Jakoba Errekondo
Kultutik, kultu erotik, ote dator kultura? Batzuena bai. Babarruna adibide. Urtetako gose-zuloa berdindu diguten baba eta aza ia ia abandonaturik ditugun artean, urrutitik, Indietatik, laurehun bat urte exkax, berdantzart alegia, ekarri berria den babarruna indaba aldarezale xurien ikono da. Kultur kultu ederra geureaą Babarruna munduari biraka ari da, gu, gure kultura eta gure eromenak bezalaxe. Ekialdeko Indiatik mendebaldekoetara eta handik ekarriaą Hemendik nora ote doa? Auskalo...
Kultuak kultu, putzez berotzen digu negua, baba bailitzan, babarrunak. Udaberriko ziza zozoa, botikatutako ardo saldoa eta abarrekin batera, ahotik uzkirainoko azal sentiberen bide eder horren gozagarri, igande eta jai egunetako gurgaia bihurtua da babarruna batzuentzat, mezaren pare. Puzkargilea, moko finenen eta patrika beroenen ikur...
Babarruna biltzen amaitu dugun sasoi honetan, kuiak oparo eta arbia mardul datorren arta-babarrun sailari begira, Berdiletzako gure amona zenak urtero berritzen zigun istorio bat zaharberrituko dut. Heredatutako obligazio ederą Berrogei bat baserrik osatzen duten herrian, jendearen miserikordiatik bizi omen zen "Amona Txantxona". Ez etxe, ez lur, ezin sororik izan. Uztazkeneko lekari beteko zoramenean babarrun soroari bildualdiak, bizpahiruak, eman ondoren hor dator etxez etxe Amona Txantxona, bakoitzaren babarrundiari azken bisita egiteko baimen eske. Soroetako parda eta arto-zuztarretako aihen eta hosto arteko kondar horiekin pasatzen omen zuen negua. Ez zuten bada, ustez behienik behin, leka asko utziko bildu gabe gose garai haietan, baina atso zaharra goseago eta bista zorrotzago. Urdai, odolki, saiheski eta sakramentu txoro askorik gabeko babarrunak izango ziren haieką aza bai izango zuten. Aza beti izango da gure lagun, baita azaburuenarena ere.
Jabier Agirre
Gripearen kontra, oraingoz txertaketa da daukagun arma bakarra. Baina txaplata edo partxe txiki bat, tirita baten oso antzekoa eta txikiagoa ere izan daitekeena, gripearen kontrako txertoaren laguntzaile bikaina izatera irits daiteke, 65 urtetik gorako pertsonetan, batez ere. Iomai izeneko ikerkuntza enpresa batek AEBetako Gaithersburg hirian partxea garatu eta ikertu ondoren, une honetan gizakietan ari dira probatzen Suitzan, laborategiko animaliekin egindako saiakera eta proba guztiek arrakasta osoa lortu eta gero.
Partxeak ez du, dena den, txertoaren ziztada saihesten. Behin txertaketarekin gripe birus indargetua ziztatu ondoren, ziztada gunearen ondo-ondoan txaplata ezartzen da, eta pixkanaka Escherichia coli izeneko bakteriotik ateratako proteina toxiko bat askatzen du, gaisoaren zelula immuneen artean hedatu eta zabaltzen dena. Era horretan, gorputzaren defentsa sistemek modu gogorragoan erreakzionatzen dute txertoaren birus indargetuaren kontra, gorputzari defentsa hobeak eta gehiago eskainiz.
Orain arte saguetan lortutako emaitzak bikainak izan dira. Laborategiko animaliek txaplatarekin lortutako erantzun immunea txertoa soilik hartu zuten saguena baino askoz ere hobea izan zen ūinfekzioaren kontra diharduten T zelulak 50 aldiz ugariagoak ziren partxea zuten saguetanū. Une honetan konpainia iparramerikarrak gizakiekin egindako proben emaitzak ere oso itxaropentsuak dira. Horrela, konpainiaren aditua den John Clements immunologoak uste du partxe edo txaplata hori bestelako gaixotasun infekziosoak prebenitzen dituzten beste txerto batzuen erantzunak indartzeko ere erabili ahal izango dela berandu baino lehen. Escherichia coli bakterioa lehendik ere ezaguna zen, koadjubante edo gehigarri bezala, baina orain arte gutxi erabiltzen zen, toxikotasun karga handia zuelako.
Joxerra Aizpurua
Planeten jatorria kaosa da
Spitzer Space Telescope behategian ikusitakoaren arabera, hainbat izarren inguruan hauts-laino oso distiratsuak daude, osatzen ari diren planeta berriek beraien artean talka egitearen ondorioz, hain zuzen ere. Talka egiten duten planeta berriak mendi-kate baten tamainakoak izan daitezke eta epe luzean aritzen dira talkan.
Ilargia bera era horretara sortu zela uste da eta beronen eta oro har planeten sortze prozesua uste baino kaotikoagoa dela pentsatzen hasiak dira ikerlariak, Arizonako Unibertsitateko (AEB) George Rieke-k berriki adierazitakoaren arabera.
Spitzer teleskopioak duen ikusmen infragorriaren bidez, planeten arteko talkek sortutako hautsa garbi ikusi da. Sortzen ari diren planetek beraien artean talka egitean material puska berriak sortzeaz gain, material elkarketa ere gertatzen da. Gainera talketan sortutako hautsa inguruko izar batek berotzen du eta ikusgarri bihurtzen da infragorri espektroan.
Orain arte uste zen planetak izar gazteen inguruan bakarrik sortzen zirela hainbat milioika urtetan materialak beraien artean talka eginez, baina Riekek eta lagunek eguzkia baino handiagoak ziren 266 izar aztertu ondoren, horietako hirurogeita hamaikak hauts-diskoa zutela ikusi zuten. Badirudi izar zaharrek eraztun gastatu edo dirdira txikienak dituztenak izan beharko luketela, baina ez da horrela gertatzen, hau da, hauts-eraztunik gabeko izar gazteak topatu dira eta oso eraztun distiratsuak dituzten izar oso zaharrak ere bai.
Beraz, astronomo eta ikerlariek badute zer ikertu, planetak eratzeko garaian legerik existitzen bada, behintzat.
Lurrikarei aurreratuz
2002an Rundle-Tiampo Forecast-ek argitara emandako lurrikarak aurreikusteko programa batek oso aurreikuspen zehatzak egiten dituela ikusi da. Adibidez, Kalifornian hamarkada honetan gertatutako 16 lurrikaretatik 15 aurreikusi zituen.
Aurreikuspenak Coloradoko Unibertsitateko (AEB) eta Jet Propulsion Laboratoryko ikerlari-talde batek egin zituen ordenadorez ereduztatutako teknika bat erabiliz. Sistema 1932tik gaurdaino izandako lurrikaren kokaguneaz baliatzen da Richter eskalan 5 baino koefiziente handiagoa izango duten lurrikarak aurreikusteko.
Ikerlariek 4.000 gelaxkatan banatu zuten Kaliforniako mapa, San Francisco badiatik Mexikoko muga bitartean eta gelaxka bakoitzak 10 urteko epean lurrikarak izateko duen probabilitatea kalkulatu zuten. Emaitzak hobeto ikusteko gelaxkak koloreztatu zituzten.
Informazio hau oso erabilgarri ari zaie gertatzen injineru eta arkitektoei zeren, oso fidagarria dela frogatu baita.
Oraingoz, iragan ekainaren 15ean gertatutako 5,2 koefizienteko lurrikara izan da aurreikusi ez den bakarra eta hau San Clemente irlaren azpian gertatu zen. Akats honen arrazoiak topatu nahian itsasoan gertatzen diren lurrikaren inguruko datu-eskasia aipatu da, bertako lurrikarak sismologi saretik at geratzen baitira.