Katixa Garate
Santurtziko XXV. Antzerki Jaialdia
Zilarrezko ezteiak ospatuko ditu aurten Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak eta, hori dela-eta, Serantes Kultur aretoak jaialdiaren historiaren gaineko liburua kaleratuko du; antzerki kritiko ezagunen idazlanak jasotzen dituen argitalpena. Hilaren 6tik 21era hamalau talderen lanak ikusi ahal izango dira. Hystrionek eta bertako Pikor, Zanguango eta Hortzmuga taldeek euren azken kale ikuskizunak aurkeztuko dituzte. Aretoko lanen artean, Els Joglarsen El retablo de las maravillas, John Malkovichek egokitu eta zuzendutako Hysteria, Addictos hip hop taldearen eta Logela multimediaren Klonk eta Txaloren Ezetz lepoa jarri! izango dira, besteak beste. Iaz Serantes antzerki saria irabazitako Teresa Caloren íAy Manolo! obra estreinatuko dute jardunaldiotan Tentazioak eta La Peinetak.
Euskal aurrezki kutxen ondarea ikusgai
Paisaiari eskainitako erakusketa zabaldu dute duela gutxi Iruñeko Baluarten: Paisajes pintados. Azaroaren 28a arte ikugai izango den erakusketa Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko ondarearekin osatu da. Autore gehienak euskal artistak dira. Besteak beste, Vicente Ameztoi, Agustin Ibarrola, Dario de Regoyos, Joaquin Sorolla, Maria Lazkano eta Marta Cardenasen lanak ikus daitezke.
Bertsoaroa heldu da Iruñera
Hamalaugarren aldiz bertsolaritzaz eta kantuaz gozatu ahal izango da Iruñeko Erraldoien Txokoan eta Gurutzeko plazan, Bertsoaroa jaialdiaren baitan. Urriaren 20an, bertso-trama eskaini zuten Unai Iturriagak, Igor Elortzak eta Xabier Silveirak; Kirmen Uribek Kantagintza eta ahozko transmisioa hitzaldia eman zuen urriaren 26an eta Andoni Egañak, Xebastian Lizasok, Iñaki Muruak eta Anjelmari Peñagarikanok saioa eskaini zuten. Azaroaren 4an Jean Mixel Bedaxagarrek kantaldia eskainiko du; azaroaren 11n Estitxu Arozenak, Jexuxmari Irazuk, Jon Barberenak eta Etxabek bertso saioa, eta 17an Mikel Markezen kontzertua.
70eko sormena gogoratzen
Iragan hurbilaren gaineko erakusketa ugari zabaldu dituzte azkenaldian. Bilboko Rekalde aretoan Euskal Rock Erradikalari eskainitakoa aipatu genuen aurreko astean. Donostian eta Gasteizen paratu dituzten beste biri erreparatuko diegu oraingoan. Donostiako Koldo Mitxelenako kulturuneko ganbara aretoan ikus daitekeen Disidentziak oro, 1972-1982. Poetikak eta arte ekinbideak euskal trantsizio politikoan erakusketan, 70eko hamarkadako talde, kolektibo eta aldizkari (Pott Banda, Txomin Barullo, Euskadi Sioux...) disidenteen lanei eskaini diete arreta eta garaiko protagonista batzuen begirada kritikoa (Alvaro Gurrea, Rafael Castellano, erakusketaren komisario Fernando Golvano...) jasoko duen liburua plazaratuko dute hil honetan. Artiumek 1973 eta 1985 urteko artelanak biltzen dituen Bilduma bere testuinguruan erakusketa zabaldu du, haustura garai haren erakusgarri. Badirudi atzera begira ari garela, bidea ondo urratu ote dugun hausnartzeko.
Carmelo Bernaolaren omenezko zikloa
Sei urtez Gasteizko Musika Garaikideko Ziklo izandakoa Carmelo Bernaola Nazioarteko Musika Jaialdia deituko da aurrerantzean. Aurten, gainera, emanaldi berezia egin dute Bernaola omentzeko: Bilboko Orkestra Sinfonikoak Otxandioko konpositorearen Fanfarria-preludio eskaini zuen, besteak beste. Azaroaren 4an Jesus Guridi Talde Instrumentala arituko da taula gainean eta 25an Casals laukotea. Hilaren 11n eta 18an konpositorearen gaineko mahai-inguruak izango dira.
Dantza joera berriak Bilbon
Dantzaldia dantza garaikideko zikloa abian da Bilbon bosgarrenez. Dantzako nazioarteko joera berrienak Euskalduna Jauregira ekartzen dituen programa urriaren 24an hasi zen Londreseko Random Dance taldearen Wayne McGregor Triple Bill lanarekin. Azaroaren 14an Bruselasko Enclave taldeak De farra eskainiko du eta 21ean Se enciende el alma lana estreinatuko dute Adela eta Rafael Campallok. Aurtengo Dantzaldia abenduak 11 eta 12an amaituko da, Espainiako Dantza Konpainiak Nazionalaren Multiplicidad: Formas de silencio y vacío obrarekin.
* * * * * * * * * * * * * * * *
Irrati bidezko bertsolari txapelketa antolatu du Gipuzkoako Segura irratiak. Plazarako aukera gutxi duten hamasei bertsolari gipuzkoar aukeratu dituzte antolatzaileek, guztiak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan arituak. Aizkorpe izeneko txapelketa, azaroaren 11tik abenduaren 2ra, ostegunero jokatuko da 21:00etatik aurrera. Nabarmentzen diren lehen hiru bertsolariei plazan saio bana egitea eskainiko diete sari gisa.
Bilboko Udalaren kultura arloko asmoak agertu berri ditu Jon Sánchez kultura zinegotziak. Udalaren kultura politikak bost lan ildo izango dituela jakinarazi du: nortasun propioan sakontzea, herritarren partaidetza eta sektore pribatuarekin lankidetza sustatzea, eskaria suspertzea eta hartzaileak ugaritzea; ekipamendu sarea sendotzea eta kultur sormena eta ekoizpena bultzatzea. Hainbat proiektu zehatz ere aipatu ditu Udalak: Campos antzokia berriz irekiko duela, Zinebi etxea irekiko duela izen bereko jaialdiari urte osoan jarraipena emateko eta Euskararen Erabilera Plana martxan jarriko duela, esaterako.
ArtFutura gurean ere. Duela 15 urte Bartzelonan jaiotako ArtFutura animazio digitalaren jaialdia zortzi hiritara iritsi da aurtengoan. Iruñean, dagoeneko, Civicanen ikusi ahal izan dira 3Dko animazioan, bideoklipetan edota net.art-ean egindako azken berritasunak. Gasteizko Artiumen azaroaren 28a arte ikusi ahal izango dira eta Donostian 12tik 14ra Edonostia.net zentroan eta Altzako kultur etxean. Euskal sortzaileen lanekin osatutako Donostia.Animatuz atala atondu dute propio okasiorako.
Skunk taldeak lan berria plazaratu du: Giltzak (Gor). ska, reggae eta hardcore azkarreko hamaika abesti bildu ditu taldeak seigarren disko honetan. Abesti guztiak euskaraz grabatu dituzte, PÆadelante (gazteleraz) eta LÆete (frantsesez) izan ezik.
Uztaro aldizkariak 50. zenbakia kaleratu berri du. UEUk argitaratzen duen giza eta gizarte zientzien inguruko aldizkaria 1990 urtean sortu zen, giza eta gizarte zientzien arloan euskaraz zegoen hutsunea betetzeko xedez.
Pedro Varela zuzendari gasteiztarrak Aitona Martin eta biok film laburra estreinatu du. Hogei minutuko laburrak Bernardo Atxagaren Sugeak txoriari begiratzen dionean ipuina du oinarri.
Javier Pérez artista bilbotarraren azken lanen erakusketa paratu dute Madrileko Reina Sofía museoan. Mutaciones izenburupean, urtarrilaren 17a arte izango da zabalik.
Ados antzerki konpainiak Laura Esquivelen Como agua para chocolate antzerkirako egokitu du eta azaroaren 11n estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean.
Txingudiko Orkestra Sinfonikoa sortu berri da; Hendaia, Irun eta Hondarribiako 60 musikari amateurrez osatuta dago.
Begoña Bilbaok Palestinan lekutu du bere azken eleberria: Palestina, zure mina (Elkar). Bilbao Palestinako herriaren alde agertu da, bere bibliografiako hirugarren lan honetan.
Gabriel Erkoreka musikagileak zera adierazi zuen Garan: «Erakundeei arkitektura, eskultura eta pintura garaikidea asko interesatzen zaie eta interes hori musika garaikidearekiko ikustea gustatuko litzaidake. Desoreka ikusten dut (...) Azken belaunaldiko auditorioak ditugunez, entzun dezagun bertan azken belaunaldiko musika. Edukia ez dadila edukiontzia baino zaharragoa izan».
Patxi Goikolea Euskal Herriko lehen bertso eskolaren sortzaileetakoak Arrasate Pressen esanak: «Guraso askok ez dakite zer garrantzitsua den bertsoak egitea burmuina garatzeko».
Jokin Muñoz idazlearen adierazpenok jaso zituen Deiak: «Folio zuriaren aurreko angustia ezagun hori duena ez da idazle. Idaztea gustuko jarduna da beti».
Oier Araolazaren hitzok jaso zituen Berriak: «Kulturaren Euskal Planak aipatzen du lehenik eta behin sortu egin behar dela, teknologikoki modernizatu, eta gero gure sustraiei begiratuko diegula. Nik alderantziz ikusten dut: ondarea artatu behar da lehendabizi, eta gero egingo dugu bidea hortik aurrera. Homologatu beharreko obsesioa antzematen dut, eta teknologiari aparteko garrantzia ematen zaiola. Hori al da garrantzitsuena?».