Lurraren barneko dinamikotasuna
Lurrazaleko geologian, bizia lasaia da, lurrikararen bat edo beste kenduta. Baina Lurraren barnean espero baino mugimendu askoz ere handiagoak topatzen ari dira. Mantoak eta burdinazko gune likidoak topo egiten duten eremuan, ikertzaileak substantzia eta forma exotiko ugariren aztarnak topatzen ari dira.
Arizona State Universityko Edward Garnero sismologoak, arestian aipatu eremua, D" deritzona, orain 10 urte uste zena baino konplexuagoa dela adierazi berri du. Dinamismo handiko egoerekin topo egiten ari omen dira eta beraz, ikerketa lerro aberatsak zabaltzeko bidean dira. 2.900 kilometro sakoneran dentsitate-aldaketak askoz ere handiagoak dira lurrazalean, airea eta lurraren artean, gertatzen direnekin alderatuz.
Ikerlariek lurrikarek sortutako uhin sismikoak erabili dituzte D" eremua aztertzeko, hain zuzen ere Ipar Amerikan eta Hego Amerikan gertatutako lurrikarek sortutako uhinak erabiliz, Ertamerika eta Karibe azpiko D" eremua ahalik eta zehatzen aztertu dute. Uhinen norabideak ez ziren itxarotakoak eta horiek izan ziren lurrazpiko "sorpresen" lehen aztarnak, hortxe ikusi baitzen erlatiboki txikia den eskala batean lurra izugarri zimurtzen dela, burdina likidoaren higiduragatik, ziurrenik. Hau dela eta, sismologoen ustez, D" eremuan izugarrizko kontraste eta zurrunbiloak izan daitezke eta dauden dentsitate-aldaketa handiak silikatozko harkaitzetik gune likidora azkar iragan daitekeenaren seinale izan daitezke.
Azkenik, gogoratu Lurraren erdigunearen tenperatura eguzkiarena adinakoa dela eta hozteko denbora luzea iragan beharko duela, beraz, ikerlariek oraindik aukera ugari izango dute gure Lurraren barneko erraiak ikuskatzeko.
![]() |
|
||||
1965 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa