Badator
Gorka Urbizu
Jaun-andreok, entzule irakurle erosleok, Durangoko Azoka badator berriz ere, bizirik gaudela eta merkatuak oraindik ere apur bat gehiago gizentzeko tartea badaukala aldarrikatzeko. Badator, euskaldun xehea kultura aldetik batez bestekoa baino jantziagoa dela uste izateko ûurtean lauzpabost egunetan ez bada ereû, Eguberrien gertutasuna antzematen hasteko eta seme-alabei Euskadi Gaztean gomendatu dieten azken CDa oparitzea eskurago jartzeko. Badator, baita, liburu zein diskoek duten xarma berezi hori hatz puntekin haztatu ahal izateko, zenbait egileren aurpegiak bertatik bertara ikusi eta «bikaina hire azken lana» esan ahal izateko, bostekoa luzatzen dizun bitartean. Badator, baita ere, herri txiki honek besterik ezean sormena baduela berrerakusteko.
Bai, oraindik hilabete baino gehiago gelditzen bada ere, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokak martxan jarri baitu jada "bisnes"aren inguruko makineria guztia, argitaratze, katalogo, grabazio, promozio eta enparauekin. Gauzak honela, berez antzekoak diruditen arren, sektore bakoitzak bere jokatzeko era dauka urteko hitzordurik garrantzitsuenaren aurrean. Liburugintzaren osasun egoera zehazki zein den jakitea zaila ematen duen bitartean, diskogintzarena orokorrean pattal antza dabilela gauza jakina da, Durangoko erakusmahaietan ikusten duzuena ikusten duzuela. Beti kexuka ibiltzeak baina, susmo txarrak ere altxa ditzake eta horrexegatik diskoak kaleratu kaleratzen dira, sikiera haiei buruz hitz egin ahal izateko. Baina ez, egia da industria txiki hau gainbehera doala, honakoa ez dela artzain gezurtiaren beste adibide bat: otsoaren uluak sekula baino gertuago entzuten dira egun, eta haren oihartzunak bati baino gehiagori iristen ari zaizkio ûegilea, grabaketa estudioak, managerrak, dendak...û. Agian horrexegatik sortu berria da Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea (EHDE), hein handi batean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak akuilatuta ûbeste edozein tokitan alderantziz izango litzatekeenaû, arazo komunei erantzun bateratua eman asmoz. Izan ere diskogintza ûrocka barneû kultura baita, bati baino gehiagori hau onartzeak buruko mina eragiten badio ere.
Egia esan, gaur egun inork ez luke imajinatuko diskorik gabeko Durangoko Azokarik. Izan ere, zenbait kasutan musika da erakarlerik eraginkorrena. Euskal musikak entzuleria fidela dauka eta erosle kopurua ûgaztetxoa gehienbatû kontuan hartzekoa da oso ûHerrialde Kataluniarretan inbidia hutsa digutela zin dagizuetû. Horrexegatik azken urteotan diskogintzaren alorrean piztu den eztabaida datorkit gogora, Azoka honen araudiari begira. Alegia, erdaraz abesturiko diskorik ezin saltzearena, liburuekin gertatu ez bezala. Irizpideak irizpide, gauza bitxia da mojen sukaldaritza liburua ûurte batean best sellerra bilakatu zenaû salgai jarri ahal izatea eta La Pollaren azken CDa, adibidez, ez. Elorriagaren itzulpena bai ûkanpoko argitaletxe baten bidezû eta Tijuana In Blueren diskoa ez. Edo apur bat zitalago jarriz: Sarri bai eta Alex Ubago ez. Paradoxa hortxe dago eta azokaren antolatzailea pribatua izaki, ez noa ni inongo araua aldatzera, baina bitxia denik behintzat ezin uka. Agian jakintzat hartzen ditugun axioma horiek ez dira berdinak denontzako eta hemen Euskal Musika zer den ûeta zer ezû definitzeko eremu labainkorrean sartzen ariko ginateke. Ez da gai erraza. Uste dut Txillardegik esana dela, gezurra dela erdaraz Euskal Literatura egin daitekeenik. Ados. Orduan Gariren azken aurreko lana ûedo Kortatu, edo Athom Rumbaû ez da Euskal Musika bezala hartzen ahal, edota Sanchez-Ostiz ez da gure arteko idazlea. Ez da erraza, jaun-andreok, badago zer hausnarturik.
En fin, Durango badator, esan bezala, eta hantxe egongo gara beste behin ere, entzuleari bostekoa luzatzeko beti prest, noski.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.