Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-11-14 -- 1966.zenb

Mikel Asurmendi


Ourensen barrena abiatu gara Marcos Valcarcel galiziarra gidari dugularik. Ourense Galiziako literaturan gehien agertzen den hiria da, Santiago Konpostelakoarekin batera. XIX. eta XX. mendeetako idazleen artean Otero Pedrayo eta Eduardo Blanco Amor goraipatu ditu gidariak. Bigarren honen A Esmorga nobelaren bitartez taxututako «ibilbide literarioa» erakutsi digu Valcarcelek, baita munduari zabalik dagoen Ourense literarioaren berri jaso ere.

Hiriaren irudiak Euskal Herria, Galizia eta Kataluniako literaturan

Carlos Lopez Bernardez galiziarraren hitzetan, kontzeptuak zehaztu beharra dago: zer da irudia eta zer hiria? Antzinako hiria irudimenaren kontzepzioari lotua dago. Adibidez, Jerusalem hiri ideala da, zerutiarra. Sodoma eta Gomorra, berriz, ezkorrak eta lizunak. Erdi Aroaz gero, hiria kultura modernoaren sorlekua da, hizkuntz eta merkataritza berrien tokia. Garapen horren ondorioa da gaurko gure kultura. Hiri mota hori da eredua, alta bada, estereotipoa dago. Izan ere, hiri kulturaren erabiltzaileak eta sortzaileak toki zabaletatik datoz. Allariz herritik, esate baterako. Hiria beraz, biltzeko eta sortzeko gunea da.

Hirien ûOurenseû eta herrien ûAllarizû arteko dikotomia jalgi da gure ibilbidean. Bi eremu hauek gero eta hurbilago daude elkarrengandik ûUrtzi Urrutikoetxearen begietatik so egiten diogu auzi honiû. Hirian bertako jendea nahiz herri txikietatik joan-etorrian ari den jendea nahasten dira. Nekazal mundua hiritik at izan arren, hiritarrek heritarren ezaugarriak gordetzen dituzte oraindik ere. Herrietan hizkuntzaren jatorria dago, artean, hirian beste hizkuntza mota sortuz joan da. Egun bi kulturak gero eta nahastuago daude hedabideen eta Interneten bidez.

Hiri literarioa gizarte zibilaren isla da ûFran Alonso galiziarraren hitzak diraû, hiria idazleen berebiziko plataforma da. Gure kultura, mendebaldeko kultura, urbanoa da batez ere, aisialdiaren eta modaren ondorioa. Hiria literaturaren gune estrategikoa da. Idazle honen kasuan Vigo da hiria. Bertako ibaiadarra, elementu bereizgarria, singularra eta partikularra da. Pertsonen nahiz pertsonaien izaerak lantzeko eta beren giza kategoria garatzeko ingurumari paregabea.

Isidre Grau kataluniarraren literatur espazioa Vinyes de Savall da. Sardaynola del Valles herriaren transposizioa. Obaba kataluniarra, nolabait. Herri hau Bartzelonako periferian dago. Mende laurdenean 4.000 biztanletik 60.000ra pasa zen. Hiriak barnebildu ditu nekazal munduko jendeak. Ingurunearen aldaketa azkarrak jendearen eboluzio azkarra bultzatu du eta horrek alegiak moldatzeko aukera eman dio idazle honi: jendearen jarrera, jokamoldeak, garapenak eta adierazpenak aldatu omen dira bertan, maila sinbolikoz bada ere. Ohiturazko literaturari muzin eginez, hiriko unibertsaltasunaren isla da bere obra.

Labur-zurrean, bertako eta kanpoko kulturen sinbiosia gauzatu da hirietan. Guztiok ikusten ditugu telebista berak edo antzekoak, antzeko egunkariak irakurtzen ditugu. Ikus-entzunezkoek bi kulturak nahastu dituzte. Hainbat usadio bizirik daude, baina heziketak kultura batua sortzen lagundu du. Oro har, Amerikako Estatu Batuetako kultura da nagusi hirietan. Hiri eta herrien dikotomia baino, fusioa nagusitu da hiriko kulturan. Idazleak lurrari lotuak izanagatik, literatura lantzean hiria dute erreferente nagusia.

Munduko hiriak galiziar, katalan eta euskal literaturan

Hiriez jabetzeko hainbat modu dago ûAna Romani galiziarrari adi goazû. Norberaren izaerak edota begiradak hiri bat eraikitzen du. Urratzen ari garen ibilbidea berbera izanda ere, ibiltari bakoitzak hiri diferente bat ikusten du. Literatura oron hiria dago, baina hiria ez da lekune soila, hiri egiturak bestelako hizkuntza bat sorrarazten du pertsona bakoitzaren baitan.

Munduko hainbat hiritara bide egin dugu Miguel-Anxo Murado galiziarrari jarraikiz; Jerusalemera iritsi gara. Intifada baino lehenago eta ondoko Jerusalemez mintzo zaigu Murado. Jerusalemen gainean topiko faltsu asko omen dago. Hiri beldurgarria da, baina interesgarria. Heriotza eta erokeriaren hiria. Giza kondizioen osagaiak ondo baino hobeto agertzen ditu, ordea. Jerusalem oso hiri literarioa da hartara. Liburuek sorturiko hiria da, Bibliak sortutakoa, kasu. Harrezkero, hainbat idazlek eta margolarik literalki apaindua eta irudikatua. Hiri mitoa da. Errealitatea ordea, oso urrun dago mito horretatik. Jerusalemek gaizki moldatzen diren kultur anitzak elkarganatzen ditu, intelektualki esanahi sakona duten kulturak dira alabaina.

Treveris hirira aldatu gara ûMarga Do Val katalanaren alboanû, bakearen hirira. Atzerritarrentzat Karl Marxen hiria, eta galiziarrentzat Priscilianori burua moztu zioteneko hiria. Prisciliano ûSantiagoko Katedralean lurperatuaû Eliza katolikoaren ikuspuntutik herejea zen, nazionalista galegoen ikuspuntutik, aldiz, mitoa, aldarria, kanpoko inbasioaren aurkako sinboloa.

Treverisera iristean ez zara hitzez bakarrik jabetzen, haren izkinez eta karrikez ere jabetzen zara, bere guneek bezatzen zaituzte. Bigarrenez jaiotzeko moduko hiria da. Marga Do Val idazleak bi haurtzaro omen ditu: Treveris aurrekoa eta ondorengoa. Treveriseko mikrokosmosak eta giro bereziak mundua ulertzeko modua aldarazi diezazukete. Marga Do Val Treverisen hezi eta hazi omen da bigarrenez.

Iparramerikako Oregon estatura joan gara gero, Portland hirira, Jaume Perez Montaner valentziarra lagun. Bizitzako zazpi urte eman zituen bertan, alta, ez zuen bat egin hiriarekin. Berea erbeste politikoa izan baitzen. Valentziara itzuli zenean, ordea, Portland gogoratzen zuenean, bere imajinazioan hazi zen. Portland bere liburu askoren iradokizun-gunea da egun. Haurtzaroko gomutak, berriz, L'Alfas del Pi-n (1000 biztanleko herria) dauzka. Gerora Alcoy-ra joan zen. Herrixkatik herrira, herritik hirira: hiriak jendearen agitazioa, kezkak, desioak, beldurrak eta esperantzak biltzen omen ditu. Jaumek Portland, Valentzia eta Bartzelona ditu hiri kuttunak. Hiri iradokigarriak, aldakorrak, ez finkoak. Gizakiok legetxe, bere hitzetan.

Edinburgora jauzi egin dugu Miquel Desclot katalanarekin batera. Bera ez da egundo han bizi. Ingalaterrako ipar-ekialdeko hiri batean bizi izan zen behiala: Durham-en. Unibertsitate gunea. Artean, bere hiria Bartzelona zen. Bertako lagunak hil ûedo beste norabait bizitzera joanû zirenean, ihes egin zuen. Durham-en egindako lagunak Edinburgon topatu zituen eta Eskoziari lotu zitzaion. Harreman ona du Edinburgo hiriarekin. Poesia irakurtzera joan ohi da, horrek estimulatzen du. Edinburgo idaztera bultzatzen duen hiria da, beste batzuek, aldiz, idazteko gogoa kentzen diote. Bartzelonak, kasu. Hiri gizabidetsu eta abegikor zena iraganeko hiria da berarentzat, hiri trinko eta zaratatsua, estres tokia gaur egun. Bartzelonatik 30 kilometrora bizi da, baina bere hiri literarioa Edinburgo da.

Amerikako Estatu Batuetara atzera, New York hirira. David Tijero bilbotarrak eraman gaitu hara. Bilbo baino beldurgarriagoa da New York inola ere. Inperioko hiri atakatua, bere zirrikituak itxi dituena. Etorbide zabalak karrika estuak dira etxe-orratzen artean. Hiri erraldoia eta ziutate gaitza. Beldurraren kultura hedatu da ezker-eskuin. Ziutate honen utopia banderez gainezka dago, ordea. Izu-laborrien laborategi perfektua. Literaturarako espazio paregabea. Esperanto izeneko tabernara eraman gaitu Davidek. Utopia deritzan aberriaren hizkuntza da esperanto.

Ourensen gaude berriz ere, Jon Abril beratarrari jarraiki itzuli gara, haren erranen aiduru. Shangai hiritik itzuli da berriki. Nafarroako Berakoa da, ez da hirikoa, herri txiki batekoa baizik. Ez da landa eremuan hazi eta hezi ere. Baserriko bizimodua ia desagertu baita Beran, zerbitzuak eta industria nagusi diren bizitokia da berea. Hizkera eta bizimoduak hiri batetik hurbilagoak daude bere gurasoek ezagutzen zuten mundutik baino. Hiri eta herriaren erdibidean bizi da. Hori da bere gune erreala, baina berau izendatzeko hitza falta zaio. Horra literaturaren betebeharra.

Etorkizuneko hiri utopiko eta amestuak

Jon Abrilen hitzaren faltaz galdetu diogu Cesareo Sanchez Iglesias galiziarrari. Bere ustez, Jon Abrilen hitza, hitz amestua da. Hiri amestua edo imajinatua gizakiak hitzez eraiki behar duen hiria da. Haurtzarotik jada, eskolan erakutsi ziguten mapen bidez, imajinatzen ditugu hitz horiek, eta gure imajinazioa lantzen segitzen dugu oraindik ere. Gure biografiari beste leku batzuetako geografiarekin lagundu genion orduan eta laguntzen diogu gaur egun ere. Hiria gune gisa irudikatu arren, izate biziduna da, sufritzen eta gozatzen duena, jaio, bizi eta hiltzen dena etengabe.

Xavier Queipo galiziarrarekin geografiaz eta koordenadez mintzatu gara hain justu, munduaren ardatzak irudikatu ditugu lehenik. Bere literaturan irudizko hiriak agertu ohi dira, eta beste batzuk bisitatu nahi lituzke oraindik ere. Adibidez, hiri mandalak edo egitura aldaberakoak, historian barrena agertu eta desagertzen direnak. Non kokatuak dauden ziur ez dakigun hiriak. Beste batzuk hiri labirintoak dira, Cortazarren Rayuelan agertzen dena, edo zientzia fikziozkoak, Blade Runner filmeko hiria bezala, kasu. Xavier Queipok amesturiko zazpi hiri motak eraiki ditu bere baitan. Berarentzat, hiri imajinarioa pausoz pauso deskubritzen goazen hiria da, harripeko hiria, pertsona bakoitzaren begirada pean dagoen hiria.

Joan Agut katalanak Juan Carlos Onetti idazlearen Santa Maria hiriaren bidez urratu du bere imajinarioa. Hiri horretako karriken, eraikinen eta denden eboluzioa imajinatu du idazlearen obraren bidez. Horregatik, hiri imajinarioa sekulan izango ez den hiria da, dolorea tarteko, inoiz iristen ez dugun hiria, samintasunez imajinatzen dugun hiria.

Julen Gabiria galdakoztarraren esanetan hiriak baditu bere abantailak eta desabantailak, hiri imajinarioa erosoa da, literatura egiteko agian erosoegia. Berak hartara hiri hibridoen aldeko apustua egin du, apur bat errealitatetik eta apur bat imajinaziotik dituena. Bere jarduna jendearengan kokatzen du, lekuetan hainbeste erreparatu gabe. Alabaina, hiriak ematen dizkio bere literaturari behar dituen osagarriak.

Bi hitz arranguratsu Galeusca hiriaz

Ourense hirian eta Allariz herrian ibili gara, baita jan, lo eta hitz egin ere. Galeusca idazle galiziarrek, katalanek eta euskaldunek osatutako hiri bizia da. Hiri anitza, erreala eta irudizkoa. Galeusca hirian, ordea, esperantoa gauzatu bitartean komunikazio arazoa dugu euskaldunok. Arazo eta drama. Galiziarrak galizieraz mintzo dira, eta erdipurdika ulertzen ditugu. Katalanak katalanez mintzo dira eta are gutxiago. Euskaldunak mintzo dira eta gailiziarrek nahiz katalanek dena ulertzen dute. Euskaldunak ulertuak izanen badira espainolez mintzo baitira. Galeusca hirian, euskaldunen benetako lengoaia, lengoaia frankoa, espainola baita.

Katixa Garate

Askotariko maitasunak daude. Gozoak, zoriontsuak, pizgarriak, errazak, erakargarriak, xarmangarriak, samurrak, mirarizkoak, itxaropentsuak, platonikoak, bete-beteak eta pozgarriak. Denak ez dira halakoak, alabaina, eta, gutxiago edo gehiago, denok bizi izan ditugu amodio gordinak, krudelak, ezinezkoak, gaiztoak, zailak, alienatzaileak, itogarriak, interesatuak, maltzurrak, gertaezinak, zitalak edota okerrak. Azken horiei erreparatu die batez ere Zornotzako Markeliñe konpainiak Cuatro de Corazones muntatzeko, edozein herritako parke bat eszenatoki dutela; goldatzeko lur emankorra topatu ere. Happy endeko istorio bila doan ikusleak jai izango du, beraz, Markeliñeren azken ikuskizunarekin.

Maitasun zailak ditu hizpide Markeliñeren azken lanak eta, hartara, amodiozko nahiz desamodiozko istorio ugari aurkezten ditu taula gainean. Oihala altxatzean, egunkarietako kontaktu iragarkiak, txatetako mezuak entzungo ditu offeko ahotsean ikusleak eta hitzorduetara prestu agertzen diren maitasun ehiztariak ikusiko.

Ana Martínez, Soledad Carril, Pako Revueltas eta Juanjo Otero arduratu dira antzezlaneko personaiak gorpuzteaz, konpainiak ohiko duen eran, keinu antzerkiaren bidez. Konpainiaren ohiko kolaboratzaileak diren lau aktore horiek makina bat pertsonaia antzezten dituzte.

Bereizgarri gisa eta itsu-itsuan zitara bilduko direnak elkar ezagutu dezaten, larrosa bat eramango dute paparrean edo bihotz formako globo bat eskuetan edo lore sorta bat. Pertsonaiek batzuetan topo egin nahi izango dute eta besteetan ez, hitzordura etorritako ezezagunak sortutako inpresioaren arabera. Iragarki bidezko topaketa horiek ematen diote ikuskizunari lotura eta horien artean maitasun istorio gogorrak, zailak eta samurrak tartekatuko dira: maitasunak sor dezakeen dependentzia, tratu txarrak, sedukzioaren jolasa, sexu grina... Ikusleak hunkitu egingo dira sketch batzuekin eta irribarrea aterako zaie hainbatetan, haien bizipenen bat islaturik ikustean.

Joserra Martínez Markeliñeko kideak eta ikuskizunaren koordinatzaileak lana nola sortu duten eman digu aditzera: «Inprobisazioak egiten hasi ginen eta maitasun zailen gaiarekin egin genuen topo. Italo Calvinoren Los amores difíciles liburua aurkitu eta gaiak erakarri gintuenez, lanari ekin genion. Lan bat sortzen ari zarenean, sentibera zaude, eta batzuetan film bat edo margolan bat izan daiteke liluratzen zaituena, eta kasu horretan liburua izan zen».

Urtebete inguru eman dute antzezlana prestatzen; izan ere, obrako lau aktoreak konpainiaren beste ikuskizunetan ere ari dira lanean eta ez zaie erraza izan entseguak egitea, atzerrian egindako birak ûKorean eta Kolonbian izan dira Markeliñekoak orain dela gutxiû eta aktore baten baja tarteko.

Parkea maitasunaren eszenatoki

Farola batek, zakarrontzi batek eta banku batek osatzen dute eszenografia xumea eta ederki ateratzen dio zukua taldeak. «Parkea aukeratu genuen eszenatoki gisa, parkeak oso ondo irudikatzen duelako maitasunaren bilaketa. Nire belaunaldikook ordu asko eman ditugu parkean. Nerabeak parkean eserita egoten ginen gure begiko neskatoaren edo mutikoaren zain. Orain gutxi arte parkea maitaleak elkartzen diren leku ezkutua izan da; orain agian ez hainbeste, izaera hori galtzen ari da», diosku. Zakarrontziak bizia hartzen du ikuskarian, berak jasoko baititu bihotz hautsiak.

Ikuskizunean zehar erabiltzen duten atrezzoa (globoak, loreak, egunkariak, makilak...) eraginkorra da. Hiru kolore nagusitzen dira jantzietan ûSoledad Carril aktore eta dantzaria arduratu da jantziezû eta erabilitako elementuetan: zuria, gorria eta beltza, eta bikoteen harremanaren egoera adieraziko digute.
Aipatzekoa da Paco Trujillok argiztapenean egindako lana eta jolas politak lortzen ditu, galtza zurien arteko elkarrizketa kasu. Musikak ere egoki laguntzen du lana, istorioen segida erraztuz.

Antzerki bisuala

Keinu antzerkia egiten du Markeliñek, batez ere ikustekoa den antzerkia. Antzezlanean offeko ahotsaz gain apenas entzun daitekeen hitzik aktoreen ahotik. Metaforekin eta irudiekin jolasten du taldeak gizartean pil-pilean diren hainbat gai islatzeko.

Dantza koreografia batzuk ere osatu dituzte ikuskizunerako (makilen jolasa, larruzko lokarriarena...), Soledad Carril dantza mundutik datorrela aprobetxatuta. Eta magia trukuren bat ere ikus daiteke Cuatro de Corazonesen.

Martínezek dioenez, «ikusleek badakite Markeliñeren lan bat ikustera doazela eta estetika bat, eszeneratze modu bat espero dute. Ikusleak hasi dira gu ezagutzen eta hori onuragarria da». Keinu antzerki gutxi egiten da Euskal Herrian eta horri buruz galdetuta zera adierazi digu: «Guk lantzen duguna ez da egiten, baina hori baino garrantzitsuagoa iruditzen zait esatea ibilbide jakin bat jorratzen dugula. Lan lerro bat jarraitzen duen talde gutxi dago hemen. Lerro koherente bat jarraitzea interesgarria da, baina sorkuntza zailtzen du era berean».

Pasaiako Umorezko XXIII. Antzerki Jardunaldien baitan ikusi genuen antzezlana, eta taldeak espazioarekin arazotxo batzuk izan zituen arren, ikusleriak gustura hartu zuen Cuatro de Corazones.

Une honetan sei ikuskizun ditu Markeliñek kartelean: DSO kale antzerkia; haurrentzako Kartoibiraka, Mambrú eta Igandeetan piratek jai; eta helduentzako Punto Rabo eta Cuatro de Corazones. Joserra Martínezen hitzetan, «eskaintza oparoa dugu, aurrera egiteko beharrezkoa baita».

Markeliñeren eskutik bihotzaren norabideei arrastoa jarraitu nahi izanez gero, hilaren 13an Agurainen duzue abagunea. Eta gehiago izango diren bihozkada dugu.

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:

Litro erdia babarrun gorri, egina (sobratutakoak)
Litro erdia haragi-salda
125 gramo gurin
Baso bete esnegain urtu
Gatza

Babarrunak salda eta esnegainarekin nahasi eta irakinaldi bat emango diegu ondoren. Irakindako gai guztiak irabiagailuan sartu eta indar betean txikituko ditugu bertan. Irabio-minutu batzuen buruan, gurin hotza erantsiko dugu, dadotan moztuta, eta iragazki batez iragaziko dugu zopa kazola edo zopa-ontzi batera. Mikrouhinetan beroaldi bat emango diogu zopari, berotasuna galdu badu, eta zerbitzatu egingo dugu, gatz puntua probatu eta, behar izanez gero, zuzendu eta gero.
Babarrunak urdekiekin apailatu baditugu, urdeki horien egoste salda erabili ahal izango dugu haragi-saldaren ordez.

Pilar Iparragirre

Zer asmorekin ekin zenion azterketa honi?
Luis Mari Mujikaren unibertso poetikora hurbilketa astitsua egin nahi nuen, baina ez bakarrik bere ildo formala aztertzeko. Bere zenbait testu poetiko ere ekarri ditut kontura, horrela poetaren ibilbide poetikoaren aldeak sakonkiago jarraitu ahal izan daitezen.

Beraz, zure lanaren funtsa zein izan da?
Poetaren alderdi formal nabarrak eta aldarte literarioak aztertzen saiatzea. Hau da, Mujikaren irudien mundua ûpaisajismo gozo eta jori baten inguruan onduta dagoen bere iruditeria originalaû, eta darabiltzan sinboloak, metaforak eta sinestesi-joerak aztertu ditut, ekarpen bakoitzean atentzioa jarriz. Nire azterketa ez da exhaustiboa, noski, baina, zerbaiti heltzekotan, gure poetaren mundu metaforiko ausartan eta iruditeria nabarran sakontzen ahalegindu naizela esango nuke, eta hori poemaz poema. Maiz metaforismo surrealista baten ildoa atzeman diot, joera hori euskaran oraindik hain tinkatua ez zegoenean. Gerora, berriz, ñabardura bereziko metaforismo gotorra landu zuen poetak, faunari, metalei, tresna eta elementu bereziei (hautsei, gatzei, ozpinari, aitzurrei, haizkorei) garrantzi literario handia eskainiz. Metaforismo horren azpian García Lorca edota Miguel Hernandezen eragina suma daiteke, eta baita Neruda eta Vicente Aleixandreren ukitua ere.

Euskal poeten eraginik ba al du?
Bere hasierako poetika Juan Mari Leukona eta Mikel Lasaren sinbolismotik hurbil dago, baina gero bide askoz surrealistagoa hartzen du.

Pilar Iparragirre

35 kilo esperantza
Anna Gavalda
Alberdania
78 orrialde
11,50 euro

Eskola gorrotatzearen arrazoiak

Jesus Mari Mendizabalek euskaratu duen nobela hunkigarri hau Anna Gavalda idazle frantziarrak gazteentzat idatzitako lehen narrazio luzea da, eta hamairu urteko mutiko batek eskolara joan nahi ez izateko dauzkan arrazoi sendoak azaltzen ditu. Mutikoari ez zaizkio batere interesatzen eskolan ematen diren gaiak, eskola usaina bera ere gorroto du, baina guztiek derrigortzen dute hara joatera. Jakina, ikasketetan ez doa oso ondo, eta makina bat zigor jaso ditu horregatik. Behin bakarrik ibili zen eskolan zoriontsu, eskolaurrean, hain gustuko dituen eskulanak egiteko eragozpenik jarri ez zion irakaslea eduki zuenean. Guztiekin sesio amaigabean dabil, aitonak beste inork ez baitu gaur arte ulertu. Baina orain eskolatik bota egin dute, eta hura ere haserretu zaio.

Mundu globalizatua ulertzeko oinarrizko kontzeptuak
Gizarte Ikerkuntza Tailerra
Gaiak
300 orrialde

Gaur munduan bizi dugun egoera ulertzeko aukera

Gaiak argitaletxeak plazaratutako Mundu globalizatua ulertzeko oinarrizko kontzeptuak liburua XXI. mendearen hasiera honetan ezarria dugun ekonomia globalizatuak nora garamatzan aztertzeko Unai Martinezek eta Arrate Izagirrek osatutako Gizarte Ikerkuntza Tailerrak egindako ahalegina da. Besteak beste, gai hauei buruz egiten dute hausnarketa: transnazionalen nondik norakoak, enpresak lekututa dauden tokietatik beste nonbaitera eramateak tokiko ekonomietan duen eragina, gero eta bereiztuago dauden finantza-ekonomia eta ekonomia errealaren artean dauden aldeak, eta nazioarteko erakunde eta korporazio transnazional gutxi-gutxiren esku baino ez dagoen boterea eta erabakiak hartzeko eskumena.

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki
Andolin Eguzkitza
Susa
74 orrialde 10 euro

Andolin Eguzkitzaren azkenak

Herioren deiak eragotzi zion Andolin Eguzkitzari Susa argitaletxeak Juan Ramon Madariagaren aitzin-solas sakonarekin plazaratu duen Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki poema bilduma amaitzea. 1998ko urriaren 12an eman zion hasiera, eta sei urtetan zehar hura borobiltzen ibilia zen. Denboraren joana eta esperantza honen kontra, amodioak pizten dituen grinak eta desamodioak estaltzen dituenak, egiaren bila egindako ahalegin zapuztuak eta homosexualitatea bezalako gaien gaineko hausnarketak agertzen dira aurretik eskuz idazten zituen poema hauetan ûhorren froga ere eskaintzen du liburuakû. Andolin Eguzkitza bere nitasunetik aldentzeko ahaleginetan suma daiteke olerkiotan, bestelako pertsonak sartuz eta haiei bizitza propioa emanez.

Entre Alaiz y la Bardena. Viajeros por la Merindad
Juan Carlos Berrio Zaratiegi
Altaffaylla
163 orrialde
10,50 euro

Kanpotik etorritakoen iritziak

Historiaurreko garaietatik hasiz eta ia gaur arte, zenbat jenderen bisita jaso ote du Oliteko Merindadeak! Horietako batzuek idatzita utzi zuten lurraldeak eta bertakoek eragin zieten zirrara ona edota guztiz txarra ûjakina da denetarik dagoela mundu honetanû. Hain zuzen ere, horren guztiaren berri ematen digu Juan Carlos Berrio Zaratiegik Altaffayllak kaleratutako lan honetan. Mitologiaren arabera jasotako hainbat bisitaldi ahaztu gabe ûTafalla Noeren biloba zen Tubalek sortua dela, adibidezû, erromatarren zein arabiarren kronikak, Aimeric Picaud bezalako erromesen idatziak, edota Daniel Defoe, Camilo Borghese, Lope de Vega, Gustavo Adolfo Becquer, Valle-Inclán, Pio Baroja eta Ernest Hemingwayren gisakoek utzitako lekukotzak aurki daitezke liburuan.

Yoko tsuno. Zeruko junkoa
Roger Leloup
Saure
47 orrialde

Yoko tsuno eta bere alabaren abenturak

Ritxi Lizartzak euskaratu duen Roger Leloupen komiki honetan Yoko tsuno japoniarra eta haren alabaren abentura berriak agertzen dira. Yokok adoptatu duen neska txiki bihurria txinatarra da, eta oraingoan haren jaioterrira doaz biak. Roséek dena jakin nahi du, eta dagoeneko nazka-nazka egina dauka hegazkinean bere alboan esertzea egokitu zaion gizona, zergatik hau, zergatik bestea galdezka. Isil dadin, panpin bat oparituko dio gizon horrek, Txinako enperadorearen hirugarren emaztearen hilobia aurkitzen lagunduko diena. Horretarako, baina, XXXIX. mendetik denboran barrena bidaia egiten duen makinan etorritako Monya eta bere adiskideen laguntza izango dute.

Erotik
Antton Kazabon
Aizkorri
78 orrialde
7,50 euro

Sexu grina erne dezaketen hamabi kontakizun

Antton Kazabonek Erotik liburuan plazaratzen dituen hamabi kontakizunek irakurlearen sexu grina erne dezaketen arren, sexuarekin zerikusi askorik ez duten gauzez ari da egilea haietan. Umorea barra-barra erabiliz, izenburuetatik hasi eta kontakizun guztietan zehar hizkuntzarekin jolasten du Kazabonek, Jokin Mitxelenak eginiko marrazkien laguntzaz. Hona hemen istorioen hainbat titulu: Azken tantak, Belauniko jarrita, Nirea ttikia da, Orain zu gainean, A ze parea! Kotxean egin genuen....

Luis M. Mujikaren poetika (I eta II)
Maite Zulaika
Hiria
267, 231 orrialde 21, 21 euro

Hogei urtez egindako poetikaren azterketa

Luis Mari Mujikak 1963an plazaratu zuen Bide-Giroak lan poe- tikotik hasi eta 1984an Aire neurtuak tituluarekin kaleratu zituen olerkietarainokoak aztertu ditu Maite Zulaikak bi liburutan banatuta dagoen lan honetan. Luis M. Mujikaren poetika (Material poetikoak eta azterketa literarioa) da bere izenburu zehatza, eta bertan, Mujikak poeta gisa aipatu hogei urtetan egindako ekarpenaren alderdi formalean eta baliabide literarioetan arakatzen du Maite Zulaikak, beti ere testuen ugaritasunari lelial izaten saiatuz. Aztertutako poemarioen izenak hauexek dira: Bide-Giroak (1963), Urdin eta burni (1965), Hitzak ebakitzean (1975), Zortziko hautsiak (1978), Barren ibarrak (1978), Herria eta bidea (1978), Hitzak eta kezkak (1978), Arnas gaiztoa (1979), Erromantzeen airera (1979), Lehenaren ur sakonetan (1980-1981) eta 1984an argia ikusi zuen Aire neurtuak. Liburuz liburu eta poemarioz poemario es- kaintzen du aztertzaileak bakoitzaren gai sorta nagusia, paisajismoa, kromatismoa, konparaketa, pertsonifikazioa, metaforismoa, sinestesia, sinboloak, neurria eta puntua.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan