Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1966. alea
2004-11-14
alde 0    kontra 0

35 kilo esperantza

Anna Gavalda

Alberdania

78 orrialde

11,50 euro

Eskola gorrotatzearen arrazoiak

Jesus Mari Mendizabalek euskaratu duen nobela hunkigarri hau Anna Gavalda idazle frantziarrak gazteentzat idatzitako lehen narrazio luzea da, eta hamairu urteko mutiko batek eskolara joan nahi ez izateko dauzkan arrazoi sendoak azaltzen ditu. Mutikoari ez zaizkio batere interesatzen eskolan ematen diren gaiak, eskola usaina bera ere gorroto du, baina guztiek derrigortzen dute hara joatera. Jakina, ikasketetan ez doa oso ondo, eta makina bat zigor jaso ditu horregatik. Behin bakarrik ibili zen eskolan zoriontsu, eskolaurrean, hain gustuko dituen eskulanak egiteko eragozpenik jarri ez zion irakaslea eduki zuenean. Guztiekin sesio amaigabean dabil, aitonak beste inork ez baitu gaur arte ulertu. Baina orain eskolatik bota egin dute, eta hura ere haserretu zaio.

Mundu globalizatua ulertzeko oinarrizko kontzeptuak

Gizarte Ikerkuntza Tailerra

Gaiak

300 orrialde

Gaur munduan bizi dugun egoera ulertzeko aukera

Gaiak argitaletxeak plazaratutako Mundu globalizatua ulertzeko oinarrizko kontzeptuak liburua XXI. mendearen hasiera honetan ezarria dugun ekonomia globalizatuak nora garamatzan aztertzeko Unai Martinezek eta Arrate Izagirrek osatutako Gizarte Ikerkuntza Tailerrak egindako ahalegina da. Besteak beste, gai hauei buruz egiten dute hausnarketa: transnazionalen nondik norakoak, enpresak lekututa dauden tokietatik beste nonbaitera eramateak tokiko ekonomietan duen eragina, gero eta bereiztuago dauden finantza-ekonomia eta ekonomia errealaren artean dauden aldeak, eta nazioarteko erakunde eta korporazio transnazional gutxi-gutxiren esku baino ez dagoen boterea eta erabakiak hartzeko eskumena.

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki

Andolin Eguzkitza

Susa

74 orrialde 10 euro

Andolin Eguzkitzaren azkenak

Herioren deiak eragotzi zion Andolin Eguzkitzari Susa argitaletxeak Juan Ramon Madariagaren aitzin-solas sakonarekin plazaratu duen Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki poema bilduma amaitzea. 1998ko urriaren 12an eman zion hasiera, eta sei urtetan zehar hura borobiltzen ibilia zen. Denboraren joana eta esperantza honen kontra, amodioak pizten dituen grinak eta desamodioak estaltzen dituenak, egiaren bila egindako ahalegin zapuztuak eta homosexualitatea bezalako gaien gaineko hausnarketak agertzen dira aurretik eskuz idazten zituen poema hauetan ûhorren froga ere eskaintzen du liburuakû. Andolin Eguzkitza bere nitasunetik aldentzeko ahaleginetan suma daiteke olerkiotan, bestelako pertsonak sartuz eta haiei bizitza propioa emanez.

Entre Alaiz y la Bardena. Viajeros por la Merindad

Juan Carlos Berrio Zaratiegi

Altaffaylla

163 orrialde

10,50 euro

Kanpotik etorritakoen iritziak

Historiaurreko garaietatik hasiz eta ia gaur arte, zenbat jenderen bisita jaso ote du Oliteko Merindadeak! Horietako batzuek idatzita utzi zuten lurraldeak eta bertakoek eragin zieten zirrara ona edota guztiz txarra ûjakina da denetarik dagoela mundu honetanû. Hain zuzen ere, horren guztiaren berri ematen digu Juan Carlos Berrio Zaratiegik Altaffayllak kaleratutako lan honetan. Mitologiaren arabera jasotako hainbat bisitaldi ahaztu gabe ûTafalla Noeren biloba zen Tubalek sortua dela, adibidezû, erromatarren zein arabiarren kronikak, Aimeric Picaud bezalako erromesen idatziak, edota Daniel Defoe, Camilo Borghese, Lope de Vega, Gustavo Adolfo Becquer, Valle-Inclán, Pio Baroja eta Ernest Hemingwayren gisakoek utzitako lekukotzak aurki daitezke liburuan.

Yoko tsuno. Zeruko junkoa

Roger Leloup

Saure

47 orrialde

Yoko tsuno eta bere alabaren abenturak

Ritxi Lizartzak euskaratu duen Roger Leloupen komiki honetan Yoko tsuno japoniarra eta haren alabaren abentura berriak agertzen dira. Yokok adoptatu duen neska txiki bihurria txinatarra da, eta oraingoan haren jaioterrira doaz biak. Roséek dena jakin nahi du, eta dagoeneko nazka-nazka egina dauka hegazkinean bere alboan esertzea egokitu zaion gizona, zergatik hau, zergatik bestea galdezka. Isil dadin, panpin bat oparituko dio gizon horrek, Txinako enperadorearen hirugarren emaztearen hilobia aurkitzen lagunduko diena. Horretarako, baina, XXXIX. mendetik denboran barrena bidaia egiten duen makinan etorritako Monya eta bere adiskideen laguntza izango dute.

Erotik

Antton Kazabon

Aizkorri

78 orrialde

7,50 euro

Sexu grina erne dezaketen hamabi kontakizun

Antton Kazabonek Erotik liburuan plazaratzen dituen hamabi kontakizunek irakurlearen sexu grina erne dezaketen arren, sexuarekin zerikusi askorik ez duten gauzez ari da egilea haietan. Umorea barra-barra erabiliz, izenburuetatik hasi eta kontakizun guztietan zehar hizkuntzarekin jolasten du Kazabonek, Jokin Mitxelenak eginiko marrazkien laguntzaz. Hona hemen istorioen hainbat titulu: Azken tantak, Belauniko jarrita, Nirea ttikia da, Orain zu gainean, A ze parea! Kotxean egin genuen....

Luis M. Mujikaren poetika (I eta II)

Maite Zulaika

Hiria

267, 231 orrialde 21, 21 euro

Hogei urtez egindako poetikaren azterketa

Luis Mari Mujikak 1963an plazaratu zuen Bide-Giroak lan poe- tikotik hasi eta 1984an Aire neurtuak tituluarekin kaleratu zituen olerkietarainokoak aztertu ditu Maite Zulaikak bi liburutan banatuta dagoen lan honetan. Luis M. Mujikaren poetika (Material poetikoak eta azterketa literarioa) da bere izenburu zehatza, eta bertan, Mujikak poeta gisa aipatu hogei urtetan egindako ekarpenaren alderdi formalean eta baliabide literarioetan arakatzen du Maite Zulaikak, beti ere testuen ugaritasunari lelial izaten saiatuz. Aztertutako poemarioen izenak hauexek dira: Bide-Giroak (1963), Urdin eta burni (1965), Hitzak ebakitzean (1975), Zortziko hautsiak (1978), Barren ibarrak (1978), Herria eta bidea (1978), Hitzak eta kezkak (1978), Arnas gaiztoa (1979), Erromantzeen airera (1979), Lehenaren ur sakonetan (1980-1981) eta 1984an argia ikusi zuen Aire neurtuak. Liburuz liburu eta poemarioz poemario es- kaintzen du aztertzaileak bakoitzaren gai sorta nagusia, paisajismoa, kromatismoa, konparaketa, pertsonifikazioa, metaforismoa, sinestesia, sinboloak, neurria eta puntua.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1965
 
azala1964

1966 zenbakia.
2004ko azaroaren 14a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia