbait jartzea eskatzen duela, baita maitasuna ere. Ados nago horretan, baina nola zehazten dugu "ongi egite" hori egungo gizartean?

Ez diozu galdera honi erantzuten kalitatea "mozorro berria" izenburuko zure artikuluan, hiru topiko besterik ez dituzu azaltzen. Bat, kalitatea gauzak ongi egitearekin "kontrajarria da", "ez dago modan gauzak ongi egin behar direla sinestea; orain kalitatea da hitz magikoa". Bi, kalitatea "eman" egiten da, "kalitatea partitzeko nazioarteko enpresak daude". Hiru, kalitatea "dokumentuak dira", Lanbide Heziketako ereduak dioenean oinarriturik. Bukatzeko, irakurlea aspertu ez dadin, zure behin betiko konklusioa: kalitatea "burokrazia" da.

Kalitatearen egungo kontzeptua hiru ideia hauekin azaldu ohi da: "ongi" egin, "gero eta hobeto" egin, "egin beharrekoa" egin.

Egin beharrekoa, norbere "egitekoarekin" lotzen dut nik. Gure aldetik galdera hauei erantzuten saiatzen ari gara: Zertarako dago Lanbide Heziketa? Zer lortu behar dugu? Zertarako dago gure ikastetxea? Zer lortu behar du? Zertarako dago nire arlo edo ekipoa? Zer lortu behar du? Zertarako nago ni hemen lanean? Zer lortu behar dut?

Lanbide Heziketaren egitekoa "ikaslearen gaitasun profesionala", "lan insertzioa edo txertatzea", "emaitza akademikoak"à hobetzea dela uste dugu. Egiteko horrek, lortu nahi diren emaitza, adierazle eta helburuak argitzen laguntzen digu.
Honekin emaitzen kalitateaz ari naiz, zure osabak, bezeroari altzaria gustukoa al zuen galdetuz, erraz neurtzen zuena. Egungo gizarte eta erakundeetan hori ez da hain erraza. Erantzun bestela: Zein da ARGIAren egitekoa? Ez dut uste erraza denik ARGIAko langileria horren inguruan ados jartzea. Horretarako denbora behar da.

Beraz, hobekuntzaren bidean sartu beharra dugu. Zertan hobetu behar du Lanbide Heziketak? Zertan ikastetxeak? Zertan arloak? Zertan nik neuk? Zertan ARGIAk?
Gauzak berdin eginez gero, emaitza berdinak lortuko dira. Soil-soilik egiten duguna hobetu ahal dugu, ez besterik.

Zer hobetu?, erakundea bera mugitzeko behar dena, lan egiteko sistemak eta produktuak, klaseak, kurtsoak, irakasteko sistemak, baliabideak, pertsonak, lidergo moduakà Hobekuntzak egoeraren azterketa eskatzen du, eta gure lanaren emaitzak eta errendimendua baloratzea. Nola egin balorazio hori ordea, zein dira lanaren egokitasuna ebaluatzeko adierazle eta modurik egokienak?

Beraz, zein dira ARGIAren hobekuntza beharrak, nola daki ARGIAk lana modu egokian egiten ari dela? Nola jarri ados horretan? Zerk adierazten du ûadierazleaû horrela dela?

Hobekuntzaren abiapuntua lana ongi egitea da. Lanbide Heziketak, ikastetxeak, arlo edota nire ekipoak, nik neuk, ongi egiten al dugu gure lana? Zer esan nahi du lana ongi egiteak? Sistema jakin baten arabera egitea, ahalik eta konpartituena dena. Sistema aipatzearekin taldearen ikuspegiaz ari gara, erabakigarria dena gaur egun. Zure osabak, seguruenik, ez zuen sistemaren arazorik izango. Baina "cada maestrillo tiene su librillo" leloak adierazten duenaren guztiz kontrako ikuspegia da gaur egunekoa.

Ikastetxeetako adibide pare bat. Azterketa bat nork zuzendu, puntuaketa oso desberdina izan daiteke. Ikastalde bati zein irakasle egokitu "gaindituen" kopurua edota ikasi ahal izandakoa oso desberdina izan daiteke. Ikasleari emandako ikas ordu kopurua eskainitakoa baino askoz gutxiago izatea suerta daiteke. Arazo horiek ezin dira guztiz ekidin, pertsonekin ari baikara ez torlojoekin, baina gutxitu ahal dira, bederen saiatzea komeni da lana ongi egin nahi badugu.

Gauzak espero bezain ongi ez irtetea normala da, eta ez da inongo dramarik. Baina komeni da sistema bat izatea arazo horiek agerrarazi eta, ahal den neurrian, zuzentzeko. Ez erruak norbaiti botatzeko politika munduan ohi den bezala, baizik eta zergatiak aztertu eta soluziobideak gauzatzeko.

Gauzak ongi egin eta hobetzen hasteko ISO 9001 arauan oinarritzen den kalitate sistema bat ezartzeak "oro har" laguntzen duela Lanbide Heziketan frogatzen ari dela uste dut. Baita EFQM ereduak emaitzen kalitatea zehazten eta hobekuntza bideratzen "oro har" laguntzen duela ere.

Hortik aurrera "estiloak eta mezulariak" daude. Egia da kalitate-sistema egoki bat eraikitzea baino "ziurtagiria" lortzea helburu denean, Arantxa Iturbek Berrian dioena maiz gertatzen dela: "Zer da kalitatea? Lan nola egiten duzun kontuan izan gabe, emaitza alde batera utziz, lan nola egin beharko zenukeen dioten paperak betetzea eta gorbatadunen bati paperean zer jarri duzun kontatzea". Ados, hori burokrazia da.

Hala ere, ez naiz pasarte horrekin batere identifikatzen, ez hori gertatzen ez delako baizik eta hori delako, hain zuzen ere, ekidin beharrekoa kalitate-prozesu batean sartzen garenean. Berdin zuk edo nik, paper batean ez dugu burokrazia besterik ikusiko paper horrek "zentzurik" ez badu edo ez badiogu ikusten.

"Guztia da beiraren kolorearen araberakoa". Ikuspegi burokratikoa duenak ez dut uste burokratikoa ez den kalitate sistema ezarriko duenik. Kalitatean ikusten duzun "magia" eta "mozorro" hori jantzitako betaurrekoen araberakoa dela iruditzen zait ûaldez aurretiko iritziaren araberakoaû, eta zure aurreiritzi hori justifikatzeko kritika errazegietan erori zarela.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan