Jon Torner
Jabego intelektualaren aurkako erasoen eta hura babesteko neurrien inguruko eztabaidek gero eta oihartzun handiagoa dute. Batzuk, egile eskubideen defentsan oinarrituz, sormen lanei copyright lizentziak ezartzearen alde agertzen diren bitartean, gero eta lagun gehiagok egiten du eredu eskuzabalagoen aldeko hautua.
guztia irakurri
Jon Gurrutxaga
Gipuzkoako hiriburuan zenbait urtez gitarra eskolak jaso ostean, Xabi San Sebastianek Madrilen jarraitu zituen bere musika ikasketak. Itzuleran Izotz taldean hasi eta zortzi urte eman zituen bertan. Alboka taldeko deia jaso zuenean murgildu zen, batez ere, euskal folkean. Kantari eta gitarra jole donostiarrak lau urtetan hiru disko grabatu zituen Albokarekin. Gero Kepa Junkeraren Maren diskoko kantak zuzenean abestea egokitu zitzaion. Denbora horretan guztian animaziozko film laburretarako musika sortzeko beta ere izan du, Lluvia eta Vuela por mí filmetarako, kasurako. Orain, berriz, bere lehen bakarlanarekin dator: Orai.
Orai
Beti taldeetan ibilitakoa da Xabi San Sebastian eta aspalditik zuen bakarkako lan bat argitaratzeko gogoa. "Izotzekin nengoenean ere kantak sortzen nituen eta harrezkero banituen zenbait eginak. Baina ez nintzen pausoa ematen ausartzen", diosku San Sebastianek. Azkenean Albokaren promotoreak, Syntoramak, eskaini zion bakarlana argitaratzea. Promotore honek duen zigilua, Nocd Rekords, izan da hain zuzen Orai karrikaratu duena. Joan zen urteko azaroa eta abendua bitartean grabatu zen diskoa, Amasako Etxezarreta baserriko IZ estudioan, hain zuzen ere. Esperientzia handiko musikariekin bildu da donostiarra disko berrirako. Bertan izan dira, besteak beste, Alan Griffin, Suso Saiz, Mikel Irazoki, Tino di Geraldo, Julio Andrade, Arkaitz Miner, Krixu Monthieux ûFrench Funk Federationû, Oreka TX... "Hamabost bat egunetan burutu genuen grabaketa Mikel Fernandez teknikari eta Suso Saiz ekoizle genituela. Musikari oso onek hartu dute parte eta oso gustura egin dugu lan. Gehienak lehendik ezagutzen nituen eta nik neuk deitu nien. Tino di Geraldo, Krixu Monthieux eta Mikel Irazokiri, berriz, Suso Saizek deitu zien", azaldu digu donostiarrak.
Maritxu erotikoa
Azken urteotan euskal musika tradizionala jorratzen aritu da Xabi San Sebastian, lehenengo Albokarekin eta gero Kepa Junkerarekin. Dena den, donostiarrak bazuen gogoa euskal kantak bere erara lantzeko. Eta horixe izan zen, hain zuzen ere, Syntorama promozio etxetik jaso zuen proposamena. "Bada Albokarekin jotzen nuen kanta bat, Ipar haizea. Nik bateriarekin entzun nahi nuen abesti hori, adibidez. Eta gustatzen zait nola gelditu den", diosku donostiarrak. Horrela, Alan Griffin-ekin batera partiturak begiratzen hasi eta aukeraketa egiten hasi zen. Orai osatzen duten hamaika abestietatik sei herri kantetan oinarritzen dira. Moldaketa horien artean daude, adibidez, Neure maiteak, Bardako arratsaldean eta Maritxu. Azken hori da, Xabi San Sebastianen ustez, gordetzen dugun euskal kanta erotiko bakarretakoa. "Mutilaren eta neskaren arteko elkarrizketan iturria eta ardotxo txuria aipatzen dira. Eta niri ardotxo txuri horrek asko esaten dit. Gainera, beste kultura askotan, Galiziakoan eta Gaztelakoan, adibidez, iturri asko sinbolo erotiko bezala agertzen dira", azaltzen du. Kanta horretan Mercedes Peónek hartzen du parte Maritxuren papera eginez. Eta San Sebastianek dioskunez berak galiziarrez abestutako zatiek askoz mezu esplizituagoa dute: "Euskal kantutegian ardoaren eta mozkorraldien inguruko kantak, ezkontzen ingurukoak eta maitasun kantak daude. Ez dira agertzen kanta erotikoak eta nik uste dut bazirela". Euskal Herriko kanta herrikoi asko eta asko abade eta eliz gizonek bildu eta gorde zituzten eta horrek zerikusia izango zuela deritzo San Sebastianek. "Maritxu kantak, berriz, itxura xumea du, ez baitu inolako zikinkeriarik esaten eta nik uste dut horregatik libratu zela", diosku.
Garbigailua, futbol partida eta techno pixka bat
Euskal kanta herrikoiak bere erara interpretatu ditu Xabi San Sebastianek bere lehen bakarlan honetan. Antzinako Mutil gazteak kanta, adibidez, gaur egungo giro soinuekin uztartu du: "Etxean nengoela garbigailuak erritmoa zuela konturatu nintzen eta berarekin batera kantatzen hasi nintzen. Ongi zegokion partitura bat aukeratu eta kanta sortu nuen". Ideia Alan Griffini kontatu zionean, honek Juan Mari Beltranen txalapartari buruzko idazki bat erakutsi zion. Bertan, duela urte asko, jendeak, lanean zegoenean, lanabesekin erritmoak sortzen zituela kontatzen zen. "Txalapartaren jatorria sagarrak txikitzean datzala ezaguna da, langilea jolasten hasten da eta musika sortzen da. Soinu gehiago ere badaude, gurdiena, erroten soinua... Badirudi bazegoela soinu horien guztien gainean abesteko ohitura. Hortaz, gauza berdina egiten ari nintzela ikusi nuen, baina gaur egungo tresna batekin", dio San Sebastianek. Kantuaren giro soinuaz Krixu Monthieux arduratu da. Sukaldeko giroa jaso nahian garbigailuaren soinua eta joan zen denboraldian Realak Mallorcaren aurka galdutako partida grabatu zituen momentuaren lekuko.
Hego haizea kanta, berriz, techno erritmoetara hurbiltzen delako nabarmentzen da. Teknologiaren marka izan arren, sentsazio basatiak ere sortzen dituela deritzo gitarra jole eta kantari donostiarrak. "Melodia oso sinplea iruditzen zitzaidan, beraz, bere sinpletasuna indartu eta bonbo gogor hori sartzea erabaki nuen. Izan ere, kanta horixe da: melodia eta bonboa. Beste guztia jantziak dira. Baneukan euskal musikarekin horrelako zerbait egiteko gogoa", jakinarazi du.
Zuzenekoa prest
Diskoan instrumentu ugarik parte hartzen badu ere, ahots eta gitarraren hartu-emanean oinarritu dira kanta guztiak. Beraz, abestiei instrumentuak gehitu zaizkien moduan emanaldietarako instrumentuok albo batera utzi daitezkeela dio Xabi San Sebastianek. Hori dela eta, irratietan eskaini dituen emanaldietan bera bakarrik moldatu da. Kontzertuetan, berriz, boskotea izango da oinarrizko taldea: Frantxoa Etxezarret baterian, Mathieu Haranburu baxuan, Unai Zubeldia txirula, whistle eta albokarekin, Pepe Otxandorena mandolina, gitarra elektrikoa eta bouzoukiarekin eta Xabi San Sebastian bera gitarra akustikoan eta ahotsean.
Hasier Etxeberria / David De Jorge
6 lagunentzako osagaiak:
6 behi matraila, hezurra kenduta edo hezurrarekin, nahi bezala. Hezurra kenduz gero errazago sartuko zaizkigu kazolan.
Tipulin bat, pikatual
Ardo beltza, litro erdia
Oliba olioa
Ura
Gatza
5 koilarakada oliba olio
30 baratxuri ale, zuritu gabe
Porru bat, pikatua
Olioa kazola batean isuri eta gorritzen ipiniko ditugu matrailak, gatza eman ondoan, alde guztietatik gorritu arte. Erne ibili olio zipriztinekin! Ongi txigortuak gelditu behar zaizkigu. Matrailak kazolatik atera, soberan dagoen koipea kendu eta erantsi egingo ditugu baratxuriak, porrua eta tipulina. Barazkiak erdi egosi direnean berriro sartuko ditugu matraila txigortuak, buelta batzuk eman eta ardo beltza erantsiko diegu ondoren. Utzi egingo dugu urritzen. Orduan isuriko dugu ur beroa, jakitik gora hiru behatz estali arte. Gatz pittin bat eman, kazola estali, eta utzi egingo dugu egosten, ezti-ezti, 2 bat orduz. Urez estaliak egon behar dute jakiek, eta ur gehiago isuriko dugu lurrintzen ari dela ikusten badugu. Ongi samurtu direnean, sutatik atera eta iragazi egingo dugu sortutako zuku guztia. Horren ostean, kazola garbi batean irakiten ipiniko dugu zukua, su eztitan. Utziko ditugu epeltzen matrailak, eta hezurra baldin badute, kendu egingo diegu eskuarekin eta labana baten laguntzaz, ahaleginduko gara betiere matrailak hautsi ez daitezen, pieza osoak geratzeko. Horren ostean, labana batekin xerratu egingo ditugu matrailak, xerra loditan, behatz baten neurrikoak gutxi gora-behera. Zukua dugun kazolan ipiniko ditugu matraila xerrak ondoren, eta utzi egingo ditugu gelatina atera eta saltsa loditu dadin. Gatz puntua zuzenduko dugu gero. Patata purearekin edo, are hobeago, sagar purearekin aterako ditugu mahaira.
Pilar Iparragirre
Ipuinok burutzeko buruhausterik bai?
Jakina da ipuinak ez direla ideien gainean egiten, ipuinak istorioak kontatzen ditu, eta ideiak, pentsamenduak eta bestelako abstrakzioak istorio konkretuetan hezur-mamitu behar dira. Guk bagenuen ideia (adopzioa, batetik; harrera-familietan hartutako umeak, bestetik); bagenituen pertsonaia nagusiak (Pirritx eta Porrotx pailazoak, haurrek aski ezagunak dituztenak); bagenuen tonua ere, umoretsua behar zuen izan, pailazoen haritik, baina guztiarekin ardatza falta zitzaigun: istorioa. Istorio on eta sinesgarri bat falta zitzaigun. Ezer okurritzen ez zitzaigunez, eta batzuetan ez denez gauza batekin larregi itsutu behar, arrantzara joan ginen Getariara Pirritx, Porrotx eta hirurok (hirugarrena idazlea, noski).
Horrela sortu al zen Pirritx eta Porrotx arrantzan?
Hain zuzen ere. Hasi ziren, bada, Pirritx eta Porrotx arrantzan, ezinean. Aldamenean gizon zahar bat zegoen, oso trebea kainaberarekin. Porrotxek iskanbilak izan zituen hasieran harekin, arrantzale zaharraren txantxak ez zituelako ulertzen edo. Kontua da bat-batean, neska txiki bat agertu zela, Li, txinatarra jatorriz eta itxuraz, baina getariar peto-petoa. Gizon zaharraren biloba zen, gainera. Eta Lik bere historia kontatu zigun.
Eta zer ikasi zenuten orduan?
Guztiok daukagula istorio interesgarri bat kontatzeko (sexu, jatorri, azalaren kolore, familiaren egitura eta bereizketak egiteko gizarteak dituen modu txoroen gainetik), eta jakina, istorio bat kontatzeko duena interesgarria da beti.
Pilar Iparragirre
Gau ertzekoak
Luigi Anselmi
Pamiela
70 orrialde
12,20 euro
Denboraren errekan goiti igeri
Luigi Anselmi bilbotarraren azkenengo poema bilduma dugu Gau ertzekoak, heriotzaraino garamatzan denboraren iragan sahiestezina oinarri daukan liburu etsitsua. Urteak baino erresuma goibelagorik ba ote den galdezka agertzen zaigu olerkaria, etorkizun zalantzagarrian barna bidaiatuz eta esperantzarentzat zirrikitu gutxi atzemanez, nahiz bakea eskuratuko den unea aurreikusi: «Gurutzea eta urkamendiak oro/ suak, azkenik, kiskaliko dituen egunean». Bitoriano Gandiaga, Fernando Pessoa eta Andolin Eguzkitza dauzka gogoan eta baita «elurra beltza da» esan ohi zion amona ere, beste edonor bezala ordua iritsitakoan udaberrira arte irauterik izan ez zuen emakume hura. Liburuaren azala eta irudiak J. E. Urrutia Capeaurenak dira.
La casa del acantilado
Miren Agur Meabe
Edebé
130 orrialde
6,35 euro
Miren Agur Meaberen Itsaslabarreko etxea gaztelaniaz
Iazkoan Euskadi saria eskuratu zuen Miren Agur Meabek Itsaslabarreko etxea nobelarekin. Eta orain gaztelaniazko bertsioa ezagutu du hamasei urteko neskato baten maitasun eta beldurrezko istorioa kontatzen duen narrazio honek. Bizitzan gehien maitatuko zuen mutila ezagutu baino lehentxeago, zoritxar guztiak ekarriko zizkion doinua entzun zuen neska horrek, aspaldian bertan behera utzitako etxe baten barrutik ateratzen zen harpa-soinua, hain zuzen. Euria ari zuen gogotik, eta etxe hartan babesa lortzeko asmotan gertaturatu zen gaztea, norbait zelatan zeukan sentsazioak handik alde egitera behartu bazuen ere. Bere isileko kontuak gordetzen zituen koadernoa han galdu zuen, ordea.
Ispilu veneziarra
Joan Manuel Gisbert
Ibaizabal
140 orrialde 9,85 euro
Sekula hil ez zen emakumea
Paduako hirian eta XVIII. mende amaieran kokatu ditu Joan Manuel Gisbertek gazteentzat idatzitako abentura eta misterio nobela honen gertaerak. Protagonista nagusia Napolitik etorritako ikasle behartsu bat da. Lo egiteko gelarik alokatzeko aukerarik izango ez duela uste duenean, antigualeko palazzo baten alboan bizi den andre batek bere etxera joateko gonbita egiten dio. Laster jakingo du orain erortzeko zorian dagoen palazzo horretan bizi izan zirenak duela hainbat gizaldi jaso zuten madarikazio mereziaren berri eta, bide batez, Paduako hiritar guztien oroimenean bizirik dagoen legenda. Honen arabera, bereak eta bost jasan behar izan zituen han sendi horren azkenengo alabak, halako batean desagertu zen Beatrice Balzanik, sekula hil ez zen emakumeak.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
108 orrialde
9,10 euro
Iñaki Beobideri elkarrizketa
Jakin aldizkariaren azkenengo zenbakian Agurtzane Ortizek Manex Erdozaintzi-Etxarten pentsamenduaren eta literaturaren iturrietan sakonduz egindako ikerketaz gain, Patxi Sarriegik Iñaki Beobide kultur eragile eta sustatzaileari egindako elkarrizketa eta Egunen gurpilean saileko lanak aurkituko ditu irakurleak. Iñaki Beobideri egindako elkarrizketak bere bizitzako urratsik aipagarrienak jasotzen ditu, hala nola Jarrai antzerki taldean izandako esperientzia, prentsan eta irratian egindako kazetari lanak, disko eta liburu argitalpengintzan burututako ekimenak edota euskal telebistaren sorrerari egin zion ekarpena. Eta horiei erantsi behar zaie euskal kulturaren esparruan azken hamarkadetan izan diren aldaketa eta aurrerapenei buruz eskaintzen duen elkarrizketatuaren ikuspegia.
Lizarra
Batzuen artean
Irujo Etxea Elkartea
54 orrialde
Irujo Etxea Elkartearen iazko urtekaria
Irujo Etxea Elkarteak plazaratutako 2003ko urtekariak Lizarra du ardatz. Hasteko, bere ingurune profesionalean eta eguneroko bizitzan hiri nafar honen irudia, kultura eta hizkuntza zabaltzen egin duen ahaleginagatik On Manuel Irujo saria jaso zuen Pedro Miguel Etxenikeri egindako omenaldia agertzen dute. Gero, Toño Rosek, Goyo Monrealek eta Emilio Majuelok iazko azaro kulturalean egin zuten ekarpena azaltzen da. Urtekariaren bigarren atalean, berriz, foruen ikerketa, euskararen garapena eta Lizarraren toponimia eta ezkutua aztertzen dituzten hainbat historiagileren lanak datoz, eta azkenik On Manuel Irujo eta Lizarra Ikastolaren gaineko bi idazlan.
Bat
Batzuen artean
SEI
143 orrialde
10 euro
Euskara eta etorkinak Bat Soziolinguistika aldizkarian
Espainiatik kanpoko etorkinak eta euskararen normalizazioa Hego Euskal Herrian hartu dute aztergai nagusitzat Bat soziolinguistika aldizkarikoek beren azken zenbakian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren ardurapean dauden lurraldeetan etorkin horiek euskaldun bihurtzeko orain arte egin diren ahaleginak, nolakoa den beren integrazioa eskoletan, eta hizkuntza eskoletan parte har dezaten abian jarri nahi den egitasmoa hizpide dituzten lanak daude bertan.
Pirritx eta Porrotx arrantzan
Mitxel Murua, Julen Tokero
Katxiporreta, Elkar
36 or./ 6,45 euro
Bi ipuin familia harremanen dibertsitateaz
Mitxel Muruak sortu eta Julen Tokerok marraztutako politikoki korrektoegi eta literarioki inkorrektoegi ez diren bi ipuin kaleratu dituzte Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak, familiaren egiturak gure gizartean izan dituen aldaketak islatuz. Izan ere, Gipuzkoako guraso bananduen elkarteak, adopziorako laguntza ematen duenak, harrerako familiak biltzen dituenak eta Euskal Herriko gay eta lesbianen elkarteak ohartu ziren eskoletan familiaren nortasuna jorratzeko garaian erabiltzen diren materialen edukiak birpasatu eta egokitu beharra zegoela. Gaur egun familia tradizionalen ondoan, odolezko harremanetan oinarritutako familia horien ondoan, gure inguruan era askotako familiak eta familia harremanak daudela azaldu nahi izan diete haurrei: adopzioan hartutako umeak edo harreran hartutako seme-alabak dituztenak, homosexualen seme-alabak eta gurasoak apartatuta dauzkaten haurrak ahaztu gabe. Horrela sortuak dira Pirritx eta Porrotx arrantzan adopzioaren gainean osatutako ipuina, eta Pirritx eta Porrotx herriko postariak, harreran hartutako haur bati buruzkoa. Ipuin bilduma honek jarraipena izango du.